Kooperatiben arteko lehen lasterketa solidarioa domekan, Mundukidek antolatuta

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko uzt. 3a, 18:30
Ekimenaren aurkezpena.

Uztailaren 5ean ospatuko da Kooperatiben Nazioarteko Eguna, eta egun berezi hori aprobetxatuta, kooperatiben arteko lehen Mundukide lasterketa solidarioa egingo da Urkulun: "Bailara kooperatibaz josita dagoenez erabaki genuen halako lasterketa bat egitea hemen", adierazi dute. Mundukidek 15 urte bete zituen iaz eta urteurren horren bueltan sortu zen ideia, "ekintza ezberdin bat" egiteko asmoarekin. 

Lasterketarako, hiru laguneko taldeak batu gura ditu Mundukidek, hiru kategoriatan: mistoa, gizonak eta emakumeak. Izan ere, lasterketa solidario horrek talde-lanaren balioa jarri nahi du agerian kooperatibismoaren identitatearen ezaugarri gisa, eta, horregatik baita ere, taldekide bakarrak ez, talde osoak  batera iritsi beharko du helmugara: "Talde izaera, beraz, funtsezko faktorea da lasterketa honetan, baina ez bakarra. Tartean daude ilusioa, eskuzabaltasuna, nork bere burua ematea, elkartasuna… Gainera, sortuko diren dinamikek iraungo dute bai laneko bizitzan eta baita bizitza pertsonalean ere", uste dute antolatzaileek. 

"Batu zaitez taupadara!"

Parte-hartzaileek zazpi kilometro inguruko ibilbidea osatu beharko dute, Urkuluko urtegiari buelta emanda –zehazki, Urkuluko perimetroa 6,4 kilometrokoa da–. Inskripzioak hamar euro balio du pertsonako, 30 euro taldeko, eta prezio horren barruan sartzen dira dortsal eta kamiseta bana, aseguruak eta horniketa postua helmugan. Hala ere, antolatzaileen arabera, helburua ez da dirua batzea, baizik eta "hegoaldeko herrialdeen duintasunaren alde" korrika egitea. Lasterketa sinbolikoa izango da: "Batu zaitez taupadara! Parte hartu lasterketan eta utzi zure bihotzari hegoaldean bizitza duin baterako aukerak ponpatzen", adierazi dute. 

Saririk ez da faltako

Antolakuntzak gogora ekarri duenez, korrikalari bakoitzak kooperatibako langilea dela frogatzeko giza-baliabide departamenduko ziurtagiri bat aurkeztu beharko du dortsala hartzeko orduan. Gainera, hamar pertsonatik gorako kooperatibetan taldeko hiruretatik bat bazkide izatearekin nahikoa izango da parte hartzeko. Sariak egongo dira lehen hiru taldeendako; taldeko lasterkari guztiek kirol materiala eramango dute etxera. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak