Martxoaren 14an alarma egoera ezarri zenetik itxita egon da hiru hilabetez, eta mantenu lanak egiteko aprobetxatu dute. Ekainaren 15ean zabaldu dituzen ateak, baina murrizketekin, eta astegunetan bakarrik. Hemendik aurrera, asteburuko ohiko zerbitzua ere emango dute.
Larunbat honetatik aurrera, Urretxuko eguneko zentroak asteburuko zerbitzua eskainiko du berriro. Eguneko zentroa alarma egoera ezarri zen egunean itxi zen: martxoaren 14an. Itxita egon zen asteetan mantenu lanak egin ziren. Hormak margotu zituzten, besteak beste.
Ekainaren 15ean ireki zituen ateak berriro. Eguneko zerbitzuak 32 laguni ematen die zerbitzua, baina segurtasun distantzia dela eta, ez zegoen 32 lagun hartzeko tokirik. Hori dela eta, jubilatuen elkarteko kideekin hitz egin ondoren, jubilatuen etxeko lehen solairua eguneko zentroari uztea erabaki zen.
Azken aste hauetan eguneko zentroa astelehenetik ostiralera bakarrik ireki da. Larunbatetik aurrera asteburuetan ere irekiko da. Horretarako, giza baliabideak indartu behar izan dira: zaintzaileek, garbitzaileek eta psikologoak lan gehiago egingo dute. Uztailaren 11tik abendura arte, udalak aurreikusi baino 37.000 euro gehiago gastatuko ditu. Erabiltzaileek eta beraien familiek ez dute orain arte baino gehiago ordainduko, ordea.