GORTU

Umezurtz

Batzuetan albisteak muturrekoa ematen dizu eta mutu geratzen zara, hitzik gabe, zuri burua eta aurpegia. Ez duzu ulertu nahi, jan nahi, sinetsi nahi, baina gertatu da. " Joakin Zubeldia hil da goizean " . Berriz irakurri eta oroitzapenekin batera lehen malkoa begietara. Pixkanaka, irudi asko etorri zaizkit burura, baina batez ere tristura, neurri handi batean umezurtz geratu garelako asko eta asko Zumaian. Lehen uste genuen mendian ibiltzen eta eskalatzen erakutsi zigula, baina gerora konturatu gara hori baino askoz ere gehiago egin zuela. Umemokoak ginela, mendira eraman gintuen eta aita izan zen guretzat; baina bidea ez ezik, giza balio ugari ere erakutsi zizkigun praktikan, gerora betetzen ahalegindu garenak: elkartasuna, eskuzabaltasuna, kaskagogorkeria, abertzaletasuna, umorea, adiskidetasuna... Aizkorrira asteburu pasa, Irauleko monolitoa eskalatzera; Santa Barbarara, " Tres " beldurgarri hura egitera; Amezketara, Saltarrira; Biaizpera, Caballe egitera; Pirinoetara; Gredosa; Alpeetara... Guztietan ere, bera gidari, bizikletan ibiltzen ez zekien gizona, ezetz esaten ez zekiena, kaskagogorra bezain maitagarria, eskuzabala bezain ona. Zumaian mendizaletasunik bada, neurri handi batean Joakini esker da; eskalatzen ikasi bagenuen eta oraindik jarraitzen badugu, Dieciochori esker da. Atzotik, berria jakin nuenetik, oroitzapen eta irudi asko datozkit burura, baina ez bakarrik mendikoak: Joakin Itzurunen andariketan, Joakinekin Tirri-tarra ontzian, txibitan; Joakinekin perretxikotan... Joakin guri erakusten, gu Joakinekin ikasten. Eta konturatzen naiz bertute handiak bazeuzkala, horietako bat, nabarmena: bereari utzi gabe, norekin ari zen, moldatzen jakitea (umeekin ume, gazteekin gazte, helduekin heldu), guztiekin ondo moldatzen zen eta lagun asko zeuzkan, oso maitatua zen. Nolakoa zen, ba! Aparta zen adarra jotzen, bakoitzari adarra nondik jo edo ziria sartu asmatzen; adibidez, Pirinioetara joateko, lehen egun osoa behar genuen autobusez, eta eguerdian geldialdia egiten genuen Iruñean Jacarako autobusaren zain, eta Ciudadelan bazkaltzen genuen; han, beti bere fianbrera ateratzen zuen lehenengo, eskuzabal, baina gero aitortzen zigun motxila arintzeko egiten zuela; edo eskalatzen ari zinela, igual lur pixka bat eroriko zitzaizun buru gainera, eta gora begiratuta, han ikusiko zenuen Joakinen aurpegia, irribarrea ezin disimulaturik, haizea zebilela esanez... Guk Dieciocho deitzen genion, nahita eta nabarmen esajeratzen zuenean joera handia zeukalako zenbaki hori erabiltzeko, baina beste askok Sastre deitzen zioten, Sastre Desastre, Zumaiara etorri zenean lanbide hura zeukalako. Gaur asko eta asko umezurtz sentitzen gara, triste eta burumakur; baina Joakinek, besteak beste, erakutsi zigun maite dugun hori buruan iraunarazten, eta Joakin Dieciocho gogoan dugun bitartean (mendian oinez, hormetan eskalatzen, itsasoan arrantzan, amesten dugun beste Euskal Herri hori lortu nahian...) bizirik egongo da gurekin. Maite zaitugu, Joakin.  2008/04/03 - 08:48:09

Saltaka gortu nahian

Urriaren 6a, larunbata. Zakila Bira Zumaian. 20 km: Zumaia-Narrondo-Arroa-Iraeta-Aizarnazabal-Oikia-Zumaia. Aspalditik neukan irteteko asmoa, eta nahi baino gutxiago entrenatu badut ere, egun honetara begira nengoen, aspalditik, batez ere ziklo baten amaiera dakarrelako. Neure buruari agindu nion hau korrituta berriz ere panelean gortzen hasiko nintzela. Egia izango ahal da!. Eguna nahikoa lasai pasatu dut, baina bostak gerturatu ahala urduritzen hasi naiz. Ez daukat estutzeko arrazoi berezirik, bukatzeko asmoa besterik ez daukat-eta karreran, 1h 50' inguru eginda, 5' 30'' kilometroko, baina nahi gabe ere kalean hainbeste lagun korrika berotzen ikusita, neu ere larritzen hasi naiz, urduri. Kafea hartu dut Inpernupen, eta ura edan, badaezpada ere. Txiza egin eta berotze­-ariketak egitera joan naiz Gernika parkera, ohiko zuhaitzaren azpira. Halako batean, kolpetik akordatu naiz ez dudala eman baselinarik titiburuetan. Ez da broma! Saltaka hasi eta kamisetaren mugimenduarekin urratu egiten dira, eta odoletan jarri ibilian­-ibilian. Azkar­-azkar joan naiz etxera. Eman dut baselina, eta atzera Inpernupe parera bueltatu naizenean... Ai la ostia, Patxu ! -Baña ze iten dek hemen? Ez al hitzan kanpuan? Nekazalturismo batera joana da familiarekin, Lekunberrira, baina karrerak ere tira egiten, nonbait. Argazkia ateratzeko eskatu diogu Kattan -i, Zumaiako krosean bezala. Begira ordukoa: Orain, ordea, bada diferentzia nabarmen bat: biok daukagu kenduta " Periodikoa " -ren propaganda dortsaletik. Gure ustez adarra jo diogu kattani: -Hi, " Periodikuan " publizidadea eramatia nahi badek, patzea! Hurrengo egunean, argazkia ikusitakoan, ordea, konturatu naiz berak jo digula guri adarra; ikusi, bestela, argazkiko goialdean zer jartzen duen! Halako batean, jarri gara irteteko prest, eta irteeratik pasatzean martxan jarri dut erlojua. Lehen kilometroak Zumaian bertan egiten dira, jende artean bero, eta 3. kilometroan begiratu diot erlojuari: 14' 15''. " Azkarregi gauza onerako! " , pentsatu dut, baina ondo noa, Patxu -ren atzetik. Minutua 4' 45''-ean. Patxu tira eta tira ari da. 1h 35''-ean bukatu nahi omen du, hankako tirazoak uzten badio, behintzat. Narrondo parean, esan diot: -Segi, segi hik! Ni nere erritmora jungo nauk! -Ikustek hori? -esan dit, korrikalari bat seinalatuta-. Beti lepoa tente. Bihar aitu beharko dizkik, ni lenuo sartu naizela ta! Barre egin eta aurrera egin du. Lepotentea ere aurreratu du. Badoa Patxu Bikila . Agote parean ura daukagu,, freskatzeko, baina kaka, txiza baino beroagoa. Ezin edan. Aldapan behera pausoa luzatzen ahalegindu naiz, eta eskertzen da autopistapeko zubiaren itzala, aldapa hasi aurretik. Bozinak autopistan. Kolapsoa, nonbait, ordainlekuan. Hasi aldapa igotzen eta... Buf!!! A zer itolarria!! Arnasari ezin buelta eman!!! Pausoa mantsotu dut, ezinean. Jendeak aurreratu egiten nau, " Jende guztiak aurreratuko nau! " . Aldapan gora egin ahala, morala behera doa. Halako batean, hasi gara jaisten Iraetara, eta eskertzen da. Han, ordea, arnasa bere onera datorrenean, beste aldapa bat, autoz zoazenean askoz-askoz-askoz ere txikiagoa ematen duena, eta halako batean gora ailegatutakoan, aldapan behera berriz ere, Aizarnazabal aldera. Atzetik jendea indarrean dator eta aurreratu egiten naute. Esaldi batekin akordatu naiz: " Salida de caballo andaluz, llegada de burro manchego " ; Ardantzako astoaren arrantza. Aizarnazabalen ura hotza eta ederra zegoen, eta animatu ere egin naiz. Burutik behera bota, freskatu eta neure buruari esan diot gero eta gutxiago falta dela. Saiatu naiz pausoa arinago ematen eta luzatzen, eta uste dut lortu ere egin dudala. Neure buruari esan diot ez naizela makala, 20 km-ko karrera egiteagatik. Munisorora iristeko, aldapatxoa, eta hor hasi naiz dudan, iritsiko naizen, 15. kilometroaren parean, nekeak jota. -Buuuuuuuuuuuuuuuufffffffffffffff!!!! Karkaxa botatzeak ez du askorik laguntzen. Hankak gero eta astunago sumatzen ditut. Arnasa ondo, baina nekea... Baina kaskagorrak bagara, onerako eta txarrerako, eta jendearen animoek asko laguntzen dute. Oikiako abituallamientoan piraguistak ura ematen, eta Xabi Sakonetak animatu nau. -Aupa, Larre ! " Larre etzeok onenean, ba! " , baina animoak balio izan dit metro batzuk egiteko. Aurrerago, hara non ikusten dudan Patxu . -Zer? Zer dek? -Tirazoa. Ezin diat. Hi bukatzeko moduan? -Nahi! Saiatu da nirekin martxan jartzen, baina ezin du. Herrenka sumatu dut. Atzean geratu da. Saltaka jarraitu dut, baina azkenean gelditu eta oinez hasi naiz. 20 metroan ura edan dut lasai, trago ona eta lasaia ur hotzari, behar dut eta, azken kilometroei fundamentuz ekiteko. Berriz ere saltaka hasi naiz. Poliki-poliki eta gelditu gabe. Mendiko lema hartaz akordatu naiz, neure burua animatu nahian: " Poliki joanda urrutira iristen da " . Amino! Oikia eta Bedua arteko errepidea luuuuuuuuuzeeeeeeeaaaaaa da. Autopistaren gaineko zubian, furgoneta bat geratu zait parean. -Nahi al dek eramatea? " Abito kabroia! " , irten zait barren-barrenetik. Esan diot iritsiko naizela honetaz gero. Bedua parean, ederki ikusten da noraino igo behar den, han eskuinaldean, goian. " Hau igoz gero, bale nauk " , pentsatu dut, eta mantso-mantso joan naiz. Berriz ere erlojuari begiratu diot. Ez noa hain gaizki. Amino! Kanterako errebueltan, jendea, eta animatzen gainera: -¡Benga, chaval, que ya estás en casa! Eskertzen dira animoak horrelakoetan. Eta egia da, ber-bertan nago. Azken bi kilometroak erraz egiten dira, eta Zumaian sartzea gozatu ederra da. Adio nekea! Hanketako ileak ere tente jartzen dira, oilo-ipurdia, jendearen animoekin, Erribera kalean. Meta inguruan, familia eta lagunak. Erlojuari begiratu diot: 1h 47. Ez dago gaizki! Orain dena satisfakzioa eta poza da. Metara sartuta, txipa kentzera joan naiz eta hartu dut kamiseta, edaria eta poltsa. Luzaketa batzuk eginda, metara bueltatu naiz. Orduantxe, bi lagun sartu dira " Orain Batasuna! " zioen kartel bat hartuta bien artean. Ezin izan dut isildu eta " Aupa, motellak!!! " , irten zait barren-barrenetik. Hori bai lasterketa luzea eta gogorra, geratzen zaiguna. Gorde indarra. Poliki-poliki baina gelditu gabe, iritsiko gara urruti eta nahi dugun lekura.  2007/10/11 - 04:14:21

Gehiegi bigundu gabe

Aspaldian hemen ezer ere jarri ez eta ahaztu ere egingo zaizkit pasahitza, nola idatzi behar den... Hona hemen lerro batzuk, bizi garela esateko. Attitta (A)Pollo Biaizpeko argazkiei begira jardun dut, eta irribarrea ere irten zait, Apolo makilarekin ikusita. Bi hilabete geroago horrela egongo ginenik! Noaindik hanka lurrean jarri gabe jarraitzen du. Bi hezur puskatuta (astragaloa eta kankaneoa) eta, okerragoa dena, minez! Etxean egonean aspertu egiten eta lana etxera eraman du, apaizaren pozerako. Behin baino gehiagotan esaten diot kontatzeko blok honetan Osakidetzako historiala eta gorabeherak, nola ibili den batetik bestera: hasieran esgintzea, gero ligamentuen haustura, gero astragaloa... Txiten sexu-bereizlearena... Oyes! Patxi Berrion behin bakarrik eroriko hax, e? Lehengoan Mutuarekin ere egon nintzen. Marinan zegoen, noski, kafesnea eta kroasana aurrealdean, periodikoa letzen. Hasi omen da pixkanaka, panelean, baina oraindik tira egiten omen dio saihets parean, mugitzen denean. Aspaldi esan nion: " Hik falta dek guk sobran dakauna: koipe-flotadore ederra gerrian bueltan!! " Zakila Bira Bitartean, korrika jarraitzen dut, batez ere 85 kg hauetatik gora ez igotzeko. Urriaren 6an Zakila Bira dago Zumaian: Zumaia-Narrondo-Arroa Behea-Iraeta-Aizarnazabal-Oikia-Zumaia, eta hara begira jarri naiz. Aurtengoan zaila izango da iazkoa hobetzea (1 h 40'-ean bukatzea). Bukatzearekin konforme! Pare bat hilabetetan paretarik edo panelik ez ukitu eta azaroan edo abenduan berriz ere hasi, gogo gehiagorekin eta ilusioarekin. Horixe asmoa. Gomendio bat Gustura jasotzen dira erregaloak, batez ere espero ez direnean. Anaiak lehengoan Mendi minez oparitu zidan, Ramon Olasagastirena. Egia esan, ezagutzen nuen liburua, baina halako zerbait ematen zidan, yuyua edo, hildako mendizaleen omenezko liburu horrek... Larunbat gaueko bozketan hiru eta bat galdu nuen etxean, telebistan zer programa ikusi, eta ETBko " Ordu txikitan " ikusi baino nahiago, nahiago... Txakurrak txokora bezala, jarri naiz egongelako silloi gorrian, eta hartu dut anaiak opari egindako liburua. Lehen lerroetatik hasita, gozatu ederra, kontatzen duenagatik ez ezik, idazkeragatik ere bai. Aspaldian ez nuen horrelako mendiko libururik irakurri, hain euskara txukunean. Ederra, benetan!  2007/09/26 - 03:54:15

Biaizpen, Patxi Berrion

Lehendik bi aldiz daukat eginda bia hau, biak ere orain dela 20 urte baino gehiago, eta bi igoera haietan izan zen zer kontaturik, gauza berezirik. Lehenengoan, Jon Lazkano Albardao bergararrarekin, gauak harrapatu gintuen gora iristen ari ginela, eta behera ailegatzerako gau beltz-beltza zen; ez geneukan linternarik, noski; Irurtzunen festak ziren eta gogoan dut nola edan genituen zerbeza-kañak, bata bestearen atzetik, egarria ezin aserik. Bestean, Apolorekin, udako ekaitz batek harrapatu gintuen goialdean, tetxoetan, eta eskerrak zaparrada berehala pasatu zen eta beroarekin haitza segituan lehortu zen; gero kristoren parranda bota genuen Donostian. Aspaldian neukan gogoa bia honetara bueltatzeko, eta gaurkoan etorri gara, egun osorako permisoa badaukagu eta. Zumaiatik irten garenean, ordea, ez genuen imajinatu ere egiten eguerdirako etxean izango ginela, bueltan. Orduan ez genekien hirugarren aldi honetan ere izango zela zer kontaturik, gauza berezirik. Zumaiatik irten eta 3 gazte ondarrutar hartu ditugu dedo egiten, autobus geltokian. Azpeititik datoz (saninazioak) eta Zarautzen daude kanpinean. Batek lo hartu ere egin du, Getaria pasa orduko. - Utzizazue hau hemen, gurekin eramango deu Irurtzuna, kotxia zaitzera. Esnatu da eta han joan dira hirurak, gasolinera parean. Aspaldiko partez, parada Pagozelain. Kafeak eta bolleria. Eta Apolo komunera, noski! -Honek Pagozelai baino geyo emateik Kakazelai! Zeinek eta Apolok berak esan behar! Orain arte lainotuta zegoen eguraldia, baina argitzen ari da Lekunberritik aurrera. Autobidea utzi eta beste errepidea hartu dugu. Biaizpera iritsita, tunelaren parean, bide bazterrean geratu eta pareta bere handitasunean ikusi dugu. Ez dago inor. -Earra paeta ta earra bia! mayoreste.doc Autoa betiko lekuan utzi eta erreka pasatzeko leku aproposaren bila hasi gara, kablea dagoen lekuan. Nik ustez bilatu dut. Salto egin dut konfiantza osoz eta arin, baina irrist egin dut, eta plast. Berehala atera ditut ondorioak: - Haitza, lehorra dagoenean ere, labaina egon daiteke. Hona hemen adibidea! - Larraungo ura ez dago uste bezain hotza; bainurako moduan dago. - Begiratu bat emanda: koskobiloak lehorrik dauzkat, baina zapatilak, galtzerdiak eta galtzak blai. Kamera eta motxila lehor daude, eta gaitzerdi! - Hurrengorako, komeni da aldagarriak ekartzea. Sustoaren ondoren, Apolo barrez lehertu da, eta nik galtzak kenduta galtzontzilotan aproximazioan, eguzkitan jarrita azkarrago lehortuko diren esperantzan. -Hau gertau zaidak pisu guztiak nik dakatelako motxilan! -Baldarra ze hax, ba! -Earki hasi gattuk! Apolo behin ea berriz esaten ari da bizkarreko mina daukala. Beldurtu ere egin naiz... -Hainbeste denboa permisoa lortzeko ta noain eyak esango bueltatu in bihar deula, e? -Ez, motel, baña miña zikat. Haizen bat eo... -Hi biuna hax, horixe gertatzen zak! Harri artetik, aldapan gora, paretaren behealdera iritsi gara. Pareta ikusgarri dago hemendik, eta eguzkiak ederki berotzen du. Eskerrak ipar­-haizea dabilen. Gaurkoan, eguzkitarako krema ekartzeaz ez ezik, emateaz ere akordatu gara! Trasteak atera ditugu motxilatik. Bada materiala gaurkoan! Ez dakigu zer beharko dugun eta zer ez, baina badaezpada ere prestatuta etorri gara: estriboak, friendak, fisureroak... Guztiak hartu eta budrierretik zintzilikatu ditudanean, a zer karga! Motxilan, berriz, txokolatea (jatekoa!) eta ura. Zapatilak eta beste motxila bertan utzi ditugu, goitik behera rapelatzen jaisteko asmoa daukagu eta. Hasi naiz igotzen, plaka etzan batetik, baina ez noa lasai. Lehenengo segurua han goian ikusten dut, oso urruti, eta ez dakit hara iristeko bidea hemendik den, edo eskuinalderagotik, edo ezkerraldetik... Friend bat sartu dut, eta gorago beste bat, eta iritsi naiz paraboltera. Orduan lasaitu naiz. -Ze graduazio zikak honek? -V+. Apenas entzuten diodan Apolori, autobideko zaratarekin. Hortik gora, oso eskalada berezia: erdi librean, erdi zintzilikatuta, tartean estriboa sartuta. Bia hau hitz batez definitu beharko banu, ez nuke askorik dudatuko: bia serioa da. Lehen sokaldi guztian 2 parabolt daude, eta klabijak zahar samarrak, batzuk behetik gora sartuta... Nahi baino beranduago, baina iritsi naiz lehen bilgunera. Bi parabolt, rapelatzeko uztai eta guzti, tetxo gorrixka baten azpian. Ikusi dut zerbait dagoela buruaren parean. Ondo fijatu naiz. Habia bat da, eta laster jakingo dut norena den, gainera. Enara bat etorri da eta barrura sartu da. Handik pixka batera, bi hasi zaizkit buru ondotik pasa eta pasa, beldurtu nahian. -Lasai, segituan goaz eta! Apolori esan diot etortzeko eta tirriki-tarraka ondo etorri da, ni baino azkarrago. -Ta? Bizkarra? -Mobimientuan ondo; geldikan dek problema. -Ba, nahekenian! Klabijek argi erakusten dute bidea, eta erraz irten du bilgunetik ezkerraldera. Friend bat sartzen sumatu dut. -Ta? -Hemen librian irten biharra ziok... Konturatzerako gertatu da dena. Bat­-batean, han non ikusten dudan Apolo goitik behera doala. Sokei gogor heldu diet, ondo eusteko. Nire parean geratu da. -Ostia! -Zer? -Friend puta! Jatxiyak! -Eonai lasai! Miñik ba al dakak? Belauna urratuta eta txorkatilean miña, baina ez dirudi larria. Bilgunera ekarri dut. -Hoi gertatzen zak librian ez iteagatik eta friendetik txintxilikatzeagatik! Keres un fri! -Kauendio! Ta itxura txarra zekan klabijak aguantau ziak! Bilgunean aseguratu eta berehala erabaki dugu gaurkoa ez dela Patxi Berrio egiteko eguna. -Una retirada a tiempo es una victoria! -Hori, hori! Alderdi ona ikusi biharkoyeu, ba! Metro gutxi egin ditugu bigarren sokaldian aurrera, baina materiala jaso beharra dago. Apolo iritsi den lekura igo naiz. Librean irtetea badagoela ematen du, baina... " Burua eskasa degu/gorputzaren faltan " , aspaldiko bertsoek! Beheraka jaitsi naiz bilgunera eta materiala jaso dut. -Zemuz hao? -Ondo, baña txorkatilla izorrauta zikat. -Baña hanka moitzia ba al dakak? -Bai. Puskauta etzeukat, behintzat. Akordatu naiz Santabarbarako Joxemari -n erori nintzenean berehala jarri zitzaidala txorkatila handi-handi eginda eta kristoren mina hartzen nuela. Orduan bihurritua, esgintzea, izan nuen. Ez dirudi Apolorena larriagoa denik, eta animatzen saiatu naiz. Rapel batean behean naiz segituan, eta Apolo ere bai. 12:30ak dira. Eguerdirako etxera bazkaltzera iristeko moduan gara. -Ta? Zemuz hanka? -Miña ematen ziak. -Guartzibillai abixau gabe pasatzeko moduan? -Ostia, hi! Pasau gabe, e? Paretaren azpialdeko aldapan harri txikiak dira nagusi, eta ez dira egokienak hanka sendo jarri ezinean dabilenarentzat. Orduan hasi naiz jabetzen zerbait baduela Apolok, ez dela kolpe soila, kexaka eta kexaka dator eta. -Nahi al dek nei bizkarrian eustia? -Ez, baña makil bat inguratzen bayak... Makila eman eta lasaiago jaitsi da, baina puskatu egin zaio halako batean. -Kauendio! Makil puta! -Nointxe ematek attitta Pollo!! Jaitsi gara ibaiaren parera. Orain beste aldera pasa beharra dago. Bidea hobea da, eta ordekan dago, gainera. Pasagunerik erosoenaren bila ibili naiz aurretik, baina azkenean pentsatu dugu kablearen paretik pasatzea, goizeko leku beretik. Salto batekin berehala naiz beste aldean, oraingoan busti gabe, gainera. Apolo ez dago konbentzituta, eta prest dago behealderago joan eta handik pasatzeko, eta ni hara joan bila autoan. Baina ez, azkenean kablearen paretik pasa da eta autora iritsi gara. -Jendia ziok Caballen. -Noindik ibiltzen dek jendia hor? Eztiat entenitzen! Hainbeste bia ear dabe onduan ta jendia beti horrea... Bi lagun ari dira paretaren erdialdean, sokaldirik zatirik eta zailena egiten. Autoan sartu eta abiatu gara Zumaiara. Pagozelain geldialdia, zerbeza hotz-hotza edateko. Apolo herrenka dator. -Ta? -Miña ematen ziak. Zumaiara iritsi eta etxe parean utzi dut eria. Bidean hoztu egin zaio eta orain bai egiten duela herrena. -Hor izotza lepo, bildurrik gabe, Xabier! -Bamotel! Gerokoak Astelehena, uztailak 30 Atzo Apolok gauean esan zidan hankak ez zeukala itxura onik, eta zain nago gaur nola dagoen jakiteko. Bilbora etorri naiz egun pasa eta Apoloren esamesa jaso dut. " Eskaiolatuta ta 2 aste geldirik " . Berehala deitu diot telefonoz. Nik ezer esaterako, aurrea hartu dit berak: -Biuna! -Ateki? Ze esan die? - " Esguince de segundo grado " . Bi aste eskayolatuta. Noaintxe natorrek Masokin Donostitik. " Masokin? " , pentsatu dut. Lehendik ere aukera duen bakoitzean esaten digu eskaladarako zaharregi gaudela, trekinggera eta oinez ibiltzera dedikatzeko... Ederki aprobetxatuko zuen aukera, adarra jotzeko! Telefonoa itxi eta gero, konturatu naiz akabo direla gure oporrak, gure irteera Ordesara, datorren astekoa. Ez daukagu B planik, gainera. Beste lan batzuk ere badauzkat, noiz egingo zain oporretan: ganbara txukundu, garajea ordenatu, kontakizunen bat idatzi, toponimiako liburuaren zirriborroa egin... Horiek guztiek eskertuko didate eskalada-kontuetan denboraldi batean lasaiago ibiltzea. Baina ez dut galdu esperantza, Apolo osatu bitartean, beste norbaitekin irteeraren bat egitekoa, zergatik ez Patxi Berrio bera egitera.  2007/08/01 - 22:20:18

Arratsalde pasa Atxarten

Atzo arratsaldekoa kontatzeko asmotan sartu naiz blogean, eta aspaldian ikusi ez nituen zenbaki batzuk irakurri ditut: Gortu martxan jarri genuenetik, 51 artikulu idatzi ditut; 77 erantzun izan dira; irakurketak 931. Ez dira kopuru txarrak, ezta? Orduan, hasi ginenean, asmoa neukan Apolorekin erdi bana idazteko, txandaka. Akuilu-lanak egin bai, lanak agindu bai, ideiak eman bai, baina idatzi gutxi Apolok, erantzunetan eta adarra jotzeko ez bada! Gaurkoan Apoloren txanda da. Bertsolariei egiten zaien moduan: nahi duan doinu eta errimarekin, gaia atzoko eskalada emanda, argazkiak hemen jarrita, nahi baduk bertsotan ere bai. Kontatu zak atzokoa, Rufino!  2007/07/27 - 22:15:15

Aizkorak zorrozten

Badator uda eta opor-garaia. Lau-bost egunetan kanpora irteteko moduan izango gara eta ari gara aizkorak zorrozten, nora joan eta zer eskalatuko dugun amets egiten. Horrelakoetan, beste askotan bezala, gehiago gozatzen dugu prestatze-lanetan. Urriellu aldera joateko asmoa geneukan, lehendik zorretan dauzkagun kontu batzuk kitatzera, baina badirudi abuztuan han mundua elkartuko dela, eta gauza ederra da joaten zaren lekuan lasai ibiltzea, gero! Horregatik, nahiago izan dugu Naranjokoa atzeratu eta irailerako utzi, edo urrirako, edo datorren urteko ekainerako... Han zegoen duela 20 urte eta han jarraituko du gero ere. Bitartean, gortu! Nora joan, orduan? Zerbait luzea nahi dugu, eta segituan akordatu gara Ordesarekin. Iaz ere asmoa bageneukan, baina azkenean Cavallersera joan ginen. Bia asko daude Tozalen, Cotatueron, Fraucatan, eta zailtasun guztietakoak. Egunotan Interneten krokisen bila ibili naiz, eta gauza interesgarriak aurkitu ditut (adibidez, begiratu hemen ) Lo egiteko, berriz, inguruan (Torlan, Bujaruelon...) kanpin eta aterpetxe asko daude, eta nahikoa erraza da. Oraingoz, horra joateko asmotan gara abuztuko bigarren astean. Ordesara joateko ondo entrenatuta egon behar, batez ere bia luzeak direlako, eta hor gabiltza lokal aldean, ahal dugunean, eta tarteka eskalatzen ere bai. Nahi baino gutxiago, egia da, baina ezer ere ez egitea askoz ere okerragoa da, ezta? Atzo arratsaldean ere eskalatzera joateko asmoa geneukan. Goiza ikusita, ez geneukan esperantza handirik, baina hirurak aldera eguzkiak irten eta hor joan ginen Azpeitiko Kanterara, atxintxikan. Hiru bia egin eta gustura, eta bueltan Zumaia aldera! Biharko eguraldi ona dago emanda. Atxarte aldean ederki gortuko da arratsaldean.  2007/07/25 - 22:12:20

Hiru eskola, hiru egunetan

Asteburuan ez dugu aspertzeko denborarik izan. Eskalatu, nahi baino gutxiago eskalatu dugu, baina bazterrak ikusi eta gozatu ederra hartu bai, hori egin dugu. Uztaila 13, ostirala Goiz guztia elkarri mezuak bidaltzen ibili gara, nora joan ezin erabakirik. 15:30ean elkartu gara Marinan eta... -Ta? Noa? Duda. Bero egiten du, eta garbi dago itzala behar dugula. Azkenean, Araotza erabaki dugu. Ni ez nago oso konbentzituta, ordea. -Itzala earra Jentilbaratzan eongo dek. -Ta gradua're bai. Gradua beroarena etzekiat, baña gorrarenak bai! Bidean, Arantzazura igotzen, tenperatura 37,5º C-ra ere iritsi da. -Noa giaztik? Urtu ingo gattuk. Pareten azpialdetik pasa eta berriz ere parkinera itzuli gara. Autoa utzi, trasteak hartu eta " Gailur " sektorera joango gara, han lasai ibiliko garelakoan. Goialdean geratzen da eta 5 bia dauzka, horietatik 2, behintzat, guretzako modukoak. Sandailiko ermitaren azpialdetik pasa eta eskuinaldera hartu dugu. Goraka egin dugu eta halako batean iritsi gara. -Joño! Txikia ematen dik! -Hemendik ez dek jendea ibili aspaldian! Dana sasia ta belarra ziok! Izerditan etorri gara eta bero egiten du. Gogoa, eskalatzekoa baino gehiago, bainu bat hartzekoa edo zerbeza fresko-freskoa hartzeko... Baina eskalatzera etorri gara, ze ostia! Lotu eta elkarren segidan bi bia egin ditugu: El profesor chiflado (5c) eta Y su alumno aventajado (6a+). Trasteak hartu eta behera goaz. Bidean, " fierak " ikusi ditugu, jo eta fuego eskalatzen. -Oyes! Ze iten dek hor goian? Hortik behin bakarrik eroriko hax, e? Zoritxarrez edo zorionez, ez digute entzun. Uztaila 14, larunbata Zumaiatik Soto del Realeko kartzelara 410 km daude. Goizeko 05:26an irtenda 09:33an iritsi gara. 4 ordu, parada barne, eta sanferminetako entzierroaren errepikapena ere ikusi dugu. Bidean " La Cabrera " , eta el Pico de la Miel, N1aren ondoan. Arantza bisitan utzi eta Manzanares el Realera noa, gaurkoan bidea ondo ikasita eta Desnivel aldizkaria ekarrita, Pedrizaren berri izateko. Horrela, ondo asmatu dut Canto Cochinora iristen. Bidean, barrera bat, eta zabor-poltsa bat eman didate, eta paper bat ere bai, parkeko arauekin. Itxura batera, paperean jartzen duenez, ni 336.a naiz. Canto Cochinora iritsi eta auto pila bat. Bidexka bat hartu eta banoa gora, baina segituan konturatu naiz ez didala ezertarako astirik emango. Bisita laburra da, bai kartzelakoa, bai Pedrizarakoa. Argazki batzuk atera eta buelta hartu dut. Domingero asko dabil, eta tarteka mendizaleren bat ere bai. Segituan nabaritzen da zein den mendizalea, albotik pasatzean agurtu egiten dute eta. Besteek, berriz, nahikoa lan badaukate inguruko bitxo eta landare guztiei begiratzen. -¡Mira! ¡Un colibrí! ¡No! ¡Una abeja! ¡No! ¡Una avispa! Asmatu du azkenean! Niregatik ere seguru esango dute zerbait, sandaliak jantzita, galtza motzekin eta kamiseta kenduta. Autoa hartu eta berriz ere Arantzaren bila noa. Bidean, parkera sartzeko barreran, jesukristoren auto-ilara dago. Ordu erdian nola aldatzen diren gauzak. Orain zain egon beharko dute, goiko aparkalekua noiz hustuko, sartzeko. Arantza jaso eta 15:30ean Zumaian gaude, bueltan. Uztailak 15, igandea Atxartera joatekoak ginen, baina egiten duen hego-haizearekin eta beroarekin erabakia aldatu dugu elkartu eta segituan: Otoiora goaz. Lekeitio eder dago, eta aldapa gora beti bezain pikea. Iritsi gara eta lehenengo gauza ur-tragoa. Segituan erabaki dugu zer egin: hasteko, 5a-ko bia bat, Ultza 1 , eta deskuelgea aprobetxatuz 6b-ko bat probatuko dugu, Hartzito izenekoa. Gustura ibili gara, eta ikusi dugu 6b hori egingarria dela. -Ta noain? -Hor baziok bat, 6a+-koa, Ibon askatu . Hoixe probauko diu. Eta bia ederra iruditu zaigu. Biok egin dugu, elkarren segidan. -Ta noain? -Hor beheraldera baziok bat lehenguan in ez genuna... 6a+-koa da, Ez fish . Lehengoan ahalegindu ginen, baina ez genuen asmatu (edo beldurtu egin ginen eta jaitsi egin ginen). Gaurkoan, berriz, egin dugu, eta gustura biok! Bi pertsona etorri dira, gasteiztarrak, eta nahikoa komeria izan dituzte bia baten hasierarekin, alu samarra da eta. Alde egin behar dugunean, hara non azaltzen diren Nahia eta konpainia. Atzo Atxarten izan omen ziren, labean, eta Lekeitio aldera etorri omen ziren, ihesi. Hondartzan bainatu eta igo dira. Krokisik gabe etorri dira eta gurea eman ondoren, martxa egin dugu. Ederra ikusten da kostaldea! Gaur Apoloren urteak dira eta pintxoa txakolinarekin ordaindu beharko dit bidean, tabernaren batean. Orain bi balorazio geratzen dira: Apolorena eta Nahiarena!  2007/07/17 - 04:47:27

Ongi etorri udari Mariantonaitzen

Eguna luzatuta dago eta arratsaldea ederki aprobetxatzea dago eskalatzeko. Lana utzitakoan zenbat denbora eta zer aukera daukagun kalkulatu dugu, posta elektroniko bidezko mezuez, goizean. Ni pozik nago; Apolo ez hainbeste: hiru ordu dauzkagu eta aukera bakarra Mariantonaitz da! -Gustoa eongo hax. Azkenian lortu dek. -Hi, beste aukera dek lokalea jutia -Ez, aber behinguagatik ixiltzen haizen “Yosemitea, Yosemitea ” Asmoa ere garbi geneukan aurretik, zer igo: Injurias al rey , Kantauri eta Apologia terrorista , segida horretan, errazenetik zailenera. Eskalatzen hasi aurretik, nabari diot Apolori gaur marmarroso dagoela, eta arratsaldea aurrera joan ahala gero eta gehiago egingo du: ekipamendua dela, deskuelgea dela, belarra dela, soka dela Horietako batzuetan, ordea, arrazoia ere badauka, batez ere ekipamenduan, baina eskatu diot berak kontatzeko eta espero halaxe egitea erantzunetan. Hona etortzen garen guztietan bezala, gaurkoa izan da 20 urte atzera egitea. Hiru bia eskalatu ditugu, eta gustura, arratsalde pasa ederra eginda. Hona hemen argazki batzuk. Injurias al rey Kantauri Apologia terrorista Gaurkoan detaile askoren bidez konturatu gara zenbat mugitzen diren hemen haitzak. Adibidez, bidean ikusi ditugu brankadak erorita. Ikusi: Lehen desplomea zen eta hor bulder egiten genuen. Edo ikusi besterik ez dago Mariantonaitzen behealdeko lurrean: Apologia terrorista zabaldu genuenean pintada egin genuen, lurretik metro eta erdira; gaur egun goian geratzen da, ezin gara iritsi besoa luzatuta ere, lur asko falta delako. Beno! Eta orain Apoloren balorazioa eta komentarioak!  2007/06/22 - 23:37:21

Etzionk patzeik!

" Etziok patzeik " izena du, ustez, Mariantonaitzeko bia batek, gehien errepikatzen denak, errazenak. Rosalesek eta McMurtryk ireki zuten, sokaldi batekoa da, eta gorago jarraitu ez zutenez, ez zioten izenik jarri ere egin. Gero, norbaitek (zein eskubiderekin?) horrela bataiatu zuen, eta halaxe ageri da Gipuzkoako eskaladen liburuan. Guk, gaurkoan, hitzetik hortzera erabili dugu esaldi hori, Labarganetako haitzetan hartu dugun gozatua ez dagoelako pagatzerik. -Ikusi al dek ze motxila flamantia? -Noain ere ez dek izango erosiya! -Anaiak eman zitxian, erregalo. Hik enbidiya, budrier berriya erostera jun ta neurrikoik ez zeolako! Irten orduko, geldialdia dirua ateratzeko, geldialdia gasolioa botatzeko, geldialdia kafea hartzeko. -Hi, hola ez gattuk sekula alleauko! Gaur ere Urkiola aldera etorri gara. Gaurkoan badaukagu eguna normal joango den esperantza. Lehenengo aldian, orain dela bi aste, Koberretapera joan eta pareta bustita zegoenez, Elosuko harrobian bukatu genuen; bigarrenean, joan den larunbat arratsaldean, paretara iritsi aurretik kristoren zaparradak harrapatu gintuen; gaur goizean giro ona dago eta pareta lehorra. " Bien! " . " Labarganeta " sektorera etorri gara. Gure paperetan hauxe jartzen du: " Es ideal para comenzar con vías con pasos de 6º sueltos sin mucha continuidad, para la gente que quiera dar el salto del 5+ " . -Hoyek gu gattuk! Autoa parkinean utzi eta betiko bidea hartu dugu. Bidean goazela, telefonoa. Gaurkoan makina bat aldiz joko du. Egun berezia da, gero! -Ofizina ekarri al dek mendira, o? Basoa zeharkatu eta aldapa gora hasi dugu, belar bustitik, ezkerraldera. Aurretik, Proa eta haitz ikusgarriak. Ailegatu gara. -Earra itxura, Xabier. Aldatu eta eskalatzen hasi gara. Hasteko, berotzeko, 5c-ko bat, " Pontie el casquio " . Pasorik zailena hasieran dauka, eta gero erraza da. Goialdera iritsi eta behera. -Hi, noain, bero-bero, 6a batera. Paretaren ezkerraldera joan gara, han 6a mordoa dago eta. Behealdetik begiratu eta " Germinator " aukeratu dugu. Ur-arrasto edo txorrera eder batetik hasten da, eta hemen ere garbi dago zein den pasorik zailena. Ederki egin dugu, erori gabe. -Earra bia. Etziok patzeik! -Hi, eo hau errexa dek eo gu gatxibek fuerte. Kauendios! Guk zikuk sasoia! Telefonoa. EAko Iñaki aukeratu dute alkate. -Hau etziok patzeik! Poza, baina Iñaki aukeratzeagatik baino gehiago, beste Zumaia baten itxaropenean. -Gora gu ta gutarrak, ostias! Gaurkoan ere ahuntzak datozkigu bisitan. Eskuinalderago, badago beste bia bat 6a-koa " Chorreton " izenekoa. Kolore beltzak argi erakusten du nondik datorkion izena. Polita da bia, aderentzikoa. Gustura egin dugu. -Hi, probatu behar diu horko 6b-ren bat... Jarri gara " Caguen sotss " -en azpialdean. Ikusten da zein den pasorik zailena, aderentzian. Zintzilik ere geratu gara, baina egin dugu azkenean, eta gustura! Hau besteak baino mantenituagoa da, goialdean paso zail batzuk ere badauzka eta. Apolok paperak hartu ditu. -Goazen beste 6a batera. Ummmmm. " Jo.ta.ke " Oso bia polita hau ere. Zailtasuna behean, baina goialdean badauzka paso politak, batez ere kanal batzuetatik, aderentzian. -Hi, bere apalian, baña Naranjoseko organo-tubuak emateie. -Earra bia, Xabier. Etziok patzeik. Telefonoa. Azpeitian ANVk alkatetza. -E-tzi-ok pa-tze-ik!!!!! Hamabiak dira. Ni bero-bero eginda nago, beste 6b bat egiteko. " Katagorri " -k itxura ederra dauka, batez ere goialdeko plaka gorri bertikalean. Apolok, ordea, puntuak irabazteko makina martxan dauka. Aldatu, zerbeza zabaldu eta inguruari begiratu diogu: Urkiola, Gorbeia... -Etziok patzeik! Autora joan eta Urkiolan gora egin dugu, argazki batzuk ateratzera. Zumaiara bueltatu eta kalera irten orduko, jendearen aurpegietara begiratuta, hizketa-gaia entzunda, konturatu gara zerbait garrantzitsua pasa dela, zerbait aldatu dela herrian. Labarganeta eta besteak Guk lehen Atxarte esan eta betiko lekuak genituen buruan: Labargorri, lehen espoloia, hirugarrena, Aurrekoatxa, Urrestei... Internet bidez jakin genuen (ikusi hemen ) sektore hauen berri eta merezi du bisitaldiak, hainbat arrazoirengatik: lasaitasuna, ekipamendu ona, autotik hurbil eta aldapa handirik gabe... Animatu!  2007/06/19 - 02:43:11

Hitzik gabe

Larunbata, ekainak 9. 15:30ean irten gara Zumaiatik Urkiola aldera, lehengo asteko leku berberara, oraingoan pareta lehorra egongo delakoan eta plaketan gozatzeko asmotan. Esan dute arratsaldean ekaitza etorriko dela, eta saiatu naiz Apolo konbentzitzen kotxea hartu gabe Mariantonaitza joateko; alferrik, noski.  2007/06/12 - 08:08:30

Nabigatu euskaraz