Gure Esku Dago ekimenak bultzatutako herri galdeketen bitartez, Busturialdeko herritarrek beren etorkizunari buruz iritzia emateko aukera izan zuten domekan.
Abiñako auzokideek ere bere etorkizunari buruzko iritzia eman nahi dutenez,
herri galdeketa sinbolikoa egin zuten domekan bertan, auzoan, San Antonio hondartzaren aurrean.
Auzotar bat, botoa ematen
Honakoa izan zen auzokideek erantzun behar izan zuten galdera:
Abiñako herritarra izanda, Sukarrietako udalerrian jarraitzea nahiko zenuke?. Abiña auzoan erroldatuta dauden
hamasei bizilagunetik, hamabost hurbildu ziren bozkatzera, eta horien guztien erantzuna berdina izan zen:
Bai.
Herritarren eta Sukarrietako Udalaren babesa eduki zuten Abiñako auzokideek domekan; izan ere, hainbat izan ziren auzoan egin zuten herri galdeketa sinbolikora bertaratu zirenak.
Abiñako bizilagunek «argi eta garbi» daukate sukarrietarrak izaten jarraitu gura dutela, eta euren eskuetan dagoen guztia egiten ari dira hori lortu aldera. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak San Antonio enklabea desagerrarazteko aurkeztu duen azken proposamenak aurrera egingo balu, «egun batetik bestera, eta, behartuta», busturiarrak izango litzatekeela diote.
Sinadura bilketa. Herri galdeketa sinbolikoa egin aurretik, herritarrek, notarioaren aurrean idatziz ere azaldu dute sukarrietarrak izaten jarraitu gura dutela. Era berean,
sinadura bilketa ere martxan jarri dutela azaldu dute. Aipatu sinadura bilketa Internet bitartez egiten ari dira
www.change.org atarian.
Martxan jarri dituzten ekimen horien guztien bitartez, Bizkaiko Batzar Nagusiak osatzen dituzten alderdi politikoen ordezkariei begiak igiri nahi dizkiete, eta aldundiak Abiña auzoko edo San Antonio enklabea desegiteko emandako proposamenaren aurkako bozka ematea eskatzen diete. Horregatik, alderdietako ordezkariekin ere batzartzen ari dira, «auzotarren iritzia lehen eskuz izan dezaten». Izan ere, proposamena Batzar Nagusietan bozkatzea da hurrengo pausoa. EH Bildu, Podemos eta Eusko Alderdi Jeltzaleko ordezkariekin batzartu dira dagoeneko, eta alderdi sozialistarekin harremanetan ere jarri baitira, hala ere, oraindik horien erantzunik ez dutela eduki jakinarazi dute Abiñako auzokideek.
Udalaren babesa. Sukarrietako Udalak Abiñako auzokideak martxan jarritako ekimen guztiak babesten dituela azaldu du prentsa ohar bitartez. Abiña-San Antonioren defentsan «irmo matendu» da udala hasieratik, Busturiaren erreklamazioa martxan jarri zenetik. Udalak lurraldearen osotasuna defendatzen jarraituko du, «bere esku dauzkaten arauzko bide guztiak erabilita».
Abiña auzoa barik, Sukarrietako udalerriaren bideragarritasuna zalantzan jarriko litzatekeela esan dute udal ordezkariek. «Herriko diru sarrerak murriztea ekarriko luke, eta, herria desagertzea eragingo luke», diote.