dimanche 6 septembre 2009

Murat

Ziegako leihoan dagoen burni-saretik haratago ikusi ahal izateko bi sistema ditut. Aurpegia barrote eta burni-sarearen kontra pega-pega eginda jarri ezkero, burni-sarearen karratutxo bana nere begien parean, gainontzeko sarea ia desagertu egiten da. Burniaren hotza aurpegiko azalaren kontra. Bestela, mahaian jarrita kanpoalderuntz begiratu nahi badut, derrigor begi bat itxi beharra daukat. Karratutxoak txikiegiak dira eta barnean ez dira bi begi sartzen.

Otordu bakoitzaren ondoren, oso mugimendu handia suma dezaket Muat-en leihoan. Batimenduaren bestaldean dagoenez, leihoko karratuen artetik ikus liteke adiskide kurduaren leihoa. Bera da arratoi hegalarioi ogi papurrak ematen dizkien bakarrenetarikoa. “Secours catholique” -ak hilero ematen dion 20€ -ko diru-laguntza tabakoa erosteko behar du. Beraz aldez edo moldez, beti prekarioki, ingurukoook pasatzen dizkiogun kontutxoekin eta espetxeak banatzen duen janari (kalitatez eta kantitatez) eskasarekin irautea beste aukerarik ez dauka.

Behin, GARA-n azaldu zen Newroz eguneko argazkia erakutsi eta ziegan itxatxiko zuela komentatu zidan pozik. Batek jakin noizko oroitzapenetan murgil eginda. Alemanian zenbait urtez lan egin ondoren, Frantziara igarotzea erabaki zuen. Zoritxarrez 2001-etik aurrera, Frantziar estatuak ez du kurduen errefuxiatu politiko statusa onartzen. Ordutik bere visatua berritzeko aukerarik izan ez duenez paperik gabe ibili da Murat. Paperik gabe baino, legezko paperik gabe ezen merkatu beltzean 3000€ ordainduta pasaporte bulgariar bat eskuratu zuen. Berak dioen bezala, lehen ordainketa honen ondoren pasaportea berriztau behar izan ezkero, artisau berari 300€ ordainduta nahikoa luke (prix préferentiel).

Zoritxarrez pasaporte bulgariarrak ez dio espetxeari itzuri egiten lagundu. Denbora luzez eraikuntzan (ouvrier maçon) lanean aritu ondoren, bere patroi turkiarrak ez zion soldata ordaindu. Paperik gabe zegoenez, polizia etxean salaketa jartzea ezinezkoa zitzaion. Beste bi lankiderekin batean (hauek patroiak bezain turkiarrak, zapalkuntza dena/denok berdintzen gaitu), jostailu dendan errebolberra erosi eta nagusiaren bulegoan sartu ziren. Agian errebolber erreal bat izan balitz, zorrak kitatzea lortuko lukete. Baina mehatxuek jostailuzko pistola bezain indargeak, ez zuten nagusia kikildu. Laitser sei hilabete egingo ditu espetxean, bere familiari diru apur bat bidali ahal izateko Frantziara iritsi zen Muratek.
Bere begiei darien tristura erabatekoak “me plomb le coeur”.

Aucun commentaire: