Izarren Hautsa: zientzia eta beste

Inaki Irazabalbeitia

Andrew Wakefield

Andrew Wakefield medikua ez da oso pertsonaia ezaguna gure artean. Alabaina, Britainia Handian eragin handia izan du txerto hirukoitz birikoak autismoa eragin dezakeela defenditzen duelako. Komunikabideek toki asko eman ohi diote tamalez, eta ondorioz sozietate britainiarrean txerto hirukoitz birikoa beren umeei jartzea errefusatzen duten gurasoen proportzioak kezkagarri gora egin du. Zientziaren emaitzetan 'oinarrituta' defendatzen du Wakefieldek tesi hori berak 1998an The Lancet aldizkari ospetsuan argitaratutako artikulu bat oinarri hartuta. Gerora frogatu izan da artikulu hark eta atzean omen zuen ikerketak zientifikotik gutxi duela. Otsailaren hasieran The Lancet aldizkariak artikulua atzera bota du eta artxiboetatik kendu egin du. Gaur jakin dut Wakefield-ek Austineko (Texas, AEB) Thoughful House ospitaleko zuzendari kargua laga egin behar izan duela. Sobra ere gauzak bere onera etorri dira, baina hitzontzi, gezurtero eta iruzurgile horrek eginiko kalteak hor dirau, guraso gaizki informatu askoren usteetan txertatuta. Historia oker honen kontakizun xehea duenak Ben Goldacre mediku eta dibulgatzaile britainiarraren Bad Science liburua irakur dezake edo www.badscience.net/ webgunean kuxkuxeatu.  2010/02/23 - 01:37:03

zientziaren eraginkortasuna

Gipuzkoako berripaper batek lehen orrialdeko titular nagusi bihurtu du Garmendia Espainiako Zientzia eta Berrikuntza ministro anderearen hitz hauek: 'Una ciencia más eficiente sirve para avanzar en la cohesión social'. Egia esateko hitzak banan-bana hartuta entenditzen ditut, esaldian josiak, ordea, ez. Etxekoek ere ez dituzte ulertu. Dena dela, 'zientzia eraginkorra' da nik uste guztiaren gakoa. Akaso, ministro anderea teknologia-enpresen nagusia delako otu zait hori. Izan ere, enpresak etekinak eman behar dio nagusiari eta horretarako eraginkorra izan behar. Zientziari ez zaio 'eraginkor' adjektiboa komeni; baldartu egiten du. Historiari erreparatu. Eraginkortasunaren ikuspegitik ederra Darwinena! Ebidentziak begien aurrean izanik, ideia bere buruan borobildua eta makina bat urte behar izan zituen eboluzioaren teoria lau haizetara barreiatzeko. Iraultza sorrarazi zuen hala ere. Eraginkortasuna esan dakioke Planck-ek kuantua postulatzean egin zuenari? Zientzia-sistemaren eraginkortasuna izan zezakeen Garmendiak gogoan hitz horiek esan zituenean eta horri bai eskatu behar zaiola eraginkorasuna. Baina sistema ez da zientzia eta zientzia horren zati bat baino ez da. Sistema partez bada I+Grako jartzen diren baliabide publikoen tamaina eta Espainiako gobernuak jartzen dituenak nekez hobetuko dute sistemaren eraginkortasuna. Enfin, litekeena da ministroak politikariek horren beste maite duten jokoa besterik ez egitea, hots, bost ogerleko hitzak batu inork konprenitzen ez dituen esaldi ponposoak osatuz.  2010/02/08 - 00:04:01

Iznogoud

Goscinny eta Tabari komikigile frantsesen pertsonaia etorri zait burura Pedro Hernandezek Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza eta Energia sailburuorde izateari utzi eta Tecnaliara joango dela jakin dudanean. Izan ere, Iznogoud bisirrak kalifa izan nahi zuen kalifaren ordez eta PSEk Jaurlaritza hartu zuenean Pedro Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburua izango zela pentsatu zuten askok. Bere aspaldiko militantzia sozialistak, 1990ko hamarkadan Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Diputatu izanak eta EUVE enpresa teknologikoaren zuzendaritza Nagusian eginiko urte luzeak kargu horretarako predestinatzen zutela ematen zuen. Mihi gaiztoek diotenez berak ere uste hori zuen. Beraz, sailburu izan nahi zuen sailburuordea izan ei da. Pedro Hernandezek Eusko Jaurlaritza utzi izanaren arrazoi ofiziala da, Tecnalia korporazioaren zentroen fusioa bideratzen gida dezala nahi duela Jaurlaritzak eta lagun dezala Europako bostgarren ikerketa-korporazio bihurtzen. Susmoa hartu dute batzuk, eta neronek tartean, benetako arrazoia beste bat izan dela eta zerikusi handiagoa duela sailaren barne-orekarekin eta botere-partiketekin beste ezerekin baino. Tecnaliara joatean eta berarentzako kargu berri hori sortuaz irteera duina eman nahi izango zitzaiokeen. Tecnaliak hilabete asko daramatza fusio hori antolatzen eta bideratzean. Prozesua nahikoa aurreratua dago eta 2011ko urtarrilerako bukatuta egotea da helburua. Ezein prozesu garatzen ari denean, eta are gehiago Tecnalia osatzen duten zentroen fusioa legezko prozesu konplexu batean, supituki kanpo-elementu bat sartzea prozesua lidertzeko asmoarekin distortsio-elementua da gutxien-gutxienik. Tentsio-iturri izan daiteke eta fusio horretan ustekabeko oztopoak sor ditzake. Ene ustez, ez da ganorazko erabakia, baldin eta Tecnaliaren kupulan sortu beharko duten lanpostu berri hori lore-ontzi funtzioa baino ez duen.  2010/01/02 - 22:33:02

Gehigarriak, osasuna eta beste

Mariajek azaroaren bukaeran Cambrigdetik ekarri zidan liburua dut oheburuko. Bad Science du izenburua eta Ben Goldacre mediku eta zientzia-dibulgatzaile gazteak idatzitakoa da. Zein da bada Benek salatzen duen zientzia txar hori? Hitz potolo eta itxurazko lengoaia zientifikoa usatuz saldu nahi izaten dizkiguten klase guztietako salgaien, terapien, gehigarri nutritiboen eta enparauen kontra egiten du suhar bereziki. Biluztu egiten du antioxidatzaileen, homeopatiaaren, omega 3ren, benecol-en eta antzekoen gibelean dagoen zientziaren zientifikotasunik eza; etsenplurako, zein trikimailu erabiltzen diren azterketa bati zientifiko itxura emateko, horrelakorik deus ez duenean. Halaber, oso argi eta klaru esplikatzen du zer diren plazebo efektu eta esperimentu itsu bikoitz moduko kontzeptuak. Bart nutrizionistei egurra ematen dien kapitulua leitu nuen. Osasuna hobetzeko eta gaixotasunak saihesteko saldu nahi dizkiguten mirakuluzko molekula, konplexu, terapia, dieta eta antzekoen atzean normalean dagoen egia txikia eta markertin handia deskribatzen ditu. Honela bukatzen du: 'If I was writing a lifestyle book it would have the same advise on every page, and you'd know it all already. Eat lots of fruit and vegetables, and live your whole life in every way as well as you can: exercise regularly as part of your daily routine, avoid obesity, don't drink to much, don't smoke, and don't get distrated from the real, basic, simple causes of ill health.' Oso identifikatuta sentitu nintzen esaldi horiekin, beti sortu izan baitzait barru-barrutik dieta-osagarrien, kolesterol-garbitzaileen, bitamina-hornitzaileen eta bestelako 'osasun-lagungarrien' kontrako errebeldia. Bizikletaz irtenten naizenean bidoian ur hutsa eramaten duen horietakoa naiz kanpoko eta ingurukoen presio guztiei muzin eginez.  2009/12/26 - 12:40:03

Luis Mari Bandres Unanue

Paradojikoa da. Euskararen egunarekin batera joan zaigu Luis Mari euskararen normalizazio-prozesuan pertsona giltzarrietako bat. Paradojikoa bada ere, atzo Gipuzkoako Foru Aldundiak Abbadia saria eman zuela, Gipuzkoan euskararen alorrean nabarmendu direnak saritzeko. Atzo Joserra Garzia ondo merezitutako saria jasotzen ari zenean eta baita aurreko egunen batean ere, damuak eta kulpa harrapatu ninduten. Damua Luis Abbadia sarietarako aurkeztu ez izanagatik eta kulpa guri, Elhuyarkooi, zegokigulako eta egin egin ez dugulako. Luisena ez da ustekabekoa izan, eritasun larri batek harrapatuta baitzeukan atzen urte eta erdian. Motzak gara euskaldunak errokonozimentua eta estima adierazten eta, sobra ere, are motzagoak gara Elhuyarkook. Bitez lerro hauek jendaurreko barkamena eskatzeko eta zureganako admirazioa adierazteko Luis, irakaslea, lankidea, laguna eta maisua.  2009/12/03 - 13:16:03

Bakoitzari berea!

Gaur goizean Mariaje emazteak komentatu dit Elhuyarren Zientzia eta Teknologia Hiztegi Entziklopediko aren aurkezpenean, Iñaki Goirizelaia errektore jaunak esan zuela euskaraz eman zen lehen kurtso osoa Leioako Zientzia Fakultatean izan zela, Biologiakoa hain justu, 1979-80 ikasturtean. Horretan ez zaio errektore jaunari arrazoirik falta. Berbaldiak bukatu zirenean, Mariajek Iñakirekin egoteko parada izan zuen eta hizpide izan zuten noiz eta non eman zen lehen eskola euskaraz gure unibertsitatean. Auzi bera izan nuen atzo solasgai Antton Gurrutxagarekin, lankide eta aipatu hiztegiaren zuzendariarekin. Oker ez banago (bagaude) Donostiako Kimika Fakultatean hartu genuen gure unibertsitatean euskaraz eman den lehen eskola. 1976-77 ikasturtean izan zen, 1977ko urtarriletik aurrera. Mekanika gaiaren problemen atala izan zen eta Antxon Santamaria irakaslea. Azpimarratzekoa da, asignatura horren alde teorikoa Luis Mari Bandresek ematen zuela eta berak animatu gintuela euskarazko taldea sortzea. Dozena bat lagunek osatu genuen euskarazko lehen talde hura: Mariaje Barandiaranek, Antton Gurrutxagak, Tere Barrenetxeak, Koldo Aramendik, Mikel 'Txopo' Lizeagak, Kepa Urretagoienak, Terisita Irizarrek, Pello Sarriegik eta neronek besteak beste. Bi lazkaotar, bi besaindar, itsasondotar bat eta lau donostiar. Barka nazatela aipatzea ahaztu ditudanak, baina memoria ahula da, alajaina! Hurrengo ikasturtean, Luis Mari Brandresk Elektrizitatea eman zigun euskaraz eta Juanjo Peñak Optika . Ikasturte horretan bertan hasi ziren Leioako Zientzi Fakultatean hainbat eskola euskaraz ematen.  2009/11/16 - 00:26:03

Guraizeak hemen ere

Ba dabil estatuko zientzialarien artean ekimen bat non gobernu zentralari eskatzen zaion guraizeak ez erabiltzeko I+Grako 2010ko aurrekontuan. Izan ere, Cristrina Garmendiaren ministerioak 2009an baino % 15 inguru gutxiago usatuko ditu batezbestean datorren urtean. Atal batzuetan beherapena %30ekoa izango ei da. Ba penintsularen erdialdera ez da joan beharrik I+Grako diruen beherapenak ikusteko. Agi denez, EJko Industria sailak, Madrilgo haizeei jarraiki, antzeko portzentajean murriztuko ditu I+Grako EAEko sarean banatzen duen dira. Mihi gaiztoek edo jakitunek diotenez, zentro teknologikoak izan daitezke onik irten daitezkeen bakanetakoak. Bejondeiela! Besteengana, ordea, Pako (ala Patxi?) joango da beherapenekin, horientzako programa inportanteren bat desagertuko delako, besteak beste. Sobra ere, ohitura den legez, txikiak galtzaile aterako dira; kasu honetan EAEko enpresa-ehunaren enpresa txiki eta ertainak. Laster argituko dira kontuak, EJren aurrekontuak Legebiltzarrera iristen direnean.  2009/10/08 - 00:07:04

Pedro Luis Uriarte

Atzo Pedro Luis Uriartek Innobasqueren lehendakari izateari lagako diola iragarri zuen. Iragarritako dimisio baten kronika da. Euskal ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-sistemaren inguruan gabiltzanok bagenituen hori gerta zitekeela zantzuak. Innobasque proiektuak Lopezen gobernuaren aldetik jasotako jarrera epelak eta zehaztasun faltak, Pedro Luis bera bultzatu zuten uste izatea bi erakundeek harreman normalizatuak izan zitzaten bera oztopo izan zitekeela. Joan den ekainean Innobasqueren batzar nagusian behin baino gehiagotan azpimarratu zuen berak ez zuela oztopo izan gura. Sobra ere, duela egun batzuk Pedro Luisek eta Lopezek Lehendakaritzan eginiko bilera batean, Jaurlaritzaren buruak esan izana gobernuak berrikuntzaren alorrean jorratuko duen bidea Madrilen Cristina Garmendiak, Zientzia eta Teknologia ministroak, markatutakoa izango dela atzen ttantta izan da. Eskerrak eman nahi dizkiot Pedro Luisi Innobasque proiektua bideratzen egin duen lan eskergagatik eta erakutsitako kemenarengatik. Hutsak huts, akatsak akats eta gabeziak gabezia, Innobasque EAE atzen urteotan bultzatu den proiekturik inportanteenetakotzat jotzen dut. Merezi izango zukeen, beste ezer egin izan ez balu ere, gizarte hau berrikuntzari begira jarri duelako eta horrek lagunduko digulako pairatzen ari garen krisitik onik ateratzen. Ez dago garbi zein izango den Innobasqueren etorkizuna. Ez dirudi Jaurlaritzaren aldetik orain arteko babesik izango duenik eta ez zait iruditzen jarrera aldatuko denik erakundearen lehendakaritzan pertsona otzanago bat jarrita ere. Innobasquek bizirik irauten badu, Madrilgo erabakien musikaren doinuen dantzan ibiliko den erakunde deskafeinatu bilakatzeko arriskuan dago. Jakina, ez zait hori egokia iruditzen, besteak beste, gure herriaren etorkizunean eta ongizatean eragin zuzena izango duten erabakiak, proposamenak eta enparauak otso mesetarioek seinalatuko dituztelako. Hortaz, Innobasqueko partaide garenok ixilik eta geldirik gelditu behar dugunik ez dut uste.  2009/09/10 - 20:12:02

Powersat

Udaberri honetan Ben Bova zientzia-fikziozko idazle ezagunaren Powersat nobela leitu dut. Nobela horren muina espazioan jarritako eguzki-baratze baten inguruko gora-beherak dira. Enpresa japoniar eta estatubatuarren arteko lehia lehena izateko harietako bat da. Hara non, fikzioa baino ez zena errealitate bihur daiteke laster. Japoniako gobernua 21 mila milioi dolar inbertitzeko prest dago espazioan eguzki-zentralak eraikitzeko. Gainera, Mitsubishik eta beste enpresa inportante batzuk erronkari heldu diote. Eguzki-panelak 36.000 km-ko orbitan jarriko lirateke eta bildutako energia mikrouhinez edo laserrez igorriko litzateke lurrazalera. Ben Bovaren eleberrian mikrohinak ziren energia-garratzaileak. Eguzki-panelak espazioan jartzeak baditu abantaila nagusi bi: panelek eguzki-energia bete-betea jasotzen dutela atmosferak ez duela haren parterik xurgatzen eta egun osoan zehar jasotzen ari direla eguzki-izpiak. Japoniako espazio-agentziak 2030erako izan nahi du espazioko lehen eguzki-zentrala orbitan. Bien bitartean, 2015ean eguzki-energia bildu eta lurrera igorriko duen satelite bat orbitan jarriko dute lehen saioak burutzeko. Egitasmoak kostua du kontra. Egia esateko, AEBetan ere aspalditik egon badago alor honetan mugimendua, baina ez dirudi administrazio publikoa oso bero dagoenik horrelakorik bultzatzeko. Lehiarik ez da, hortaz, sortuko? Chi lo sa ! Ben Bovaren eleberrian ekimen pribatua da protagonista.  2009/09/09 - 02:45:03

Aspaldiko

 2009/08/17 - 21:36:02