Mundakako itsasadarreko ezker ertzean egiten ari diren kolektorean lanean zebilen langile bat hil da
Uraren Euskal Agentziak (URA) bultzatutako Mundakako itsasadarreko ezker ertzeko kolektorea egiteko lanetan ari zen langilea, Sukarrietan, hain zuzen ere. URA agentziak azpikontratatuko Saneamiento Sukarrieta aldi baterako enpresa elkarteko (ABEE) langilea zela azaldu dute URAtik.
URAk jakitera eman duenez, itsasadarreko hoditeriaren garbiketa lanak egiten ari zen langilea atzo, eta, 15:30ak aldera, gaizki sentitzen hasi zen eta ospitalera eroan zuten. Langilea, baina, hil egin zen.
Iturri berek jakinarazi dutenez, ABEE eta Osalan langilearen heriotzaren arrazoiak argitzeko lanetan ari dira.
URAk bere “atsekabea” adierazi du ohar baten bidez, eta hildako langilearen familiari “doluminak” helarazi dizkio.
«Bero kolpea» LABen ustez. Heriotzaren arrazoiak argitzeke badaude ere, LABen ustez, «istripuaren atzean bero kolpe bat egon daiteke». Diotenez, atzoko 15:30ak, «ez zen momenturik onena» garbiketa lanak egiteko. «Lan baldintzek lan istripuei eragiten dietela esaten dugunean, lan baldintzak, guztiak direla esan nahi dugu, eta horren barruan, tenperatura ere badago», diote.
URA moduko enpresa publiko batean “oinarrizko neurri prebentiboak bete beharko lituzkete”. Horretarako, baina, konpromiso politikoa «beharrezkoa» dela gaineratu dute: «Tamalez, administrazio publikoek kontrako bidea egin nahi dute, eta horren ondorio dira lan istripuak eta osasun galerak. Interes ekonomikoen gainetik, langileen segurtasuna, osasuna eta bizitza bermatu behar dira».
Azken lan istripua salatzeko, gehiengo sindikalak elkarretaratzea deitu du barikurako. 11:30ean egingo dute Bilboko Gran Via 85ean.