Zer da aurki.com?
Aurki Interneteko atari euskalduna da. Eibar.ORG elkarteak bultzatzen du gune hau, eta bi osagarri ditu: Jarioa eta Euskarazko Bilatzailea.
Euskarazko Bilatzailea
Aurki.com euskal webguneen direktorioarekin bakarrik jaio zen, 1999. urtean. Eibarko internauten elkartearen gunea (Eibar.org) egitea erabaki genuenean, bilatzaile euskaldun bat bertan jartzea ideia ona litzatekeela pentsatu genuen. Euskara hutsezko bilatzailerik ez zuen inork egin hori baino lehen, eta, nola egin zitekeen aztertu ondoren, hartu eta egin egin genuen. Oinarri teknikoa eta azpiegitura nazioarteko bilatzaile batena zituen, Open Directory Project edo Dmoz.org delakoarena.
Urteak aurrera egin ahala, Dmoz proiektuak indarra galdu du. Gainera, euskarazko webguneen hazkundea izugarria izan da, eta beste bilaketa-sistema batzuk ere indartu dira. Ondorioz, une honetan, Google Coop bilaketa-sistema txertatu dugu Aurki.com-eko bilatzaile bezala, eta horrela sortu dugu Euskaraz bila, bilaketak euskarazko webguneetan bakarrik egiten dituen bilatzailea. Euskara hutsezko bilatzailearen inguruko informazio gehiago Sustatuko albiste honetan.
Jarioa
Atariaren bigarren osagarri nagusi hau, 2005. urteko urtarrilean ireki genuen, eta une honetan bera da Aurki.com webgunearen ardatz nagusia. Euskarazko sareko hainbat informazio iturritatik elikatzen den albistegi bat da, automatizatua.
Hainbat taldetan sailkatuta, ehunka euskal webguneren azken orduko berriak biltzen ditu Aurki.com-ek: blogak, albistegiak, agendak, hedabideak, webgune korporatiboak... Azken berriak euskaraz jarraitzeko modua da Aurki.com.
Harpidetza aukera ere badu, nork bere iturri propioak zehaztu eta haiek kontsultatzeko: Nire jarioak.
Proiektu irekiak
Egitasmo irekiak dira Aurki-koak. Direktorioa bolondresek editatzen dute, eta haiek gehitutako lotura eta baliabideekin automatikoki elikatzen da. Jarioa ere, euskaraz katalogatu ahal izan ditugun informazio iturri egokien (RSS edo antzeko formatu batean informatzen dutenak) bilgunea da, eta ez dago irizpide editorialik: inork RSSrik argitaratzen badu, hemen gehituko dugu, atal batean edo bestean. Zuk ere beste loturaren bat proposatu nahi baduzu, egin klik hemen.
Egileak
Aurki.com Eibar.org Elkarteak egin du, CodeSyntax enpresaren laguntzarekin, eta 2006. urteko Gipuzkoako Foru Aldundiaren Euskara eta Teknologia Berriak deialdiko dirulaguntza jaso du, Euskararen Normalkuntzarako Zuzendaritza Nagusiaren eskutik.