Danbaka - Albisteak

Aggressive Combat: "Hau da betidanik egin dugun musika, eta aurrerantzean ere egingo duguna"

 2013/02/13 - 13:25:08

Entzumenari ostikoa ematera dator ostera Bergarako Tapoifest jaialdia

Otsailaren 22an eta 23an egingo dute hardcore-punk jaialdia, gaztetxean. Iazko esperientziaren ostean, errepikatzea pentsatu dute antolatzaileek, Bergarako Txapa Irratiko Jar itzazu tapoiak, mesedez irratsaioko kideek. Bergarako Txapa Irratiko Jar itzazu tapoiak, mesedez irratsaioko Txinbo, Kepa eta Raul buru-belarri dabiltza lanean, datorren otsailaren 22ko eta 23ko asteburuan egingo duten hardrock-punk jaialdia prestatzen, Tapoifest. Hain zuzen, hitzordua iritsi aurretik hiru saio izango dituzte irratian (21:00-22:00 artean), eta saio horiek Tapoifesterako gonbidatu dituzten taldeen berri emateko erabiliko dituzte: "Euren musika jarriko dugu, taldeko kideak elkarrizketatu... Asmoa da talde horiek apur bat ezagutaraztea". Hiruko horrek iaz antolatu zuen lehenengoz Tapoifest, eta esperientzia ona izanda, aurten errepikatzea erabaki dute: "Inguru honetan musika estilo honek ez ditu horrenbeste jarraitzaile, eta halako jaialdiekin dugun hutsunea betetzera dator Tapoifest. Zarautz, Mutriku... Inguru horretan musika estilo honek zale gehiago ditu", adierazi digu Raulek. Iaz bezala, aurtengo jaialdian ere belarrietarako tapoiak banatuko dituzte ikusleen artean, entzumenak babesteko: "Kontzertu guztiak agertoki txikian egingo ditugu. Egubakoitzeko sarrera 3 euro izango da, eta herriko DJak izango dira ondoren. Eta zapatu arratsaldeko kontzertuen artean iazko jaialdiko irudiak erakutsiko ditugu". Hemen egitaraua: - Otsailak 22, egubakoitza, 22:30: Managaitz (Zarautz), Hardflip (Bergara), HHD (Gipuzkoa eta Bizkaia) eta Kaosarenerasoak (Eibar-Soraluze). - Otsailak 23, zapatua, 18:00: Lukas Prest (Eskoriatza) eta Layo Raser (Irun). - Otsailak 23, zapatua, 22:30: Hernia (Zarautz), Humilitate (Zarautz) eta Perras Salvajes (Madril).  2013/02/04 - 10:40:11

Papalagi: "Aurreko proiektuetan izan ditugun filtro batzuk kendu ditugu"

Talde berri bat heldu da Oñatira, motxila istorioz beteriko musikari ezagunek bidaia bat hasi dute eta Papalagi deitu diote abentura horri. Zaila da proiektu hau definitzea, ez dute musika estilo jakinik jorratzen, kantu bakoitzak bide ezberdinetik eraman zaitzake. Dictators, Hertzainak edota The Pogues taldeen oihartzuna antzeman daiteke haien kontzertuetan; ideiak ordenatzeko Imanol, Txirli eta Laurenekin izan gara. Noiz, nola eta zergatik? Taldearen lehenengo egunetan, Unai, Jimi eta ni [Imanol] hasi ginen 2009. urte amaieran lokalean beste barik musika joaz. Pixkanaka kantuak egiten hasi ginen, baina dena era naturalean izan zen. Ondoren, urtebete geroago, Unaik taldea utzi behar izan zuen eta orduan nire anaia [Lauren] eta Txirli animatu ziren taldean parte hartzera. Zergatiari dagokionez, ez zen aldez aurretik pentsatutako ezer lortzera bideratutako proiektua. Bide batez, zakuan genituen kantu batzuei bizitza emateko eta ondo pasatzeko aitzakia izan zen Papalagi. Formazio berriak kantuei beste ikuspuntu bat eman zien? Bai, ordurako 10 bat kantu propio genituen, eta Lauren eta Txirli taldean sartzerakoan, berriro ere heldu genien kantuei eta toke ezberdina lortu zuten. Azken finean, beste eskola batetik datoz, eta punk-rock zertzeladak eman zizkioten kantu askori. Gainera, hiru izatetik lau izatera pasatu ginen eta horrek potentzia handiagoa dakar, nahitaez. Beraz, beste etapa bat hasi genuela esan genezake. Nondik dator Papalagi izen bitxia? Jimi bateria-joleak gustuko duen liburu baten izenburua da. Gainera, liburuak mendebaldeko gizartearen kritika zorrotza egiten du, eta gu geu ere kritika horren puntu batzuekin ados gaude. Liburuan, Samoako tribu bateko buruak gizon zuria deskribatzen die bere tribu-kideei, eta gizarte honen hainbat detaileren zentzu falta ikusten da. Liburua eta honen esanahia gogoko dugulako gara Papalagi. Zelan definituko zenukete zuen musika? Hori beste baten lana da. Taldea ezagutzen ez dutenentzat, lehenengo entzunaldia nahiko arrotza izaten da. Abestien artean ezberdintasun handia dago; beraz, hasieran entzulea kokatu ezinik egoten da. Hala ere, taldea ezagutu ahala egoera aldatu egiten da. Abesti batzuek Social Distortion-en toke lasaia dute, beste batzuk azkarragoak dira, beste batzuek folk ukitua dute... Gainera, euskaraz abesten dugu, eta horrek sonoritate ezberdina ematen dio. Kantuak egiteko orduan zein influentzia dituzue? Influentzia larregi, ez dakigu galdera horri erantzuna ematen. Baina aurreko proiektuetan izan ditugun filtro batzuk kendu ditugu. Adibidez, kantu batek pop puntu bat baldin badu, ez dugu alde batera uzten, kantuarekin jarraitzen dugu. Eta, egia esan, kantu batzuk punk-pop estilotik gertu daude, Shock Treatment edo Social Distortion-en kantu batzuen antzera. Hori entzuleak esan beharko du. Eta hitzei buruz? Orain arte kantuen letrak Imanolek idatzi ditu eta horietako batzuen esanahia azaldu behar izan digu, baina pixkanaka denok parte hartzen dugun arloa da. Hitz batzuek fondo pertsonalagoa dute; beste batzuk, ordea, zirikatzeko eginda daude: Minbizia eta Bai, agur eta eskerrik asko, adibidez. Diskoa noizko? Talde gehienek esaten duten moduan, laster grabatzeko asmoa dugu. Momentuan, 13 kantu ditugu, eta gure nahia beste hainbeste egitea da, eta gero, posible dugunean, estudiora joatea. Baina adin batetik aurrera denok denbora tarte bat bilatzea zailagoa izaten da! Epe motzeko helburua? Taldea zuzenekoak joaz sendotzen joatea. Momentu honetan kantu asko ditugu buruan eta hauei zuzenekoetan egingo diegu errodajea. Instrumentuekin urte asko jo izan arren, oraindik taldea indartu behar dugu entsegu lokalean eta oholtzan gainean.  2013/01/30 - 13:12:10

Otsaileko Kooltur badator!

 2013/01/27 - 20:21:05

'Gazte Danbada' jaialdia Aste Santuan egingo du Zukguak

Urduñan, Bizkaian, aurkeztu du Zukgua prozesuak 'Gazte Danbada' jaialdia. Martxoaren 29tik apirilaren 1era egingo dute Urduñan bertan, Aste Santuko oporretan, eta Zukgua prozesu horretatik sortuko den gazte antolakunde berriaren sorrera ospatuko dute, lau egunez. Erakundea sortzeko kongresua, izan ere, martxoaren 2an izango da. Proposamen berriak ekarriko dituela jaialdiak azaldu zuten atzo kideek. Sormenari eta parte-hartzeari toki handia eman nahi diote, besteak beste. Egitarau zabala izango du, eta askotariko gaiak jorratuko dituzte hainbat jardueraren bitartez. Musikak, antzerkiak, hitzaldiek, lantegiek eta eztabaidek lekua izango dute jaialdian. Auzolana, kulturgintza eta okupazioa izango dituzte mintzagai hitzaldietan, beste zenbait gairekin batera. Irrati eta bideo tailerrak, antzerki ikastaroak eta hogei kontzertu baino gehiago ere antolatu dituzte. Informazio gehiago berria.info .  2013/01/27 - 20:21:05

ARFren riff gogorrak badatoz!

 2013/01/27 - 20:21:05

Tapoi Fest otsailean Bergaran

 2013/01/27 - 20:21:05

Maika Makovskiren grina eta bizitasuna zuzenean

 2012/12/26 - 15:01:01

Naiara Agreda neskatilari laguntzeko kontzertua gaur

 2012/12/26 - 13:06:05

Gose: "Ez dugu sentitzen edo pentsatzen duguna esateko konplexurik izan"

2004an sortu zen Gose taldea trikitiaren eta techno musikaren arteko nahasketa egiteko. Lehenengo urtean, ideiak finkatu zituzten eta 2005an lehenengo lana grabatu zuten. Ordutik, beste lau disko eta enkarguz egindako hainbat abesti kaleratu dituzte. Orain, IIIII (bosgarren diskoa) edo laranja kolorekoa kaleratu berri dute, eta horretaz gehiago jakiteko eurekin izan gara. Oraingoan laranja izan da aukeratu duzuen kolorea. Disko guztiak egin baino lehenago kolorea aukeratu izan dugu. Diskoa grabatu, kaleratu eta elkarrizketa batzuk egin ostean, justifikazio poetiko bat bilatu dugu. Egia esan, ez dugu arrazoi konkreturik, momentuan sortzen den gauza bat da. Horregatik ez diegu diskoei izenik jartzen. Bakoitzari kolore bakoitzak gauza desberdin bat iradokitzen dio. Disko hau inoiz baino Goseago dela esan duzue. Bai, inoiz baino gehiago. Gaur egun dagoen egoerarekin, urteetan zehar egin dugun apustua ona izan dela uste dugu. Bai letretan eta baita musikan hustu egin gara. Letrak inoiz baino gogorragoak dira, ez dugu sentitzen edo pentsatzen duguna esateko konplexurik izan. Badira bi edo hiru urte kantu berriekin disko bat egiten ez duguna, eta barruan gauza asko gordeta genituen. Orain arte zuek ekoiztu dituzue zuen lanak, eta oraingoan, Madrilgo SPAM taldeko Juan Sueiroren eta Moliren laguntza izan duzue. Zergatik? Kantuak guk sortu ditugu, baina hasieratik SPAM taldekoak lan honetan asko inplikatu dira. Prozesu progresiboa izan da, lan gehienak elkarrekin egin ditugu. Apustu pertsonala izan da, inertzia batean lan egiten sartuta geundela ikusi genuen eta gauzak beste era batera egiteko beharra sentitu genuen. Espainiako techno eszenan aski ezagunak diren ekoizleengana jo duzue. Asko begiratu dugu, aukera diferenteak izan ditugu eta genuen techno munduko norbait izan behar zela ekoizlea. Azken finean, gauzak egiteko moduan, batez ere, Gose techno taldea da: abestiak ordenagailuko sekuentziaren aurrean egiten ditugu. Laborategiko lana egiten dugu eta SPAMi gure aukerak eta baliabideak zeintzuk ziren azaldu, eta, gustatu egin zitzaienez, aurrera egin genuen. Trikiarekin harritu egingo ziren. Bai, ez zuten instrumentua ezagutzen eta hizkuntza ere oso arraroa egiten zitzaien. Abestien letrak grabatzerakoan beti egoten ziren eztabaidak, baina horrek asko aberasten du. Hala ere, gertuko jendeak ez du diferentzia askorik nabaritu, baina, guk bizi izandakoarengatik, guztiz desberdina izan da. Kasualitatea edo ez, diskoaren zazpigarren abestiak SPAM du izena. Patuaren gauza izan da! Diskoa egin aurretik abesti hori egin behar genuela argi genuen. Duela denbora bat komunikabide batek Gose Euskal Herriko spam sortzaile handienetako bat zela esan zuen, eta kantu bat egiteko sekulako gaia eman ziguten. Gaur egun, sarearen anonimatuak babestuta, gauzak oso erraz esaten dira eta albisteak azkar esatean eta ez kalitatean oinarritzen direnei buruz hitz egiten du. Abesti horretan Arkaitz Biainen laguntza duzue. Nahiz eta musikalki desberdinak izan, oso gertukoak sentitzen ditugun talde batzuk ditugu eta horietako bat Anger da. Beti bezala, plazera izan da Arkaitzen laguntza izatea. Zaborra izeneko kantuan ere kolaborazioa duzue. Eneko Barberenak egin du abestiaren letra. Egia esan, ez gara besteen hitzak abesten dituen talde bat, hori ez dugu gustuko. Eneko da guri abesti baten letra egin digun pertsona bakarra, disko gorrian gurekin kolaboratu zuen eta honetan ere errepikatu du. Bad F-line taldearen abesti baten moldaketa egin duzue. Gustuko dugun abestia da, soinu oso industriala du. Musika Bad F-line-ena da, baina hitzak gureak dira. Iñaki talde horren parte izan zen eta guregan eragina izan duen talde bat da. Autoekoizpenaren alde egiten jarraitzen duzue. Duela bi hilabete lanez gainezka geundenean, agian beste gauza bat esango nuen... "nazkaturik gaude, dena guk egin behar dugu..." [Barre], baina orain, oso harro esaten dugu oraingo egoera ikusita, autoekoizpena bide duinena dela. Diskoetxeekin izandako esperientzia eta eskaintzak ez dira gure beharretara moldatu eta horregatik egiten dugu autoekoizpenaren aldeko apustua. Ez gaude diskoetxeen aurka, gure alde apustu zintzoa eta interesgarria egiten badigute gustura onartuko genuke, baina, tamalez, ez dugu gure beharretara moldatzen den eskaintzarik jaso. Durangoko Azokako Ahotsenean aurkeztuko duzue diskoa. Urtean behin kulturzale edo kultura militante bihurtzen gara! Behintzat kulturan kontsumitu eta saltzeko lekua dugu, nahiz eta hori euskal kulturan oasi bat izan. Autoekoizpenaren apustua egiten dugunontzat gure musika saltzeko leku bakarretarikoa da eta aurten, bertan egingo dugu gure lehenengo kontzertua. Gainera, Ahotseneak azoka dinamizatu egin du eta erakusleiho bikaina da. Kontzertua formatu txikiago batean da, baina duen garrantzi guztia eman nahi izan diogu. Noiz hasiko zarete kontzertuak ematen? Urtarriletik aurrera zuzenekoak egiten hasiko gara. Orain diskoa aurkeztu eta elkarrizketak egiten gabiltzan bitartean, ikuskizun berria prestatzen ari gara. Diskoaren ekoizpenean bezala, ikuskizunari ere buelta bat emango diogu. Zerbait desberdina emateko beharra sentitzen dugu.  2012/11/27 - 10:21:01

Nabigatu euskaraz