2018ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren lehen finalaurrekoa lehiatu zuten Berrizeko frontoian, atzo arratsaldean, eta
Miren Amurizak saioa irabazita, etxean lortu zuen abenduaren 15eko
finalerako txartela. 650 bertsozale elkartu ziren.
Julen Erezuma gernikarra bosgarren sailkatu zen, 464,5 puntugaz.
Miren Amuriza atzoko finalaurrekoan.
Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea.
Berriztarrak 515,5 puntugaz irabazi zuen finalerdia.
Xabat Galletebeitia lekeitiarrak, aldiz, 503,5 puntu eskuratu zituen. Aitor Bizkarra abadiñarra sailkatu zen hirugarren.
Agurren ostean, bikoteka, zortxiko nagusiko bertsoaldiekin hasi zuten saioa. Jarraian, zortziko txikian eta hamarreko txikian jardun ziren. Puntu erantzunen ostean, gai berdinari helduta bakarkako bertsoekin amaitu zuten puntuen lehia. Zortziko handian izan ezik, gainerakoetan Amurizak jaso zituen puntu gehien. Hain zuzen, zortziko nagusian Erezumak lortu zituen sei bertsolarien artean puntu gehien; Galletebeitiagaz aritu zen. Zortziko txikian baserri batera bizitzera doazen bi lagunen istorioak kantatu zituzten berak eta Unai Mendiburuk, eta hamarreko txikian, ostera, hoztu den bikote harremana izan zuen hizpide Bizkarragaz. Bakarkakoan guraso baten paperean sartu zen Erezuma.
Enbeita, Igorren. Domeka honetan [azaroak 25] Igorren lehiatuko dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren bigarren finalaurrekoa. Oholtzara igoko diren sei bertsolarien artean egongo da Onintza Enbeita muxikarra. Haregaz batera, Nerea Ibarzabal markina-xemeindarra, Oihana Bartra bilbotarra, Beñat Ugartetxea mallabiarra, Malen Amenabar larrabetzuarra eta Eneko Abasolo iurretarra lehiatuko dira.