jeudi 23 décembre 2010

Egunero esnatu behar dudalako (6). Denbora.

Denbora.


Bai, ba, 7 eta 2 bi seme alabak ditu.

Eta paf! nerabezaroko lagunari bi ume gehitu behar izan dizkiot kolpean. Iragan urteotan sarri gertatu zaidan kontua da hau, etxetik ospa egin eta atzean utzitako jendearen berri jasotzen dudalarik, beren irudi nerabeari (ospa egitean gazte xamar baikinen), pertsona helduaren atributoak atxiki behar izatea. oroimena kontraesanez betetzen duen sentimendua eragiten dit honek eta sarritan gertatu zaidan arren, aldiro zur eta lur gerazten naiz. Klandestinitatea den Ez-leku horretatik, espetxea den Des-lekura igaro nintzen duela 5 urte inguru. Ez-lekuan, inguru hurbilaren erreferentziak galdu nituen, ozta-ozta iristen zen arrastoren bat edo beste, baina fondamentu hadirik gabe beti. Bestela ere, non jasoko nituen nik albisteok? “Bestaldean”? “Mugaren bestaldean”? “Sasian”? Horiek ez dira leku konkretu bat, klandestinitatea ezer izatekotan ideia baita, egoera mental bat, ez-leku bat (klandestinoak, bere etxe ondoan edo handik mila kilometrora, klandestino izaten jarraitzen du). Gero deslekura ekarri ninduten (izate desmuntatxe erabatekoa da espetxea) eta hemen pixkanaka atzean utzitako errealitatea, nolabait, berreraiki ahal izan dut. Baina oso partziala da irudia, iturriak, halabeharrez (edo espetxearen graziaz), oso mugatuak baitira.


Gure baitan, iraganetik dakargun argazkia ez da aldatu, baina aurrera doa etenik gabe eta argazkia ezin da berdina izan orain. Izatez, argazkian azaltzen diren aldeketok dira ihes doakigun denboraren erakusle. Erlojuko orratzen artean ez baita joan zaigun denbore hau, denbora guzti hau, kabitzen.


Oier Gonzalez Bilbatua, Villefranche sur Saône 2010eko abenduak 1.

Aucun commentaire: