isiltasuna baino garrantzitsuagoa delako

isiltasuna baino garrantzitsuagoa delako artikuluen jarioa

Heldu

Heldutasuna. Ume eta gazte ginela heldutasuna izaten zen helburua. "Izan zaitezte helduagoak" zenbat aldiz entzungo nion irakasle bati baino gehiagori. "Noizbait egingo haiz heldu!" zenbat gurasoei entzungo ote nien. Baina zer esan nahi dugu "heldua" esaten dugunean? Batzuetan "konstantea" esan nahi dugu, edo "serioa", edo "kontsekuentea", edo "langilea", edo ... Gizarteak heldutasunera iristera goizegi behartzen gaituelakoan nago. Helduak garela sinetsaraztera. Ezagutu dudan pertsona serio, langile eta azkarrenetako bati jasan behar izan dizkiot jarrerarik umeenak. Bestalde, badakit niri ume-jarrera eduki duela iruditzen zaidan pertsona horrek heldutasun osoz hartuko zuela erabakia. Beraz, zer da heldutasuna? Ez al dugu besteen heldutasuna gurearen arabera baloratzen? Besteen lekuan inoiz egon ez bagara (eta inoiz egongo ez garen ziurtasunarekin), zilegi al da guk besteen heldutasuna baloratzea? Galdera hauek buruan nituela etxera nentorrenean bikote bat ikusi dut atari batean musuka. Nire presentzia ikusi eta atzera egin du bitako batek. Urrundu naizenean berriz ere segi dute musuka. Eta bitartean ni heldutasunari buruzko gogoetetan murgilduta... Inkoszienteki biak etiketatu ditu nire buruak: "atzera egin duena helduagoa balitz, ez luke atzera egingo, atzera egin ez duenak, aldiz, heldutasunez onartu du erabakia". Eta galdera da, inor etiketatzea ez al da heldutasun falta baten seinale? Ala beldur baten erreakzio dira etiketak? Ala heldutasuna, pertsonen araberakoa izan ordez, erabakien araberakoa da? Eta heldua al da inoren heldutasuna baloratzeko beharra duen hori? Heldua ez al da aurrean duena nolakoa edo nor den baloratu gabe esan nahi duena dioena? Ala umekeria arriskutsu bat litzake hori? Agian bere umetasun falta ezkutatu nahi duen inoren kareta izan daiteke heldutasuna?  2025/02/17 - 00:15:02

Elumetan

Atzo elurra egin zuen, eta herri osoa zuritu zen. Herri hau ez da aspaldian hain polita egon. Etxetik atera orduko umorea alaitu zidan elurrak. Eta egun osoan zehar egin zuen elurra. Aspaldian ez nuen elurra ari duela kalean ibiltzeko aukerarik izan. Elurra jostalari zebilen, aurrera eta atzera, jira eta buleta, jostalari. Jostalari, harik eta inongo lotsatienaren moduan gure gorputzean pausatzen den arte, otzan-otzan, ikaratuta bezala, lotsati. Jostalaria eta lotsatia bezain engainagarria den elurrak egun polit bat oparitu zigun atzo. Une batez, ume sentiarazi gintuen. Polita izan zen.  2025/02/17 - 00:15:02

Denbora gelditu nahiko nuke

 2025/02/17 - 00:15:02

ni hesi

 2025/02/17 - 00:15:02

solasean jolasean: hotza

 2025/02/17 - 00:15:02

Bigarren aukera

 2025/02/17 - 00:15:02

Ilargira bidean

Erabakiak hartzeko gai garen unetik, erabaki horien ondorioak onartzeko gai izan beharko genuke. Ez dugu beste erremediorik egia esan. Beste inor arduratu ezean, denbora bera arduratzen baita bakoitzari bere erabakien ondorioen berri emateaz. Ondorioak, ordea, ezin dira aurreikusi. Horretan datza erabakiak hartzearen zailtasuna. Zenbait erabaki zuzenek ere ondorio okerrak ekar ditzakete. Eta horregatik erabakia okerra izan dela sinesten dugu. Zenbait hilabetetan ibili naiz urte hasieran hartutako erabaki baten ondorioak onartu eta sufritzen. Inor gutxi izaten da gai sentitzen duena aurpegira aitortzeko, baina zuk ez zenuen gutxiago merezi. Eta nahiz eta “Love Actually” pelikulako aitortzekin zerikusirik ez eduki, ez zen izan hala nahi izan nuelako. Horregatik pentsatzen dut erabaki zuzena izan zela, denboran atzera egin eta berriz erabakia hartu beharko banu ezer ez esatea erabakiko nukeen arren. Ia lagun oso on bat galdu dut hartu nuen erabaki horren ondorioz. Zu zeu. Baina zuk sentitzen dudana jakin izanak ere merezi du hainbeste akaso. Dudan pena bakarra da buruan ditudan gogoeta hauek entzuteko ez duzula gogorik. Gauza gehiago ere baditut esateko, baina entzuteko inor ez dagoen bitartean alferrik. Idatzi hau ere, horretarako sortua izan denez, sarean galduko delakoan nago. Eta ez pentsa denbora kontua denik. Zuk ere onartu beharko duzu ikusten zaitudan bakoitzean entzun nahi ez dizkidazunak etorriko zaizkidala burura. Edo elkarri esan ez dizkiogunak. Dagoeneko bihotzak ez du buruarekin batera sufritzen, baina biek jarraitzen dute martxan. Zuk urrats bat hondartza aldera eta nik beste bat itsaso aldera ematean ere elkarrengana gerturatzen ari baikara borobila den mundu honetan.  2025/02/17 - 00:15:02

Zuk

Ohean etzanda. Saiheska, eskubitara begira. Zu. Gora begira. Zu. Ezkerretara. Zu. Berriz eskubitara. Eta berriz zu. Zu. Berriz ere loari tokia kendu diozu nere ohean.  2025/02/17 - 00:15:02

gaur ez

Maitasunaren eguna delako, eta ez kontsumismoarena, mesedez, gaur ez oparitu arrosa gorririk, edo bonboi kaxarik. Eman iezaiozu musurik maitagarriena, egin maitasuna aspaldian ez bezala, oparitu maitasuna. Eta ez baduzu nori eman, egin, oparitu, orduan, egin, eman, oparitu iezaizozu zeure buruari, hori baita beste edonori emateko lehen pausoa. Zuek ere (beste era batean) maite zaituztedalako...  2025/02/17 - 00:15:02

ezin ahaztu

Bizitzan une asko daude ahaztu ezin direnak. Oroitzapen asko gure memorian. Behar ez ditugunean burura datozkigunak, eta behar ditugunean gogoratzea hainbeste kostatzen zaizkigunak. Zorionez, une ahaztezin asko pasa ditut bizitzan. Zoritxarrez, ahaztuko ez ditudan une gehiegi pasa ditut bizitzan. Zurea. Zurea. Eta zurea ere ezin dut ahaztu. Harreman hasierak, harreman amaierak, lagunekin igarotako momentu onak, familiako momentu sentituak, zoriontsu izandako uneak eta negar malkoak gastatu zitzaizkigun uneak. Une horiek ezin dira ahaztu. Baina horietatik, une txarrak burutik kendu behar genituzke lehenbailehen. Lekzioa ikasi orduko kendu beharko genituzke burutik. Burutik kendu diot, ez ahaztu, ezinezkoa baita une batzuk ahaztea. Edozein detailek ekar diezazkiguke une horiek oroimenera; arropa batek, kolore batek, usain batek,... baina goibeltzen gaituzten uneak badira, burutik kentzen jakin beharko genuke. Alaitzen gaituztenak badira, aldiz, utzi eguna alai diezaguten.  2025/02/17 - 00:15:02

Nabigatu euskaraz