Urteroko hitzorduari hutsik egin barik ailegatuko da Ibarruriko Dantzari Eguna; eguraldi ona egin edo ez, giro apartean murgiltzeko aukera izango da domekan. Dantzarik ez da faltako, baina ez da egunak ekarriko duen gauza bakarra izango.
Ibarruriko dantzari eguna
Cuba, Argentina eta Mexiko herrialdeetan girotutako eguna izango da; hala, hango eta hemengo dantza eta musika uztartuko dituzte.
Egunerako beren beregi prestatu dituzte koreografiak, eta,
besteak beste, tangoa, pasodoblea eta salsa dantzez gozatu ahalko dute bertaratutakoek.
Ume, gazte zein helduak izango dira eguneko protagonista. Aurten, umeek ez dute danborradarik egingo, baina meza osteko kalejirak ez du hutsik egingo. Mezaren ostean,
elizatik frontoira abiatuko dira dantzariak
kalejiran, txistulari eta trikitilarien konpainian.
Mokadutxoa jateko aukera ere egongo da Ibarrurin.
Hamaiketakoa prestatu dute bertaratzen diren guztientzat; aurten, gainera, taloez gain, takoak ere izango dira aukeran, aurtengo gaiari keinu eginez.
13:00etatik aurrera egingo dute, ostera,
ekitaldi nagusia, abesbatzagaz batera. Eta bien bitartean, tango eta Vals erakustaldia ere egingo dutela aurreratu dute. Ez da, baina, egunean egingo duten erakustaldi bakarra egingo; izan ere,
goizean zehar,
herrialde ezberdinetako jantziak eta osagarriak jarriko dituzte erakusgai.
Ohi bezala,
herri bazkarian elkartuko dira 14:30ak inguruan dantzari eta herritarrak. Eguradi ona eginez gero, Ibarruriko Saltsamendi txokoaren aurrean bazkalduko dute, eta euria bada, aldiz, frontoian.
Bapo jan ostean, puzgarri, piñata eta jolasekin denbora pasatzeko aukera bikaina edukiko dute, berriz ere, dantzan jarri aurretik. Izan ere, arratsaldean, abesten eta dantzan jarriko ditu bertaratutakoak
Eingo taldearen erromeriak. Dantzak ez du etenik izango egunean; modu batean zein bestean.
Lehiaketa ere egingo dute erromeriak irauten duen bitartean; hain justu,
tango eta vals dantzetan onena nor den erakutsi beharko dute.
Nekeari eta egarriari aurre egiten laguntzeko, gainera,
mojitoak dastatu ahalko dira.
Eguna zapore gozoagaz amaitzeko,
txokolatea jateko hitzordua edukiko dute, ohi bezala.
EGITARAUA:
- Goiz guztian. Herrialde desberdinetako jantzien erakusketa.
- 11:30. Meza nagusia, abesbatzagaz.
- Ostean. Dantzarien, txistularien eta trikitilarien kalejira, elizatik frontoira.
- 12:30. Hamaiketakoa: taloak eta takoak.
- 13:00. Dantza ekitaldia, abesbatzagaz. Tartean, tango eta vals erakustaldia.
- 14:30. Herri bazkaria.
- Ostean. Puzgarriak, piñata eta jolasak.
- 18:00. Erromeria EinGO taldeagaz. Tartean, mojitoak eta Tango eta Vals lehiaketa.
- 19:30. Txokolatea denentzat.