Lagun batek esan dit...
San Frantzisko (IV)
Zazpi Kaleetan aurkitu ginen gero, arratsaldean eta albistea oraindik bolo-bolo zebilenean, eurak trago bat hartzen eta gu paseatzen. Berehala irten zen sutearen gaia, ezin zen bestela izan. Ferminek esan zuen etxeko zapatiletan irten zirela kalera, eta denok barreka jarri gintuen, zehaztu zuenean San Frantziskoko biztanle petoak horrelaxe ibiltzen direla hara eta hona, etxeko zapatiletan kaletik. Algara ederra izan zen, barre sano horietakoa. Baina segituan gogorarazi zigun albistearen pisua: "barreka ari gara, baina ez ahaztu lau hildako egon direla". Kopuruak gauza objektiboak badira ere, kopuruen neurriez ohartzea ez da erraza izaten sarritan: hildakoek izenak dituzten edo ez dituzten, horren arabera egon daiteke tragediaren samin beti subjektiboa, eta gu barreka ari ginen, Fermin etxeko zapatiletan irten zelako kalera, gero Zazpi Kaleetako etxe bateraino joateko babes bila, dena etxeko zapatiletan, eta barre algaraka gu. Baina gero hormaren kontua aipatu zuen Ferminek, esan baitzuen bere gelako hormaren beste aldean ari zela sua dena kiskaltzen eta lau pertsona hiltzen, zentimetro batzuk harago besterik ez. Eta hori esan zuen, ez soilik hausnarketa egiteko heriotzaren hurbiltasunaz edo suertearen gerri meheaz (hogei bat zentimetro edo adreilu pare bat, beste modu batez esanda), ezpada hausnarketa zirraragarria egiteko hogei zentimetro horien neurri soziologiko edo psikologikoaz: "hau Oñatin gertatu izan balitz", esan zuen, "sekulako tragedia izango zatekeen. Baina Bilbon izan da, tartean horma bat egon da eta hildakoak hormaren beste aldean geratu dira. Eta inoiz baino gehiago konturatu naiz hirian bizi naizela". Ez zituen hitz horiek erabiliko noski, baina esaldi sakona eta mingotsa iruditu zitzaidan. Eta agian horrelako keinuak behar ditugu konturatzeko hirian gaudela: hildakoek izenik ez duten lekuan, eta gerri meheko horma batek erabakitzen duen lekuan nork hil behar duen eta nork ez. 2012/06/27 - 09:07:15
Airean
Ostegunean idatzi nuen moduan , duela gutxi bota dute Boluetako fabrika (Tagzanian oraindik ere oso-osorik ikus daiteke ), bertan etxebizitzak egiteko. Horren berri izan nuenean, argazkiak egitera joan nintzen (gauza bera gertatu zitzaidan "airean doazen beste mundu" batzuekin ere: San Anton zubiaren muturrean zeuden Bilbo Zaharreko etxeekin edo Ideales zinemekin, esate baterako). Egia da esan nuena: emakume bat etorri eta sekulako historia kontatu zidan . Eta, besteak beste, hitz horiek esan zizkidan: mundu bat doa airean. Hau zen Boluetako Santa Ana fabrika, erabat bota baino lehen. Lehen... Eta orain. "Hemen jaio nintzen, fabrikan bertan. Orain zelan kontatuko dut hori, etxerik eta fabrikarik ez badago? --------------------------------------------------------- Oharra : Goiko testu xume hori lehengo astetik daukat idatzita. Testu hori argitaratzeko asmoa nuen, beste barik, baina atzo hunkituta oheratu nintzen, Larrabetzuko hiru gazte ren heriotzaren albistearekin. Horren berri izan nuenean, gogoa sartu zitzaidan eurei idazteko blog honetan, hunkiduratik. Baina ez, holakoetan askoz ere gehiago esaten baitu isiltasunak. Goiko testu eta argazkiek ez dute inongo zerikusirik atzoko istripuarekin, baina gazte horiei eskaintzen diet, eurekin ere mundu bat joan zelako airean. 2012/06/27 - 09:07:15
Juan Kruz Igerabide Bilbon
Gaur, 20:00etan, Juan Kruz Igerabide izango dugu Santutxun, Hauts bihurtu zineten (Alberdania) nobelari buruz berbetan. Hauxe diote liburuari buruz Alberdaniaren webgunean: "Euskal Herriko auzo txiki batean, frankismoaren azken urteetan eta trantsizio garaian kokatuta dago Igerabideren lehen eleberri hau. Autoreak ongi ezagutzen duen garai eta leku gatazkatsu nahasia, beraz. Garai hartan nerabe eta gazte sasoiko izandako bat da narratzailea. Pertsonaia asko eta ongi taxutuak agertzen badira ere, bada bat narratzaileak begiz jotakoa eta ongi begikoa duena: Adela, auzoko maistra aurrerakoia. Emakume maitagarri haren drama humanoak josten du osoagoa izan nahi duen kontakizunaren ehuna. Eleberria oihartzunez beterik dago. Esan liteke oihartzunen sare batek osatzen duela nobelaren egitura, denbora kronologikoari denbora psikologikoa gailenduz. Ez da garai historiko baten azterketa objektiboa, irakurketa sentikor bat baizik, sufrikariotik eta gozamenetik sorturiko lekukotza bat, hauts bihurtu zirenen errautsekin idatzitakoa". Badakizu: egilearekin lau berba egiteko aukera paregabea eta Bilbo inguruan literaturaz gozatzeko modu ezin hobea. Ordua : 20:00 Lekua : AEKren euskaltegia, Txurdinagan Kalea : Arbidea 21 Galdu barik heltzeko mapa eta argibideak : Sorry, your browser doesn't support iframes. (Hurbildu mapa + teklari emanez, edo urrundu - teklarekin. Egin klik txintxeten gainean, Irakurlearen Tartera heltzeko jarraitu behar duzun ibilbidea ikusteko) Metroz joanez gero, irten Santutxun, Zabalbideko irteeratik. Kalean gora egin, errepide nagusira heldu arte. Errepidea zeharkatu (goian, zebrabidea; behean, lurpeko pasagunea), eskailera batzuk igo eta Txurdinagan agertuko zarete. Lehenengo kalea eskumatarantz hartu, aldats behera. Hantxe bertan dago, parke baten ondoan, AEKren euskaltegia. 2012/06/27 - 09:07:15
Gure blog literario bakarra
Ostiralean Blogak eta literatura hitzaldia egin zen Donostian, eta zain nago interneten ere ager daitezen han esandakoak. Ez nintzen joan, ez ordea interes faltagatik. Niri ere deitu zidaten hitzaldi horretan parte hartzeko, baina ezetz esan nien, hori ere ari bainaiz ikasten. Beraz, ez neukan asmorik gai honi buruz idazteko ere, baina joandako astean zerbait harrigarria gertatu zen euskal blogosferan, eta horrek eraman nau testu hau idaztera. Kontua da pasa den astean sortu zela euskal blog literario bakarra, eta hori zen esan nahi nuena: blog literario bakarra dugula, eta gainontzeko guztiak, nahi dugun izen eta abizenekin, izan daitezkeela literaturari buruzko blogak, idazleek idatzitako blogak edo nahi dugun guztia, baina bakarra ere ez dela blog literarioa: hain izen ponpoxoa duen zerarik ez dago euskal blogosferan. Edo bai, orain bai: ostiralean, Luistxo Fernandezek Estilo ariketak bloga sortu zuen, gogo biziz irakurri nituen lehenengo hiru "post"-ak, eta egiaztatu nuen susmatzen nuena: blog literarioa dela, petoa eta bakarra. Aurretik eman zen beste saiakera bat, nahiz eta hura ez zen bloga izan, Koldo Izagirre nobela bat idazten saiatu zenean denen bistara, internet bitartez eta jendearen iritziak jasoz. Ez zen bloga, baina antzeko zerbait bai. Baina gero, blogak sortu, eta horrelako zerbait egiteko bidea inoiz baino errazagoa izan denean, inor ez da ausartu. Ulertzen dut, beste alde batetik: nik neuk ez nuke zoratuta ere idatziko nobela bat jendearen aurrean. Hain zuzen ere, eta blog literarioaren definizio arin eta birritan pentsatu gabeko bat egin beharko banu, horixe dela esango nuke: 1 - Sortu ahala, jendearen aurrean publikatzea. 2 - Osotasun bat daukan obra bat publikatzea, dela nobela, poesia, itzulpena edo dena delakoa. 3 - Testuaren tripak erakustea. 4 - Ez derrigorrez, baina interesgarria da autoreak berak testu horri buruzko argibideak ematea; zergatik jarri duen hau edo bestea. Beste adibide bat Markos Zapiain filosofoaren Etakideen ametsak izeneko sail harrigarri eta flipantea da. Bere horretan hartuta, hori blog literarioen barruan sartuko nuke. Luistxok oso argi esan du zein izango den bere blog sortu berriaren helburua: "Pixkanaka testu horiek pikatzea erabaki dut, eta blog probisional honetan itsatsiko ditut. Hemen geratuko dira nire itzulpen saio horiek, kontestuan jarrita beste bertsio batzuekin. Amaitzen dudanean transkribatze lana, ez da beste post-ik izango". Nire ustez, planteatu duen helburuarekin soilik, blog literario baten definiziora (nire definiziora, hori ere eztabaidagarria baita) asko hurbildu da Luistxo: testuak dauden bezala transkribatzea, testuak kontestuan jartzea eta blog hori soilik testu horietarako erabiltzea. Merezi du Luistxok Estilo ariketak blogean argitaratzen dituen testuen irakurketa patxadatsua egitea, ez soilik itzulpengintzan saiatu nahi duen edozeinentzat duten interesagatik, ezpada literaturan saiakerak egin nahi dituenak ere bertan klabe asko topatuko dituelako, testuen sorreraz. 2012/06/27 - 09:07:15
San Frantzisko (III)
Garai batean hau zer izan ote zen ezin da erraz asmatu. Gaur ikatza baino ez da, ilinti gutxi dago azpian. Alferrik begiratzen diezu San Frantziskotik beherantz, Ibaizabalerantz doazen kaleetako etxeei, hango koloreei. Alferrik, halaber, San Frantzisko kalean, Bilbo Zaharrerantz hurbiltzen zoazela, sozialistek antzina beltzean hartu zuten etxeari, jarri zizkioten apaingarri eta harrizko loreei, atariko beirateko inskripzio zaharrari, jada inork ere begiratzen ez dien horiei. Zelan imajinatu zer ote zen San Frantzisko monasterioa, grabatuen arabera izugarria zena, parean jarri eta begirada-kolpe bakarrarekin osorik ez harrapatzeko modukoa. Apenas gogoratzen dudan zer izan zen 83ko uriola Bilbon. Nire herrian bai, gogoratzen dut: jaitsi Plazakoetxera eta erreka errepideraino heldu zela akordatzen naiz, lurrazpiko pasagune osoa urak hartuta, eta harantzago txaletetako teilatuak, gainean jendea. Antza, orduantxe etorri ziren ijitoak San Frantzisko ingurura, uholdearekin batera. Herrietako erreka bazterretan jartzen zituzten kanpamenduak urak eramango zituelakoan, hona etortzeko baimena jaso ei zuten. Arturok kontatu dit garai zaila izan zela hura auzoarentzat, ijitoak Gorte kalean instalatu zirenean eta etxe-sail osoak erabiltzen zituztenean droga saldu eta txutatzeko. 80ko hamarkadaren erdialdetik aurrera, zenbait urtez, legerik gabeko kale bihurtu zen hura. Drogak ez zeukan inongo presentziarik kalean, ez zen ikusten, dena etxeetan egiten zen eta. Gero magrebdarrak etorri ziren, gero beltzak. Eta orduan, Urtzi Urrutikoetxeak "Auzoak" liburuan dioen moduan, "afrikarrak heltzen hasi... eta konturatzerako, akabo arazoa". Bai: orain, drogak presentzia handiagoa dauka kalean, baina saltsak gutxiago dira. Afrikako iparraldekoak arduratzen dira haxixaz, eta Afrika beltzekoak kokainaz eta heroinaz. Ijitoak beherago bizi dira, ez dira asko hala ere. Gazteenek, arraza edozein dela ere, pegamentu-potea daramate sudurrean itsatsita, eta etorkizuna beltza da beti. Inesek, beti bezain zorrotz, izen berria eman dio etorkizun beltzeko auzoari: Negruri. 2012/06/27 - 09:07:15
Mariaren Bihotza plaza (II)
Gustatzen zaigu aniztasuna, gustatzen zaizkigu koloreak, hizkera arrotzak eta ñabardurak. Gustatzen zaizkigu, eta urrun badaude, askoz ere gehiago gustatzen zaizkigu. Eman paseo bat San Frantziskon behera, San Anton zubiraino. Bitxia da: paseoa amaitzerakoan, 800 metro inguruko jaitsiera horren ostean, berdin-berdin esan dezakezu sekulako aniztasuna ikusi duzula edo sekulako homogeneotasuna ikusi duzula. Aniztasuna, bidean ikusi dituzulako beltzak, marroiak, horiak, jonkiak, ijitoak eta zuriak. Homogeneotasuna, talde horiek guztiak behin edo behin baino ez direlako elkarrekin nahasten, eta, hala egiten dutenean, tabernetan izaten da, benetako aniztasunerako gogoz. Esate baterako, Bere-bar zoragarrian, zeinetan berdin aurkituko baituzu Meirelle musulmanei barreka, atso bilbotarra mutil argentinar batekin hizketan, zaharrak tutean eta tabernari berberea euskaraz. Gutarrekin egoteko beharra dugu beti, ulertuko gaituenaren alboan. Azaleko kolore bera badugu, edo antzeko lapurretak egin behar baditugu txuteak hartzeko, edo urte luzez fabrika berean egin badugu lan, edo tabernetan sartzen uzten ez badigute, edo Mekara begira hildako arkumea jaten badugu, gutarrak gara. Paddy Rekaldek idatzi zuen, Bilbori buruzko poema batean, "Nire zauriak / nire ametsak / dituztenak / dira / nire aberkideak" . Eta ametsik ez baduzu ere, aberkideak erraz topatuko dituzu hemen, zauri berekoak bazarete. Eta, azken batean, zauri berekoak zarete, batek daki ze ilusioren atzetik heldu zaretelako honaino, ametsak bidean ahaztuta, lehenengoa dela dioten mundu puta honetako auzorik bazterrekoenean agertu arte. Mariaren Bihotza plazako tabernara sartu naiz gaur ere, etorkin espainiarren artera. Santiagok Erandion egin du lan bizitza osoan, tailerrean. Gaur karta onak etorri zaizkio, errege bi. Beranduegi, hala ere. "Hobe hamazazpi urte nituenean etorri izan balitzaizkit", esan dit, eta azaldu dit beti buruan daukan Zamorako herritxo hori nolakoa den, ze ondo bizi zen han txikitan. Anisa eskaini dit eta eskuarekin ezetz egin diot. Trago batean edan du anistasun osoa. 2012/06/27 - 09:07:15
Kultura sinpatikoa gara
Bide luzea egin dugu inoren eskutik joan gabe. Heldu gara honaino, eta konturatu gara eskuak libre ditugula, inork ez digula lagundu errepidea zeharkatzen, geure kabuz ikasi dugula usaimena zorrozten arriskua nondik etor zitekeen sumatzeko, konturatu gara urrun heldu garela eta pauso guztiak, lehenengoak eta azkenak, inoren laguntzarik gabe eman ditugula. Euskal kulturak jakin du, hiru pauso aurrera eta bi atzera, bidea egiten, eta leku eroso samarrera helduta, muinotxo honetara helduta, ingurura begiratu du eta alboko kulturen sinpatia irabazi nahi izan du, kultura sinpatikoa baita izatez, txikia eta singularra. Ordea, euskal kulturak ez daki gauza txiki eta singularrak ez daudela lar ondo ikusita alboko erraldoien begietara. Bitxikeria moduan bai, bitxikeria moduan ondo daude, zirkuan ondo dauden bezala nanoak. Baina bitxikeriatik harago, nanoek ez dute ezertarako balio, erraldoiaren begietara. Kultura txiki eta singularrek, berriz, pozik begiratzen diete elkarri, baina urrunegi daude, eta alferrikakoegi izaten jarraitzen dute. Eta gertatzen da, baita ere, gauza txikiak arriskutsuak direla, indigenak eta indigenteak, ezkerrekoak maiz edo ia beti, eta, txikiak izanagatik, gehiago txikitu beharrekoak. Baina ondo dago bidelagunak aurkitzea, saiatzea behinik behin aliatuak lortzen. Besterik ez bada ere, bide onetik ari ote garen jakiteko, gutaz geuk bakarrik ez hitz egiteko; normaltasuna lortzeko nahi honetan, normalak izateko ahalegina egin behar dugulako. Azken batean, bakarka arituta, betiko esparrutxoan jarraituko dugulako, gure lekua munduan zein den oso ondo jakin gabe. Edo gure lekua zein den jakinda, baina gure lekutik mugitu gabe, geuretzat produzitzen eta geuretik edaten, beren zakilak txupatzen dituzten kontortsionisten antzera, plazer izugarri eta autonomoarekin. Patxi Zubizarretak berriki esan duen moduan, inertzian sartuta gaude, noragabetuta. Eta, berari bezala, niri ere poz berezia eman dit Bertsozale Elkarteak hartutako bidea. Bertsolaritzaren irudia gizarteratzeko apustua egin dute, eta ondorioak nabarmenak dira. BECera Belodromora baino 5.000 pertsona gehiago joan ziren, eta horren arrazoiak beste asko izango badira ere, arrazoietako bat da ohikoak ez ziren medioetan ere agertu zela bertsolaritza. Baina bertsolariek beraiek ere onartzen duten moduan, oro har, interes berri hori ez da etorri publiko erdaldunetik, baizik eta medio erdaldunak kontsumitzen dituzten euskaldunetatik. Euskaldun horiek euskal kulturaranzko pausotxo bat eman dute eta ez da gutxi, baina geure buruak engainatzea izango litzateke interpretazio horretan geratzea. Andoni Egañak behin baino gehiagotan esan du gure ondoan bizi diren baskoengana iristen ez bagara, oso etorkizun urria daukagula herri moduan. Bat nator. Denborak erakutsi digu hori, baina gertatzen dena da alboan ditugun horiek ere gogoa izan behar dutela guri eskua emateko, errepidea zeharka dezagun (edo, esaldiari buelta emanda baina gauza bera esanda, gogoa izan behar dute errepidea zeharkatzen lagun diezaiegun). Eta ez nago batere seguru gogorik duten. Salbuespen eredugarri batzuk alboan utzita, alboan dugun erdal mundu horrek ez gaitu ikusten. Sekulakoa bota dezaket zutabe honetan, eta inor ez da enteratuko. Euskal kulturari begiratzerakoan, "euskal" etiketari begiratzen diote, kulturari beharrean. Euskal Herriko idazle erdaldunek esango dizute euskal literaturak ez lukeela erdarazko argitaletxeen iragazkirik gaindituko, eta diru-laguntzei esker bizirauten duela euskal literaturak. Durangoko Azokari begiratuta, albiste bakarra aipatuko da: Zutabe aldizkariak agertu zirela. BECeko erakustalditik, albiste bakarra: presoen aldeko oihuak eta Iturriagaren kamixeta. Hori da alboko baskoek ikusten duten euskal kultura: euskal, oso euskal, baina kulturarik ez dute ikusten batere. Eta eurek ez badute gogorik guri begira jartzeko, alferrik ariko gara gu eskua luzatzen. Oso sinpatikoak bagara ere. 2012/06/27 - 09:07:15
Mariaren Bihotza plaza (I)
Harritu egiten zara jendearen hitzekin, konturatu gabe egiten dutelako berba, esaten ari direna poesiatik oso hurbil dagoela pentsatu gabe. Ohartarazten badituzu, esaten badiezu euren ahotik irtendako hori poesia izan dela, betiko lotsatu eta ez dizute gehiago berbarik egingo, poesia bizimodu erosoaren emaitza iruditzen zaielako, bizimodu alferrikako, urrun eta bizizaleegiaren emaitza. Hori gertatu zitzaidan Boluetan, iaz, botatzen ari ziren fabrikari argazkiak egiten ari nintzela. Andre bat etorri zen ni nengoen lekurantz, etxeko zapatiletan errepidean gora. Nire alboan jarri zen, eta jakin nuen poesia sortuko zela lehenago edo beranduago. Gero berbetan hasi zen; edadekoa zen, badakizu nolakoak diren. Esan zidan fabrikan jaio zela eta fabrikari itsatsitako etxe batean bizi izan zela beti. Hemen jaio eta hemen bizi, esan zidan, eta gehitu zuen: orain zelan kontatuko dut non jaio nintzen, etxerik eta fabrikarik ez badago? Zutik utzi duten tximinia bakarrari begira, eta agur esaten duenaren naturaltasun berberaz, "mundu bat doa airean" bota zidan, eta nik ezin izan nion esan poesiaren kontu hori, bestela atzera joango baitzen etorritako bidetik, etxeko zapatilak arrastatuz, irainduen sentsazio berarekin. Andreak burdinazko hesiaren kontra jarri zituen eskuak, eta hesira hurbildu eta zuloetatik begiratu zien obrei. Argazki bat atera nion bera konturatu gabe, bere izena esan zidan, Felisa edo. Kontatu zidan, ez baneki bezala, zenbat jende zetorren Espainiatik sasoi hartan. Bere gurasoak ere Ebrotik beherakoak zirela, baina bera bertakoa, eta lanean zeuden beharginei esnea eramaten ziela txikitan, eta berak ere orduan bazekiela basko apur bat, orain ahaztuta daukala dena. Inongo arrazoirik gabe gogoratu naiz gaur emakume harekin, Mariaren Bihotza plazaren izkinan dagoen tabernara sartu naizenean. Bolueta, Etxebarria, Euskalduna, Labe Garaiekin gogoratu naiz. Gizonak dominoan jolasten ikusi ditut gaur. Gogoratzen ote dira airean joandako munduaz? 2012/06/27 - 09:07:15
Euskaltelen timoak
Lagun batek eskutitz hau idatzi du Euskaltelera bidaltzeko. Ez dut aparteko azalpenik emango, eskutitzak dena azaltzen du eta. "Bilbon, 2006ko otsailaren 13an Arduradun hori: Eskutitz honen bitartez nire kexua adierazi nahi dizut: duela urtebete zuen eskaintza bat jaso nuen, adieraziz bi urte baino gehiago neramatzala zuekin kontratupean eta, horregatik, asteburuetako dei guztiak doan izango nituela. Zein izan da nire sorpresa, 2006ko urtarrileko faktura jaso eta ikusi dudanean ohi baino askoz ere garestiagoa izan dela. Orduan konturatu naiz asteburuetako deien doakotasun hori eten egin didazuela. Uste dut zuen betebeharra zela abenduko fakturarekin batera ohar bat bidaltzea, adieraziz urtarriletik aurrera ez nuela izango doako deirik asteburuetan. Horrexegatik, jakinarazi nahi dizut prest nagoela zor dizuedana ordaintzeko, baina ez ditudala ordainduko asteburuetan egin ditudan deiak, eta gauza bera gertatuko dela otsaileko lehen bi asteburuetan egindako deiekin. Izan ere, nik ez nituzke dei horiek egingo, jakin izan banu ordaindu egin beharko nituzkeela. Beraz, espero dut beste faktura bat bidaliko didazuela, zuzenketekin. Bien bitartean, bankuan atzera bota dut urtarrileko fakturan adierazitako diru-kopurua. Erabakitzen duzuenaren arabera, neuk ere erabakiko dut zuen zerbitzutik baja hartu ala ez. Adeitasunez," 2012/06/27 - 09:07:15
Idazle profesionalei buruz
Patxi Zubizarretaren hitzak dira hemen behean datozenak: Gogoan dut idazle elkarteko hainbat kidek, ez oso aspaldi, hango ika-mika konpondugabeen inguruan, esan zutela euskal idazleak beldurra diola profesionalizatzeari, bere lanari diru kopuru bat jarri beharrari, eta idazle profesional gehiago behar ditugula. Ez nago ados. Eta arazoa ez da toki falta. Ez: euskal kultura normalizatzearekin batera etorriko litzateke idazleen profesionalizatzea -normalizatzea- eta, berriro diot, hemen honetan idazle profesionala izatea txantxa bat da, gustu txarrekoa kasik. 2012/06/27 - 09:07:15
