(titulua)

"Blogger"

You're about to be redirected

The blog that used to be here is now at http://www.etnomet.eus/atom.xml.
Do you wish to be redirected?

This blog is not hosted by Blogger and has not been checked for spam, viruses and other forms of malware.

Help Center | Terms of Service | Privacy | Content Policy | Developers
Copyright © 1999 – 2016 Google

Ez da hainbesterainoko beroa, oraingoz.

Dagoeneko Euskal Herriko mendebaldean iparra sartu eta iragarritako beroa, badirudi ez dela larria izango. Blogaren termometroan ikus dezakezuenez, ordu honetan, goizeko 11:45ak, harrigarri samarra bada ere, beherena Deustu aldean dugu, 22ºC, aipatu bezala, erasaten hasi duen iparraren eraginez. Bestalde, asteburua, antza denez, osterantzekoa izango da, umela eta hits antzean. Zer egingo diogu, ba! Dagoenean bon-bon, eta ez dagoenean Gora Paraguay!!  2010/07/01 - 10:52:04

Arotitz ederrena

Hemendik hartua Oraingoz, botoa eman duzuenon artean honelaxe doa "arotitz ederrena" aukeratzeko lehia: "Antzigar" doa gailenduz, 73 bototik, 15 eskuratu ditu. Zein da, zure ustez, "arotitz" ederrena? Answers Percent Votes 1 Afrontu 16% 12 2 Antzigar 21% 15 3 Enbat 7% 5 4 Lanbro 16% 12 5 Ostadar 14% 10 6 Ekherri 11% 8 7 Sargori 15% 11 Total Votes: 73  2010/06/24 - 12:49:01

Beltxargaroa

Hona hemen Deustuko kanaleko azkan asteotako protagonista, Lepatente beltxarga! Bai, ez da aise jakiterik klima aldaketak eragindakoa denetz, baina, morrosko edo morroskana hori -ez baitakit arra ala emea den- gurekin batera bizitzen geratu da lasai asko. Jendearen eta beraren arteko harreman polit askoa sortu da; batere beldur barik sarritan lehorrera atera eta denetariko janaria ematen diote: letxuga-orriak. ogi-zatiak... Gainera, hegaz ere egiten du, jakina. Osteratxoak egiten ditu kanalean zehar, harro-harro. Beraz, badirudi ez dagoela gaixorik. Gauza bat aitortu behar dizuet: ikusten ez dudanean, faltan izaten dut, pentsatzen dut ea alde egin ez ote duen. .., baina, ez, azkenean, beti begiztatzen dut. Argazkia etxeko terrazatik dago hartuta eta edonon egindakoa ez dela frogatzeko beste honako hau eransten dizuet Deustuko kanala ondo ikus dezazuen. Lehen esan bezala, horrelakoak jazotzen direnerako, aroari loturiko berba berriak asmatu beharrean egongo gara, bai horixe!!  2010/05/27 - 20:44:02

Eguaro ederra ekarri du maiatzaren erdialdeak

Bai horixe! Gogoko eta atsegin dudan horretariko eguraldiaz gozatzen dugu asteon, ondo gozatu ere. Izan ere, ez dauka ezertariko gorrotorik, ez horixe! Goizez, hotz freskoa eta eguerdi-arratsaldez, bero hozkirria gure gorputza ikara ez dadin. Euririk jardungo ez badu, gurago dut honelako aroa; etxetik irteten naizenean hozkirriaren zaplada bekokian igartzeak zelanbaiteko poztasun mugagabea ekartzen dit eta arratsaldez, eguzkiak garuna kitzikatu, baina ez kiskali, egiten nauela sumatzeak itsasoak beteko bozkarioa igorrarazten dit. Eki-haizeak eta horretarikoak izaten dira eguaro mota honen errudun. Sugandilaturik naukazue. Gora ekialdea!! Noiz artio iraungo ote digu? Asteburuak erranen!!  2010/05/19 - 22:57:03

Maiatz hotzak dakartza pozak

Hemendik hartua Zer, pentsatzen zenuten lehengo asteazkenean -apirilak 28- aroak guztiz, zeharo eta erabat udaldera joko zuela, ezta? Bada, ez, ez, eta ez. Maiatzaren lehenengo astea udaberriaren erdia da eta gertatu ohi denez, urtaroen erdialdeetan eguraldiak hotz aldera egin ohi du gehienetan. Hori dela-eta, asteon zelanbaiteko hozkirria jasan beharko dugu. Egundoko gorabeherak izaten dira udaberri erdialdeko hilabete honetan, batzuetan uda aldera jo ohi duena eta besteetan negu aldera. Negua berbabide, euskaraz hotzaren harira badauzkagu zenbait arotitz: Maiatza, erdi hotzak eta beste erdi goseak il omen zuen. Maiatza, erdia hotzak hil eta beste erdia beroak erre. Maiatza hotz, urtea motz. Maiatza hotz, urtea poz. Maiatza hotz, urtea zorrotz. Maiatzean elurra urrezkoa. Maiatza hotza eta ekaina errautsa, laboraria urguilutsua Maiatz hotzak dakartza pozak. Frantzia eta Alemania aldean "izotz-santuak" direlakoak ere badira. Zamora aldean gaztelaniaz ere badago atsotitzik: La helada de San Bernardino, quita pan y no da vino (maiatzak 20) eta La helada de Santa Rita, todo lo quita (maiatzak 22). Goizeko neguko giroak nekazaritza kontuetan kalte handi eta larri samarrak sortarazi ditzake, beraz, baserritar eta nekazariak beldurrak airean, alajaina! Eta hilaren erdian hotzak hila eta beste erdian beroak errea izaten garenez gero, a zer-nolako arropa-dantza ikusten dudan goizez. Gaur, adibidez, batzuk mahuka motzean, alkandora hutsean, ikusi izan ditut despistatu samarturik eta beste batzuk, ostera, guardasola aldean, jertse, txamarra eta guzti! Zoratu beharrean gauzka maiatzaren hasiera hozkor honek. Guztiarekin ere, ni ez nauzue batere goibel, ez horixe!  2010/05/03 - 21:29:03

Aro deitoragarria!!

Hemendik hartua Iradokizunak onartzen dira atzo erasan zigun beroa definitzeko. Hona hemen zenbait: deitoragarria, hankazpi erregarria, burugain kiskalgarria, betile suntsigarria, belarriertz asaldagarria, betaurreko irristagarria, hatz-mami uxatzailea, gorputz itzalgarria, garun estugarria, irudimen akabatzailea, gogo akigarria, handik-hona ibiltzeko etsai amorragarria, aire girotuen zale porrokatua, eskolen urrunarazle soila, hankarteko itsasgarri sotila...  2010/04/29 - 22:37:05

Gizakiak behar ehün urte bizi apirila eder baten ikusteko

Hemendik hartua Arratsaldeko 18:50 eta blogean ezarrita dauzkadan estazio meteorologikoek honako tenperatura hauek ematen dituzte: Deustu: 25,2 ºC Gasteiz: 26, 2ºC Zarautz: 17, 3ºC Nork esango ote zuen "gizakiak behar zituela ehun urte bizi apirila eder baten ikusteko"? Horren arabera, lasai asko bizi gintezke aurtengo apirila ezin ederragoa delako, euria eskas, hozbero a tamainakoa eta giroa bikaina. Zer dela-eta Deustu eta Zarautzen arteko 8 graduren aldea? Ez nauzue begiratzen Meteosat -en, baina ziur asko honezkero lanbroa sartuko zuen Zarautz aldean eta hori dela-eta, tenperaturak ez du gora egin edo nabarmen behera egin du. Nik, egia esan, hainbesterainokorik ez dut nahi izatean. Aitortu behar dut eguzki gose apur bat banuela, baina gaurkoak gaina hartu dit, ia goia, gorenera heltzeraino. "Apirila bero, negua gero" dio beste arotitz batek. Kontuz, eguzkiaren ondotik datorke des-eguzkia, malenkoniatsuen ilargia, alegia. Eguzkizaleak, biba zuek!!  2010/04/27 - 17:16:05

Aste Santuaren osteko haizea, ekialdetikoa?

Ezaguna da Aste Santuaren aurretiko haizea Garizuma haizea esaten zaiola. Izan ere, Garizumak, bete-betean harrapatzen du Hausterre Egunean hasten den Erlijio Kristauaren garai hori. Ekialdetik gupidarik gabe astintzen duen haizea dugu eta Gipuzkoa aldean, gutxienez, bi aldaera ditu, Gaizemaize , Tolosan eta Garaizumaize , Amezketan. Azken honetan, ziurrenik, Garizum a eta Garai berben arteko talka jazo da, hiztunek gogoan izan dutelakoan. Jakina denez, ekialdetik etortzen zaigun haizea ez da batere beroa izaten Garai honetan, lehorra eta hotza. Behin Aste Santua eta Bazko astea igarota, horrelako haizeak inarrosiko omen dizkigu gorputzaren biloak. Lazterainokoa izango ote da?  2010/04/07 - 22:57:06

Ahuntzak hiltzerainoko haizeaz geroztik...

garunak urtzerainoko haizerarte. Lazgarri txundigarria izan da haize batetik bestera izan den aldaketa izugarria. Begi bistan dago haizeek menperatu, oinperatu, azpiratu egiten gaituztela. Martxoaren 8an, frantsaizea lagun, elurraren mara-marak iratzarri gintuen Bilbo aldean, 1ºC zela, eta handik astebetera, herriko haizearen firin-farak belarriak zulatu zizkigun arratsaldean 24ºC zirela! Hamaikatxo haize sufritzeko sortuak gara, bai horixe! Basamortu aldean gau eta egunaren arteko hozberoaren gorabeherak arrakalatzen omen ditu bertako harriak. Horren arabera gure gorputzak hilozturik izan behar genituzke honezkero! Emaiozue ukenduren bat azalari, osterantzean bulldog arrazako txakurra baino are zimurtuago egongo gara. Haizeak haize, euskaldun gizakiaren adimenaren begiak argiro antzeman zion joera honi eta atsotitz labur eta jakintsu batean laburbildu zuen gure bizimodua inarrosi eta baldintzatzen duen haizeen gurari zehatz eta jakina: Iparra bebil eta mendebala bego, hego gero. Arrotz bati zertan den gure eguraldia azaltzekotan horixe baizik ez genioke esan beharko. Horretantxe azaleratzen da zein den haizearen nondik-norakoa eta eguratsaren bilakaera. Lehenengo eta behin, zenbait egunetan ipar haizea ibiltzen da, euria, elurra eta hotza, alegia, gero, mendebala, are epelagoa eta azkenik gure izterbegi amorratu-porrokatua buru-gaineratzen zaigu, barne-muinetarainoko samina areagotzen diguna, hego haizea. Beraren zikloa amaitzekotan dagoela, ipar-haizearena atzera ere etorriko zaigu. Geroak erranen!  2010/03/21 - 16:00:05

Beheko haizeak aurretik garabiltza!

"Hego haizea" Zoltan Szabo Burmuin ororen xukatzailea, ile-adatsen lardaskatzailea, buruko min emaile amorragarria, zuhaitzen dantzagarri su-gartsua, gonen jasotzaile porrokatua, gorputzaren atal guztien ikararazle gupidagabea, andre askoren haize kutuna, errekorren zapuztaile madarikatua, futbol euskal taldeen eta bereziki, Athleticen jokoaren bazter nahastailea, gaueko zurrunbiloen sortarazle bihozgabea eta loezinaren eragile errukigabea, oin anitzen hanpatzaile doilorra, aldarte onaren aldatzaile zitala, hainbat kalapitaren sustatzaile gailena hintzen, haizen eta haizatekeen hego haize horrek, mesedez, faborez, otoi eta arren emaiguk bakea!!  2010/02/24 - 11:21:11

Nabigatu euskaraz