Hari@

Euskal Herriko egunkari elektronikoa: informazio eta zerbitzuak. Diario electronico en lengua vasca. Quotidien electronique du Pays Basque. Basque on-line journal

Arriskuen aurrean, Ernaux

 2025/02/27 - 18:05:02

Lete ravero bat Iruñean

 2025/02/27 - 18:05:02

Zuloa zen irteera

Zuloa Merina gris Sonido Muchacho, 2025 ------------------------------------------------------- Euskal Herrian ez da orain arte horrelako musika elektronikorik egin. Esango nuke Merina Grisek historian euskaraz egin den elektronika eta hyperpop diskorik landuena egin duela. Ez hori bakarrik, Zerua Orain lanaren ildo bera jarraitu du, konposaketan jauzia eginez. Estribillo gutxiago, eta narratiba indartu batekin. Bikote harreman baten osteko dolua du abiapuntu eta helmuga Zuloa-k. Horretarako, doluaren zulo ezberdinetatik pasatzen da, harik eta bukaeran, Anarik jaso zuen ondoriora heltzeko: “ Beti zuloaren beldur, eta zuloa irteera zen ” . Irteera kantak, hain zuzen, Pixiesen Where is my mind dakar gogora eta nik Fight Club -eko azken eszena berpizten dut: eraikinak lehertzen eta mundua pikutara bidaltzen, eskutik helduta. Baina, oraingoz, hemen, irteerak indibidualak dira: “ Beldurrak bizia salbatu ahal dizu, baina zaude ziur bizitza galduko duzula ” . Titular bat irakurri nuen orain gutxi esaten zuena gaur egun desamodioagatik gehiago sufritzen zela beste garaietan baino, eta dolua heriotzarena baino handiagoa dela. Ez da guztiz arraroa. Heteroarauak izugarrizko lur emankorra du gizarte indibidualista muturreko honetan. Bikotekidearekin proiektua amaituta, amaituta zure esperantzen erdiak, zu zeu zarenaren zati handi bat. Gehituiozu garapen pertsonalaren diskurtso neoliberala eta heldulekurik gabe zaude. Merina Grisekoekin komentatu nuen aurreko batean, artista asko dabiltzala norbere osatze prozesuak bihurtzen diskoetarako material. Zilegi, eta, askotan, eder izateaz gain, dolua gainditzeko kontakizunez gain, maitasuna bizitzeko kontakizunak garatzearen beharra faltan botatzen dut. Desiragarriak diren munduak eraikitzekoa. Zein da belaunaldi honen egiteko historikoa? Ez al dio, Juana Doloresez gain, artista bakar batek ere galdera hori egin behar bere buruari? Egun, badirudi ez dagoela elkarrizketa bat ekoizpen artistikoaren artean, ez bada konpetentzia terminotan. Uste dut hor badela zer edo zer: enpresa hizkuntzak jan digu hizkuntza marxista (jar dezakezu hemen zuri hobeto datorkziun beste -ista bat). Musikariok beste modu batean pentsatzen jartzeko unea iritsi dela uste dut; eta batez ere, elkarrekin pentsatzeko, eta batez ere, musikari ez direnekin pentsatzeko. Merina Grisek ostiko bat jo zuen mahai gainean Zerua Orain -eko pop zakarrarekin, nostalgia irudikatuta belaunaldi galdu baten iruditeria berraktibatuz. Orain, barrura begiratu, eta minaren eta doluaren prozesua norbanakora eraman dute. Hirugarren jauzia behar dugu, sintesia lortzeko, hala nahi izanez gero: belaunaldiaren baitan norbanakoak duen misio historikoaren kontzientzia hartzea. Irten gaitezen zulotik.  2025/02/27 - 18:05:01

DeepSeeken astindua

 2025/02/26 - 16:48:02

“ Oparotasuna zer den birdefinituta, ulertuko dugu zer dugun irabazteko ”

 2025/02/26 - 16:48:02

EITB

 2025/02/26 - 16:48:02

Hatza ezpainetan

 2025/02/26 - 16:48:02

Bretoiera

Iragan urtarrilaren hondarrean, Bretainiako lurraldeko bi hizkuntza gutxituei buruzko azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak publiko egin zituzten bertako arduradunek. Haiek berek aitortu zuten harriturik gertatu zirela emaitzak ikustean. Hain zuzen ere, egoerak eta bilakaerak hotzikarak eragiten ditu. Laburbilduz, hona hemen Bretainia eskualdeko arduradunek plazaratu dituzten datu nagusien aipamen bat. Ondorio nagusia da bretoierak, sei urte barne, hiztunen erdia galdu duela. 1950eko hamarkadan, milioi bat hiztun baino gehiago zituen bretoierak; 2018an 207.000 ziren; eta gaur 104.000 lirateke. Sei urtez %50eko jaustea; bost hamarkadaz, %90ekoa. Gaurko egunean, bretoiera dakite bertakoen %2,7k (%5ek mendebaldeko partean). Erabileraren aldetik, hiztunek diote gehiago erabiltzen dutela. Transmisioa nagusiki eskola elebidunen bidez gertatzen da. Inkesta beraren arabera, Bretainiako jendearen atxikimendua hizkuntzarekiko (%60) handia da, baina iraupen esperantza ahula da (%25). Galo hizkuntzaren bilakaera antzekoa da, nahiz eta horren jaustea ez bretoierarena bezain lasterra agertu. Hala ere, zenbakiek salatzen dute galoa ere behera doala. Bretainian ere bi ikuspegik talka egiten dute zenbakiak aztertzeko orduan, erakundeenak eta militanteenak, eta kontua ez da gaurkoa. Bretoiei beren izpiritu militanteak, biziraupen senak, zulo beltzaren beldurrak erranaraziko die deus ez dela galdua, segur aski, baina errealitatea gordina zaie Hizkuntza politikaren arduradunak eta politikariak diskurtso baikorra zabaltzen ahalegindu ziren. Bretainian, bertako hizkuntzen aldeko atxikimendua azkarra zela – eta dela – erran izan da eta han hizkuntzaren alde hartu neurriak, frantses estatuko beste eskualde zenbaiti konparatuz, gehiago eta engaiatuago kontsideratu izan dira: hautetsiek herri, departamendu nahiz eskualde mailan bretoieraren bermatzea eta sustatzea, hainbat egitura administratiboren diru bideratzea hizkuntzaren transmisio eta erabilerari begira, 2004az geroztik erakundeek bretoiera eta galo hizkuntza eskualdeko hizkuntza ofizialtzat kontsideratzea... Hizkuntzaren egoeraren hobetzeko bideak jarri dituztela diote eta ondorioak ere nabarmentzen. Datuak aurkeztean, gorago aipatu datu horiez gain, ondorioztatu zuten hiztun gazteen kopuruak gora egiten duela, azpimarratu zuten familia transmisioa erabat eten baldin bada ere, eskolen bidezko irakaskuntza garatuz doala, eta sail elebidunaren apustua egin zuten ondoko urteei begira, hizkuntza politikaren aurrekontua berrikusiko zutela hitzeman ondoan. Bizkitartean, bertako hizkuntzaren militanteek beste ikuspegi bat eta beste interpretazio zenbait plazaratu izan dute urteetan zehar, kezkaturik hiztunen adinaren batezbestekoarekin, hiztunen hizkuntz gaitasun ez hain garatuarekin (hiztun pasiboak, komunikazio gaitasun desorekatu eta partziala, ekoizpen soziokultural murritzegia...), hizkuntzaren aldeko baliabide eskasa salatuz. Bretoiei beren izpiritu militanteak, biziraupen senak, zulo beltzaren beldurrak erranaraziko die deus ez dela galdua, segur aski, baina errealitatea gordina zaie. Bi ikuspegi, bi irakurketa, zenbaki beren haritik. Bi bizipen eta bi helburu, dudarik gabe. Nolanahi ere, hango egoerak gogoetak eragiten ditu: behin horretaraino heldurik, zer gehiago egin eta nola? Non da hozka, noiztik goiti da kontsideratzen hizkuntza bere hondarrera heldua dela? Eta hala bada, nork du hori adierazi behar, zeini doakio horren berri ematea? Zein hiztun prest da entzuteko bere hizkuntzaren etorkizuna konfidentziala bihurtu dela?  2025/02/26 - 16:48:02

Trumpen ispilua

Trumpen itzulera pizgarri izan da sendotuz doan eskuin muturreko erreakzionarioen mugimenduarentzat. Izan ere, historikoki, faxismoaren gorakada krisi ekonomikoekin lotuta egon da, baita sistemaren zilegitasun politiko eta ideologikoaren krisiarekin ere. Gaur egun, geldialdi ekonomikoak eta prekarizazio orokorrak etorkizunarekiko konfiantza ahuldu dute eta errudunak bilatzeko joera indartu. Testuinguru honetan, eskuin muturra frustrazio hori kanalizatzen ari da, gutxiengoak eta talde ahulak jopuntuan jarrita. Euren burua antisistematzat aurkezten duten arren, mugimendu horiek elite ekonomikoen interesak defendatzen dituzte, eta diskurtso populistarekin kamuflatzen dute. Barne aniztasuna izan arren, eskuin muturreko alderdi guztiek oinarrizko elementu komun batzuk partekatzen dituzte: enpresa pribatuaren defentsa, fortuna handientzat zerga murrizketa, lanaren desarautzea eta testuinguruaren arabera protekzionismoa edo neoliberalismoa sustatzea. Gainera, gastu publikoa murriztea eta babes sozialerako egiturak deuseztatzea bultzatzen dituzte. Trumpen itzulerak ispilu baten aurrean jarri beharko gintuzke, krisi klimatikoak eta krisi sozialak are gehiago handituko duten desberdintasunaren aurrean Hala ere, gehiengo elektoralak lortzeko, eskuin muturrak gerra kulturalaren estrategia erabiltzen du, gai ekonomikoetatik arreta desbideratzeko eta desadostasuna etsai faltsuengana kanalizatzeko, hala nola immigrazioa edo " genero ideologia " . Diskurtso horrek, batez ere, langile klaseko gizon zuriak ditu helburu. Hain zuen, kapitalismoak bizi-maila eta itxaropenak murriztu dizkienak. Prekarizazio horren aurrean, eskuin muturrak pribilegioak eskaintzen dizkie, beste kolektibo batzuk lan-merkatu eta baliabide sozialetatik baztertuta, eta erresuminean oinarritutako klase arteko aliantza sortuta. Bestalde, neoliberalismo progresistak aukera-berdintasunaz hitz egiten digu, eta gaitz txikiagoaren izenean, meritokrazia eta giza kapitalaren irizpideak oinarri, baliabideak justuki banatuko dituen statu quo baten defentsa proposatzen du. Horrela, langile klasea bi aukeren artean harrapatuta dago: batzuek gutxi batzuen pribilegioa defendatzen dute besteen bazterketaren kontura, eta besteek, berriz, desberdintasuna legitimatzen dute igogailu sozialean oinarrituta. Zentzu ona asaldatzen zaigu norbait jatorriagatik edo sexuagatik baztertua izan daitekeela pentsatzean. Zergatik iruditzen zaigu bidezkoa beste arrazoi batzuengatik jendea atzean uztea? Trumpen itzulerak ispilu baten aurrean jarri beharko gintuzke, krisi klimatikoak eta krisi sozialak are gehiago handituko duten desberdintasunaren aurrean: eskuin muturrak bezala bazterketarekin erantzun dezakegu, edo aberastasunaren banaketan oinarritutako proiektu baten aldeko apustua egin.  2025/02/26 - 16:48:02

Urruñako emakumeak, matxino eta biktima

 2025/02/26 - 16:48:02

Nabigatu euskaraz