Musti Mujika oroitzeko urteroko futbol partida jokatu dute, gaur, Urolaren eta Realaren beterano taldeek, Zumarragako Argixao zelaian. Lehengo astean bete ziren 15 urte Juan Mari Mujika Izagirre ‘Musti’ futbolari izana hil zela, istripu baten ondorioz. Harrezkero ohi duen bezala, Musti Taldeak antolatu du omen partida, 15. ekitaldian. Urolak 1 eta 0 irabazi dio Realari, lehen zatian (30na minutuko bi jokatu dituzte) Aitor Mediavillak sartutako gol batekin.
Halabeharrez, dagoeneko Urretxu-Zumarragako futbol zaleen artean ez dagoen beste lagun bat ere omendu dute, gaur: Santi Zabaleta zena. Maiatzean hil zen. Musti Taldeko presidente izan zen, azken hamar urtean.
Lehenbizi, futbol partida jokatu dute. Honako jokalariak zelairatu dituzte bi taldeek:
- Urola: M. Etxaniz, I. Etxaniz, Juanlu, Pitu, Ibartzabal, Tena, Sergio Serrano, Esnal Mundi, I. Damian, Amenabar, Mediavilla (gol 1), Flores, J.C. Ibartzabal, Lopez, Arantzadi eta I. Caballero.
- Reala: Gorka, Iñigo, Uria, Larrañaga, Santi Bakero, Zabala, Aginaga, Orbegozo, Mixel Loinaz, Sandro eta Zipi; Elola, Iturrino, Caro, Elosegi, Dueñaas eta Roteta.
- Epaile hirukotea: Alberto Fernandez, Egoitz Mendia eta Aritz Isasa.
Neurketaren ondoren –lagunartekoa izanagatik, serio hartu dute denek; txartel hori bat ere atera behar izan du epaileak, gorria behar zukeena—, omenaldiak eta opari banaketak egin dituzte. Musti Mujikaren ama Rosario Izagirrek jaso du semeari egin dioten ohore erakutsia; Santi Zabaletaren alarguna eta alaba, familiak babestuta, hunkituta atera dira.
Musti Taldeak lagun arteko bazkariarekin jarraitu du, ondoren, aurtengo festa. Zumarragako Batzokia jatetxean, 120 lagun elkartu dira, futbolari, antolatzaile eta omenduen familiartekoak.
Argazkiak: Aimar Maiz