(titulua)

Udaltzainak gazte bat atxilotu du bikotekidea jo egin duela egotzita

Udaltzainek 25 urteko gazte bat atxilotu zuten astelehenean, bikotekidea jo zuelakoan. Parte Zaharreko Kale Nagusian izan zen atxiloketa. Emakume baten oihuak entzuten ziren atari batera hurbildu ziren udaltzainak eta emakume bat eskutan helduta zuen gizon gazte bat ikusi zuten. Emakumea odoletan zegoen eta kamiseta urratuta zuen. Gizonak epailearen aurrean azalpenak eman beharko ditu, emakumearen aurkako indarkeria delitua egotzi baitiote.  2009/09/07 - 23:21:01

Aizkorak zorrotz izango dira Trinitate plazan

Gipuzkoako aizkolari onenak aurrez aurre egongo dira, bihar, 18:00etan, Trinitate plazan. Donostiak bere ordezkaria izango du Euskal Jaien barnean jokatuko den Gipuzkoako Maila Nagusiko Txapelketan, bertan izango baita Joxemari Olasagasti. Igeldokoarekin batera, Iñaki Azurmendi, Jexuxmari Mujika, Joseba Otaegi eta Luismari Txapartegi ariko dira. Jexuxmari Lasa ere lehiatzekoa zen, baina oraindik ez da egin berri dioten ebakuntzatik osatu. Hala, Otaegik beteko du bere hutsunea, Bigarren Mailako txapelduna izan baita. Ondoko lanak egin beharko dituzte aizkolariek: lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko (72 ontzako). Arantza kentzeko aukera Iñaki Azurmendik jantzi zuen Gipuzkoako onenaren txapela, iazko lehian, bigarren aldiz. Olasagasti bigarren postuan geratu zen, baina oso atzean geratu zen. Izan ere, minutu eta 16 segundoko aldea atera zion txapeldunak. Nekea izan zen Olasagastiren etsaia iazko txapelketan. Igeldokoa izan zen lehen enborra moztu zuen lehena (1 min. 28 seg.) eta laugarren enborra ebakita ere, berak jarraitzen zuen lehen postuan. Lan erdiak eginda ordea, Azurmendik gora egin zuen nabarmen eta Txapartegiri aurrea hartuta, Olasagastiren parean jarri zen. Azken txanpan erabaki zen txapelduna eta alde handiarekin gainera. ...  2009/09/03 - 23:10:03

Dantza gogoz

Dantza ezagutzen duenik bada, baita inoiz aritu ez denik ere. Denak Kresala kultur elkartera gerturatu ziren aste hasieran Euskal Jaietan modu berezian parte hartu ahal izateko. Izan ere, Parte Zaharreko Euskal Jai batzordeak herritarrak gonbidatu baititu aurten ere, Larrain dantza ikasi edo hobetzera. Asteartean hasi eta lau egunez, entseguak egiten ari dira. Asteazkenean Zuloaga plazan aritu ziren dantzariak pausoak ikasten. Tabernako kanpoaldean zeudenen eta inguruetatik zebiltzanen gozamenerako, ordubetez aritu ziren ikasle saiatuak. Ikusleek jakin-minez galdetzen zieten batzuek besteei plaza erdian zeudenak zertan ari ziren, dantzari batek erantzuna eman zien arte. «Adinen batez bestekoa oso altua da», aipatu zuen norbaitek. Batzuen ustez gaztetasuna falta zitzaien 22 bikoteek, ordea, nahia eta borondatea soberan zituzten. ...  2009/09/03 - 23:10:03

Amaikak bat-eko omenaldi bat eragozten saiatu direla salatu du ezker abertzaleak

Donostiako Ezker Abertzaleak igandean Parte Zaharreko Amaikak Bat elkartean izan zen gertaera baten berri eman du. Azaldutakoaren arabera, elkartean preso bati egin zioten omenaldia galarazten ahalegindu zen Ertzaintza. Eusko Jaurlaritzaren eta Ertzaintzaren jokabidea «eroaldi errepresibotzat» jo du alderdiak. Donostiako Ezker Abertzaleak jakitera eman duenez, aurreko igandean Ertzaintza Parte Zaharrean sartu zen eta auzoko plaza eta kaleak hartu zituen. Haien helburua, Amaikak bat elkartean egingo zen omenaldia bertan behera uztea omen zen. «Polizia elkartean agertu zen, bertako bazkideei omenaldirik ezin zutela egin esatera», azaldu dute. Bazkideen ezustekoa handia izan zela aditzera eman dute ezker abertzaleko kideek, omenaldia Abuztuaren 31ko oroimen ekitaldien barruan antolatu zutelako. ...  2009/09/02 - 23:59:18

Larretxeak adina Urrezko Aizkora eskuratu ditzake Nazabalek

Bost aizkolariren arteko lehia izango da gaur, 19:30ean, Trinitate plazan. Aurreko urteetan bezala, Euskadiko Txapelketako lehen bost sailkatuak izango dira Urrezko Aizkora lortzeko lehian: Floren Nazabal, Luis Txapartegi, Igeldoko Joxemari Olasagasti, Iñaki Azurmendi eta Juan Jose Lopez Azpilikueta. Guztira, 14 kanoerdi ebaki beharko dituzte parte hartzaileek. Nazabal oso momentu onean dago eta, itxura guztien arabera, bera izango da gaurko irabazlea. Orain arte Anjel Arrospidek lortu zituen txapela gehien Urrezko Aizkoran, bost, hain zuzen ere. Gaur arratsaldean, ordea, Arrospideren errekorra berdindu dezake Nazabalek. Bestetik, badago, hautsi daitekeen errekor bat. 1995ean, Donato Larretxeak 27 minutu eta 17 segundoko denborarekin lortu zuen txapela janztea. Hala, oraindik ez da egon denbora hori hobetzeko gai izan den beste aizkolaririk. Gaurko irabazleak errekorra hautsiko balu, 320 euroko sari extra jasoko luke. ...  2009/08/15 - 00:09:05

Presoen aldeko protestaren aurka oldartu da Ertzaintza

Presoen eta iheslarien eskubideen aldeko protesta egin zuten atzo Donostian, euskal presoak eta iheslariak, etxera leloarekin. Konstituzio plazan elkartu ondoren, Bulebarrera iritsi bezain pronto, Ertzaintzak zenbait manifestari identifikatu zituen. Hauek Parte Zaharreruntz jarraitu zuten protestan, Ertzaintzak euren aurka kargatu zuen arte. Poliziaz beteta zegoen ingurua, kargatu aurretik eta ondoren. Izan ere, manifestazioan parte hartu zutenen aurka oldartu eta gero, Ertzaintzak Bretxan jarraitu zuen. Garzonen aginduz Hirian ostiralero presoen alde egiten den ekimena debekatzeko agindua eman zuen herenegun Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek. Agindu bera eman du gaurko deitutako manifestazioari dagokionean. Hain zuzen ere, Amnistiaren Eguna dela-eta, Parte Zaharrean egingo diren jardueren ostean, manifestazioa deituta dago 18:30erako. ...  2009/08/15 - 00:09:05

Pilota izan da Trinitate plazako protagonista

Giro ederra bildu zen Trinitate plazako frontoian atzo arratsaldean. Aste Nagusiko XV. Txapelketako finalak jokatu zituzten Haur eta Helduen mailetan. Helduetan, Antzuolako Aitor Mendizabal eta Asteasuko Aitzol Txapartegi izan ziren txapeldunak. Haurretan, berriz, Sunbillako Telletxea eta Aldabek irabazi zuten. Partidak jokatzen hasi aurretik, plazara hurbildutakoek minutu bateko isilunea egin zuten, Antxon Pebet pilotari zenaren omenez. Angeluko gazteak iaz jokatu zuen Donostiako Euskal Jaietako Txapelketa, lehen aldiz. Hortik gutxira, zoritxarrez, ohean zegoela hil zen 22 urteko pilotaria. Txapelketako final aurrekoak asteartean jokatu zituzten; atzo, berriz, lehen lau postuetako sailkapena egon zen jokoan. 16:30ean, txikienen txanda izan zen. Hasteko, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko lehia izan zen. Igeldoko Onditzek eta Loiolako Julen Chiapuso izan ziren garaileak, 18-13 garaitu baitzituzten Noble eta Olarra. Ondoren, finala jokatu zuten: Telletxea-Aldabe, gorriz, eta Villabonako Labaka eta Erasun, urdinez. Bikote gorria erraz aurreratu zen eta txapelduna izan zen, 18-7ko markagailuarekin. ...  2009/08/14 - 10:46:02

«Konstituzio plazan dantzatzea auzoan aritzea da»

Kresalaren emanaldiarekin, Donostiako dantza taldeek amaitutzat eman zuten atzo Aste Nagusian Konstituzio plazan egin duten lana. Igandean, Eskola izan zen lehena taulara igotzen. Ondorengo egunetan Gero, Goizaldi eta Arkaitz dantza taldeei egokitu zitzaien txanda. Atzo, esan bezala, Kresalari. Honek Gene Yurre eta Mikel Laboari keinu txiki bat egin zion, baita Sokadantzan eta Sehaska lanen bilduma bat eskaini ere. Kresalak 41 urte daramatza Aste Nagusian dantzatzen. Faustino Aranzabal zuzendariak gogoeta egin du azken urteei buruz: «Nire ustez noraezean dabil jarduera, parte hartzaile guztien iraganeko eta egungo inertzia desegokiak bultzatuta. Egun beharrezkoa al da edo zentzurik al du? Modurik egokienean ematen al da? Bada, egungo egoera ikusita, ezezkoan nago». Dagoen «irizpide eza» begibistakoa dela adierazi du: «Ematen diren baldintzak ere, eduki eta forma aldetik, oso kaskarrak dira. Jaialdiak bide honetatik jarraizen badu, ez dut uste parte hartzen jarraituko dugunik. Pena handiz esaten dut, baina zaila jartzen digute. Bestalde, antolatzaileek ekintza honekin egitaraua bete egiten dute, zein baldintzetan egiten duten erreparatu gabe. Sentsibilitate falta izango da agian?». ...  2009/08/14 - 10:46:02

Itsaslapurrek ere ez dute galtzea gustuko

Raimundo Sarriegik burua altxatuko balu, zur eta lur geratuko litzateke. Batez ere, atzo bezala, ehunka gazte ikusiko balitu bere izena duen plazan. Piratek Kaia bere egin zuten astelehenean eta atzo beste horrenbeste egin zuten Sarriegi inguruan, gazte jolasen txanda baitzen. 16:30ak inguru hastear ziren jolasak, baina dena antolatzeko nahikoa lan zuten. Hori horrela, 17:30ak pasata, ekin zieten jolasei Kalabaza Tripontziek, Puxikek, Urrutiko intxaurrek, Olagarroek, Igeldo herriak eta beste taldeek. Lehen desafioa zaku lasterketa izan zen. Zaku bakarrean lau lagun sartu ziren eta, ibilbidearen beste muturrera iritsita, taldeko beste lau kidek hartzen zieten lekukoa. Batzuk bidea osatzeko gai izan ziren, kostata hori bai, eta beste asko ezinean geratu ziren bide erdian. Ondoren, bizikleta txiki-txikiekin Sarriegi plazan bertan jarritako ibilbidean pedalei eragin zieten piratek. Bizikleta batekin edo bestearekin arazoak izan zituzten, katea etengabe ateratzen baitzen. Ur jolasik ere izan zen. Hori iritsi zenean, dena dela, barrena behintzat ederki bustita zuten pirata gehienek. ...  2009/08/13 - 00:02:03

Gaztetxoenak ere, pilotan

Esku pilotan jokatzeko aukera urte osoan izaten den arren, udan, gaztetxo gehiago animatzen dira, eguraldi onak lagunduta», azaldu du Alde Zaharra Kirol Elkarteko Iñaki Fernandezek. Txikienen artean kirola bultzatzeko asmoarekin, aurten ere, 5 eta 10 urte bitarteko haurrentzako ikastaroa antolatu du elkarteak. Trinitate Plazako frontoian, 20 haur inguru elkartzen dira 10 egunez, pilota jokatuz, ongi pasatzeko. Fernandezekin batera, Pello Rodriguez eta Josu Fernandez dabiltza ikastaroak zuzentzen. Pilotan era antolatuan jokatzeko aukera ematen dute, Fernandezen hitzetan: «Era pertsonalizatuan eta maitasunarekin egiten baduzu, kirolarekin bat egiten dute. Hori bai, gogoarekin etorri behar dute». Gainera, egun gutxitan, haurren eboluzioa nabaria izaten dela dio: «Lehen egunean ez zioten pilotari orain bezala ematen!». ...  2009/08/13 - 00:02:03

Nabigatu euskaraz