Kazeta.info

Kazeta.info - Azken Sarrerak.

Euskarazko produktuak sustatzen dituen erakuslehioa

Aldizkariak, musika, liburuak, komikiak, informatika, jostailu eta jokoak, filmak, eta gurasoentzako materiala. 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako zuzenduak diren ekoizpenak proposatuak dira Euskarazko Produktuen Katalogoan . Euskal kulturaren erakuslehioa bi euskarri ezberdinetan zabaltzen da; paperezko edizioan banatzen diren 120.000 ale eta Interneten bidez zabaltzen den katalogoa. Ekoizpen ezberdinak ikusteko parada eskeintzen du eta ondotik salementa gune zehatzetara bideratzeko aukera ematen du. Euskarazko Produktuen Katalogoa 1998.urtean argitaratu zen lehen aldiz. Nahiz eta Nafarroko herriko etxe gutxi batzuek hasi zuten dinamika, gaur egun 200 herriko etxe baino gehiago eta 135 toki-entintateek parte hartzen dute ekimenean. Erakuslehioaren helburu nagusiena da euskarazko produktuak sustatzeko egitasmo horren bidez. Argitaletxe ezberdinek euskaraz argitaratzen dituzten produktuen erreferentziak bateratzen ditu. Gainera, " autoprodukzio bidez argitaratzen diren produktuen erreferentziak biltzen ditu, hizkuntza indartsuagoetan ekoizten diren milaka produktuen aitzinean euskarazkoek tarte bat izan dezaten". Komiki, disko edo liburuak "Euskaraz Bizi Nahi Dut", "Bizipoza" edo "Dantzan" bezalako musika ekoizpenak haurrentzat eta Ezinearen "Berriz" edo Berri Txarraren "Denbora da Poligrafo bakarra" gazteagoentzat. Komikietan aldiz, "Baleak ikusi ditut" edo "Black is Beltza". Euskarazko ekoizpenen eskaintza mugagabea adin tarte ezberdinentzat zuzendua.  2014/12/20 - 14:00:09

Oihana Etxebarrieta: "Jostailuetan sexualizazio prozesu bat ematen ari da, batez ere koloreen eta formen aldetik"

Emazten Fabore Hendaiako talde feministak hezkidetza tailerra antolatu du arrakasta handia bilduz. Izen emate ugarien ondorioz bi ikastaro egin behar izan dituzte bakarra beharrean. Oihana Etxebarrieta hezitzaile feministak eman du ikastaroa, genero maskulino eta femeninoaren arteko hezkuntza mugak txikitzen entsaiatuz. "Jostailuek ez dute sexurik, baina egiten dugun erabilpenak badu" baieztatu du hezitzaileak. Idoia ERASO Hezkidetza ikastaroak ematen dituzu zuk, zer da hezkidetza? Hezkuntzaren irakurketa bat eta hezkuntza ulertzeko modu bat. Analisi batetik abiatzen gara non uste dugun gaur egungo sistemak ere genero estereotipoen baitan hezten gaituen eta horrek gure hezkuntza prozesuan garrantzi handia duela ere. Analisi horretatik aurre egiteko eta pertsonak era aske batean heziko dituen hezkuntza batean sinisten dugulako, eta ez generoen arabera. Korronte pedagogiko hori izango litzateke, heziketa ulertzeko modu integral hori, non ez generoen arabera, baina pertsona bakoitzak bere berezitasun, behar eta gaitasunekin heziko gaituen. Hori konkretuki zertan islatzen da? Gaur egun hezkuntzaz hitz egiten dugunean pentsatzen dugu gaur egungo sistema mixtoarekin jada arazoa gaindituta daukagula, neskak eta mutilak elkarrekin hezitzen baditugu pentsatzen dugu gaindituta daukagula. Kontua da oraindik kurrikulum ezkutuak edo idatzita ez dagoen hori, baina gure ekintzen bidez, gure hitz egiteko moduaren bidez transmititzen den guzti horrek efektua daukala pertsonengan eta jarraitzen dugula Adibide bat izan daiteke gure aurrikuspenak generoen arabera egiten. Neskak zintzoagoak, antolatuagoak, ikasle hobeak izango direla pentsatzen jarraitzen dugu eta horren itxaropenak espektatiba batzuk sortzen dizkigu beraiengan proiektatzen dugun hezkuntza sisteman. Mutilak aldiz pentsatzen dugu narratsagoak izango direla, berez argiak baina ikasteko gogorik izango ez dutenak Aurrikuspen horiek egiten ditugu eta horrek eragina du noski, guk haiekin nola jokatzen dugun. Hori adibide bat da, baina beste mila egon daitezke: testu liburuetan agertzen diren protagonistak gizonezkoak izaten jarraitzen dutela, historian, filosofian Ipuinen inguruan ere hitz egin dezakegu, nolako ipuinak dauzkagun eskoletan, kantuak, jolasak, nola jolasten dugun hori guztia da. Eta desberdintasun hori txikitu edo desagertarazteko ze metodo planteatzen dituzu zuk? Proposatzen duguna da konsziente izatea, egiten dugun guztiak eragin hori daukala, eta analisi bat egitea zer nolako materiala erabiltzen dugun alde batetik. Eta horretan guztian ikuspegi hezkidetzaile bat ematea, ez dena gauza batere zaila. Alde batetik proposatzen duguna da protagonismoak konpartitzea eta zabaltzea. Ipuinetan neska abenturazaleak, parrandalariak, narratsak eta alferrak erakusten dituzten ipuinak eskeintzea ere bai, edo mutil negartiak, beldurtiak ere protagonista izan daitezela. Jolasetan gure esku hartzea, irakasleon, hezitzaileon edo gurasoon eskuhartzea beharrezkoa dela, eta beste kontu batzuetan gainean gauden bezala, horretan ere gainean egon behar dugula ikusteko. Adibidez panpinetara jolasten ari garenean ea denontzako espaziorik badaukagun, ea guztiei uzten diegun horrelako gauzetan parte hartzen Azkenean uste dut txikitasunean gauza handiak egin ditzakegula, eta horrelako esku hartze txikiak. Kasu honetan gurasoekin eta haurrekin lan egingo dudanez, proposamena ipuinetan, jolasetan eta horrelako gauzetan jartzea ikuspuntua. Aipatzen duzun material hori aurkitzea ez da beti erreza. Aitortzen dut zaila izan daitekeela, eta egia da ez daukagula hemen liburutegi zabal bat gai hauen inguruan, baina badaude. Nik uste dut azkenean zabaltzen laguntzeak eta eskura jartzeak lagundu gaitzakeela. Liburuen kasuan, publikatzen direnetatik askok jarraitzen dutela parametro jakin batzuen baitan sortzen iruditegi hori, baina badaude gauza ezberdinak edo aukerak zabaltzen dituztenak, eta beraz horiek bilatzen eta biltzen badabil jendea eta asmoa hori da, eskura jartzea aukera guzti hori. Durangoko Azokaren atarian zeresan handia eman duten bi liburu izan dira, "Neskentzako ipuinak" eta "Mutilentzako ipuinak". Sortu den polemika ikusita argitaletxeak edizioa bukatzean ez dutela berriz argitaratuko esan du. Zer iritzi duzu zuk horrelako liburuetaz? Argitaletxearen erantzuna jaso nuen Argiak egin zuen kanpaina horretan parte hartu nuelako. Alde batetik arrazoia ematen diot argitaletxeari, gizartearen arazo bat da eta ulertzen dugula panpinek eta printsezen ipuinak neskentzako izango liratekeela bakarrik eta abendurazkoak mutikoentzako. Hori egia da, batzuk horrela pentsatzen dute, kontua da argitaletxe honek oraindik harago jotzen duela, eta zenbait guraso eta hezitzailek egiten dugun akatsa oraindik eta handiagoa bilakatzen duela, eta zuzenean horrela izendatzen duela. Gizartean dagoen kontzientzia bat edo mundua erakusteko modu bat erakusten duela honek, baina hain zuzen argitaletxe bat izanik egin beharko luke kontrakoa eta eskeintza zabaltzea, egoera hauei buelta ematea. Guztientzako zerbait izendatzen duen zerbait sortzea eta ez banatua. Gainera "Neskentzako ipuinak" eta "Mutilentzako ipuinak" egiteaz gain, "Neskentzako errezetak" liburua zeukaten ere bai, orduan oraindik emakumeak sukaldera eta zaintza lanetara bideratzen jarraitzen zutela zentzu batean. Nahiko larria iruditzen zait, nahiz eta liburu hauek aspalditik zeudela eta horrelako beste batzuk badaudela, baina balorazioa niretzat oso gozoa da, uste dudalako kriston erantzuna egon dela. Jendeak erantzun duela eta salatu duela egoera hau, eta beraz gizarteratu dugula gatazka bat, esperantzarekin horrelako gauzek eragina izango dutela ipuin bildumak sortzeko garaian edo beste modu batean uler dezagun guzi honen bilketa. Azken urteetan, duela bi edo hiru hamarkada baino jostailuen sexualizazio gehiago ikusten da. Zer iritz duzu zuk horretaz? Bai, guztiz ados nago esaten duzunarekin. Egia da badaudela jostailu mota batzuk, ipuinak bezala, betidanik ulertu izan ditugunak neskentzako eta mutilentzako direla, panpinak eta pilotak era laburrean esateko. Baina egia da lehen zegoen aukera horretan, non ez zegoen zehaztua norentzako zen, baizii eta gauza ireki bat zen, hor banaketa egiten ari dira, edo sexualizazio prozesu bat ematen ari da, nik batez ere esango nuke, koloreen eta formen aldetik. Kolore arrosa gehitzen hasi zaio, gauza batzuei, esaterako txirrindetara edo mahai jolasetara. Niretzako oso adibide argia da Lego jolasak, edo eraikuntzarako plastikozko piezak hauekin garai batean denok jolasten genuen honekin, eta koloreak guztientzako ziren. Gaur egun, arros eta tono pastelak dituen kolore gama bat atera dute neskei begira. Hori sexualizazio prozesu bat da, kolore arrosaren sexualizazio prozesua bizitzan jarraitzen dugun einean. Koloreak ez dira inorenak, baina oraindik jarraitzen dugu, urdinarekin garaitu badugu, arrosarekin oraindik gertatzen den zerbait da. Eta oso larria da hori, zeren horren salmenta prozesuan arrazoitzen duten zerbait dela kolorea, hau da gurasook edo opariak egiten ditugunok, oraindik ere eskatzen dugula gama arrosa bat egotea, uste dugulako mesedegarria edo hobea dela honetan ere banaketa egitea. Saltzen delako egiten da, lehengo ipuinekin egiten den bezela, eta beraz aurre egin behar diogu honi, salaketa prozesuak ere garatu behar ditugu honen aurrean, zeren bestela ez dakit zer geratuko zaigun. Jostailuek ez dute sexurik, baina beraietaz egiten dugun erabilpenak dauka. Sexuslizazio prozesua ematen da, eta eragina ere identidadeak sortzeko garaian. Ematen dituzun ikastaroetan, salatzen ari zaren guzti hori atzeraarazteko, parekidetasuna lortzeko, ze baliabide edo ze tresna erabiltzen dituzu? Oso tailer praktikoa egiten ahalegindu naiz, gurasoak eta haurrak egingo direlako. Gurasoak bakarrik direnean, material teorikoagoa eraman izan dut, baina denak elkarrekin gaudenez, eta nire ustez oso interesgarria denez haurren iritziak ere jasotzea, batzutan uste baino ideia interesgarriagoak botatzen dituztelako. Erabiliko ditut aipatu ditugun ipuinak, tradizionalak horien inguruko azterketa egiteko: nola agertzen den emakumea, nola gizona, ze sinbolo agertzen diren marrazkien bitartez Horretaz gain ere gaur egun dauzkagun proposamen ezberdinak. Ipuin kontaketaren bidez edo ipuinen interpretazio ezberdinen bidez, haurrok ondo pasatuko dugu, baina gurasoek ere jasoko dugu zerrendatxo bat, eskura izan ditzakegun liburuetaz. Horretaz gain jolasten ere ariko gara, uste dudalako oso garrantzitsua dela jolas aske edo arautua haurren garapenean. Jolas ezberdinak ezagutuko ditugu eta jostailu ezberdinak ere aztertu. Orain gainera Gabon garaian gaudela, bultzatu nahi dut azterketa txiki bat haurrekin ikusteko nolako eskaerak egiten dizkiogun Olentzerori, zergatik eskatzen dugun gauza bat eta ez bestea. Horren inguruan ausnartzen ibiliko gara. Gero ere ikusi ze aukera dauden, ze jostailu ditugun eskura eta nolako irakurketa egiten dugun horiena. Eta jolastu ere jolastuko dugu dauden gauza ezberdinekin. Nik ere asko erabiltzen ditut bideoak, laburmetraiak eta gertatzen dena ikusteko eta gero erreza delako pantaian gertatzen dena gurera nola ekarriko genuken aztertzea. Bideo ezberdinak ikusiko ditugu. Hori izango litzateke, azkenean ordu eta erdi izango dugu eta praktikarekin gauza asko ikas ditzakegu. Sorkuntza parekideak ere egingo omen dituzue. Zer da hori? Kasu honetan ipuinei begira bideratutako teknikak izango lirateke. Ipuin edo istoria ezberdinak sortzeko teknika ezberdinak ekarriko ditut. Gianni Rodariren teoriatik hartuta nolako ariketak egiten zituzten bere garaian Italian eta gaur egunera ekarri ditudanak. Ipuinak sortzeko teknika ezberdinak, eskura ez daukagun hori (zeren batzutan zailtasunak ditugu material hori aurkitzeko), ba orduan guk sortzeko. Ipuinak, jostailuak eta jolasak ere sortzera bultzatzeko asmoa daukat. Gizarte honek erostera eta merkantilizazio prozesu oso handi batean sartuak gaude eta ematen du oparirik hoberena edo ipuinik hoberena erositakoa dela, eta guk ere badaukagun imaginazioak sor ditzaken altxor horiek ateratzearen oso aldekoa naiz ni, eta uste dut badaukagula hor denok idazle eta jostailu edo jolas egile handien sortzaile figura hori eta beraz hori ateratzen ahaleginduko gara teknika ezberdinen bidez.  2014/12/20 - 14:00:09

Horra, horra, gure Olentzero!

"Horra horra, Gure Olentzero, pipa hortzetan duela, eserita dago". Egun gutxi falta dira Olentzero etxeetara sartzeko opariak uzteko. Nahiz eta lan handiena abenduaren 24ko gauean eginen duen, egun batzu lehenago Ipar Euskal Herriko hainbat txokoetan ikusteko parada izanen da. Larunbata huntan, abenduaren 20an, Olentzerok Kanbo bisitatuko du eta ondoko egunetan Baiona eta Behorlegiko herrietan egonen da. Abenduaren 20an, larunbatarekin Olentzero Baionan, Behorlegin eta Kanbon egonen da auzokideek prestatu dituzten hainbat ekitaldietan parte hartzeko. Kanboko Mediatekan, 11.30etan 3 eta 8 urte bitartekoentzat, "Olentzero" ikusgarria prestatu dute euskaraz. Bestalde, 15.30etatik aitzina, Baionako Ibaialdeko arraunlarien txokoan kantari, soinulari eta eskoletako haur elebidunak eta Ikastoletakoak Olentzerori harrera eginen diote. Ondotik, 17.00etan herriko etxean haurrek prestatutako kantuak entzuteko parada izanen dute Olentzero eta Mari Domingik. Egun berdinean baina gauez, Behorlegiko herriak Olentzerori ongi etorri berezia prestatu dio. 20.00etatik aitzina, Intxauzpeko supazterrean, Gorka Torre kondalariak Basajaunei buruzko ipuin kondaketa eginen du; adin guztientzat zuzendutakoa. "Olentzero park " Abenduaren 22 eta 23an, Seaskako ikastolen federazioak hirugarren aldiz Olentzeroren parkea antolatuko du Baionako Lauga kiroldegian. Antolatzaileek adierazi dutenez helburu nagusiena da "Olentzeroren itxuraren inguruan euskara azkartzea". Horretarako, mota ezberdinetako animazioak prestatu dituzte: joko puzgarriak, herri kirolak, tailer zientifikoa... Modu berean, euskal artistei adierazpen gune bat eskeinia izanen zaie, haien ikusgarriak proposatzeko.  2014/12/20 - 14:00:09

Lurzaindiak bi jabetze eskuratu ditu Xiberoko laborantzaren etorkizuna zihurtatzeko

Lurzaindiak Xiberoan agertu diren bi kasuetan parte hartu du, laborarien etorkizunari laguntzeko. Alde batetik, Lurzaindiak erosi ditu Lakarrin salgai zeunden etxalde baten 8,5 hektarea, Mari-Claire Leurgorry laborariari laguntzeko. Bestalde, Atarratzeko etxalde baten salmentaren prezioa aldatzeko SAFERen interbentzioa eskatu ondoren, lurrak eskuratzea lortu du Yann Vaugon laborariaren instalazioa sustatuz. Lurzaindiaren helburu nagusiena da Ipar Euskal Herriko laborantza bultzatzea eta xede berdina lortu nahi duten laborariei laguntza eskeintzea. Lakarrin kokatutako etxalde baten 8,5 hektarea salgai jarri zituzten jabe berriek. Ordurarte Marie-Claire Leurgorryk 25 hektarea lantzen zituen behi talde bat hazteko, baina salgai ezarritako 8,5 hektarea horiek beharrezkoak ziren bere etxaldearen etorkizuna zihurtatzeko. Leurgorry harremanetan ezarri zen Lurzaindiarekin eta azkenik entitateak lurrak erosi zituen etxalde ttipien iraunkortasuna zihurtatuz. Modu berean, 2013.urteko azaroan Atarratzen 165.000 eurotan salgai zegoen etxalde baten prezioa berrikusteko eskatu zien SAFER entitateari (Societes d´amenagement foncier d´etablissement rural). Azken honek, etxaldea 130.000 eurotan birbalioztatu ondoren, jabeak salmenta ezeztatzea erabaki zuen baina hilabete batzu beranduago salmenta berriz negoziatu du 140.000 eurotan. Duela 10 urte Yann Vaugon lurrarik gabeko artzaina da eta berriz laborantzaren munduan sartzeko desioz, Lurzaindiarekin harremanetan ezarri da. Azkenean, Lurzaindiaren Oihenartea etxalderen 21 hektarea eskuratu ditu eta nekazaritzako eraikuntzak Vaugonek eskuratu ditu. Parte hartze ezberdinei esker, Yann Vaugonek laborantzan lan egiten ahalko du.  2014/12/20 - 14:00:09

Klinikak mediku liberal eta orotakoen alde mobilizatzen dira

Baionako Capio klinikak, Capio Aguilera, Akizeko Capio Jean-Le-Bon klinika, Delay klinika eta Donibane Lohizuneko Euskal Aturri Kostako klinika mediku liberalen alde mobilizatzen dira. Abenduaren 24tik 31era, mediku gabineteak itxiak izanen dira Osasun lege proiektuaren kontra. Modu berean, urtarrilaren 5etik osasun pribatuko erietxeak aktibitatearen geldialdi mugagabe bat eginen dute. Etorkizuneko osasun lege berriak anitz kezkatzen ditu mediku eta erietxeak. Neurriak artamenduak hospitaleko zerbitzu publikoan bideratu nahi ditu, kalte handiak eraginez klinika pribatuei. Arlo pribatuko profesionalek lege berria "lanjerosa" dela adierazi dute eta ondorio anitz eragiten ahal dituela diote. Hain zuzen ere, haien ustez "bi abiadurako medikuntzaren sarrera sortzen ahal da". Ospital publikoak berriz antolatuz, misio publikoak dituzten klinika publikoak baztertzen dituzte. Halaber, neurri berriarekin artamendu pribatuen eskeintza murriztuko dute. Azkenik, haien iritziz, pazientearen hautatzeko eskubidea zalantzan jarria da. Baionako Capio klinikak, Lafourcade, Paulmy eta St Etienne, Biarritzeko Capio Aguiléra klinika, Akizeko Capio Jean-le-Bon à Dax klinika, Delay klinika eta Euskal Aturri Kostaldeko Donibane Lohizuneko poliklinak mobilizazioekin bat egiten dute.  2014/12/20 - 14:00:09

Amaia Aire: "Gu hunkitzen gaituzten hamahiru kantu dira gure lehen diskan"

"Bidexka" diska argitaratu berri dute Aire ahizpek. Urteetan Ipar Euskal Herriko eszenatokietan aritu ondoren bere Urepeleko hiru senideek lehen diska argitartu dute Erroa argitaletxearekin. Diska honen ezagutarazteko hainbat kantaldi antolatu dituzte. Urtarrilaren 18an Itsasuko elizan ikastolaren alde Mikel Markez eta Erramun Martikorenarekin batera, eta urtarrilaren 31an Bilboko Kafe Antzokian. Idoia ERASO Diska berria argitaratu duzue, "Bidexka". Zerk eraman zaituztete orain diska bat ateratzera, hainbeste urtez eszenatokietan ibili ondotik? Badu aspaldi kantatzen dugula, batez ere Iparraldean. Hasi ginen gazte gazteak ginelarik, 15 bat urte inguru genituela, eta egia erraiteko Iparraldean kantuz aritzen gara, kasik ohargabean urtez urte. Urteak fite pasa dira azkenean, hasi ginenean ez genuen gure burua kantari bezala ikusten, eta ez genekien batere epe luzera iraungo zuen, ez zen gure proiektu berezi bat. Azkenean kantuz aritzen gara horrela, herriz herri eta gero momentu batez gelditu ginen gu hirurok haurrak izan genituelarik, zailagoa baitzen lana eta dena kudeatzea. Orain berriz hasi gara, eta egin genuen Josu Zabala eta Mikel Markezen ezagutza. Egia erraiteko Josu Zabalak zigun erran berak domaia atzematen zuela grabaketarik ez izaitea, eta beraz bere laguntza proposatu zigun, eta guri gustatu zitzaigun anitz berak ze ikuspegi zuen kantagintzaz orokorki, eta baita nola ikusten zuen guk egiten genuena. Abuztu bukaeran erabaki genuen grabaketa egitea eta horretarako hasi ginen joaten Otxandiora, bera hangoa baita, eta hango estudioan grabatu genuen. Eta ze eskeintzen duzue zuen lehen diska honetan? Kantatzen ditugu hamahiru kantu eta, horiek dira batez ere guk kantaldietan ematen ditugun kantuak. Kantu horiek gu hunkitzen gaituztenak dira. Laburbiltzeko, badira Iparraldeko kantugintza markatu duten Labeguerie, Eñaut Etxamendi eta Eñaut Larralden kantuak, guk arras gustokoak baititugu doinu aldetik eta hitzengatik. Horiek dira guk ttipitandik entzun ditugun kantuak, eta belarrian ukan ditugunak, eta hurbilekoak. Gero badira ere Ez dok 13ko kantu batzuk, horiek gehiago nerabezaroan ezagutu eta maite genituenak. Batzuk Joxean Artzeren hitzak eta gero Lourdes Iriondok berezikiago anitz hunkitu gintuen deskubritu genuelarik. Hastapenean vinilo zaharrak deskubritu genituen etxean. Eta gero kantatzen ditugu ere disko honetan Xalbadorren bertso batzuk, zeren eta guk etxetik ere manera naturalean ikasi genituen bertsoak dira horiek. Bertsu eta kantu klasikoak berrikusi dituzuela esan daiteke, zer atzemanen dugu diska entzutean? Guk kantatzeko maneran egiten duguna da ahal eta manera naturalenean kantatzea. Batez ere hiru ahotsak dira hiru bozetan armonizatuak, eta batzutan lagunduak gara akordeoi batekin. Lagun bat badugu eskusoinularia, eta guretzat garrantzitsua zen azkenean letrei garrantzia uztea. Beraz kantu klasikoak dira, baina ez dira gaur egun hain entzunak ere gehienak. Batez ere hitzengatik ditugu hautatzen kantuak, beraz ez dira denak entzuten direnak toki guztietan. Guk hautatu ditugunak nahiz eta klasikoak izan ez dira hain entzunak ere. Diskaren izenburua "Bidexka" da, zein da bidexka? Zergatik bidexka? Xekatu genuelarik izen bat guk ezarri duguna da, gure kantugintza hurbiletik ezagutzen dutenek badakite, gehien bat da etxetik ukan dugun kantugintzaren transmizio hori. Etxean anitz aritzen baikinen kantuz eta ikusten genuen gure burua bidexka batean bagina bezala, aitzinekoek marraztutako bidexka hori, mendian den bat bezala, non ez dakizu nondik hor den, baina gaur egun daudenek segitzen dute aitzina eta horregatik dira bidexka horiek beti hor mendietan ikusten oraindik. Urrunago joateko asmoarekin edo segitzeko asmoarekin. Nabarmen gelditzen da zuen familiak ekarri dizuen musikarekiko maitasuna eta kulturarekiko lotura. Guzti hori diska honetan ere agerian gelditzen da. Bai, horrela da, guk hurbil ditugun kantuak dira, sentitzen ditugunak eta hunkitzen gaituztenak. Diska ere era aski sinplean grabatua izan da, hori izan zen Josu Zabalak planteatu zuena, eta egia erraiteko guri gustatu zitzaigun bere filosofia hori. Berak nahi zuen guk kanta genezan arras molde naturalean, etxean bagina bezala egiten genuen. Eta grabaketa ere horrela egin dugu, hirurak kantatuz ber momentuan, sartu gabe sobera konplikazioetan edo teknikak laguntzen ahal dituen artifizioetan. Kantaldietan ematen ditugun kantuak dira. Beraz musikaren aldetik aski sinplea gelditzen da. Aski sinple egoten da musikaren aldetik. Musikari bat dugu eta eskusoinuan ari da. Gero berak arras untza laguntzen gaituela atzematen dut, eta uzten diela hitzei lehen planoa beti, hitzak ongi entzuteko gisan, testua baita garrantzitsuena. Guk ukan dugun lana izan da bozak ikasten eta entsaiatzen hiru botzetan kantatzea. Gaur egun hain musika gutxirekin, hain naturalki egiteko tendentziarik ez dago. Gaur egun anitz estilo ezberdin ateratzen da, eta guk ez dugu sobera egiten besteek egiten dutenari alderatzeko. Guk sentitzen genuena egin dugu, begiratu gabe merkatuak zer eskatzen duen, prototipo bat segitu gabe egiten dugu maite duguna. Zuen lehen diska eta Erroa argitaletxearen lehena ere bai, abentura baten lehen pausuetan zaudete. Bai, hasi gara Erroa argitaletxean, Zenbat Gara elkartekoekin ezagutza egin genuen pixka bat kasualitatez, bidexkaren zentzua ere hori da, bidexka horretan ezagutza batzuk egin ditugulako kantuari esker. Bilboko Aste Nagusian izan ginen joan den udan, eta horrela ezagutu genituen Zenbat Gara elkartekoak. Gertatu zen elkarrizketa eta ongi pasatu genuen haiekin. Anitz gustatu zitzaigun ze ikuspegi zuten euskal kulturaz eta guzti, eta gero Josu Zabala eta Mikel Markezekin hitz eginez arrunt konfiantzan sentitu ginen haiekin lanean hasteko eta berez ez dugu proiektatzen geroan zer egingo dugun, baina segur dena da arrunt konfiantzan sentitzen garela eta gogoarekin haiekin segitzeko harremanean. Familiatik jasotakoarekin jarraitzaile, partaide eta aldi berean sortzaile ere bezala definitzen zaituzte. Nola ikusten duzu zuen burua musikaren mundu honetan? Gu interpretazioan gara, hasteko diska honetan. Ez dugu hitzik idatzi. Asmo batzuk baditugu kantu batzuen inguruan, baina ez ditugunak sartu disko honetan bederen, eta geroak erranen nola segituko dugun. Baina momentuko interpretazioan gara. Izan daiteke sorkuntza kantuen adaptazioaren bitartez heltzen al dela? Uste dut haiek horrela ikusten zutela guk kantatzen genuen estiloaren ezberdintasuna eta beharbada Hegoaldean behintzat ez dela hain zabaldua horrela kantatzea kasik a capella kantu gehienak eta hiru ahotsetan, hori da pixka bat gure desberdintasuna. Gaur egun gehiago egiten da hori edo koro handi batean edo musikaz bestituz egiten dela. Denak ederrak dira, eta denak gustukoak ditugu guk, baina gu horrela aritzen gara kantuz eta beharbada hori lotua da gehiago gure eskualdean kantatzen den manera bati. Han jende anitzek kantatzen du a capella eta ahotsetan edo armonizatuz. Guk hautua egin dugu hasieratik, ez sartzea sobera musika tresna, baina uztea ahotsak horrela, lehen planoan.  2014/12/20 - 14:00:09

Aitzinako Loretxu Etxamendi askatu dute Bordeleko aireportuan atxilotu ondoren

Aitzina gazte erakundeko Loretxu Etxamendi atxilotu du polizia judizialak gaur Bordeleko aireportuan Korsikatik sartzen ari zelarik. Arratsean askatu dute eta bere ordenagailua hartu. Atxiloketa berri hau Aitzinako beste hiru kiderenaren ondotik heldu da. Aurreko hirurak Aitzinak bide seinaleen kontra eraman duen kanpainarengatik izan dira, baina azken honek loturarik duen ez da konfirmatua izan. Aitzinak "gogorki salatu" du atxiloketa . Aldi berean Gobernuak Aitzinaren eskaerei entzungor egiten diela ikusirik abenduaren 23an eginen duten Ipar Euskal Herri mailako ekintza gogora ekarri dute, eta elkargune nagusia 12:00etan Baionatik Tarnosera doan bide nagusian izanen dela jakinarazi dute, Sainsontan karrikan. Loretxu Etxamendik kanpoan ikasten baitu etxera sartzen ari zelarik atxilotua izan dela jakinarazi du Aitzinak. Atxiloketa honekin Estatu frantsesak duen jarrera "onartezina eta neurrigabea" dela salatu dute gazteek. Aitzinak atxiloketa berri hau bide seinale frantsesekin lotu du, hori dela eta Euskal Herrian Estatuarengandik "aitortza eta onarpena" behar duen kultura badela erran du. Zentzu horretan gazte erakundeak bi eska egin dizkio Pariseko Gobernu sozialistari: "Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionala eta euskararen ofizialtasuna". Estatuak "aldarrikapenei entzungor" egiten duela ikusirik gazteek "desobedientzian lanean segitzeko" asmoa agertu dute, hori dela eta abenduaren 23an Ipar Euskal Herri mailan eginen duten ekimen "ikusgarria" nabarmendu dute. Gune ezberdinetan garatuko bada, puntu gorena Baionan izanen dela aitzinatu dute gazteek, horretarako hitzordua 12:00etan ezarri dute Baionatik Tarnosera doan bide nagusian, Sainsontan karrikan. Laugarren atxiloketa Gaurko atxiloketa azken hilabeteotan izan den Aitzinako laugarren kidearena da. Urrian Alex Felmanen izan zen atxilotua eta azaroan Ieltxu Ostolazana eta Koldo Etxegarai abenduan, aldiro egunean berean aske gelditu ziren. Urriaren erdialdean Alex Feldman atxilotu zuten Aitzinak Baionan duen egoitza miatu eta bertako material informatikoa hartu ondoren. Baionako parketak lapurtutako ontasun baten gordetzeagatik atxilotua izan zen, Hilabete berantago Koldo Etxegarai eta Ieltxu Ostolazak poliziaren konbokazioa jaso zutela jakinarazi zuten, eta bertaratuko ez zirela jakinarazi zuten publikoki. Uztailaren 14ean frantses hutsezko panoen kontra egindako ekintza batengatik izan ziren konbokatuak. Ieltxu Ostolaza azaroaren 28an atxiloatua izan zen, eta egunean berean aske gelditu zen. Abenduaren 5ean Koldo Etxegarai izan zen atxilotua eta egunean berean ere aske gelditu zen. Hiru gazteak atxilotuak izan zirelarik, aldiro elkartaratzea egin izan da Baionako herriko etxearen aitzinean protesta egiteko. Eta gaurko atxiloketaren salatzeko antolatu zuena ezeztatu egin du.  2014/12/19 - 16:15:06

Akitania-Euskadi euroeskualdeko lankidetza-ardatzak zehaztu dituzte Hendaian

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Alain Rousset Akitaniako presidenteak Akitania-Euskadi euroeskualderako 2014-2020 eperako plan estrategikoa aurkeztu dute gaur goizean Hendaian, eremu askotariko ordezkarien eta hautetsi ugariren aitzinean. Han ziren, esaterako, Hendaia, Hondarribia, Errenteria, Biarritz eta Baionako auzapezak, EHUko errektore Iñaki Goirizelaia edota Baionako Merkataritza eta Industria Ganberako hainbat ordezkari. Arantxa MANTEROLA Aspaldi abiatutako elkarlanaren fruitua izan dela nabarmendu dute. Aazken urteotan eginiko hainbat azterketen ondorioz diagnostiko zehatzak finkatu dituzte hainbat esparrutan eta hortik eratorritako lan-ildoak markatu dute gaur aurkeztutako plangintza. Lau ardatz estrategikoan banatu dituzte lehentasunak: Euroeskualdeko herritartasuna; jakintzaren ekonomia, berrikuntza eta enpresa lehiakortasuna; Lurralde iraunkorra eta gobernantza irekia. Horien barnean sustatuko dituzte, besteren artean, hizkuntza-aniztasuna eta euskararen garapena, berrikitan aurkeztutako euroeskualdeko campusa, enplegu politika komunak, langileen edota gaztean mugikortasuna, energia berriztagarrien garapena edota garraiobideen eskaintza . Euroeskualdea indartzea lehentasuntzat izaki, EBtik datozen fondoen aukerak are eta gehien baliatzea dute helburu. Plan estrategiko honekin Akitania eta EAEn arteko harremanetan bide berri eta aukeraz beterikoa abiatzen dela nabarmendu dute. Euroeskualdea Europar Batasunean duten kokapena indartzeko xedearekin, Akitania-Euskadi 2011.urtean sortu zuten lankidetzarako esparru gisa. Hain zuzen ere, Akitania-Euskadi euroeskualdeak 5,5 milioi biztanle baino gehiago biltzen ditu mugaz bi aldeetan.  2014/12/19 - 16:15:06

Aratz Gomez eta Arkaitz Saezen aldeko gaualdia Ttattola gaztetxean

Azkaineko Aratz Gomez eta Hiriburuko Arkaitz Saez euskal presoak 15 urte daramate espetxean. 1998. urteko azaroaren 16an Irunen atxilotu ondoren, Gomez Madrileko Ocañako presodegian da eta Saez Puerto Santamariako espetxean dira. Heldu den abenduaren 20an, Hazparneko Ttattola gaztetxean euskal preso hauen aldeko gaualdia antolatua da. "Ikus eta sinets" lelopean, Santo Tomas gaua prestatu du Hiri Buruz komiteak. Afari alaitua antolatzeaz gain, bertsolariek ere giroa animatuko dute. Abenduaren 20an, larunbatarekin, 19.00etatik aitzina, Santo Tomas gaua ospatuko dute Aratz Gomez eta Arkaitz Saezen sustenguz. Antolatzaileek adierazi dutenez, trikitixarekin alaitua izanen den gaualdi huntan, Xumai Murua eta Ortzi Idoate bertsolariek parte hartuko dute. Honetaz gain, bideo proiekzioa eginen da. Aurrekariak Aratz Gomez bi urtez Alkala Mekoko espetxean egon da eta zazpi urte beranduago Asturiaseko presondegi batera eraman zuten. Gaur egun, Madrileko Ocaña presondegian dago. Bestalde, Arkaitz Saez Puerto Santamariako espetxe batean dago. Aratz Gomezek bere alaba jaio ondoren, hilabete batera Arrasaten bi oreneko bisita egiteko permisa izan zuen. Ikusi bisita zueneko bideoa.  2014/12/19 - 14:16:24

Guy Poulouk hautetsi abertzale bat "ehiza zizpa batekin" mehatxatu du

Abenduaren 17ko Ziburuko herri kontseiluan, Guy Poulou auzapezak, Ziburu Bizi alderdi abertzaleko Eneko Aldana mehatxatu zuen. Kalapita hasi zen, Aldanak Herriko Etxeari leporatu zioenean alderdiak herriko aldizkarian aurkeztutako testua modifikatua izan dela. Salan zeuden partaideak ez zuten espero erantzun hori entzutea, baina denen harridurako Poulouk erantzun zion: "erraten duzue ez dudala ezta kakotx bat aldatzeko eskubidea, baina momentuz, zuek argitaratzen duzuenarekin, zuek, Ziburu Bizi, zuengana joateko gogoak ditut zuei tirokatzeko ehizako zizpa batekin". Ikusi erantzunaren bideoa (02.23 ordutik goiti ). "Mehatxua" adierazi ondoren, Guy Poulouk segitu zuen bere erantzuna, Ziburuko gutunontzietan banatuak izan diren esku orrien pasarteak irakurriz. Azken hauek erreferentzia egiten dute, auzapezak Kaskaroteneari egindako erasoari. Esku orri horietan, Ziburu Bizi alderdi abertzaleak Kaskarotenea ikastolaren egoera azaldu eta auzoei mobilizatzeko deia luzatzen du. "Gonbidatzen zaituztegu zuen gaitzidura adieraztera eta mobilizazioetan parte hartzera, Ziburuk ikastola bat eduki dezan eta familiek eskubidea izan dezaten haien haurren hezkuntzako hizkuntza hautatzera". Salaketarik ez Eneko Aldanak, Guy Poulouri erantzun zion: "Testu politiko bat baizik ez da. Ez daukazu neri mehatxatzerik". Ziburuko auzapezak momentu hortan gogoratu zion "bera ere mehatxatua izan dela ikastolaren konfliktoarengatik". Talde abertzaleko alderdiak aldarrikatu zuen "mobilizazio batera deitzea ez dela mehatxu bat". Liskarraren ondotik, Eneko Aldanak adierazi zuen ez zuela auzapezari salaketarik ezartzeko intentzioa, "bera bakarrik irrigarri gelditu da".  2014/12/19 - 12:19:09

Nabigatu euskaraz