(titulua)
Agur 3ARRANO
Mezu hau urte berria baino lehen idatzi nahi nuen, baina berandutu egin zait. Aspaldi hartua nuen erabakia, weba eguneratzeko gogorik eta denborarik izaten ez nuelako. Amaitu da 3ARRANO.com. Hemendik eskerrak eman nahi dizkizuet bihotz-bihotzez urte guzti hauetan lagundu didazuen guztioi. Ez naiz izenak zerrendatzen hasiko, baina jakizue gogoan zaituztedala. Esperientzia honek asko lagundu dit eta izugarri ikasi dut, jende mordoa ezagutu ere bai, desagertuta omen dauden euskalkiak eta guzti! (Gogoratzen da norbait webgune hau erronkarieraz ere erabili ahal izan zen garai hartaz?) Baina aspaldian alde batera utzita neukan proiektu hau, eta hobe da honi amaiera eman eta beste gauza batzuetan hastea. Hemendik banoa, baina www.oihanguren.com helbidean jarraituko dut, oraingoz bloga baino ez daukat bertan, eta gutxi idazten dut, baina poliki-poliki joango naiz gauzak gehitzen. Ez dakit zer egingo dudan, programatzeko gogoa daukat, eta bideoekin zerbait egitekoa ere bai, baina ikusiko da nola doazen gauzak. 3ARRANOko edukiari dagokionez, uste dut aurtengo martxoan galduko dudala domeinua, eta ez dut berritzeko asmorik. Baina suposatzen dut web guztia oihanguren.com-era pasatuko dudala. Itzulpenei dagokienez, ez dut erabaki zer egin, agian batzuei jarraipena emango diet. Eta Bilo eta Nanoren tira itzultzen ez dut jarraituko, behintzat ikasturte hau bukatu arte, gero, ikusten badut inork ez duela erreleboa hartzen, agian animatuko naiz. Egiteko gelditzen zaidan beste gauza bat da webaren kodea guztiz argitaratzea (banabil pixkanaka...), akats ugari ditu, eta orain ez nuke berdin egingo, baina agian norbaiti hasierarako-edo baliagarria izango zaio. Tira, uste dut hori zela esateko neukan dena. Eskerrik asko benetan! P.D.: Webean aurkituko dituzuen lotura berri horiek (Fliskatu eta Dunikeys) unibertsitateko proiektu batekoak dira, Fliskatu nire taldearena eta Dunikeys lagun batzuena. 2009/01/05 - 05:23:01
No time for life, ere
Aurrekoan esan nuen, Euskal Herrian No time for love , ez dago maitatzeko aukerarik. Gaur gogorarazi digute, bizitzeko aukerarik ere ez dutela batzuek. Noiz arte? 2008/03/08 - 01:14:20
No time for love
Maitatzeko aukerarik ez, gure Euskal Herri honetan. (Argazkia hemendik: Itsasontzi gorri bat ) 2008/02/11 - 21:43:03
Heather, Ed Sucklingen animazioa euskaraz
Oraingo honetan laburmetrail bat dakarkizuet leihatilara. Vimeo bideoak igotzeko zerbitzuan aurkitu nuen Ed Sucklingen animazio hau, eta euskarazko azpitituluak gehitu dizkiot istorioa denok ulertu ahal izateko. Animazioan esaten dena transkribatzen Zebehar reko erabiltzaile diren Ana eta Beatrizek lagundu zidaten (milesker!). Benetan merezi du ikustea. Gustatu bazaizue jakinarazi mezu honi erantzunez, eta horrelako gehiago jartzen saiatuko naiz. 2008/01/20 - 16:14:04
Glest 3: multiplayer bihurtuko al da?
Gaur mezu bat bidali didate Glest jokoaren garatzaileek, proiektuaren hurrengo bertsioan lanean dabiltzala eta alfa bat dagoeneko eskuragarri dagoela (Windowsperako soilik, oraingoz). Kontua da erabiltzaile askoren eskaerari jaramon egin eta jokoa multiplayer (nola esaten da hau euskaraz?!) bihurtzeko lanean dabiltzala. Oraingoz saiakera bat baizik ez da, eta lan asko egin beharko dute, baina hau aurrera badoa internet bidez munduko glestzaleen aurka jolastu ahalko dugu. Gehiago jakiteko Glesten foroko eztabaida hau jarraitu. Albiste zoragarria, ezta? 2007/11/17 - 22:16:09
Alestik arazoak ditu
Alesti eguneroko albiste iturriak jasotzeko tresnatzat darabilzuenok konturatuko zineten atzo edo herenegundik zerbitzaria jausita dagoela. Gertatu denaren berri jakin nahian hona sartu bazarete ondo egin duzue, Oliver Maruhn, Alestiren sortzailea eta administratzailearekin hitz egin baitut. Egoeraren berri jakinarazi diodanean honakoa erantzun dit: Thanks for your hint! There seems to be a problem with our datacenter. Since I cannot reach our server any more I have informed the staff over there. Now I can just wait for their reply. I will try to fix the problem as soon as possible. Hau da, datu biltegian arazoren bat egon dela, eta bertakoei jakinarazi diela, ahalik eta lasterren konpontzeko. Gero, arazoa zein den zehaztu dit: The hard disc had a head crash. I'm trying to rescue all date and copy to new hardware. Ea ba lehenbaitlehen ikusten dugun martxan berriro gure Alesti... 2007/10/29 - 21:55:15
Hasi naiz iturburu kodea askatzen
Webgune berria argitaratu bezain azkar jakinarazi nuen iturburu kodea guztiz aske eta edonoren eskura jartzeko asmoa nuela. Eta beti gerorako utzi dut, baina azkenean hasi naiz pixkanaka web orrien kodea argitaratzen. Ez dakit noiz bukatuko dudan dena jartzen (jakinaraziko dut hemen). Irudi guztiak artxibo trinko batean bilduta ere eskuragarri utziko ditut, eta webgunea administratzeko orriak ere bai bukaeran (ez dira beste munduko ezer, baina lana errazten dute). Oraingoz dagoena ikusteko Erabilitako baliabideak orrira sartu. Oso azalpen gutxi dago fitxategiotan, beraz, zalantzaren bat baduzue gustora erantzungo dizuet, benetan. 2007/10/15 - 20:31:03
Martera ni ere...
Sartu gara berriro gurpil zoroan... Beste askori bezala, Martera ihes egiteko gogoa datorkit niri ere. 2007/10/10 - 02:05:08
free batasuna
Ez dago beste ezer esan beharrik. Denok dakigu zer gertatzen den. 2007/10/05 - 19:46:12
3ARRANO.com bueltan, eta edukia euskaratzeko asmoz
Denbora luzez aldaketarik egin gabe egon ondoren, 3ARRANO.com berriro bueltan dator. Hainbat erabaki hartu behar izan ditut webgunean lan egiteko denbora gutxiago dudalako, eta horietariko bat harpidedunen txokoa (inoiz zabaldu ez zen gune hori, nahiz eta ia amaituta zegoen) alde batera uztea da. Beraz, une honetan behintzat 3ARRANOra harpidetzeak zentzu gutxi dauka, ikusiko dugu etorkizun batean, agian beste erabileraren bat emango zaio honi. Une honetan egin nahi dudana era guztietako edukia euskarara itzultzea (eta erdi-eginda utzitakoa amaitzea: 'Jainen heriotza' eta 'Web estandarrekin garatzen' kasu) da. Gaur Zabaldu n izan dut Mutilmedian Arkaitzek ikusgarritasunaren inguruan idatzitako artikulua ren berri, eta Zabalduko iruzkinetan Joxek jakinarazi du euskal erabiltzaileak kexu direla, gustuko gairik euskaraz aurkitzen ez dutela-eta . Eta hala da. Zoritxarrez euskarazko edukia oso mugatua dago, eta gehienetan informatikaz edo euskaraz mintzatzen gara. Beraz, saiatu nahiko nuke hori aldatzen, beste eduki batzuk sortzen edo euskaratzen. Mintzatuko nahiz, adibidez Blade Runner ez, edo nik dakit zeri buruz. Noski, informatika ez dut alde batera utziko, Ubuntura iritsi berrientzako (neroni bezala) laguntzak itzultzeko asmoz nabil. Denborak erakutsiko du zenbat egiten dudan, baina hauek dira nire asmoak. Jakizue webgune hau bizirik dela oraindik. 2007/09/25 - 00:58:03