Born to Learn Gobernuz Kanpoko Erakundeak Tanzaniako Moshi herrian duen eskolan errefortzuzko lanak egingo dituzte Olatz Betanzosek eta Irati Etxanizek. Material bilketa egiten dabiltza Zubieta Errotan
Ezinbestekotzat hartzen ditugun beharrizanen artean, hezkuntza da oinarrizkoenetarikoa. Ez da, baina, ohikotzat hartzen den kontzeptua Afrikako zenbait herri zein hirietan, Tanzanian kasu. Horren aurrean, hezkuntza premia asetzeko, eta gaitasun ekonomikoa ez duten familiei laguntzeko prest agertzen dira askotan norbanakoak eta erakundeak.
Tanzaniako Moshi herrian eskola publikora joateko beharrezko baliabide ekonomikoak ez dituzten familia ugari daude; hezkuntza sistematik kanpo geratzen dira, beraz, hainbat gazte. Hori ikusita, 2011. urtean “Moshin hezkuntza jasotzeko baliabideak ez zituzten familei laguntzeko” sortu zen
Born to Learn Gobernuz Kanpoko Erakunde txikia.
Newlands-eko komunitateko haurrei hezkuntza apropos bat eskaintzeko asmoagaz, alegia.
Irati Etxaniz eta Olatz Betanzos.
Erakunde horregaz egongo dira uda honetan, Tanzanian,
Irati Etxaniz eta Olatz Betanzos; uztailaren 19tik abuztuaren 10era arte izango dira bertan. Busturialdetik elkartasun besarkada eramango dute Moshira, eta
errefortzu modura lanean ariko dira erakundeak sortutako
eskolan. Etxaniz eta Betanzosen berbetan, Moshi eta inguruko herrietako ume guztiek hezkuntzarako eskubidea izatea da erakundearen helburu nagusia.
12 urtetik aurrerako gazteei ingelerazko ezagutza eskatzen zaiela Tanzanian azaldu dute Etxaniz eta Betanzosek, baina ezagutza hori familia dirudunek soilik izan dezaketela gehitu dute. Izan ere, 6. mailara arte, Suahiliz ikasten dute bertan. Horregatik, Born to Learn GKEk elebiduna den eskola sortu zuela esan dute, eta Moshiko umeei “etorkizun oparoa bermatzeko” asmoagaz joango direla aitortu dute. “Hiru astez egongo gara Tanzanian, eta horietatik bi hostal batean pasatuko ditugu, bestea berriz, eskolan”, azaldu dute.
Tanzaniara joateko gogoa orain bi urtetik izan duela aitortu du Betanzosek, eta aurten azken pausua eman duela. Etxanizek, berriz, azken momentuan erabaki zuen joatea, Betanzosek “animatzen” bazen galdetu eta gero. “Bi egun bakarrik geratzen ziren apuntatzeko eta azken momentuan eman nuen izena”, esan du.
Irakatsi baino gehiago ikasi egingo duela azaldu dute biek: “Norbera heldutzeko eta gauzetaz kontzientzia askoz handiagoa izateko balioko digu hiru asteko esperientzia honek. Bueltan gatozenean gainera, Tanzaniako egoera ikusita, baliteke egiten ditugun gauzak gehiago pentsatzea edota ez egitea; ekintzek izan dezaketen eragin negatiboagatik”. Bertara joatean, pentsatzen dutena baino egoera “harrigarriagoa” izango dela uste dugu. Bizipen berdina bizi izan duten lagunek ez digutela “ondo” ulerteko jakinarazi digute.
Gogotsu daude esperientzia aprobetxatzeko, hala ere, beldur “apur bat” dutela aitortu dute. Uztailaren 19 seinalatutako eguna da muxikarra eta gernikarrarentzat, elkartasunez beteta Moshira joango baitira boluntaritza lana egitera. Denbora laburrean bizipen asko izango dituzte, eta horiek bizitzeko desiratzen daudela esan dute.
Material bilketa. Moshi herriko eskolarako material bilketa egiten ari dira Betanzos eta Etxaniz
Muxikako Udal Liburutegian; uztailaren lehen hasierara arte egingo dute material bilketa. “Eskolarako beharrezkoa den materiala batzen gabiltza, baita hezkuntzarako eta medikuntzarako beharrezkoa den dirua ere”, adierazi dute. Dirua biltzeko botiletako tapoiak bildu dituzte, baita eskumuturrekoak eta lepokoak saldu ere; oraindik erosteko aukera dago.
“Material bilketa bukatzen denean, falta den materiala erosiko dugu”, adierazi dute; izan ere, talde batzuek horretara bideratzeko dirua eman die. Harrituta geratu dira, jasotako elkartasun eta interes guztiagaz: “Kotxe guztia tapoiz eta materialez beteta daukagu. Ez genuen espero horrelako kolaborazioa, bakoitzak ahal duena eman du eta oso eskertuta gaude”.
Guztia maletan sartu eta Tanzaniara eramango dutela aitortu dute gazteek.
Sukarrietako udalekuei, Busturiko eskolari, Muxikeko Andrak antzerki taldeari, Muxikeko Guraso Elkarteari, herriari berari, eta elkartasuna adierazi duten norbanako guztiei
eskerrak eman nahi izan dizkiete Betanzos eta Etxanizek.