Markos Zapiain

Filosofiaren zero-fonema

Hizkuntza politak dira frantsesa eta espainola, baina apur bat zakarrak eta primitiboak: mihia eta hizkuntza adierazteko hitz bera erabiltzea ere... Seguru iberierak argi bereizten zituela. Jakobsonek zioen terminologia filosofikoak joera duela zeinu-sistemei, edozeini, “hizkuntza” deitzeko; eta giza mintzairari, berriz, zehatzago, “hitzen hizkuntza”. Hala ere, “hitzen hizkuntza” baino egokiagoa iruditzen zaio Jakobsoni “fonemen hizkuntza”. “Quanta linguistikoak” zeritzen fonemei. Ez dute esanahirik baina, aldi berean, ezinbestekoak dira esanahiak bereizteko. Fonemen izaera berezi horri esker ei da giza mintzaira hizkuntzen artean lehena, hizkuntza ororen habea, jabea, sostengua eta ohorea. Horrela pentsatzen zuen Jakobsonek, harik eta biologiak erakutsi zuen arte ezen biziaren eta hizkuntzaren ezaugarri analogoak harrigarri ugariak direla; besteak beste, fonemek bezalaxe jokatzen dute kode genetikoaren nukleotidoek. Herentziaren analisi molekularrari begira biziki baliagarria dela hizkuntzalaritza idatzi zuen François Jacob biologoak. Filosofiari dagokionez, Sokratesen “dakidan gauza bakarra da ezer ez dakidala” dugu ziurrenik pentsamenduaren zero fonema.  2025/02/22 - 19:17:04

Azpeititik dator iraultza

Halako batean, Joxin Iturriotz azpeitiarra bidali zigun gotzaindegiak Erlijio irakasle. Lehenbiziko egunean, Joxinek erlijioaren ezaugarri orokorrak aipatu zituen, erabili izan diren definizioak, kristautasunaren berezitasunak… Ikasleak flipatuta. “Para ya, tío, que estamos en Erlijio! Esto ez bullying! Pon la de Titanic!” Egoeraz jabetuta, gelaz gela joan zen Joxin matrikulazio garaian, eta ikasleei jakinarazi zien Erlijio ikasgaiak programazioan zekarrena eskaintzen eta betetzen ahalegintzeko asmoa zuela, ez zutela filmik ikusiko, gehienez ere dokumentalen bat, eta ez zela ezinezkoa 10 ez ateratzea. Jakina, izugarri jaitsi zen hurrengo ikasturtean Erlijioko ikasle-kopurua.  2025/02/13 - 11:22:03

Ikasle bakar bat ikastalde. Filmak

Urte batean DBH 1eko ikasle batek 6 edo 7 atera zuen Alternatiban, baina gurasoen erraien sentimendua eta konbentzimendua zen 10 merezi zuela, eta, suminduta eta mendekuz, hurrengo ikasturtean Erlijion apuntatu zuten. Ikasle bakarra zen. Berak bakarrik pasa zuen urte osoa Erlijion. Irakasleari ere ez zitzaion erosoa egin. Baina horixe da (edo zen 2016 inguruan, ez dakit aldatu den) elizak hezkuntza-sailarekin duen akordioetako bat: gainerako ikasgaietan ez bezala, aski da ikasle bakar batek Erlijio eskatzea ikastalde ofiziala era dadin, ikasle bakarrak osaturiko ikastaldea. Askoz ere ikasle gehiagoren eskaera behar da Geologiako edo Psikologiako talde bat sortzeko. Eta Islamean oinarrituriko Erlijio ikasgaia sortu ahal izateko, 15 ikaslek eskatu behar dute gutxienez. Bestalde, aspalditik jo izan da normaltzat Erlijion programazioa irakatsi beharrean filmak ikustea, horietako askok inongo harremanik ez izan arren Erlijiorekin; gehienez ere, zeharkakoa, eta tematiki eta garunak bortizki astinduz bilatu beharrekoa. Erlijioarekin lotura garbia zuten batzuk: El beso de Dios, El evangelio de las maravillas, El exorcista, El cielo es real, Dios no está muerto: una luz en la oscuridad, La espina de Dios, La obsesa… Ez hain lotura nabarmena: Mató a su familia y se fue al cine, Los surfistas nazis deben morir, Mi abuela es un peligro, Marcianos al ataque, La increíble pero cierta historia de Caperucita Roja, Little Miss Sunshine (popularrena) eta abar. Bestalde, notetan ikasle guztiek beti 10. Zelan ez du bada Erlijiok egundoko erakarmena izango, nola ez zaie ikasgai lehiakideei gailenduko, nahiz eta Erlijioko ikasleek gainerakoek bezain gutxi jakin Adan eta Ebaz, sugeaz eta mokoan olibondoa zekarren usoaz, Abraham eta Jobez, Ama Birjinaz eta etsaia maitatzeaz… Aingeruez apur bat bai, “¡Qué bello es vivir!” ere ipintzen baitzieten.  2025/02/13 - 11:22:03

Juduak

2016 edo 2017ko eguerdi batez, gizon batek nirekin bakarrik hitz egin nahi zuela. Egin behar zidan eskaeraren berri ez zabaltzeko erregutu zidan. Gure ikastetxean nahi zuten semea matrikulatu. Frantziatik zetozen. Jasangaitza bihurtu zitzaien bizimodua Frantzian. Bizilagunek eta semearen ikaskideek bazekiten juduak zirela eta beren aurka jotzen zuten israeldarrek Gazako edo Zisjordaniako palestinarrak eraso zituzten aldiro. Pairamena gainezkaturik, Espainiako muga igaro eta etxe bila zebiltzan. Baldintzak: ahalik eta jenderik gutxienak izatea beren judutasunaren berri; eta eskolan semearentzako koxer janaria ziurtatzea, hori ere ahal bezain diskretuki. Alegia, eta besteak beste, ezin hozkailu berean okela eta esnekia gorde. Galdetuko nuela jantokian. Arduradunei arazoa planteatu eta ezetz: hozkailu-kopurua bikoiztu behar, lan handiagoa, nahaste-borrastea. Eta aski erreta zeudela ikasleek elkarri patata-tortilla troskoak jaurtikiz egiten zituzten guduak eragozten. “Martxa honekin, Tel Aviven jarri beharko dugu bizitzen”. Horrenbestez, juduei ere adio.  2025/02/13 - 11:22:03

Ikasleak kontserbadurismora bultzatu

Iraultzaile franko dagoenez eibar.org-eko blogen irakurleen artean, eskuliburuari leporatzen zaion bekatuetako bat aipatuko dut: borrokatzeko gogoa desaktibatzen lagundu ei dezake, kontrairaultzailea izan liteke. Alta, bistan da ezin zuzenagoa dela sistemaren bidegabekerien aurka borrokatzea. Eta larridura nerabea izan liteke borroka horren bultzatzaileetako bat. Ordea, eszeptikoei ez ezik, estoikoei ere kontserbadurismoa leporatu zaie. Ez zaitez mundua aldatzen ahalegindu, aldatu zeure burua, egokitu zeure burua gizarteari, gizartea injustua izan arren. Amor fati , goitik behera onartu patuak dakarkizuna. Dena den, ikasleek erakusten dutenez, badago jarrera estoiko hori borroka politikoan txertatzeko bide teorikorik. Demagun guztia onartzera deliberatzen garela, amor fati , patuak gizarte hau ekarri dit, amen. Alde batetik, edozein gisaz, onartu beharra legokeen errealitatearen aldeetako bat litzateke gizartea aldatzeko grina ere. Gertaera guztien maitasun horrek, bultzada iraultzaileak maitatzera ere eramango gintuzke. Mundua maitatzeari eutsirik ere, xede politiko-sozialen aldeko borroka onartuko genuke berebat horrela, gizartea aldatu nahia ere errealitatearen edo patuaren alde edo adierazpenetako bat bailitzateke. Bestetik, helburu horiek lortzeko borrokan, ez al da onuragarria eta praktikoa burkide eta borrokakideen arteko harremana lasai samarra izatea? Beti izaten dira zailak eta mingarriak giza harremanak, eta, dirudienez, are gehiago alderdi politikoen, gizarte mugimenduen edo komandoen baitan. Hala ere, helburuen bila erabili beharra dago indarra, eta ez burkideen arteko gatazketan alferrik galdu, batez ere ezkerreko mugimenduetan maizegi gertatzen den bezala. Ez dirudi txarra borroka irabazi arteko sufrimendu psikikoa poxi bat apaltzeak; besteak beste, buru-bihotzak ondo dituzula, eraginkorragoa izan baitaiteke zeure borroka.  2025/02/12 - 00:00:00

Adimen Artifiziala laikotasunaz

Laikotasunari buruzko serie honi buruz pentsatzen hasi nintzenean, egokia bezain zuzena iruditzen zitzaidan Arendten diskrezioa imitatzea. Ordea, bien bitartean Adimen Artifiziala agertu zaigu. Chat GPT-ri galdetu diot: “Zeintzuk dira laikotasunaren aldeko arrazoirik sendoenak?” Segundoa igaro baino lehen, hauxe erantzun dit euskara garbian: «Laikotasunaren aldeko arrazoirik sendoenak honako hauek dira: 1 - Fede askatasuna : Laikotasunak sinesmen erlijiosoen askatasuna bermatzen du. Herritarren fedea eta sinesmenak ez dira estatuaren eraginpean egon behar, eta pertsona bakoitzak bere erlijioaren arabera erabaki dezake. Laikotasunak erlijioaren eta estatuaren arteko muga finkatzen du, eta horrek aniztasun erlijiosoari errespetua ematen dio. 2 - Justizia eta berdintasuna : Laikotasunak estatuaren erabakiak erlijio edo sinesmenen arabera ez hartzea ahalbidetzen du, eta horrek sistema juridiko eta politikoaren neutralitatea ziurtatzen du. Horrela, gizartean pertsona guztiak berdin tratatzen dira, ez delarik erlijio edo sinesmenaren arabera bereizten. 3 - Demokraziaren sustapena : Laikotasunak gizartean askatasun politiko eta sozialak bermatzen ditu, eta horrek demokratikoki hautatutako ordezkariak erlijio-eraginik gabe aritzeko aukera ematen du. Horrela, gizartearen erabakiak herritarren nahiaren arabera hartzen dira, erlijio edo sinesmenen esku-hartzerik gabe. 4 - Hezkuntza eta zientzia : Laikotasunak hezkuntza sistema publikoan erlijioaren presentzia murrizten du, eta horrek zientzia eta jakintza objektiboaren garapena sustatzen du. Estatuaren hezkuntza politikak erlijioaren eraginik gabe garatzen dira, eta ikasleek desberdintasun erlijiosoak alde batera utzita hezkuntza inklusibo eta pluralista jasotzen dute. 5 - Gizarte kohesioa eta aniztasuna : Laikotasunak erlijio desberdinen arteko elkarbizitza sustatzen du, gizartean aniztasun erlijioso eta kulturalak errespetatzen direlarik. Horrela, talde desberdinak eta sinesmen desberdinek bakean bizitzeko aukera dute, estatuaren eraginik gabe. Laburbilduz, laikotasuna demokraziaren, askatasunaren eta gizarte kohesioaren oinarri gisa agertzen da, eta gizarte guztientzat baldintza justu eta berdinak eskaintzen ditu». Galdetzen jarraituz gero, arrazoi objektiboetan oinarrituriko eta ondorio objektiboetan garaturiko liburu inpekablea idatz dezakezu Adimen Artifizialak lagunduta; zeuk, neuk eta beste edonork. Hortaz, bistan denez nik baino hobeki ematen dituela Adimen Artifizialak laikotasunaren aldeko eta kontrako arrazoiak, eta laikotasunaren egoeraren berri munduan, fidagarriagoak eta gaurkotuagoak dituenez laikotasunari buruzko datuak, erabaki dut laikotasunaren aldeko sermoi hauek Adimen Artifizialari ustez helezinak zaizkion sentimenduz eta pasadizoz eraikitzea —helezinak oraingoz, bederen, eta auskalo. Dirudienez Adimen Artifizialaren esku ez dagoen zerbait idaztea erabaki dut; alegia, nola iritsi naizen ni neu laikotasuna aldeztera, Pascali bezala aski gorrotagarria baldin bazait ere nia, eta Arendten diskrezioaren imitazioa traizionatu beharko dudan arren. Theodor W. Adornok zioen Walter Benjaminen prosari lehen pertsona singularra gutxitan erabiltzetik zetorkiola sinesgarritasuna, kalitatea eta indarra, objektibotasun filosofiko berezi bat. Kontutxo pertsonalak baztertzeak eta “ni” ez erabiltzeak bere burua ahaztea eta kontzeptuetan sakonki murgiltzea ahalbidetzen ei zion. Halatan, hemendik aurrerakoak, irakurle, ia ez du sinesgarritasun, kalitate, indar eta objektibotasun filosofikorik izango. Pena da baina hala da.  2025/02/12 - 00:00:00

Emerik ez

/m/-a da munduko hizkuntzetan gehien erabiltzen den kontsonantea (% 96); ondoren /k/ (% 90), /j/ (% 90), /p/ (% 86) eta /w/ (% 82). Baina protoeuskaran, akitanieran eta iberieran /m/ ez da ageri; nahiz eta, “memelo” hitzak erakusten duenez, arrunta den euskara historikoan. Ezohikoa halaber: bost kontsonante horietarik, bakarra darabilte protoeuskarak eta akitanierak: /k/ Ivan Igartuak dioenez [1] , edozein hizkuntzatan da deigarria /m/-ren absentzia, baina are deigarriagoa da hizkuntza horrek /n/ eta /b/ fonemak baldin badauzka; eta horixe da akitanieraren eta protoeuskararen kasua. Amaitzeko, eta Txikillanak esango lukeen bezala: besterik ez. [1] “Algunos rasgos de la onomástica vascónico-aquitana a la luz de la tipología lingüística”, Entre el Ebro y el Garona liburuan jasotako artikulua; argitaratzaileak: Alvaro Arrizabalaga, Joakin Gorrotxategi, Estibaliz Ortiz de Urbina, EHU, Gasteiz, 2024, 373-375.  2025/02/12 - 00:00:00

Estepa pontikoa

Estepa pontikotik zabaldu zela indoeuropera lau haizetara aldarrikatu zuen Marija Gimbutas lituaniar arkeologo eta hizkuntzalariak. Bat datoz Harvard Unibertsitateko eta Max Planck aleman Institutuko berezilariak. Pontikoko artzain haiek ekarri zuten Iberiar Penintsulara indoeuropera, eta zeltiberiera bilakatu zen penintsulan. Jürgen Untermann hizkuntzalari alemanak mapa ospetsu bat sortu zuen, “ili/ilti” iberiarra eta “briga” zeltiberiarra nagusi diren eskualdeak bereiziz: geneek ez ezik, ederki laguntzen baitu toponimiak ere indoeuroparrak aurreindoeuroparrei non nagusitu zitzaizkien ikusteko orduan. Gizonak etorri ziren Errusiako estepetatik. K.a. 2500 inguruan heltzen hasi eta berehala desagertu ziren bertan zeuden leinu maskulinoak. Orduz geroztik, Iberiar Penintsula osoan, kutxatila-zelaien kultura ekarri zuten gizonen leinua baino ez da gelditzen, nola zeltiberiarren artean, hala iberiarren eta euskaldunen artean. Iñigo Olalde genetista handiak Edu Lartzangureni Berria n argitu zion ezen «ez da bertako gizonezkoak galdu zirela, baizik eta haien leinuak. Esaterako: nire birraitonak lau birbiloba izan baditu, eduki ditu ondorengoak; baina ondorengo horiek bere alabaren aldetik badatoz bakarrik, semeak ez zuelako haurrik izan, orduan, gizonezkoen aldeko ildoa edo leinua galdu da». Zer gertatu zen? Genozidio gisako baten hipotesia ezin da erabat baztertu (estepako gizonek hemengo emakumeen jabetza esklusiboa lortzeko gizonak akabatu izana), baina ez dago balizko bortxakeria haren inongo aztarnarik. Badira bestelako hipotesiak ere. Olalde: «Kanpoko klan horiek maila sozial askoz altuagoa izango zuten, eta haien semeek jasoko zuten gero haien aberastasuna eta estatusa». 400 eta 500 urtez, belaunaldiz belaunaldi, askoz ondorengo gehiago izango zituzten bertakoek baino, eta, azkenean, hemengo leinuak galdu egin ziren. Gainera, nabarmen zen indartsuagoa eta aurreratuagoa indoeuroparrek zekarten kultura. Edozein gisaz, Iberiar Penintsulako herri batzuek aurretik zerabiltzaten hizkuntzei eutsi zieten. Horien artean, iberiarrak eta euskaldunak. Nondik nora? Azalpen posible bat: amek transmititu zieten hizkuntza umeei, ez aitek. Penintsulako amek seme-alabei beren hizkuntza indigenan mintzatzeari eutsi zioten, eta halaxe jarraitu zuten. Nahasketaren osteko lehen belaunaldietan, gizarte elebidunetan haziko ziren haurrak: indoeuroparra izango zen aitaren hizkuntza; eta amarena, berriz, ez-indoeuroparra: euskara edo iberiera. Dena den, elebitasun-prozesu horrek ez zuen emaitza uniformerik eman Iberiar Penintsula osoan. Horren arrazoiak izan zitezkeen demografikoak, kulturalak, merkataritzari lotuak, etab. Kontua da eskualde batzuetan indoeuropar hizkuntzak gailendu zirela eta beste batzuetan ez-indoeuroparrak. Euskaldunek euskarari eutsi zioten. Iberieraren azkeneko aztarna epigrafikoak, ostera, K.o. lehen mendekoak dira. Erromatarren latinak desagerrarazi zuen.  2025/02/12 - 00:00:00

Liburutegietako apaletan

elkarrekin bizi dira  2025/02/12 - 00:00:00

Gehiago, gutxiago

Hiru neurri, adierazleen eta adierazien arteko harremanetan  2025/02/12 - 00:00:00

Nabigatu euskaraz