Euskaltegiak desagertu dira, bezero barik geratu dira

Euskaltegiak desagertu dira, bezero barik geratu dira

“Euskaltegiak desagertu dira, bezero barik geratu dira”. Euskararen etorkizuna zein izango den iragarri zuten Iurretarrek Mintzopotean.

Maiatzaren 6an, Iurretako lehenengo Mintzopotea egin genuen, euskara herriko kaleetara ateratzeko helburuarekin. 30 herritar inguru elkartu ziren Iurretako Dantzari auzunean, sei mahaitan banatuta euskararen iraganaz, etorkizunaz eta beste hainbat kontuez berba egiteko. Tragoek eta pintxoek lagunduta, giro aparta sortu zen herriko plazan.

Iurretan, beste hainbat udalerritan bezala, euskara sustatzeko antolatzen diren ekintzetako asko leku itxietan egiten dira: Kultur Etxean, Udaletxean, Euskaltegian… Ekimen berritzaile honekin, Iurretarrek euskara kalera atera nahi izan dute. Pintxopotea egun batez Mintzopote bihurtzeko ideia Iurretako Euskaren Aholku Batzordean jaio zen. World kafe metodologia erabili zen, eta saioa Elhuyar Aholkularitzako teknikariek bideratu zuten.

Parte-hartzaileek hiru gai izan zituzten mintzagai, bi orduko iraupena izan zuen Mintzopotean.

Euskaltegiak desagertu dira, bezero barik geratu dira

Zein izango da 2050eko abenduaren 3an, Euskararen egunean, egunkariek jasoko duten titularra?

Talde bakoitzak titular bat adostu zuen, eta guztiek etorkizun oparoa aurreikusi zioten euskarari: “Euskaltegiak desagertu dira, bezero barik geratu dira”, “Orain dela 10 urte ospatu zen azkenekoz euskararen eguna”.

Iurretako berba zaharrak berreskuratzen

Etorkizunetik iraganera salto egin genuen, eta Iurretako berba zaharrak eta esaerak berreskuratu nahi izan genituen. Batzuek zerrenda luzea osatu zuten; beste batzuek, berriz, amama-aititari eta abadeari deika ibili ziren aspaldi ahaztutako berbak topatu guran. Jada erabiltzen ez diren hitz gutxi batzuekin batera, gaur egun ere iurretarren ahotan barra-barra dabiltzan beste asko gehitu genituen denon artean osatu genuen zerrendara: olgau, papaue, errime, mozolue, enbraskue, prakadune, susterbakue, itturran, erdu, eskatza, urkuldu, enparaue, xaparro…

Zer eman digu guri euskarak, eta zer eman diogu guk euskarari?

Saioa amaitzeko, parte-hartzaileek euskararekin izan duten harremanaren inguruan gogoeta egin zuten. Horren harira aipatu ziren kontuen arabera, euskarak ekarpen handia egin die iurretarrei: izaera, jende berria ezagutzeko aukera, leihoa, hizkuntzagaz olgetako aukerie, sentitzeko era bat, bizitzeko modu bat. Iurretarrek, ordainetan, jarraipena eman diote eta emango diote euskarari, ahalegina, gogue eta bihotza.

Euskaltegiak desagertu dira, bezero barik geratu dira

Saioa baloratzeko, kantu-kantari aritu ginen. Talde bakoitzak abesti edo bertso bat kantatu zuen, eta kantuz eman genion amaiera Iurretako lehenengo Mintzopoteari:

 

Zenbat hizkuntza arrotz

izan ditugun gainetik

guk erabaki bat hartu gendun

euskaraz ta euskaratik

gure munduan bizi nahi dugu

bajatu barik trenetik

hartu dagigun beretik eta

emon dagigun geuretik.

Euskaltegiak desagertu dira, bezero barik geratu dira

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.