Autoak berehalakoan dira adimentsuak

mercedes-carplay-antiguoOrain dela gutxi iritsi ziren ordenagailuak autoetara. Kalkulu sinpleak egiteko eta informazio panelean adierazle batzuk erakusteko erabiltzen dira: dagoen erregaiarekin gasolindegira iristerako kilometro kopuruaren estimazioa, ehun kilometroka kontsumitzen den batez bestekoa, azkenekoz bete zenetik xahututakoa, gurpilen presioaren gorabeherak eta abar.

Konektibitatea areagotu eta funtzionalitate berriekin doitzeko asmoz, telefono garatzaileek autoak dituzte azkenaldian jomuga.

Gidaria eragotzi gabe, eta aisialdiko egiteko praktikoagoetarako, autoetan integratzeko sistemetan lanean dabiltza Apple eta Google. Besteak beste, telefonoa erosotasunez erabili eta haren aplikazioak egoera berrira moldatzeko egitasmoak dira. Microsoft ere batu zaie demara azken orduan, proposamen eta aliatu berriekin.

Haien eredua aurrekoekin alderatuz gero, irekiagoa izateagatik da ezaguna. Autoko pantaila konektatzen den sakelakoaren ispilua bezalakoa izatea nahi dute, inola ere moldatu gabe. Appleren proposamena bideratuagoa da, eta haiek erabakitzen dute gidariari zer komeni zaion; eskaintza mugatuagoa du, zurrunagoa.

Ez da aurreneko aldia automobilen sektorean Redmondekoentzat, aurretik ere Windows sistema eragilearen bertsio batzuk moldatu baitzituzten Ford, Kia, BMW, Nissan eta Fiat etxeentzat. Ahalegin berri honetan, baina, multimedia gailu ekoizle ezagunekin saiatuko dira arrakasta bilatzen: Alpine eta Pioneerrekin, hain zuzen. Zuhur ibili dira aukeraketa honetan, litekeena delako berandu iritsi arren gehigarrien merkatua bereganatzeko balio izatea. Autoetan lehentasunez agertzea zaila zaie, honezkero.

Hots, auto fabrikatzaile gehienek jada egin dute apustua Apple edo Googleren alde. Kasuren batzuetan biekin, gainera. Ferrari, Mercedes-Benz edo Volvo Appleren iOS 7 plataformaren alde agertu dira. Hiru etxeek iragarri dute datorren urtean kaleratuko dituztela CarPlay sistemarekin bateragarriak izango diren hainbat modelo. Beste hainbeste egitekotan dira Honda, Hyundai, BMW, Ford, Jaguar, Land Rover, Kia, Mitsubishi, Missan, Peugeot, Toyota, Subaru eta General Motors. CarPlay da Applek garatu duen estandarra haien iPhoneak konektatzeko, eta, besteak beste, Siri ahots sistemaz kontrolatzeko hainbat egiteko. Siri zer den jakiteko: http://zibergela. bitarlan. net/2012/09/24/ahotsezko-agintea-telefonoetan/.

Autoko segurtasuna 

Microsoften aurkezpenean, autoaren altzamahaian kokaturiko ukipenezko pantaila bat erakutsi zuten; ordenagailu eta tabletetako Windows berrienen erara, koloretako laukiz osaturiko interfaze edo itxurarekin. Eskuinera irristatuta pantaila nagusia eta ondorengoak agertzen dira, bata bestearen atzetik. Sistemak zalantza handiak sortu zituen, batik bat erakustaldian bertan behera geratu zitzaielako. Hala ere, autoan erabiltzeko diren aplikazioen atal bat bereizteak oniritzia jaso zuen.

Lehia honetan software garatzaileak ere busti behar, eta aplikazio ezagunen artean, guztiekin bateragarri izateko interesa erakutsi du Spotify musika zerbitzuak.

Deigarria da Googleren asmoa, pantaila eta telefono arteko elkarreragintza baino zerbait sakonago egitekotan baita. Nvidia tabletentzako txip fabrikatzailea batu zaie egitasmora, eta autoa gaitasun informatiko propioz doitzekotan dira. Kanpoan eta barruan sentsoreak ezarri eta gidatzea seguruagoa egingo omen dute. Android integratuko dute, noski, eta Open Automotive Alliance barruan dauden hainbat marken babesa izango dute. Horien artean, batzuk Applerekin akordioa duten Audi, General Motors, Honda edo Hyundai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>