2007/11/24

Manifestuaren aurkezpena



Urriaren 12an Iruñean iragarri genuen bezala, EAE-ANVk martxoan egingo diren Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan parte hartuko du. Independentziaren aldeko mezua Espainiara eramateko konpromisoa hartu dugu, Euskal Herria nazioa dela adierazi eta Euskal Estatua sortzeko bidean bat egiten dugun guztion ahotsa entzunarazteko. Gaur aurkezten dugun manifestuaren bitartez, Euskal Herriaren eskubideen alde arlo ezberdinetan lanean ari diren guztiei dei egiten diegu gurekin bat egiteko, eta independentziari bai esateko.
Horixe da, hain zuzen, hurrengo asteetan gure buruari ezarri diogun erronka. Manifestu honen aldeko atxikimendu bilketari ekingo diogu, independentziaren aldarria Euskal Herriko lantegi, ikastetxe, erakunde, kultur, kirol eta mota guztietako elkarteetara eramanez. Indarrak biltzeko garaia delako, Euskal Herriaren etorkizuna euskal herritarron esku egon arte.

ALDARRIA
1512ko espainiar inbasioaren 500 urteurrenerako 5 urte falta direnean, euskaldunok baditugu inoiz baino arrazoi gehiago Independentziaren aldeko apustua egiteko. Zerbait frogatzen badu gure ibilbide historikoak, hauxe da menpekotasuna erabat kaltegarria dela, eta soilik gure buruaren jabe bilakaturik lortuko dugula herri gisa dagokigun garapen askea.
Espainiar eta Frantziar estatuek ez gaituzte errespetatzen, ez digute gure nortasunari atxikitzeko aukerarik ematen, eta Nazio gisa desegin nahi gaituzte, erabakiak libreki hartzeko bidea itxiz. Ez digute bizitzeko betarik ematen, guk Euskal Nazio izateari uztea baita bere eskaintza bakarra.

Independenteak izan ginen Nafarroaren izenpean, indarrez Estaturik gabe eta zatiturik utzi gintuzten arte. Gerora, foruak izan ziren gure Askatasunaren hondarrak, baina horiek ere gehiegizkoak iruditzen zitzaizkien. Frantziar eta espainiar nazioetan murgiltzea da nahi zuten eta duten bakarra, eta soilik deszentralizazioan oinarritutako formulak onartzen dituzte. Erregionalismoan jarri dute muga, eta beste guztia gaitzesten dute. Erabakitzeko ahalmena bermatzen duen autonomiari ere ezezkoa eman diote, nabarmenki, aspaldiko auzi honi konponbide politikoa emateko oportunitate historikoa zapuztuz.

Ez digute beste biderik uzten: ez digute ezer ere eskaintzen. Guk hartu behar dugu gure etorkizunaren giltza, inori baimenik eskatu gabe, gurea delako, inork ez duelako Euskal Herriari libre erabakitzeko ahalmena ukatzeko eskubiderik.

Aspaldiko euskaldunek jakin zuten kanpokoen menpekotasunean ez erortzeko formula bakarra Estatu baten osaketan zegoela, eta mende luzeetan eutsi zioten Independentziari. XXIgarren mendeko euskaldunok ataka berdinean gaude. Iraganeko ikasgaiaren berri badugu, eta geroari so egiten diogunez baiezko ozena ematen diogu Independentziari.

Euskaldunok gure Estatua osatu behar dugu, eta horretarako urrats zehatzak eman behar ditugu. Independentzia euskal jendartearen potentziala garatzeko biderik onena delako, gure hizkuntza, kultura eta nortasuna babesteko modurik onena delako, gure eredu propioa ezkerretik eraiki nahi dugulako, Independentzia etorkizuna delako, Askatasuna ekarriko duelako.

Independentziak, finean, menpekotasun une latzak atzean uzteko parada emango digu, beste herriekin harreman justu eta leialak eraikitzeko bidea, alegia. Independentziari esker aurkituko dugu gure lekua munduan, guk nahi duguna, ez besteei komeni zaiena.

Horregatik Independentziaren aldeko hautua egiten dugu, Euskal Estatuaren osaketaren aldekoa. Eta aldarrikatu nahi dugu ez dela zilegi Independentzia grina aukera politikorik gabe uztea. Oso inportantea da hurrengo hauteskundeetan eta orohar, euskal agertoki politikoan, Independentziaren aldekoek eskubide guztiak izatea. EAE-ANV ilegalizatzea edo hauteskundeetan parte hartzeko aukerarik gabe uztea independentziazaleen eskubideak urratzea litzateke, eta honengatik, Independentziaren aldeko apustua egiten dugunok bat egin behar dugu elkarrekin jarduteko.

Urrats berriak emateko unea iritsi zaigu eta bagoaz.

No hay comentarios: