I+G+b (Berrian, 2007-06-03)

No profile photo euskal ekonomiaz | 2007-10-29 15:10

 

Aspalditxo Ikerketa eta Garapen bikoteari (I+G) beste partenaire bat atxiki zaio, berrikuntza izenekoa, eta I+G+b hirukotea osatu dute (I+D+i gazteleraz). Berrikuntzak  garapen teknologikoaren mugak zabaldu egiten ditu, hasera batetan makina edo ondasun berrien sarrerari soilik lotuta baitzegoen eta I+G unitateetan sortzen zen emaitzari mugatzen baitzitzaion. Orain aldiz berrikuntza teknologikoez gain (produktu eta prozesuei dagokiena hain zuzen) antolaketa metodo eta marketing metodoen berrikuntzak ere kontutan hartzen dira, uste baita guzti hauek ere enpresaren lehiagarritasunean eragin garrantzitsua dutela.

Bestalde, duela oso gutxi arte pentsatu izan da berrikuntza teknologikoen orubea I+G departamentuetan edo laborategietan aurkitzen zela.Eta era osagarrian, nahikoa zela horretan inbertitzea, zientifikoak eta ingeniariak kontratatzea, unibertsitate edota zentro teknologikoekin lotura sendoak izatea, enpresan garapen teknologikoari etekina eta abantaila ateratzeko.

Gai honi buruzko literaturan ikuspegi hau baina, zaharkitua geratu da. Enpresetan egindako hainbat ikerketak argi adierazi baitu berrikuntza ugarien iturburua ekoizpen eremuan dagoela, non teknologia edo ondasun berri bat txertatzerakoan gertatzen diren egokitze eta hobetze prozesuetan langileen zeresana handia den. Haratago joanda, ondasun edo makina berri batek, merkatura atera eta erabiltzen denean ere hobekuntza ugari jasaten du, erabilerak soilik ematen duelako produktuaren ezagutza osoa; adibide argiena, hegazkinena, simulazioak egin arren, mustu eta luzaz erabili arte arazo berriak sortu eta hauei emandako soluzioek abioia hobetu egingo dutelako, berrikuntza teknologikoa suspertuz. Erabilera eta ekoizpenaren eremuak berrikuntza teknologikoen iturritzat ere jotzen dira, praktika eta erabileraren bidezko ikasketa moten bitartez gauzatzen dena. Literaturan ‘learning by doing’ eta ‘learning by using’. Eta bigarren eremuan argiki langile ugari, eta ez txit espezializatuak bakarrik, protagonista izan daiteke.

I+G egitura formaletatik kanpo dagoen berrikuntzarako ahalmena oso zabala da. Denison ekonomilariak 1985ean egindako ikerketa batetan ondorioztatzen du Estatu Batuetako garapen teknikoaren % 20a soilik esplikatu daitekeela I+G egituren bitartez. Bestalde, gero eta gehiago mintzatzen da ‘ikasten duen enpresa’ edota ‘learning economy’ bezalako kontzeptuetaz. Eta hala ere, ekonomia politikaren arduradunengandik jasotzen duen arreta hutsaren parekoa da. I+G unitateei laguntzak, goi-teknologietako zientzialarien prestakuntza, jarduera oso gutxitan (bio- eta nano-teknologietan batik bat etorkizunean) inbertsioa biltzea eta filosofia berdineko neurriak, ikuspegi zaharkituaren oinordetza dira eta egun nagusi. Nabarmen ikusten da hori, bai Europako Lisboako Agendan, bai Zientzia, Teknologia et Berrikuntza Plan autonomikoetan.

Are gehiago, politika laborala ez da neutroa gai honetan. Enpresa barruko ekoizpen eremuetan sor daitezken berrikuntzak biderkatu eta etekina atera nahi bazaie, derrigorrez langileak aintzat hartu behar dira beraien inplikazioa ezinbestekoa den neurrian. Eta horrek bere ordaina du egonkortasunean, lan-.baldintzetan edo soldatetan. Aldiz, azken hamarkadetako erreforma laboralek helburu horretarako negoziaketa markoak bultzatu beharrean, kontrakoa egiten dute: lan kostuak murriztearren, ezegonkortasuna eta soldata jaitsierak erraztu eta suspertu. Enpresa partehartzailea, kapital soziala, ‘learning region’ eta horrelakoak Udako Unibertsitateko kurtsoetarako ondo geratzen dira.


Utzi iruzkina: