Saltokitik enpresara programa eskainiko du Bermeoaldeko Behargintzak
Eusko Jaurlaritzaren ekimena da, eta Behargintzak programa horretan parte hartzen du.
Gehienez, 250 langile dituzten saltokiei zuzenduta dagoen programa da Saltokitik enpresara. “Lanerako metodoak saltokian aplikatzeko laguntza programa da, saltokiaren lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin”, azaldu dute.
Bermeoko Behargintzan honako egunetan eskainiko dute programa: irailaren 27an, urriaren 11n eta 25ean, azaroaren 13an eta 22an eta abenduaren 13an. Ordutegia berdina izango da egun guztietan, 14:30etik 16:30era.
Diotenez, Saltokitik enpresara programaren bidez hainbat helburu lortzen dira. Alde batetik, saltokia zelan dagoen aztertzen da (bezeroak, produktuak, merkatua, lehiakideak eta gaur eguneko tendentziak). Eta, beste alde batetik, kudeaketarako tresnak ezartzen dira (egiteko erak, tresnak, formatuak, praktika onak). Era berean, parte hartzaileek negozioaren kudeaketari aurre egiten ikasten dute, bai eta erabakiak hartzeko ezagutza eta gaitasun handiagoa bereganatu ere.
Edukiak taldeari egokitutakoak izaten direla azaldu dute, eta programaren egiturari dagokionez, ikasketa praktikoko taldeko saioak egoten dira, baita saltokian bertan saio pertsonalizatuak ere. Horrez gain, adituen laguntza ere eskaintzen dute.
Interesa duten horiek Bermeoaldeko Behargintzaren bulegoetan jaso ahalko dute informazio gehiago.