Uzarraga Bizirik

Antzuolako herriaren ondarea bizirik mantendu nahi dugu

Irribarrea

Hemen duzu argazki sorta  2015/09/13 - 00:02:01

Interneten gaude!

Uzarraga bizirik mantentzeko taldea sortu ondoren, gure bloga edukitzeko aukera eman digu Goienak. Eskertzen dugu! Poliki-poliki edukiz betetzen joango gara. .  2015/06/25 - 03:03:02

Paul Auster eta Trintignant

Txikitan futbolariei-eta eskatzen nizkien autografoak. Orain, berriz, eskatu dudan azkenetakoa Paul Auster idazlearena izango zen, orain dela urte batzuk Zinemaldira epaimahaiburu etorri zenean (bide batez, berak zuzendutako La vida interior de Martin Frost aurkeztu zuen, nahiko txarra portzierto). Principal antzokiko emanaldi baten ikusi nuen behin eta Mr. Vértigo nobela sinatzeko eskatu nion orduan. El Palacio de la Luna irakurri nuenetik zaletu nintzen Austerrekin. Azken urteotan argitaratu dituenak, ostera, ez ditut irakurri, ziurrenik irakurritako azkena, Brooklyngo erokeriak , ez zitzaidalako gehiegi gustatu. Haren ondotik etorri dira, besteak beste, Viajes por el Scriptorium ( euskaraz hau ere ), Un hombre en la oscuridad/Gizona ilunpean , Invisible/Ikusezin edota Sunset Park . Lagun batek biziki gomendatuta, oso gustura irakurri dut oraintsu Diario de invierno , Austerren azken lana (nonbait krisiak itzulpengintzari ere eragin dio, eta Alberdaniak ez du oraindik euskaratu). Erabat autobiografikoa (guztiz biluzteraino) da lana, eta Austerren oroitzapenen artean biziki hunkitu nau Jean-Louis Trintignant aktorearekin gertatu zitzaiona. Arlésen elkartu zituzten biak, 2004an, Austerren testu batzuen irakurketarako. Austerrek aktore frantziarrarekiko miresmena aitortzen du eta baita gupida erakutsi ere, Trintignanten alabaren heriotza tragikoagatik. Nik ere interes bereziarekin eta pena handiz jarraitu nuen komunikabideetan, orain dela urte batzuetako uda baten, Marie Trintignanti gertatutakoa. Izan ere, urte batzuk lehenago ikusita neukan Jean-Louis Trintignanten lan zoragarrietako bat, Rouge/Rojo . Kieslowskiren trilogia hura izugarri gustatu zitzaidan, tartean musikagatik eta Kieslowskik trilogiari eman zion amaiera borobilagatik . Rojo filmean 70 urte inguruko pertsona baten rola jokatzen du Trintignantek, bizitzarekin nahiko gogaituta dagoen epaile ohi batena. Eta adinaren harira, Austerrek Diario de invierno laneko 35. orrialdean kontatzen duenez, anekdota hau gertatu zitzaion Tringtinantekin Arlésen, egun hartan: Te impresiona el timbre de la voz de Tringtignant, su resonancia, esa calidad que distingue a los grandes actores de los simplemente buenos, y te procura un enorme placer escuchar las palabras que has escrito (no, no exactamente: tus palabras traducidas a otra lengua) transmitidas por el instrumento de esa voz excepcional. En un momento dado, sin venir a cuento, se vuelve hacia ti y te pregunta la edad que tienes. Cincuenta y siete años, le dices, y entonces, tras una breve pausa, le preguntas cuántos tiene él. Setenta y cuatro, contesta, y luego, tras otra pequeña pausa, volvéis al trabajo. (...) Finalmente, alza la cabeza, se encuentra con tu mirada y, con inesperada seriedad, en tono circunspecto, dice: "Paul, quiero decirte una cosa. A los cincuenta y siete, me encontraba viejo. Ahora, a los setenta y cuatro, me siento mucho más joven que entonces". Te desconcierta esa observación. No tienes idea de lo que intenta decirte, pero notas que es importante para él, que está tratando de comunicarte algo de vital importancia, y por ese motivo no le pides que explique lo que quiere decir. (...) Quizá sea algo tan sencillo como esto: que el hombre teme más a la muerte a los cincuenta y siete que a los setenta y cuatro. O quizá vió algo en ti que le preocupaba: la persistente huella de lo que te ocurrió durante los horribles meses de 2002. Porque el caso es que te sientes más robusto ahora, a los sesenta y tres, que cuando tenías cincuenta y cinco. El problema de la pierna ha desaparecido tiempo atrás. Hace años que no has tenido un ataque de pánico, y los ojos, aunque siguen incordiando de vez en cuando, lo hacen con mucha menos frecuencia que antes. Y para que también conste: no más accidentes de coche, y no más padres cuya pérdida haya que llorar.  2012/06/27 - 13:29:01

M11kel Aranburu

Beti izan dira nire faboritoak bizkarrean 11 zenbakia eraman izan duten jokalariak, txuri-urdinak batez ere, noski: Lopez Ufarte, Alkiza eta, azken urteotan (14 denboraldi!), Mikel Aranburu. Puf! Dena esanda dago atzotik eta esandako guztia ez da nahikoa haren konpromisoa eta ibilbide aparta aitortzeko. Aurten, Kopako desastrearen ondoren eta monsieur Montanierrekin aspertuta , hitza emanda neukan ez nintzela Anoetara itzuliko. Baina aspaldi esanda neukan lagunei-eta, Mikel Aranburu erretiratzen zen egunean, han egongo nintzela, egindako guztia, urtetan eskaini digun joko aparta eta emandako ejenplu bikaina eskertzeko. Pena dut Pardo, Illarramendi, Iñigo Martinez eta abarrek (zaleok barne) erreferente bat galtzen dutelako/dugulako. Kapitainak 425 partidu jokatu ditu Realarekin eta dudarik ez txuri-urdinen historian onenen artean dago, bai behintzat nire ametsetako hamaikakoan. Eta baita nire argazki kutunenetan ere. Tristetzen nau Aranburuk hartutako erabakiak , baina aldi berean pozten naiz handienek beti asmatzen dutelako erretiroa hartzeko orduarekin. Zorionak, Mikel!!!  2012/05/04 - 19:14:04

Jose Maria Zabalza, irundar zinezale amorratua

Pitin txikitako laguna Gurutz Albisuren laguna da eta beraz lagunak gara Gurutz eta biok. Joan den urtean Jose Mari Zabalza. Cine, bohemia y supervivencia liburu ederra eman zuen argitara Gurutzek. Gustura irakurri nituen orduan Zabalzaren abenturak eta desbenturak, eta haren film bat edo beste ikusteko gogoa piztu zitzaidan. Orain, egubakoitzean irekitako Jose Maria Zabalza irundar zinezale amorratua erakusketarekin batera, Zabalzaren hainbat film ikusteko aukera izango dugu Irunen . Erakusketarako ere lan ona egin du Gurutzek eta material bitxia lortu du handik eta hemendik: filmen kartelak, Zabalzaren sasoiko zinema aldizkariak, garai bateko eskuko egitarauak, diskoak, VHS zintak, gidoiak, kritikak edota zentsuraren agiriak, halako filmaren proiekzio baimena ezeztatzeko gehienetan. Zabalza nahiko zuzendari desastrea izan zela antzematen da Gurutzen liburuan, edo behintzat niri hori iruditu zitzaidan. Oker ez banabil, Zabalza Ed Wood moduko bat izan zela esaten da liburuko pasarte baten, eta benetan halaxe dirudi, Zabalzaren azken filmen izenburuei eta emaitzei (zorrak utzi baitzituen han eta hemen) erreparatzen badiegu: Plomo sobre Dallas (1969), La furia del hombre lobo (1970), Bragas calientes (1982) edota La de Troya en el Palmar (1983). Sari bakarra lortu zuen Zabalzak bere ibilbidean zehar, Aberri Eguna 78 dokumental laburrari esker hain zuzen, Zinebin . Zabalak ofizioa maitatzen zuenik dudarik ez dago. Aukera zuen bakoitzean, ahal zuen dena egiten zuen filmaketa aurrera ateratzeko eta nahiko trebea omen zen filmatze orduan; Gurutzek egubakoitzean azaldu zigunez , El retorno de los vampiros (1972) 24 ordutan filmatzeko erronka hartu zuen bere gain. Emaitzak ere halakoak izango ziren hainbat kasutan... Zineman genero ezberdinak jorratu zituen (beldurrezkoa, westernak, zine-beltza, erotikoa...) eta hainbat antzerki lan ere egin zituen Zabalzak: Camerino sin biombo , Las arañas viajan de noche edo Pensión Rosita. Egubakoitzean erakusketaren inaugurazioan izan nintzen Irunen eta erdi-txantxetan, Irungo EKT elkartean afaltzen ari ginela, gutxienez negritaren bat zor niola agindu nion Gurutzi, atzoko DVko kronika hau (bertsio digitalean papereko negritak falta dira) irakurri baino lehen. Zorrak kitatzeko eta Gurutz zoriontzeko, egin duen lan bikaina aitortzearren idatzi dut honako post hau. Chapeau , Gurutz !  2012/03/05 - 23:57:02

Marilyn ustez ez zen Athleticekoa

"Si Marilyn es legendaria, el Athletic también lo es". Olé! Horixe bota zuen herenegun Felix Linaresek bere programan , Mi semana con Marilyn filmaren gainean jardun ondoren (eta Michelle Williamsen gorputzeko atal guztiak ohiko duen voyeur estilo horrekin ondo arakatu ondoren) eta Los vascos conquistan Hollywood tarteari paso eman aurretik. CSI: NY telesaileko atal batean Athleticeko bazkide txartel bat ikusten ote zen izan zuten aztergai jarraian. Ustez katalana zen gorpu batean (susmagarria Athleticekoa izateko, ala?), hildakoaren diru-zorroan, bazkide txartel bat antzematen zen eta, txuri-urdinez idatzita (susmagarriagoa oraindik, edo?), Athletic Club hitzak. Azkenean, argitu zuten ez zela Athletic Club Txit eta Chiceko bazkide txartela (zorionez), baizik eta New York Athletic Club izeneko klub historiko eta ospetsukoa (sinestezina, balentria ona; bilbotarrena baino aurretik sortutakoa!). Linaresek esan zuenez, makina bat aldiz aipatua izan dute klub hori zineman, besteak beste Billy Wilderren El apartamento zoragarrian. Lagunek-eta aspalditik dakiten bezala, Felix Linaresekin gehiegi fidatzen ez naizenez , kasua nire kontura ikertzen hasita nago, badaezpada. Baliteke Marilyn Athleticekoa izatea, auskalo. Edozelan ere, Euskal Telebistan edozein aitzakia da ona aspaldi honetan Athleticekin tabarra (baina ez gabarra) emateko ikusleei... eta Realzale sufrituoi. Kopako finala pasatu bitartean, hobe izango da telebista aurrean jarri ordez liburu mardul horietako bati heltzea edo gantxilloa egitea. Ai Jesus!  2012/03/02 - 01:12:01

EAJ Txikitzaile, Ezker Abertzalea Eraikitzaile?

Irain . iz. Norbaiten izen onaren aurkako egite edo hitza. Iraindu . Irain egin. Hitz horiekin bidegabeki iraindu gaituzu. Bere izen garbia iraindu zutela. Damu dut zu iraindua. Jainkoa iraindu baino lehen hiltzea . (Euskal Hiztegia, Hauta Lanerako Euskal Hiztegia, Ibon Sarasola, 2. edizioa, 422. orrialdea). Kazetaritza ofizio eskergaitza da, politikariak tartean direnean behinik behin. Politikariek (edo politika egiten duten herritarrek) ez dute nahikoa beraien alderdiko mitin, webgune, propaganda, bozgorailu, twitter kontu eta abarrekin. Asegaitzak dira eta ohiko medioetan ere ahalik eta protagonismo handiena bilatzen dute, aurkaria estaliz bada hobe, noski. Boligrafo gorria oso gustuko dute politikariek eta politika egiten saiatzen diren herritarrek. Gehienetan, beraiek dira gure irakurle zorrotzenak, euren intereseko albisteak tartean direnean behinik behin. Ohiko medio horietako bateko kazetaria bazara, bilera baterako edo kafetxo baterako gonbidatuko zaituzte noizbait. Baina kontuz! horrelakoetan. Hemeroteka ona daukate alderdiek eta halako baten, karpetatxo batetik gorriz markatutako informazioak aterako dizkizute; halako albisteari emandako tratamendua, prentsaurreko edo manifestazio hari eskainitako espazio eskasa, oposizioko liderraren argazki dotorea ( zergatik gu baino ederrago? ) eta horrelakoak. Aurreko astean halako zerbait gertatu zitzaidan Bergarako Ezker Abertzalearekin. Osoko bilkura bateko informazioa zela eta, ez zitzaien gustatu herritar batzuek udaletxeko pleno aretoan EAJren aurka erakutsitako pankartak iraintzat hartzea. Pankartetan zera idatzi zuten herritarrek: EAJ Txikitzailea , EAJ Diruzaliak, EH ez dago salgai . Plenoan gertatutakoaren berri eman genuen lehenbizi eta arazorik ez. Baina hurrengo egunetan etorri ziren alderdi ezberdinen erreakzioak, pankartok baimentzearren EAJk alkatearen dimisioa eskatuz eta udal gobernuak alkateari babesa emanez. Betikoa, ezer berririk ez. Batzuen eta besteen replika eta kontrarreplika amaigabeei tartea eginez, plenoan gertatutakoari erreferentzia egin beharra zegoen irakurleak nolabait kokatzeko eta zera idatzi nuen: "Aurreko asteleheneko osoko bilkuran EAJren kontra lagun batzuek botatako irainek polemika piztu dute Bilduko zinegotzien eta jeltzaleen artean..." . E rredakziora bidalitako ohar baten E zker Abertzaleak bere desadostasuna helarazi zigun berehala, EAJren aldeko jarreraren alde "partzialtasunez" jokatzen genuela leporatuz. Herritarrek plenoan egindakoa kritika politikoa besterik ez zela izan, errespetuz egindakoa. Horixe bakarrik ez: konparaketak gorrotagarriak badira beti, beste medio batean albistea askoz hobeto jaso zutela zion Bergarako Ezker Abertzaleak, beti ere anonimotasunean ezkutatuta, oharra sinatzeke zetorrelako. Edozelan ere, ez dut uste Ezker Abertzalea Goienan eskaintzen zaion tratamenduagatik kexatzeko motiborik duenik. Gure hemerotekara joan besterik ez dago. Eta Goienaren orekaren seinale adierazgarriena zera izan daiteke: alderdi guztiek antzeko kexak izaten dituztela. Bukatzeko, argi daukat Bergarako plenoan erakutsitako pankartak irainak direla hemen, Oklahoman, Kinshasan eta Kyoton. Eta argi daukat baita aurrera egiteko ezinbestekoak direla kritika (eraikitzailea beti) zein autokritika. PS. Portzierto, buzoietan jartzen dituzten Publizitaterik ez pegatinen harira, nire etxeko buzoian gustura jasoko nuke Viajes Halcón, Ikea edo etxe azpiko supermerkatuko azken eskaintza tentagarriak, publizitatea, baina inoiz ez alderdi politikoen propaganda.  2012/02/14 - 18:24:01

Urteko Liburua

Aurten irakurritako liburuen artean bereziki hiru nabarmenduko nituzke, hirurak gustura irakurtzen diren pisuzko nobelak , mardulak (liburu digitalik ez dut dastatu oraindik), azkenera arte gogoz eta aldi berean penaz (bukatzearren hain zuzen) irensten direnak. Niri dagokidanez behintzat, Urteko Liburuaren saria ex-aequo hirurentzat. La fiesta del Chivo (2000). Aspalditik neukan irakurtzeko gogoa eta pazientzia handiarekin nire zain izan dut etxean urtetan. Azkenik, udaberrian heldu nion, kasualitatez Trujilloren hilketaren 50. urteurrenean. Beldurgarria benetan Vargas Llosak kontatzen duen istorioa, lehen orrialdetik akaberara arte harrapatzen zaituena. Ez nuen ezagutzen Trujilloren ibilbidea, Galíndezen hilketarengatik zeharka ez bazen ere. 1961ko maiatzaren 30eko Trujilloren kontrako atentatuari buruzko orrialdeak biziki hunkigarriak dira , eta gogorra benetan Uraniak amaieran egiten duen aitorpen modukoa. 2010eko Nobel Saridunaren maisu-lana, zalantzarik ez. Benetan zuzen zebiltzan liburua behin eta berriz gomendatu zidatenak. Viaje con Clara por Alemania (2010). Bidelagun izan nuen (Clara ez, liburua) udan Alemaniara egindako bidaia baten. Clara, Alemaniari buruzko gida idazten ari den idazlea eta Ratón , haren senarra, dira protagonistak eta Ratón bihurriak egiten duen kontakizuna da haria. Bikote baten harremana ederki islatzen duen nobela. Bide batez, Alemaniako gida moduan ere erabili daiteke. Fernando Arambururen libururik ez neukan irakurrita eta egilearen argazkia ikusita, ez nuen uste hain dibertigarria izan zitekeenik. Narratzailearen hainbat konturengatik berehala identifikatu nituen Ratón eta Aramburu bera, Javier Cercasen nobeletan gertatu izan zaidan moduan. Joan den abuztuan bereziki lagungarri gertatu zitzaizkidan Hanburgon kokatutako pasarteak. Guztiz gomendagarriak. Liburua zein Hanburgo. El hombre que amaba a los perros (2009). Liburua irakurtzen nenbilela, Fernando Arambururi zera irakurri nion artikulu batean : " Raro será que a una obra rica en pensamientos complejos, en datos históricos, en aciertos formales y hondura humana no la preceda un sostenido esfuerzo que fácilmente pudo prolongarse por espacio de varios años ". Leonardo Paduraren lana baino adibide hoberik, zaila... Trostki, haren hiltzaile Ramón Mercader eta Kuba maisuki gurutzatzen ditu egileak. Utopien hutsegiteen eta gupidaren gaineko orrialde hunkigarriak daude liburuan eta Iván protagonistaren belaunaldiaren ametsak zelan zapuztu ziren/zituzten ikustea mingarria gertatzen da. Trotski hil zuten etxean (goiko argazkian) egon nintzen orain dela urte mordoa eta orain Asaltar los cielos dokumentala berriro ikusteko gogoa piztu zait. Bere garaian, aipatutako dokumentala zerrenda hartan gehitzea ahaztu nuen. Fernando Arambururen liburu ederrean aipatzen den moduan, blam uneak izan ditzazuela 2012an eta ondo-ondo pasa Gabonak. Besarkada handi bat hona gerturatu zareten guztioi.  2011/12/22 - 14:22:03

19 de diciembre de 1971

Casale zaharra hil zela 40 urte betetzen dira gaur. Casale zaharrak ziurrenik El Trinche ikusiko zuen jokatzen noizbait. Casale zaharrak zortea ekartzen omen zion Central bere bihotzeko taldeari. Horregatik hain zuzen bahitu zuten El Coloradok, Miguelitok eta haien lagunek Casale zaharra 1971ko abenduaren 19an. Egun horretan jokatu zuten Ñulsek eta Centralek , Buenos Aireseko Monumental estadioan . Centralek irabazi omen zuen, 1-0, eta kanallen garaipena ospatzen heriotza gozoa izan zuen Casale zaharrak; ¿Qué más quería que morir así ese hombre? ¡Ésa es la manera de morir para un canalla! Bihotzak huts egin zion Casale zaharrari. 19 de diciembre de 1971 Roberto Fontanarrosa handiak idatzitako istorio zoragarria da. Inoizko futbol-ipunik onena dela entzun nion lagun bati aspaldi. Litekeena da laguna zuzen ibiltzea. (Juan Carlos Rimoldi lagun rosarinoari eskainitako posta)  2011/12/19 - 15:08:04

Fellini Donostian

Fellini Donostian dabilela eta, aspaldi nire arrebak oparitu zidan liburu bat irakurtzen nabil. Urtetan zain izan ondoren, ematen du liburuek beraiek deitzen dizutela batzuetan. Halako baten, liburutegiko apaletatik Fellini deika zebilela iruditu zitzaidan: "Psshhhi... Bambinooooooooo!!!". Arrebak blog hau irakurtzen ez duenez, eta oparia jaso nuenetik ia 20 urte igaro direnez, trankil asko esan dezaket: liburuak itxura ona bai, baina eduki aldetik... tira! Biografietan gertatzen den bezala, honek ere Felliniren gaineko kontu bitxi ugari dakar. Anekdoten artean, John Baxterrek apokrifoa izan daitekeela aitortu arren, ondorengoa mundiala da benetan: Fellinik Las noches de Cabiria filma eskaini omen zion Goffredo Lombardiri eta honek zera erantzun: " Lehenbizi, alferren eta marikoien film bat ; jarraian ijito maltzur bat eta emakume tuntun bati buruzkoa ; hurrengo iruzurgile batzuk ; eta orain, emakume zoro batzuk atera nahi zenituen eta azkenean prostitutak izango direla; zer etorriko da gero? ". Eta Fellinik: " Produktoreei buruzko bat ". Esan bezala, Donostian Fellinirekin gozatzeko aukera bikoitza dago orain: alde batetik, San Telmo museoan Felliniri eskainitako erakusketa (guztiz gomendagarria!) eta bestetik, film zikloa eguaztenero Principal antzokian. Fittipaldi bolidoen , abiaduraren sinonimo bihurtu den moduan, Felliniren izenak zuzenean eramaten gaitu zinemaren mundu magikora. Viva Fellini!!!  2011/12/16 - 15:44:01

Nabigatu euskaraz