Agenda 21eko udal foroa egin dute Muxikan
Urtero legez, Agenda 21eko ekimenaren baitan udal foroa egin zuten Muxikan, atzo. Urretxindorra eskolako ikasleek urtean zehar landutako proiektuak aurkeztu zizkioten Aitor Goldaraz herriko alkateari.
Hamaiketako osasuntsua, Koadreno ibiltaria, Ortua eta Papera eta plastikoa izan ziren atzo ikasleek aurkeztu zituzten proiektuak. Horietan, ingurumenari buruzko informazioa batu zuten ikasleek, bai eta eskolako negutegiari eta zabor bilketei buruzkoa ere.
Horrez gain, ingurumena zaintzeko proposamenak egin zizkioten alkateari, “giro egoki eta osasuntsua” lortzeko asmoagaz. Besteren artean, jolastokiko sarea konpontzeko, eta eskola inguruko belarra mozteko proposamenak egin zizkioten ikasleen familiek. Bestalde, ikasleek, eskola atariko argitasuna hobetzeko eta jolastokian aisialdirako gunea jartzeko eskatu zioten alkateari.
Udalak bere partetik, papera, argindarra eta uraren gastua murrizteko ahalegina egingo zuela esan zuen. Baita natura zaintzeko konpromesua hartu ere.
Aurkezpenak bukatuta, hamaiketako osasuntsua dastatzeko aukera izan zuten ikasle. guraso, langile, irakasle eta udaleko langileek.