Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) sortzailearen heriotzaren 114. urteurrena izan dute gogoan alderdi horretako kideek, Sukarrietan. Urteroko hitzorduari eutsita, Sukarrietako hilerrian, Aranaren hilobi aurrean, bildu ziren EAJkoak, atzo goizean. Urtero legez, ohorezko aurreskua dantzatu eta lore eskaintza egin zioten. 1.000 lagun inguru elkartu ziren Sukarrietako kanposantuan.
Urkullu eta Ortuzar lore eskaintza egiten. Argazkia: EAJ
Besteren artean, Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) presidente Andoni Ortuzar, Iñigo Urkullu lehendakaria, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Eusko Jaurlaritzako zenbait sailburu eta eskualdeko zenbait hautetsi izan ziren Sukarrietan. Hilobi aurreko ekimenaren ostean, meza entzun zuten, eta ondoren ekitaldi politikoa egin zuten jeltzaleek.
Ortuzarrek Madrili eskatu zion Euskal Autonomia Erkidegoko eta Kataluniako arazoei aurre egiteko, “155 artikuluan baino, elkarrizketan oinarritzea”. EAJ hitz egiteko prest dagoela esan zuen, “inposaketarik eta betorik gabe”.
Atzo Sukarrietan egindako ekitaldi politikoa: Argazkia EAJ
“Amai dezagun salbuespen egoerarekin, desarmatu dezagun politika, atera dezagun politika justizia alorretik, Kataluniako ordezkari politikoak espetxetik atera ditzagun eta has gaitezen hitz egiten”, esan zuen Ortuzarrek.
Bestalde, Ortuzarrek EH Bilduk Ekonomia Itunaren eta Kupoaren bozketan egindakoa izan zuen gogoan atzokoan, “lotsagarria” izan dela aipatuta. Hala ere, egin dioten azken eskaintza kontuan hartu dutela esan zuen, nahiz eta bere ustez, EH Bilduk EAJri eta Podemosi ardatz politikoa sortzera begira egindako eskaintza “berandu” iritsi den: “EH Bilduk gurekin adosteko erakutsi duen borondatearekin geratzen gara, eskaintza horretatik horixe ulertu dugulako. Hurrengo hilabete eta urteetan hainbat aukera izango ditugu eta gai pilo bat izango dugu elkar ulertzeko asmo hori erakutsi ahal izateko”.