Zibergela

Teknologia berriak, teknologia berdeak

Ingurumena zaintzeko hazten ari den kontzientziazioak, petrolioaren prezioaren etengabeko igoerak eta ingurumena zaintzeko administrazioak ezartzen ari diren legedia berriek ekarri dute teknologia berrien industriak arlo horretan ahalegin handiagoa egitea. Horrez gain, gaur egun erabiltzaileak prest daude gailu batengatik pixka bat gehiago ordaintzeko, baldin eta ingurumenarekin adeitsua bada. Eta hori, ederki dakite ustiatzen teknologia enpresa erraldoiek. Arrazoi batengatik edo bestearengatik, azkenaldian merkaturatzen ari diren ordenagailuak eta osagaiak aurrekoak baino ekologikoagoak direla esan daiteke; energia gutxiago kontsumitzen dute, erabiltzen dituzten materialak birziklatuak dira, eta abar. Beraz, teknologia berriak teknologia berdeak edo ekoteknologiak bihurtu dira. Energia aurreztea IDC aholkularitza enpresak esan duenez, joan den urtean datuen prozesurako zentro askok diru gehiago gastatu zuten elektrizitateko faktura ordaintzen ordenagailu berriak erosten baino. Eta ondorengo bost urteetan, aurrekontuko zati garrantzitsuena energia kontsumoa ordaintzera bideratuko da. Arazo horri aurre egiteko hiru eratako soluzioak planteatzen dira: energetikoki eraginkorragoak diren ordenagailuak fabrikatzea; baliabideak hobeto ustiatuko dituzten softwarea; eta, azkenik, arrazoizkoagoa den produktuen enbalatze eta hornikuntza. Ordenagailu batek energia gutxiago kontsumitzeko, lehenengo urratsa elikatze-iturritik hastea da. Normalean, ordenagailu baten elikatze-iturriak duen eraginkortasuna %50 da, hau da, kontsumitzen duen elektrizitatearen erdia ez ustiatzen. Gainera, ustiatzen ez den hori, beroa bihurtzen da eta bero hori ordenagailutik ateratzeko haizagailuak behar dira. Horrela, oraindik energia gehiago behar da haizagailuentzat. Hori guztia dela eta, 80 plus ziurtagiria sortu da; horren helburua ordenagailuek duten energia eraginkortasuna gutxienez %80 izatea da. Ziurtagiri hori sustatzen den webgunean, 80 plus ziurtagiria duten ordenagailuen zerrenda ematen da. Antzeko ekimen bat jarri dute teknologia berrien arloan ezagunak diren erakunde batzuek, Climate Savers izena du ekimenak. Elikatze-iturriaz gain, ordenagailuaren bestelako osagaietan ere energia kontsumoa murrizteko joera dago. %60ko aurrezpena duten plaka nagusiak, errendimendu handiko eta kontsumo baxuko txartel grafikoak eta prozesadore eraginkorragoak. Haizagailuen arloan, berriz, gero eta isilagoa eta eraginkorragoa egitea da fabrikatzaileen erronka. Materialak Ordenagailuak fabrikatzeko erabiltzen diren materialak ere aldatzen ari dira. Gaur egun, birzikla daitezkeen materialak gero eta gehiago erabiltzen dira fabrikazio prozesuan. Horren adibide garbia da Lenovok plazaratu duen ThinkCentre A61e ordenagailua. Lenovoren apustu ekologikoa %90 material birziklagarriz osatuta dago, eta, gainera, bateria eguzki-plaka bidez kargatzeko aukera ematen du. Dell -ek ere ecoPC izeneko kontzeptua atera du; horren lehenengo emaitza banbuzko kaxa edo karkasa duen ordenagailu bat izan da. Ezaugarri berezi horretaz gain, ordenagailu arruntak baino %80 txikiago da tamainaz eta %70 energia aurrezpena du. Enpresak Teknologia sektorean, garapen jasangarriaren alde egiten duten enpresak gero eta gehiago dira. Dagoeneko zerrendak argitaratzen ere hasi dira, bakoitzak egiten duen ahaleginaren arabera sailkatzeko. Horietako bat Climate Counts etekina ateratzeko asmorik gabeko erakundea da, eta hamabi enpresa garrantzitsu baloratu dira. Zerrenda horretan lehenengo postuan IBM ageri da, eta harrigarria badirudi ere, azkeneko postuan Apple azaltzen da. Itxura denez, talde ekologista askok salatu dute Apple-en produkto asko toxikotasun handia dutela, tartean iPhone ezaguna.  2008/05/14 - 13:50:05

EXGAE, SGAEtik askatzeko aholkularitza

Ez da inorentzat ezezaguna SGAE erakundeak gero eta aurkari gehiago dituela defendatzaileak baino. Hori dela eta, erakunde horrek jartzen dituen salaketetatik defendatzeko edota beragandik askatzeko aholkularitza juridiko berezitua eskaintzen duen erakunde bat sortu da: EXGAE . Proposamen berri honek atzetik babes sozial handia du, bai erakundeak eta baita pertsona pribatuak ere babesten baitute. Eskaintzen artean, ondorengo zalantzak argitu daitezke: egile eskubideak, lizentziak, kanona, kopia pribatuak, musikariek eta artistek dituzten zalantzak. Kontsulta horien prezioa 10 euro da. Horrez gain, autodefentsarako tresnak (kontratu ereduak, eta abar) eta errepertorio aldaketa egiteko tresnak eskaintzen dituzte. Azken hori SGAEri lotuta ez dagoen errepertorioa aurkitzeko zerbitzua da.  2008/05/14 - 13:50:05

Windows XP SP3 kalean

Atzerapen batzuk jasan ondoren, kalean da Windows XP sistema eragile ezagunaren Service Pack3 a. Berritasun handiegirik ez dakar adabaki berri honek, aurrez ateratarako segurtasun eguneratzeak eta egonkortasunari eta errendimenduari dagozkion beste eguneratze batzuk dakartza. Itxura denez, hauxe izango da Window XPren behin betiko bertsioa, jakina baita Microsoftek eguneratzea utzi egingo duela. Albiste hori dela eta, sistema eragile ezaguna eguneratzen jarraitzearen aldeko ekimen batzuk agertu dira. Ekimen hauek indar dexente hartu dute Interneten, baina ez dago batere garbi Microsoftek aintzat hartuko ote dituen.  2008/05/14 - 13:50:05

Zer gertatzen da ordenagailua piztean?

Ordenagailua pizteko botoia sakatzen denetik erabil daitekeen arte zer gertatzen da? Zer prozesu gertatzen dira? Nork ez dizkio bere buruari horrelako galderak egin. Batzuetan, botoia sakatu, piztu eta erabiltzen hasi arteko minutu horiek «alferrikakoak» direla iruditu arren, badute beren arrazoia. Eragiketa asko egin behar izaten dira. Gaur, eragiketa horiek zein diren azalduko dira. Botoia sakatzean Une horretan hasten da elektrizitatea ordenagailuaren barnean ibiltzen eta lehenengo prozesuak ere orduan hasten dira exekutatzen. Lehenengoa, memoria berezi batean gordeak dituen aginduak irakurri eta prozesadoreari ematea da. Memoria horrek BIOS ROM izena du, eta ordenagailua itzalita egon arren ere informazioa gordeta mantentzen da txip horretan. BIOS ROM txipa, ordenagailuaren fabrikatzaileak programatzen du, eta, bertan, ordenagailuaren hardware edo osagai nagusien informazioa egon ohi da. BIOS ROM txipeko informazioa PUZ (Prozesurako Unitate Zentrala) unitateak, alegia prozesadoreak hartzen du. Informazio exekutatu egiten du, eta ordenagailuaren memoria eta gainerako osagai guztien funtzionamendua zuzena dela ziurtatzen du. Hori da PUZak egiten duen lehen eragiketa, ondoren bera izango da eragiketa guztiak kudeatuko dituen osagaia. Periferikoen azterketa Behin osagai nagusien azterketa egin ondoren, bigarren mailakoen txanda da. Bertan, periferikoak edo fabrikatik ez dakartzan osagaiak aztertzen dira. Aurreko prozesuan bezala, hemen ere haien funtzionamendua zuzena dela ziurtatzen da. Beraz, ordenagailuan osagai berriren bat instalatzen denean, momentu honetan ezagutuko da eta ongi instalatua dagoela ziurtatuko da. Disko gogorretik irakurtzeko prestatzen Behin osagai guztiak aztertu eta zuzen dabiltzala ziurtatu ondoren, disko gogorretik informazioa irakurtzen hasteko garaia da. Disko gogorra, hainbat zatitan egon ohi da banatuta, horiei partizioak deitzen zaie. Partizio bakoitzak informazio desberdina edukitzen du, esate baterako, oso ohikoa da partizio batean sistema eragilea gordetzea eta beste batean datuak. Horrela, sistema eragilea berritu nahi bada, datuak mantentzeko ez dago inolako arazorik. Disko gogorreko informazioa formatu desberdinetan kodetua egon daiteke, kodeketa horri, fitxategi-sistema deitzen zaio eta sistema eragileen araberakoa izaten da. Sistema eragilea PUZak ordenagailuan instalatuta dagoen sistema eragilea martxan jarriko du. Horretarako, disko gogorrean dagoen informazioa irakurri eta RAM memorian kargatu eta exekutatu egingo du. Ordenagailu batean, sistema eragile bat baino gehiago ere instala daitezke. Kasu horretan, erabiltzaileari emango zaio aukeratzeko zein sistema eragile abiarazi nahi duen. Sistema eragilearen karga, desberdina izaten da instalatuta dagoen motaren arabera. Nagusia, esan beharrik ez dago, Microsoft-en Windows da, baina alternatibak ere existitzen dira. Horietako ezagunenak, Apple ordenagailuen MAC OSX eta Linux dira. Karga-prozesu horretan, lehenengo, azkeneko aldian ordenagailua behar bezala itzali zen ziurtatzen da. Behin hori egin ondoren, sistema eragilearen osagai guztiak kargatzen dira RAM memorian, lehenik oinarrizko osagaiak eta ondoren bigarren mailakoak. Erabiltzeko prest Behin sistema eragilea kargatu ondoren, ordenagailua prest dago erabiltzeko. Norbere erabiltzaile izena eta pasahitza sartu, eta mahaigaina kargatu arte itxoitea soilik falta da. Sistema eragile batzuek zuzenean erabiltzaile baten profila kargatzeko aukera ere ematen dute. Hau da, oso gainetik azalduta, ordenagailuaren pizteko botoia sakatu eta erabiltzen hasi arte gertatzen dena: oinarrizko osagaiak eta bigarren mailako osagaiak aztertu, disko gogorretik sistema eragilea irakurri, RAM memorian idatzi eta abian jarri. Hemendik aurrera hasi zukua ateratzen zure ordenagailuari!  2008/05/07 - 13:14:05

Sun Blackbox, datuen zentro mugikorra

Lehenengo begiradan, portuetan egon ohi diren ehunka kontainer horietako bat dirudi, beltzez pintatua eta izena berdez duelarik. Baina barrukoari begiratuz gero, nabari da desberdintasuna, datuak prozesatzeko zentro oso bat kontainer batean sartzea lortu baitu Sun -ek. Ezaugarri garrantzitsuenak bi dira: mugikortasuna eta kontsumo txikia. Blackbox bat abian jartzeko behar den bakarra elektrizitatea eta uraren hargune bat dira, eta ohiko instalazioekin konparatuta, enegia kontsumoaren %40 aurrezten da. Informazioaren gizarte honetan, eskaintzen diren web zerbitzu askok hazkunde ikaragarriak jasaten dituzte denbora gutxian, eta epe horretan datuak prozesatzeko ahalmen handia behar da. Orain arte, horri aurre egiteko, zerbitzari berriak jartzea zen soluzioa, baina horrek espazio eta denbora asko eskatzen du. Sun-ek merkaturatu duen Blackbox datuen zentro mugikorrak behar horiek horiek asetzeko balio du. Dagoeneko, unibertsitate eta ospitale batzuek ezarri dute, eta Japoniako Gobernuak ere badu bat hondamendiren bat gertatzen den kasuetarako.  2008/05/07 - 13:14:05

Wii, sasoian jartzeko kontsola

Ezaguna da Nintendoren Wii kontsola, nagusiki jokoekin jokatzeko era hankaz gora jarri zuelako. Baina kontua ez da hor amaitu, eta orain erabiltzaileak etxetik irten gabe sasoian jartzeko asmoa du. Duela gutxi kaleratu berri du Wii Fit izeneko jokoa, eta Wii Balance Board hankak gainean jarriz dabilen plataforma modukoa. Jokoak aukera anitz eskaintzen ditu, baina lehenengo pertsona bakoitzarentzako konfiguratzea komeni da. Horretarako, erabiltzailearen oinarrizko datuak (pisua eta adina esaterako) eman behar dira eta hasierako test batzuk egin. Hortik abiatuta, jokoak hainbat ariketa proposatzen ditu erabiltzaileak dituen helburuen arabera. Yoga eta oreka lantzeko ariketak eta baita korrika edo step modukoak ere eskaintzen ditu. Kiroldegira joan gabe ariketa batzuk egiteko aukera interesgarria da. Gainera, hau hasi besterik ez da egin; teknologia berriak eta kirola gero eta lotuago daude eta laster ikusiko dira honelako joko gehiago.  2008/05/07 - 13:14:05

AVG antibirusaren 8.0 bertsioa kalean da

Duela egun gutxi kaleratu dute Grisoft etxearen AVG antibirus ezagunaren 8.0 bertsioa . Horretarako, ohi den bezala, AVG-k hiru lizentzia desberdin erabili ditu. Lehenengoa, lizentzia doakoa; bertsio hau oso mugatua da, eta antibirusa eta spywareen aurkakoa da. Bigarrena, ordainpeko bertsioa; doakoa baino ezaugarri gehiago ditu, baina, hala ere, ekintza jakina ez bada egin behar ez du merezi. Eta, hirugarrena, Internet Security izenekoa; aplikazio sorta oso erabilgarria da, bertan ordenagailuaren segurtasuna bermatzeko behar den guztia dator. AVG ezaguna da duen kalitateagatik eta eraginkortasunagatik, gainera, jakina da doako bertsioa oso ongi dabilela eta etxeko oinarrizko segurtasuna bermatzeko inongo arazorik ez duela.  2008/04/30 - 12:36:04

Bubok, sareko argitaletxea

Internetek aurrez diskoetxeak astindu izan baditu, argitaletxeek ere kontuz ibili beharko dute. Izan ere, Bubok bezalako zerbitzuek idazlea eta merkatuaren artean dagoen bitartekaritza osoa jauzi batez pasatzen baitute. Duela gutxi aurkeztu den webgune honek bi zerbitzu nagusi ditu: argitaratzea eta salmenta. Argitaratzea bost pausotan egiten da: obra PDF dokumentu batean igo, liburuaren informazioa bete (izenburua, egilea, sinopsia, eta abar), azaleztatzea aukeratu, izenburu orrialdea aukeratu eta azkenik prezioa jarri (PDF formatuan salduko da e-bookari eta paperezkoari). Pausoak argiak eta sinpleak dira. Dendan , Bubok-en argitaratzen diren liburu guztiak daude salgai. Baina esan behar da, asko PDF moduan doan har daitezkeela. Liburuak argitaratzeko era berritzailea dudarik gabe.  2008/04/30 - 12:36:04

Jarri denda Interneten (II)

Aurreko asteko gaiarekin jarraituz, gaurko artikuluan ere Interneteko dendak izango dira ardatza. Baina aurkeztu diren zerbitzuak desberdinak dira. Joan den astean, web zerbitzarietan instalatu zitezkeen aplikazioak aurkeztu baziren, aste honetan, denda zerbitzu osoa eskaintzen duten webguneak aurkeztuko dira. Zerbitzu hau eskaintzen duten webguneak beste negozio batzuetatik datoz. Batzuek webguneen ostatatzea dute negozio nagusia, eta denda zerbitzua beraien eskaintza zabaltzeko jarri dute. Beste batzuk, aldiz, sareko denda ezagunak dira, eta hauek beren dendarako garatu duten azpiegituraz baliatuz, beste negozio bat ikusi dute. Webgune hauek Interneten denda bat martxan jartzeko behar den azpiegitura osoa eskaintzen dute. Guztia prestatua uzten diote erabiltzaileari, eta horrek egin beharreko gauza bakarra saldu nahi dituen produktuak jartzea da. Hori da erabiltzaileari eskatzen zaion bakarra: zer saldu nahi duen argi izatea. Arsys Webguneen ostatatzean Espainian nagusi den Errioxako enpresa honek duela gutxi aurkeztu du bere denda zerbitzua . Horretarako, orain arte ostatatze lanetan hartu duten esperientzian oinarritu dira, eta erabiltzaileari eskaintza interesgarria egiten diote. Denda sortzeko prozesua, hasierako konfigurazioarekin hasten da. Hemen, dendaren diseinua eta informazioa egituratzeko aukerak ematen dira, baita dendaren izena eta logotipoa sartzeko aukera ere. Behin hori eginda, produktu bakoitzaren informazioa (azalpena, prezioa, eta abar) sartu behar da. Aipatu diren pauso horiekin martxan jar daiteke denda. Gero, baditu beste aukera batzuk ere: txartel bidez ordaintzeko aukera, eskaerak mezulari bidez bidaltzeko aukera edota Ebay, Kelkoo eta Ciao bezalako webguneekin integratzeko aukera. Ohiko denda fisikoa duen batentzat aukera interesgarria izan daiteke, izan ere, ez baita informatika ezagutza handia behar. PixPlace Pixmania , Europako teknologia saltzaile handienetakoa da ekimen honen sortzailea. Aurrez aipatu bezala, bere dendaren azpiegieturaz baliatu da orain denda zerbitzua eskaintzeko. PixPlace zerbitzuak daukan abantaila zera da, plataforma berean sei milioi erabiltzaile dabiltzala beraien erosketak egiten, eta hori sekulako erakusleihoa da. Merkataritza gune erraldoi bat bezalako da; bertan denetik aurki daiteke, baina, hala ere, oraindik teknologia erosten duten erabiltzaileak dira nagusi. PixPlace zerbitzuaren negozioa salmenta bakoitzeko kobratzen duen komisioan dago. Hau da, dendak saltzen badu, dendariak irabazi egiten du eta PixPlace-ek ere bai; denei komeni zaie sartzea. Amazon Interneteko dendarik handienak ere eskaintzen du mota honetako zerbitzua, nola ez. WebStore izeneko zerbitzuak ere azpiegitura osoa prestatua eskaintzen du. Erabiltzaileak konfigurazio batzuk egin eta produktuak sartu ondoren, saltzen has daiteke. Baina badu Amazonek besteek eskaintzen ez duten ezaugarri bat: banaketa zerbitzua bere biltegietatik egiteko aukera ematen du. Web Services izeneko zerbitzuen barnean, dendariak Amazoneko biltegia erabil dezake Fulfillment zerbitzuaren bitartez. Horretarako eman beharreko pausoak hauek dira: produktuak Amazoneko biltegira bidali, biltegiak gorde egingo ditu, eta salmenta egiten denean, Amazonek paketea egin eta erosleari bidaliko dio. Espazio arazoak dituztenentzat aukera polita izan daiteke. Aurkeztu diren aukerez gain, kontuan hartu behar da eBay enkateak egiteko webguneak ere denda jartzeko aukera eskaintzen duela. Beraz, esan daiteke merkataritza elektronikoa sozializatzen ari dela, edonork izan dezake gaur egun denda bat sarean. Hemen aurkeztu diren aukerak interesgarriak izan daitezke ohiko denda fisiko bat dutenentzat, izan ere, ez baita informatika ezagutza handia behar. Interneten denda jartzeko, aski da produktua sarean saltzeko gogoa izatea.  2008/04/30 - 12:36:04

Kerobia taldeak, SGAE utzi eta diskoa atera

Azkenaldian, musikaren munduan aldaketa asko izaten ari dira. Salmentetan dagoen krisiak eraginda, diskoetxeak beste aukera batzuk probatzen ari dira etengabe. Eta musika taldeak ere hasiak dira bide berriak jorratzen. Orain arte Euskal Herritik kanpoko taldeek eman dituzte horrelako albisteak, baina duela egun batzuk Kerobia taldea izan da albiste iturri. Iruñeko taldeak entzuleengana hurbiltzeko estrategian aldaketa nabarmena egin du. Alde batetik, SGAE erakundea utzi egin dute, eta horrekin batera, beren aurreko diskoen etekinei uko egin diete. Bestalde, diskoa Internet bidez banatzeko konpromisoa hartu dute. Erabiltzaileak Kerobiaren webgunetik jaitsi ahal izango du disko berriko material guztia. Ondoren, entzuleak era-bakiko du proiektua laguntzeko diru ekarpen bat egiten duen edo ez. Oso proposamen interesagarria.  2008/04/23 - 11:57:04

Nabigatu euskaraz