Konponbidearen talaia
Euskal Herriko politikari buruzko bloga
Gezurtatze susmagarria
2012/11/15 - 10:34:04
Lidergo erlatiboa
2012/10/22 - 15:27:06
Aurrerapauso ozenak eta isilak
Urtebete iragan da ETAk erabaki historiko hura hartu zuenetik. Urtebeteko ikuspegiak aukera ezin hobea ematen du ohartzeko benetan aro berri bat eraikitzen ari dela. Urte hau ez da alferrik pasatu, nahiz eta gertatu behar lukeen guztia ez gertatu. Aro berrirako agenda Aieteko Adierazpenak zehaztu zuen: gatazkaren ondorioei irtenbidea ematea, biktima guztiak onartzea, laguntza eta erreparazioa ematea eta elkarrizketa politikoa abiatzea gatazkaren erro politikoei heldu, elkarbizitzarako oinarri berriak finkatu eta bake iraunkor eta justua bermatzeko . Ordutik hona, agenda horrek aurrera egin ez dezan ahalegin handia egin dute Espainiako Gobernuak, PPk eta estatuko hainbat agintarik. Espainiako Gobernuak uko egin dio ETArekin elkarrizketa teknikoak hasteari, eta presoen auzia blokeatu du. Alderdi sozialistak, Aieteko bilkuran egon arren, ez du inola ere bultzatu nazioarteko izen oneko sei buruzagiek proposatutako agenda, eta memoriaren aldarrikapena aitzakia hartuta jarrera defentsiboa garatu du hauteskundeen itzala gainetik kendu ezinik. Sortu legezko bilakatu ondoren, alderdi sozialistak eta, bereziki, Patxi Lopez lehendakariak aukera ezin hobea izan du alderdien arteko elkarrizketa sustatzeko, baina ez du erabili, beldurrez, PPren presioaren beldur, EH Bildu hauspotzeko beldur. Espainiako eta Frantziako estatuen status quo-aren zaindariek jarritako oztopoen gainetik Aieteko agendan aurrerapen garrantzitsuak gertatu dira azken urte honetan. Agian, ez hainbeste begi-bistan, baina gertatu gertatu dira. Gatazkaren ondorioen atalean, nazioarteko eragileak ez dira geldirik egon, eta ETA ere ez. Lana aurreratu dute estatuak esertzen direnerako, eta aldebakarreko pausoak emateari begira ere bai. Presoen gaian, euskal gizarteak bere egin ditu oinarrizko aldarrikapenak, eta horrek eutsiezin bilakatu du Espainiako Gobernuaren jarrera. 197/2006 doktrinaren kontra Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Ines del Rio presoaren kasuan kaleratutako epaiak mugarri bat jarri du espetxe politika aldatzeko bidean. Biktimen atalean ere, aurrerapauso nabarmenak eman dira, batez ere, gizarte mailan. Bereziki alde ezberdinetako zenbait biktimak pauso ausartak eman dituzte elkar ulertuta eta elkarri onartuta bestearen oinazea. Elkarrizketa politikoari dagokionez, Hego Euskal Herrian urrats nabarmenik ez da egon, baina alderdien arteko komunikazio kanalak irekita egon dira, eta baliteke Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak pasatu bezain laster hastea mugimenduak. Ipar Euskal Herrian elkarrizketa sakonak izan dira, eta lurralde elkargoaren inguruko emaitzak begi-bistan daude. Arlo horretan ere, baliteke gizartea alderdien aurretik aritzea, bi pauso harago. Biharko hauteskundeetako emaitzek argi utziko dute nolako jauzia eman den urte honetan. Dena azkartuko da. Eta ondorioen korapiloa askatzeko bidean blokeoak aurrera jarraitzen badu, nazio auzia azkartuko da, aro berrian iraganeko eustormak hauskorragoak direlako. [ View the story "Aro berriaren lehen urtea" on Storify ] 2012/10/20 - 15:30:02
Lehendakarigai herritarra
Laura Mintegi EH Bilduren lehendakarigaia izan da Euskadi Pregunta saio bereziaren lehen gonbidatua. Saioaren formatoak muga batzuk izan arren (berriro galdetzeko aukera eza, adibidez), interesgarria izan da herritar soilek egiten dituzten galderak ezagutzeko. Hiru minutuko erantzunetan, ez zegoen beta handirik gaietan sakontzeko, baina bai ikusteko hautagaiak nola heltzen zion herritarraren kezkari. Horretan datza programaren gakoa, galdegilearen eta galdekatuaren arteko harreman horretan, alegia. Laura Mintegi ongi murgildu da programaren dinamikan. Ahalegin handia egin du galderak entzuteko, eta herritar bakoitzaren galdera eta kezkari erantzuteko. Bakoitzarekin konektatzeko saioa nabaria izan da, era naturalean, atsegintasunez. Herritarrengandik hurbil agertu da, baita haien kezkengandik ere. Erantzun batzuetan oso zehatza izan ez bada (esate baterako, Donostiako metroari buruz, edo ikerketa bultzatzeko neurriei buruz) askotan sumatu da erantzunak galdegilearen gustukoak izan zitezkeela. Batzutan, sintonia nabarmena izan da. Saio osoan erakutsitako jarrera bestelakoa izan da. Hau da, bestelako lehedakarigaitzat hartzeko moduko jarrera. Besteetatik diferente. Eskarmentu eta curriculum politikorik ezean, espazio hori garrantzitsua da Laura Mintegirentzat, eta ezin hobeto baliatu du aukera dohai hori agertzeko eta indartzeko: lehendakarigai herritarra, herritarrengandik gertukoa. Gainera, pentsamolde argi batekin, ezkerrekoa. Agian idealista samar, baina lehendakarigai batentzat ez da gutxietsi beharreko ezaugarria. Saioaren dinamikaren eraginez, bi gai garrantzitsutan Laura Mintegiren diskurtsoa motz gelditu da. Bakearen gaian, Aieteko Adierazpenaren erreferentzia ( lapsusa barne) eskas gelditu da. Independentziari dagokionez, aukera horren defentsa argia egitea, eta, Kataluniako egoera aintzat hartuta, lehendakari bati dagokion eginkizuna aipatzea faltan nabaritu ditut. Gainerako lehendakarigaiekin batera egingo diren eztabaidetan eta elkarrizketan gai horiei hobeto heltzeko aukera izango du. 2012/09/23 - 22:22:04
Aro berri bat (niretzat ere)
Euskaldunon Egunkaria sortu zenetik Politika Sailari lotua aritu naiz kazetaritzan. 21 urte luze. Egunkaria -n, eta, hau itxi ondoren, Berria -n. Egia esan, ez da samurra izan kazetari aritzea hainbeste oinazeren artean, gatazka amaiezin baten erdian. Baina, gorabereha guztien gainetik esperientzia abesgarri bat gelditzen da, herri honen parte eta herri honen historiaren lekuko pribilegiatu sentiarazten zaituzten hamaika bizipen. Zorionekoa daukat nire burua kazetaritzari esker ezagutu eta bizi izan dudan guztiagatik. Ez zegoen nire planetan duela 21 urte eta piko hasitako ibilbidea aldatzea, ez nuen Politikatik aldentzeko asmorik. Baina suertatu da. Bidean proposamen bat gurutzatu da eta eginkizunez aldatuko dut. Gaur Berria -ren Politika Sailaren ardura utzi dut, egunkariaren barruan beste eginkizun bati heltzeko: Informazio eta Komunikazioaren Teknologiaren arloaz arduratzea. Jauzia izango da, baina ez etena. Ezinezkoa zait Politikarekin eta kazetaritza politikoarekin etetea. Urte hauetan guztietan lagun handiak egin ditut politikaren munduan dabilen jendearen artean, eta lankideak adiskide bilatukatu zaizkit, eta lotura horiek guztiak ezin dira eten. Horiei guztiei eta adiskide izatera heldu gabe, begirunez hartu nauten guztiei eskerrona zor diet halako egun batean. Zinez. Urte hauetan ere, irakurleen berotasuna sentitu dut, aurrera egitera animatu nauena. Mila esker zuei ere. Ez dut uste gogoetak eta analisiak idazteari utziko dionik. Blog honek bizirik jarraituko du, nahiz eta kazetaritzaz eta teknologia berriez beste blog bat abiatuko dudan: berriaro . Beraz, aiorik ez. 2012/09/17 - 11:15:35
Ispilu katalana
2012/09/13 - 17:57:15
Alderdiaren lemazaina
2012/08/30 - 13:30:01
Gobernu aukerak
Hurrengo Eusko Jaurlaritza osatzeko konbinazio posibleak ugari dira, baina gutxik dute behar besteko probabilitatea gertatzeko. Gobernu formulari dagokionez, bi aukera aurreikusten dira: koalizio gobernua, edo kolore bakarreko gobernua gutxiengoan. Hauteskundeak irabazteak berebiziko garrantzia izango du lehendakaria aukeratzeko eta gobernu aliantzak zehazteko orduan, baina, 2009an gertatu zen antzera, baliteke ez izatea erabakigarria. Azken bi hauteskundeetako emaitzak kontuan harturik, bietako batek, edo EAJk edo EH Bilduk irabaziko ditu hauteskundeak. A priori, EAJk izango ditu emaitza hobeak, pendulu efektua eta boto baliagarriaren eragina (EH Bilduk gobernatzea nahi ez dutenena) alde dituelako. Baina boto guztiak kontatu arte ezin da jakin. Halaber, kontuan hartu behar da boto kopuruak eta aulki kopuruak ez direla guztiz proportzionalak. EAJk, irabazten badu, lehendakaritza eskuratuko du, politikoki ezinezkoa baita EH Bildu eta PSE elkartzea EAJ baztertzeko. Baina EH Bilduk irabazten badu, posible da EAJ eta PSE elkartzea gobernua eskuratzeko. Matematikoki batuketa batek gehiengo osoa emango du: EAJ gehi EH Bildu. Probable da abertzaleen arteko gobernu bat? Lizarra-Garaziko aurrekariak erakusten du gobernu akordio haren atzean apustu estrategiko zabalago bat zegoela. Gaur-gaurkoz horrelako akordio estrategikorik ez dago. Hori gabe ez da oso probablea abertzaleak ados jartzea gobernua osatzeko. EAJk irabaziz gero, errazagoa da PSErekin akordioren bat egitea, hark nola edo hala gobernutik basamortura joatea saihestu nahi duelako. EH Bilduk irabaziz gero, abertzaleen arteko akordioak probabilitate gehiago izango luke. 2012/08/24 - 20:28:08
Zinezko aukera
Patxi Lopez lehendakaria, hauteskundeen aurrerapenaren berri ematean. / JUANAN RUIZ / EFE Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hauteskunde eguna jarri du azkenean. Urriaren 21ean izango dira, Aieteko Adierazpenaren eta ETAren erabakiaren lehen urteurreneko astean. Hamaika aldiz ukatu arren, hauteskundeak aurreratzea beste erremediorik ez zuela izango aurreikusten zen, eta halaxe gertatu da. Besteak beste, aspaldian amaitua zuelako bere denbora Patxi Lopezen gobernuak. Berez, hasieratik izan da auzitan, fikziozko gehiengo batean oinarritu zelako, eta euskal gizartearen benetako gehiengoaren borondatearen kontra eraikia izan delako. Legez kanporatzearen politika gainditzen hasi zenetik, 2011ko udal eta foru hauteskundeetatik, are argiago gelditu zen alderdi sozialistaren gobernua birtuala zela eta herri borondatearekin bat ez zetorrena. Duela hamar hilabete ETAk plazaratutako erabakiaren ondoren, konponbide eta bake iraunkorraren oinarriak jartzeko aukera ezin hobea sortu da Euskal Herrian. Eusko Jaurlaritza eta Eusko Legebiltzarra ez dira aro berriaren sustatzaile izan, traba baizik. Zama izan dira konponbide integralerako. Zama, era berean, euskal gizarteak bakearen alorrean zein krisi ekonomikoaren eremuan euskal herritarrek behar dituzten irtenbideetarako. Hauteskundeetatik sortuko den gobernua ezberdina izango da. Hori ziurra da. Baina, politika ezberdinak egiteko aukera izan arren, ez dago ziurtatuta hori gertatuko denik, statu quo-ari eusten dioten gobernu aliantzak osa daitezkeelako. Edozein modutan, gobernu osaera alde batera utzita, hauteskundeek ekarriko duten oreka ezberdinak garai berria sendotzeko balioko du. Era batera edo bestera, zinezko aldaketaren ekarle izango dira urriaren 21eko hauteskundeak. 2012/08/22 - 14:43:02
Blogen arteko lehia
2012/08/17 - 21:32:01
