www.legazpiko-udala.info - Legazpiko Udaleko berriak
Legazpi, Legazpiko Udala, Legazpiko Udaletxea, Ayuntamiento Legazpi, guipuzcoa, gipuzkoa, berriak, noticias
Ekainak 28a. Sexu askapenerako nazioarteko egunaren inguruan egindako aitorpen instituzionala
Irakur ezazu deklarazio instituzionala ondorengo dokumentuan 2014/06/21 - 07:33:07
Uztailean gimnasia abdominal hipopresiboa lantzeko ikastaro berria jarriko dute martxan Kiroldegian
Ikastaro berria gimnasia abdominal hipopresiboa lantzeko izango da eta beste gauza askoren artean, ikastaro hau kirola egitearen ondorioz sortutako barruko organoen jaitsiera eta erorketa saihesteko baliagarria da. Ikus ondorengo dokumentua informazio gehiagorako. 2014/06/21 - 07:33:07
Aurkeztu dute 'Elkartasun Saskia' kanpainako logoa
Osteguna, hilak 12, Andoni Velasco Gardoki gazte legazpiarrak, Elkartasun Saskia kanpainako Logo lehiaketako irabazleak, bere logoa ezarri du supermerkatu bateko kartelean eta Garaguneko boluntarioen bularrekoan. Legazpiko Udaletik jakinarazi dute oraindik ere martxan dela premia duten Legazpiko familientzako elikagaiak biltzeko elkartasun kanpaina. Zehazki, Legazpiko 4 supermerkatu handienetan gauzatzen da: Kale Nagusiko Eroski, BM, Todo-Todo eta Hegialdeko Eroski. Jendeak geroz eta elikagai gutxiago ematen ditu; izan ere, nabariak dira, oraindik ere, krisiaren ondorioak. Supermerkatuetan jasotako elikagaiak Gipuzkoako Elikagaien Bankutik hilean behin iristen direnekin batzen dira, eta hilean behin, batez bestean, Legazpiko 38 familiari banatzen zaizkie; alegia, familiakide guztiak zenbatuta, gutxi gorabehera 100 bat pertsonari. Familien zerrenda ez da finkoa. Hilabetetik hilabetera aldatuz joaten da, onuradunek izandako aldaketak direla tarteko. Esaterako, familiako kideren batek lana aurkitu duelako familia batzuen egoera ekonomikoa hobetu egiten da, eta zerrendatik irten egiten dira. Baina baita familia berriak txertatu ere, lana galdu dutelako, langabezia saria amaitu zaielako edo zenbait laguntza jasotzeko izapideak luzatzen ari zaizkielako, besteak beste. Eskaerak, Gizarte Zerbitzuetan Interesa duten familiek Legazpiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetan aurkeztu beharko dituzte eskaerak, eta horiekin batera, hainbat dokumentu, onuradunak izateko ezarritako oinarriak betetzen dituztela egiaztatzeko. Jasotako produktuek ez dute asetzen, inondik ere, familiek hilabetean izaten duten elikagai premiaren % 100; baina baliagarriak dira familia horien erosketa saskiaren gastua murrizteko. Era berean, eskudirutan ekarpenak egiteko aukera ere bada, Laboral Kutxan. Hor bildutakoarekin, supermerkatuetan gutxien jasotzen diren elikagaiak erosiko dira; alegia, esnea, azukrea eta barazki kontserbak. 1.900 litro eta 1.944 kilo banatu dira Urteko lehen 5 hilabeteetan 1.300 litro esne, 600 litro olio, 700 kilo lekale, 400 kilo arroz, 350 kilo pasta, 130 kilo azukre, 200 kilo barazki kontserba eta 164 kilo arrain kontserba banatu dituzte familia legazpiarren artean. Abuztuan ez dira elikagaiak jasoko supermerkatuetatik, Garagune eta Nagusilaneko boluntarioek ondo merezitako oporraldiak hartuko baitituzte. Izan ere, urte osoan zehar, astean behin edo birritan jasotzen dituzte produktuak dendetatik, produktu horiek sailkatu, sortak osatu eta hilean behin familiei banatzen dizkiete. Udaletik deia egin diete herritarrei kanpainan parte hartzeko, eta bide beretik, eskerrak eman dizkiete berau posible egiten duten pertsona guztiei. 2014/06/21 - 07:33:07
Ekintzaz betetako astea, nerabeentzat
Ikasturtea amaitzera doanez, Legazpiko Udaleko Gazteria Saileko Nerabe Zerbitzuaren baitan hainbat ekintza antolatu dituzte. Hasteko, akainaren 13an, ostirala, bisita izango da zerbitzuak dituen instalazioetan. Hala, goizean, Domingo Agirre ikastetxeko eta Haztegi ikastolako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleak NBAZ ezagutzera joango dira, horiek izango baitira udatik aurrerako erabiltzaile berriak. Ekainaren 17an, berriz, arratsaldeko 18:00etan, 16 eta 18 urtekoen proiektuan parte hartzen duten gazteen gurasoekin balorazio bilera bat egingo dute Gazte-Txokon. Bilera horretan, ekainaren 18tik 19ra bitartean Hondarribiko kanpalekura egingo duten irteerari buruzko informazioa emango zaie. Arratsaldeko 19:00etan, berriz, uztailaren 1etik 3ra bitartean Madrilera joango diren gazteen gurasoekin bilera egingo da; hau ere Gazte-Txokon. Ekainaren 20an, bestalde, agurra egingo zaie DBH4ko ikasleei, ikasturte honetan amaituko baitute Gazte-Txokon egin duten ibilbidea. Udatik aurrera, 16-18 urtekoen proiektuan sartuko dira. Irteera Madrilera 6-7 pertsonak osatutako gazte talde batek sinadura bilketa egin zuen, Madrilera irteera proposatzeko. Guztira 72 sinadura jaso zituzten proposamena babesteko, eta ondoren, proposamena bideragarria izan zedin irteera egunak, egitaraua eta irteerak izango lukeen kostua finkatu zituzten. Kartelak ere egin zituzten, Tuenti eta WhatsApp bidez informazioa zabaldu zuten, eta 33 lagunek baiezkoa ematea lortu zuten. Udalak proposamena aztertu du, eta hainbat eragozpen gainditu ondoren, irtenbidea bilatu du: hainbat egunetan, eskaintzen duen NBAZ zerbitzua murriztu egingo du. Eta era horretan, irteerak aurrera egingo du. Interesa duten guztiek ekainaren 13ra bitartean eman beharko dute izena. Eta hilaren 17an, 19:00etan, izena eman duten gurasoekin bilera egingo da, irteeraren berri emateko. Madrilera egingo duten irteeran, besteak beste, jolas parkea eta Santiago Bernabeu futbol zelaia bisitatuko dituzte. Ordutegi aldaketa Nerabe Zerbitzuak ordutegi aldaketa izango du udan. Hala, ekainaren 23tik uztailaren 23ra asteartetik ostiralera egongo da irekita, goizez: 11:00etatik 13:30era. Asteburuetan eta astelehenetan, berriz, itxita egongo da; baita uztailaren 4an ere (ostirala), 1etik 3ra irteera egingo dutelako Madrilera. Udako bestelako ekintza bereziak direla tarteko, baliteke aipatutako ordutegia aldatu behar izatea. Uztailaren 9-10ean adibidez, gaubela bat egitea daukate aurreikusita. 2014/06/21 - 07:33:07
Parkeak egokituta, txukun eta prest, udarako
Uda iristear denez, urtero bezala, Legazpiko Udalak udalerriko parke guztietan konponketa lan txikiak eta margotze lanak egingo ditu, haurren oporraldietarako guztiak prest egon daitezen. Udaleko brigadako taldea dabil zeregin horretan, eta dagoeneko margotuta, egokituta eta prest daude Aizkorri kaleko parkea, San Ignaziokoa, Brinkola, Telleriarte eta Mirandaolakoak, Itxaropenekoa eta Laubidekoa zein Urtatza-Ariztihaundikoa. Amaitzeko, berandu baino lehen helduko diete eliza atzealdekoari, Latxartegikoari, Lanaren Hiribideko parkeari eta Arantzazukoari. Udalaren helburua da, zehazki, eguraldi onarekin batera, parke guztietan egon daitezkeen arazotxoak konpontzea eta gabeziei irtenbidea ematea, gauza jakina baita uda sasoian haur gehiago ibiltzen direla herriko jolastokietan. 2014/06/14 - 07:29:09
Legazpiko ikasleek ingurumenari begira hartutako konpromisoak ikusgai Latxartegin
Legazpiko ikasleek ingurumenari begira hartutako konpromisoak eta Eskolako Agenda 21en baitan 2013-2014 ikasturte amaieran Udalari egindako proposamenak biltzen dituzten panelak jarri dituzte ikusgai, Latxartegi jolas parkean, herritar guztiek ikus ditzaten. Zehazki, ikasleek Udalari egindako hiru proposamen daude jasota paneletan. Batetik, jende asko elkartzen den lekuetan, hondakinak sailkatu eta botatzeko zakarrontzi gehiago jartzea; bigarrenik, eskualdean, animalia zaurituen arretarako gune bat ezartzea; eta azkenik, Erreka Egunean, Udalaren eta Gaztetxearen arteko elkarlana bultzatzea, gazte gehiagok parte har dezaten. Konpromisoei dagokienez, ikasleek hartutako hainbat konpromiso daude; besteak beste, ingurunea zainduko dutela, ez dutela lurrera zakarrik botako, animaliak errespetatuko dituztela, hondakin gutxiago sortuko dutela, eta sortutakoa edukiontzi egokian botako dutela, ez dutela errekara zaborrik botako, hildako zuhaitzak errespetatuko dituztela eta parkeak garbi zainduko dituztela, zaborrik lurrera bota gabe. Azken konpromiso horrekin lotuta, Baietz Txukun Mantendu kanpaina jarriko dute martxan datozen asteetan, aurreko urteetan egin bezalaxe. Kanpaina honen helburua da jolasgunea garbi edukitzeko eta zaborrontziak behar bezala erabiltzeko joera eta ohitura sustatzea. 2014/06/14 - 07:29:09
Ordutegi aldaketak izango dira udal zerbitzuetan, udarari begira
Oporraldi garaian, urte osokoa ez bezalako ordutegia izango dute hainbat udal zerbitzuk. Kultur etxeari dagokionean, Gazteentzako Informazio Bulegoak, ekainetik irailera bitarte, abuztuan etena eginda, goizez bakarrik eskainiko ditu ohiko zerbitzuak: 11:00etatik 13:30era. Nerabe zerbitzua ekainaren 23tik uztailaren 23ra asteartetik ostiralera goizez egongo da irekita (11:00etatik 13:30era); asteburuetan eta astelehenetan, berriz, itxita egongo da, baita uztailaren 4an, ostirala, uztailaren 1etik 3ra Madrilera irteera egingo dutelako. Udako ekintza berezien artean, beste egunetan ere baliteke aipatutako ordutegia aldatu behar izatea. Uztailaren 9-10ean adibidez, gaubela bat egitea daukate aurreikusita. Kultura zerbitzuak eta KZ Guneak ohiko ordutegia izango dute ekainean. Uztailean, berriz, goizez bakarrik izango dira: kultura zerbitzua, 10:00etatik 13:00etara, eta KZ Gunea, 09:00etatik 13:00etara, begiraleekin; eta 13:00etatik 14:00etara, begiralerik gabe. Bi zerbitzu horiek itxita egongo dira abuztuan, eta irailean, berriro ohiko ordutegiarekin hasiko dira. Liburutegia, abuztuan ere irekita Liburutegia izango da datorren astelehenetik, ekainak 16, irailaren 5era etenik gabe irekita egongo den kultur etxeko zerbitzu bakarra (abuztua barne); 10:00etatik 14:00etara, hain justu. Arratsaldez itxita egongo da. Alabaina, ordutegi horretatik kanpo ere itzuli ahal izango dira maileguan hartutako dokumentuak (DVDak, liburuak, CDak...), kultur etxeko atarian dagoen postontzia baliatuta. Irailaren 8tik aurrera, ohiko ordutegia izango du berriro; alegia, 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Kanpoko igerilekuaren irekiera Bestalde, ekainaren 14an irekiko dute Legazpiko kiroldegiko kanpoaldeko igerilekua, eta irailaren 7ra arte egongo da irekita. Hilabete bakoitzean ordutegi berezia izango du. Ekainean zein irailean, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 20:00etara egongo da irekita; larunbatetan, 10:00etatik 12:45era eta 15:30etik 20:00etara; eta igandetan, goizeko ordutegian: 10:00etatik 12:45era. Uztailean eta abuztuan, bestalde, eguerditan ez da kiroldegia itxiko, eta kanpoko igerilekua 10:00etatik 20:00etara egongo da irekita, asteko egun guztietan. Sarrerak 3,15 euroko prezioa izango du 18 urtez azpikoentzat, eta adinez nagusientzat, 5,20 eurokoa. Abonuak ere har daitezke. 10 saiokoak 23,50 euroko kostua dauka, 18 urtez azpikoentzat, eta 39 eurokoa, 18 urtetik gorakoentzat. 3 hilabeteko abonuak, berriz, 42,50 eta 69,50 eurokoak, hurrenez hurren. 2014/06/14 - 07:29:09
Hondakinen %28 gaika biltzetik %84 biltzera pasatu dira Legazpin zazpi hilabeteko epean
Herritarren gehiengo zabala den %70ak duela zazpi hilabete Legazpin ezarritako sistema mistoa ondo erabiltzen ari da eta horren adierazle dira orain arte jasotako emaitzak. Izan ere, hondakinen %28 gaika biltzetik %84 biltzera pasatu dira Legazpin. "Hondakin gutxiago sortzearekin batera, tokiko ekonomiari ere mesede egin zaio, urtean 150.000 euro baino gehiago aurrezten baitira" adierazi du Legazpiko Udalak. Kopuru hori are handiagoa izan daiteke errefusa ateratzeko ontzi grisa erabiltzen ez duten herritarrek beraien jokabidea aldatuko balute gaineratu dute. Modu horretan, beste 43.000 euro aurrezteko aukera izango dutelako. Herritarren jokabide onari esker, Legazpiko herrirako dirua aurreztea lortzeaz gain, Gipuzkoarako dirutza izugarria suposatuko zukeen errauskailua ez dela beharrezkoa erakusten ari direla esan du udalak. Izan ere, sistema berria ezarri zenetik, herritar bakoitzak hilero Sasietako Zabortegira bideratzen duen hondakinen kopurua 20 kilotik 4 kilora murriztu du. Bitartean, bostgarren edukiontzia erabiltzen duten Urretxu eta Zumarragan hilabeteko epean hurrenez urren, 14,5kg eta 17kg bidaltzen dituzte Sasietara. Urriaren erdialdera ezarritako bilketa sistema bere fruituak ematen ari da. Ezarri zenetik zazpi hilabete igaro direnean, hilabetetik hilabetera goranzko datuak lortu dira eta hori herritarren inplikazio eta lan onari esker lortu dela nabarmendu du udalak. Hondakinen bilketan hobekuntzak egin dituzte Legazpin eta bide horretan lanean jarraituko du udalak, beti ere, ingurumena eta herritarron osasuna babesteko helburuarekin, eta orain arteko emaitzak hobetzeko asmoarekin. "Aurrera begira, hondakinen arloan prebentzioan urratsak ematen jarraituko dugu Zero Zabor filosofian egunetik egunera gehiago sakonduz" adierazi dute udal ordezkariek. Besteak beste, autokonposta eta auzokonposta sustatu, berrerabilpeneko praktikak abiatu eta ordaintzen diren tasak bidezkoak izateko hausnarketak bultzatuko ditu Legazpiko Udalak. 2014/06/14 - 07:29:09
Egin dute Udalaren egutegiarekin lotutako maiatzeko zozketa
Udalak 2014rako ateratako egutegian, herritarrek parte hartzeko moduko joko bat proposatzen da. Legazpiko jaiak dira ardatz nagusi. Hilabete bakoitzean, sasoi horri dagokion jai baten argazkia dugu, eta horrekin lotutako galdera bat. Herritarrek erantzun zuzena eman behar dute, www.legazpiko-udala.info web orriko "Egutegia 2014" izeneko txokoan sartuta edo Herritarrentzako Arreta Bulegora joanda. Dagoeneko egin dute urteko bosgarren galderari dagokion zozketa; alegia, maiatzari dagokiona. Hauxe zen galdera: Ezpatadantzaz gain, bada Legazpin maiatzeko jaietan egiten den beste dantza berezi bat; berta-bertakoa. Badakizu zein? Erantzun zuzena, hain justu, Kapela dantza da. Ondo erantzundakoen artean zotz egin, eta Genar Agirre gaztea izan da irabazlea. 50 euroko bale bat jasoko du, herriko denda batean erosketak egiteko. Hurrengo galdera ekaineko jai bati buruzkoa da. Udaletik deia egin diete herritarrei beldurrik gabe parte hartzeko, galderak erraz samarrak baitira, eta saria, erakargarria. 2014/06/14 - 07:29:09
Ikasleek Agenda 21ean egindako ekarpenak aurkezteko egindako ekitaldian jakinarazi zen bezala, ekainak 3 asteartea, Habi kutxak jarriko dituzte herriko hainbat puntutan
Helburua da Txoriek horietan ugaltzea. Hori datorren urtean gertatuko delakoan gaude. Kabi kutxa hauek iaz, biodibertsitatearen inguruan ekainean egindako Naturola tailerretan haurrek egindakoak dira. Ikasleek Eskola Agenda 21en bitartez proposamenak egin zituzten 6 jartzeko: 3 Agirre-Etxeberriko parkean 1 Urola ibai ertzean (Saturnino Telleriaren deposituaren inguruan) 1 Olazabal institutuko ondoko zuhaiztian 1 Kultur Etxeko atzeko zuhaitzean Hasierako planteamendu honek, aldaketa txiki batzuk izan ditu eta horren berri izan dezazuen idatzi dizuegu. Izan ere, Saturnino Telleria kale atzeko ur deposituan jartzekoa zen kabi kutxa adostutako gunearen inguruan jarriko dute baina ez ikasleek adostutako leku zehatzean. Horrez gain, Kultur Etxeko atzeko zuhaitzean jarri ordez alboko zuhaitzean jarriko da eta Agirre-Etxeberriko parkean jartzekoak ziren hiru kabi kutxak, parkeko lanak direla eta ezin izango dira momentuz jarri. Hori dela eta, Udala arduratuko da lanak amaitutakoan Kabi kutxa horiek jartzeaz. 2014/06/07 - 07:26:08