Polietika
Polietika artikuluen jarioa
Txikituaren trikitixa
Eusko Jaurlaritzak Kepa Junkeraren proiektuei emandako dirulaguntzen gainean idatzi du Joseba Tapiak. Gai honen gainean nahikoa erranda nago. Hitzez hitz dakart honat. "Txikituaren trikitixa" Berrian. 2025/02/21 - 03:28:18
Zer da notizia?
Orain dela aste batzuk nire lagun eta alderdikide Oxel Erostarbek, bere ohiko lotsagabekeriz titular aparta oparitu zigun Argia aldizkarian: "Kazetariei ez zaizue interesatzen Aralarrek egiten duen politika". Nik xehetasunen bat sartuko nioke. Batzuetan interes handia pizten dugulako. Orain hamabortz bat egun hauteskundeetara gure proiektua defendituz aurkeztuko ginela erran genuen, eta orduan bai kazetari pila gure egoitzan! Lepo! Gaur, argazki polita egin ahal izan dugu. Tolosa, Zarautz, Deba, Mutriku, Elgeta eta Aretxabaleta UEMA n sartzeko proposamena eginen dugula aurreratu dugu . Baina albisteak ez du nahi genukeen oihartzuna izan. Kazetaririk ez da agertu. Eta ez da lehenbiziko aldia hizkuntza politikako kontuekin kazetariak agertu ere egiten ez zaizkiguna. Nonbait, euskara eta euskara politikak ez dira albiste. Euskarazko komunikabideak ere ez dira etorri! Bihar ikusiko dugu nolako tratamendua ematen dioten, baina hizkuntza politika herri honetako debatean seriotasunez, morborik gabe eta heldutasunez paratzeko gauza izanen al gara inoiz? 2025/02/21 - 03:28:18
Gora Erreala! Gora iruzurra!
Goooolllll!!!!!!! 20 milioi euroko iruzurra egin omen dio Errealak Gipuzkoako Diputazioari, BEZ zergaren bidez. Hori da gola! Eta noiz arte segituko dute instituzioek Zubietako zelaiak egiteko lur-eremua oparitzen, urtean 2 milioi euroko laguntza ematen... Badiolaren taldeari?! Gipuzkoako futbol taldeei dirua zuzenean eman beharrean zergatik onartzen da Errealari eman, eta hau izan dadila dirua banatuko (ez) duena? Ardurak eskatu beharko zaizkie instituzioei! eta gainerako futbol taldeei? Bizkaia publizitatea Athleticen kamisetan, Reyno de Navarra estadioaren izena... Mundua borobila omen! Bai, baloi bat bezalakoa! Tapia eta Leturiak kantatu zuten: Burutxo bat belar hotzaren gainean, ala! burutxo bat belar hotzaren gainean, ala! Erreglamentuzko hogeita bi baloi, irribarrez, lepogainean baloi danak burutxoaren atzetik doaz, ailegatuta bidaltzeko, ostikoz joaz. Aidean doa burua, txuta kopetean eta gol! uouooo eromen katartikoa, baloiak oihuka eta gol! uouooo hori dek gola! Â hori dek gola! como mola! Sarrera bat eta joko etenaldi baten, buru kozkorra hasi da belarra jaten. ala ostikoa! ahoan berriro, masailean, belarrondoan ostikoa eta estadio guztia oihu ostikoa... baina zeinek egin du oihu? Halako baten burua negarrez hasi da, baina oh... uouooo pitxitxiaren botari hozka egin dio, baina oh... uouooo pitxitxiak takoiekin kokotza urratu, baina oh... uouooo eskuekin hartu eta begia zapaldu, baina oh... uouoo penalty! penalty! 2025/02/21 - 03:28:18
Migueliko badoa
Nafar guztion presidentea badoa. Hala erran du gaur, berriz ere. Legegintzaldi bukaera arte esperatu beharko dugu, baina ba omen doa. Hau ere, gehiegitan ari zaigu badoala eta badoala. Ia ez den jendea erreguka has dakion. Ez dut txanpainik aterako, erretiroa ez delako berehalakoa, are gutiago merkea, eta batez ere, bere ordez paratuko digutena ez delako hobea izanen! Lastima. Zeinen denbora guti irauten duten albiste onek! 2025/02/21 - 03:28:18
Kointzidentziak
Astelehenean iragarri zuen EAk bakarrik joanen dela hurrengo Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Guztiz zilegia da hori, eta EAri baino ez dagokio erabaki hori hartzea. Asmatu duen edo ez, hauteslegoak erranen du udaberrian. Halere, zalantzak ditut erabakia hartzeko unearekin. Akaso, hauteskunde hauek baino, errazagoak lituzke bertze batzuk. Edonola ere, atentzioa eman dit gaur Euskal Herrian eman diren bi prentsaurrekotan mezua hagitz kointzidentea izan dela. EAk eman du bata, bertze ezker abertzaleak, bertzea. "Gatazkaren konponbidearen bidean burujabetzaren aldeko mugimendu erraldoia" eratu behar dela bota du Unai Ziarretak. Ordu berean, bertze hiriburu batean, bertze ezker abertzalearen deia EAri, ez keinurik, ez begi-jokorik, hitz zuzen-zuzenak baizik: "zatozte gurekin". Mezu bera, biok elkarri keinuka. Kointzidentzia? Politikan ez dago kasualitaterik. Bitxia da, ez batak, ez bertzeak, ezkerreko politikaz ez dutela hitzik egiten indar metaketa horren oinarri. Denen ahotan dagoen zerrenda zuriaren aurre-kapituluan ote gaude? 2025/02/21 - 03:28:18
Euskara eta kultura ez dira Nafarroako Erresuma
Nafarroako Gobernuko euskara eta kultura arloko aurrekontuak izan ditut egunotan eskuartean. Eskandalua. %25etik goitiko jaitsiera izanen du Euskarabideak, %21 ingurukoa kulturak. Nafarroako Antzerki Eskolari 60.000 euro jaitsiko diote kopurua; 20.000 (dena, alegia) Bertsozale Elkarteari; 291.000 euskarazko komunikabideei (aurten banatu ez dituzten 300.000 euroak 9.000n utziko dituzte!), 325.000 gutiago abian jarri ez den antzerki sarerako, 110.000 gutiago helduen euskalduntze-alfabetatzearentzat, zituen 60.100 euroak kendu dizkiote Eusko Ikaskuntzari; 200.000 euro gutiago udalei euskararen sustapenerako... Zerrenda hain luzea da, amaigabea dela kasik. Baina gaur, Nafarroako Parlamentuan galdera egin du NaBaik: Sadar futbolzelaiari "Reyno de Navarra" (y hortera hori eta guzti!) izena aldatzeko akordioa bukatzear dela, zein asmo du Nafarroako Gobernuak? Erantzuna argia izan da. Pozik daude akordioarekin, eta negoziazioei ekin diete. 4,5 milioi euro emanen dizkiote Osasunari futbolzelaiak izena mantendu dezan, hiru urtetan zehar! Krisiagatik euskarak eta kulturak estutu behar dute, ez ordea futbolak, ustelkeriak eta xahuketak! Merezi ditugun agintariak ditugu! Osasuna eurentzat, guretzat ez baitago egunonik ere komunitate honetan! 2025/02/21 - 03:28:18
Arpa-jotzea; 250 musikari dantzan
Gaurko Berrian nire iritzi artikulu hau argitaratu dute: Agur erran digu Mikel Laboak. Mina eta oinazea nabaritu dugu euskal kulturan, eta musikagintzan, bereziki. Hil ondoren ohikoak diren erranerak aditu ditugu han-hemen egunotan. Baina ezin ukatukoa da Laboa izan zela euskal musikagintzari kanporako ateak zabaldu zizkiona. Bere ekarpena handia, zabala, arriskatua, esperimentala, irudimentsua izan da. Berak utzi gaitu, baina bere musika utzi digu. Eta musika egiteko modu bat. Artista izateko modu bat. Euskal Herritik kanpo jarduteko bidea ez da inoiz erraza izan. Laboak irekitako bideari jarraitu diote hainbatek, gerora ere. Eta gehienetan, bide hori bakarka egin behar izan dute. Norberak bere sakelatik dirua paratuz anitzetan, arriskuak hartuz, bakardadeari aurre eginez. Norberaren ilusioa eta musika ia-ia bidaide bakarrak izan direla. Euskal instituzioek ez dute orain arte musika nazioartera zabaltzeko egitasmo handirik abian paratu. Ez musika, ez gainerako arte espresioak ere. Bertzeak bertze, Euskal Herriko instituzioetako kultura sailetan sormenak ez duelako lekurik. Ikusi bertzerik ez dago aurrekontuetan ikuskari handiek zenbateko zatia daramaten sormenaren ondoan. Eta hor dago arazoaren oinarri nagusia. Euskadiko Soinuak programa izan da sortzaileak nazioartekotzeko egitasmo bakanetakoa. Baina ez da apustu argirik egin. 227.065 euro bideratuko ditu musikarien artean partitzeko 2008an egitasmo horrek, eta 230.000 euro daude aurreikusiak 2009ko Jaurlaritzaren aurrekontu egitasmoan. Eta sormeneko gainerako atalak nazioartean zabaltzeko ere ez dira oparoegiak: 120.000 euro ikus-entzunezkoak zabaltzeko; 26.500 ikus-entzunezkoen lan-poltsetarako; 144.650 antzerki zabalkunderako; 85.000 arte-galeriei... Gainerako instituzioetako zenbakiak are makalagoak dira, eta gehienetan, nazioartekotze politiketarako ez dago diru-partida propiorik. Etxepare Institutua ere noizbait iritsiko omen da, eta ekinen dio bere lanari. Espero dezagun azpiegitura soila mantentzeko baino, euskal kulturaren zirkuituak nazioartean zabaltzeko baliagarri izatea. Euskal kulturaren zabalkundea ezin da arte diziplina bakar batekin egin, eta are gutiago artista bakarrarekin. Euskal kultura anitza eta zabala den neurrian, zabalkundeak ere horren isla izan behar du. Eta azaroko egun hotz baten, hotz utzi gaituzte Javier Madrazok eta Miren Azkaratek. 702.000 euroko laguntza iragarri dute Kepa Junkeraren proiektu baterako. Inolako lehiaketarik gabe. Aurrekontuetan bildu gabe. Bi departamentuk parte hartu dute egitasmoan. Kultura Sailak 230.000 euro bideratuko du egitasmorako, eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak gainerako 472.000 euroak. Alegia, Euskadiko Soinuak programaren halako hiru! Ez zait gaizki iruditzen Kepa Junkerari laguntza ematea. Inondik ere. Alderantziz. Baina nekez justifika daiteke musikari jakin bati gainerako guztien artean deialdi irekian banatuko zaien kopuru hirukoiztea. Nahiz hiru urterako egitasmoa izan. Desproportzioa bistakoa da. Berdintasun printzipioa apurtu egin da. Eta Kultura Sailaren hanka-sartzea gehiago larriagotzeko, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak ginga paratu dio pastelari. Lankidetza, interkulturalitatea, kultur aniztasuna... proiektu bakarrarekin landu daitekeela erran nahi izan digute! Eta aniztasuna gaztelaniaz kantatu ohi duten musikariak euskaraz aditzea dela sinestarazi nahi digute. Zoriontzekoa da Azkaratek eta Madrazok kultura jarduerak transbertsalitatez lantzea, bi departamentuek kultura zabaltzeko programak elkarrekin lantzea. Zoritxarrez, gutiegi egiten da hori gure administrazioetan. Baina behin eginen, eta hain baldar egin behar! Ez da logikoa kultura ikuspegi batetik, euskal musika sustatzeko programetara orain arte hain diru gutxi bideratu izan denean, bat-batean pertsona bakarraren proiektu bati horrelako dirutza bideratzea. Desproportzionatua eta neurrigabea da. Eta are kezkagarriagoa, bertze anitzek baino erraztasun gehiago dituenean nazioartekotze lana egiteko, duen ibilbideagatik, duen izenagatik. Jaurlaritzatik erantzun dute, laguntza honek ez duela eraginik izanen Euskadiko Soinuak programan. Bertzelako diru-partida dela hau. Ez duela eraginik izanen gainerako musikariengan. Horixe behar genuen, programaren dirua ere musikari bakar bati ematea! Euskal musikak, gainerako diziplinetako sormen lan orok bezala, behar-beharrezkoa du Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpoko bere sustapena, zabalkundea eta promozioa, eta lan hori ezagunak diren artistekin ez ezik, ezezagunak eta hasi berriak direnekin ere egin beharra dago. Sormen lana bultzatzea ezinbertzekoa da edozein kultur politiketan. Ulergaitza da nola duen aurrekontuetan hain pisu ttikia sormenak, bertako artisten lanak; eta aldiz, zeinen erraz egiten den apustu Guggenheim berri, orkestra sinfoniko, azpiegitura handi, AC-DCren eta antzekoen ikuskari erraldoi eta gisako bertze adierazpenekin. Ezaguna da artistak eta agintariak sekula ez direla ongi moldatu, nagusiki bigarrenek lehenengoekiko duten beldurragatik. Euskal Herriko kulturak, eta euskarazko kulturak, sormen lanak, laguntza duinak behar dituzte. Benetako apustua egin. Zergatik da posible orkestra sinfoniko batean ia zortzi milioi euro inbertitzea, eta aldiz, gainerako musikarientzat 230.000 euro bideratzea? 250 musikaritik goitik administrazioaren arpa-jotzea ez dute ulertu. 702.000 euro horiek dantzan paratu dute euskal musikagintza, eta kulturgintza, oro har. Batzuk asaldatu gara. Baina betiko moduan, kulturako jendeek politikaz deus guti dakigu. 2025/02/21 - 03:28:18
86 memoria berreskuratu
Espainiako Gerran fusilatutako 86 pertsonen gorpuzkinak topatu dituzte Tuteran, Fustiñanan eta Magallonen (Zaragozan, Espainian). Diario de Noticiasen leitu dut. Aranzadi Zientzia Elkarteak topatu ditu georradarra erabilita. 86 memoria gehiago berreskuratuta. Milaka batzuk falta dira oraindik. Baina instituzioetan ez dago inolako apusturik, inolako politikarik memoria historikoa berreskuratzeko. Bitateko teknikoek laguntza handia ematen dute. Baina bitarteko ekonomikoak ere beharrezkoak dira. Eta horretarako, kontzientziak astintzea, ezinbertzekoa. Fusilatutakoen elkarteek 40 eskari baino gehiago dituzte pilaturik mahai gainean lurperatutakoak bilatzeko. Baina ezin diote erantzun egokirik eman berehalakoan. Isildu nahi dute iragana. Gibelera begiratzea zauriak irekitzea dela diote batzuek. Baina zauriak aspaldi ireki zituzten, eta itxi gabe daude! 2025/02/21 - 03:28:18
Inazio Uria hil du ETAk
Hitzik gabe utzi nau, bertze behin, ETAk. Dena errana dago. Dena dago errateko. Noiz bukatuko da erokeria hau? Gustatu zaidan hau irakurri dut gaur, eta honat ekarri dut: Bizitza bizitza da, handiena; kentzen duenak kentzen du dena Besarkada bat Inazioren familia, lagun eta hurbilekoei. 2025/02/21 - 03:28:18
Zer dago soberan?
Zer dago soberan goitiko argazki horretan? Bai, errazena pentsatu duzula? Gizon ttiki hori, ezta? Tira, hori ere bai. Baina deigarria (dagoeneko harritu ez naiz egiten, baina deigarri egiten zaizkit zenbait kontu UPNrekin) egin zait igandeko UPNren bestan Nafarroako toponimiaz egindako erabilera. Begiratu ongi Miguel Sanzen gibeleko irudia. Nafarroako udalerri guztien izenekin osatu zuten irudia, eta horietako batzuk zuriz paratuz osatu Nafarroako mapa. Baina deigarria da izen euskalduna duten herri izen guztiei -Nafarroako Gobernuak berak aspaldian onartu eta darabilen toponimiaren kontra- gaztelaniazko izena erantsi diotela, legezko izenaren kontra. Horrela, hor ageri dira Yanci-Igantzi, Aranaz-Arantza, Echarri Aranaz-Etxarri Aranatz, Imoz-Imotz, Lacunza-Lakuntza... Gibelera pausu nabaria da. UPNk berak onartutako irizpideen kontra egiten duena. Nafarroako toponimia aldatzeko asmotan al da Migueliko? Beldur naiz. 2025/02/21 - 03:28:18