Solas apalean
Carandiru
Filme brasildar hau 2003 urtean Hector Babenco zuzendariak zuzendu zuen, Lucio Flavio edo El beso de la mujer araña bezalako filmeei esker ezaguna dena. Istorioa Drauzio Varella idazlearen Estaçao Carandiru liburuan dago oinarrituta. Neurri batean benetan gertaturiko istorioa kontatzen du, zenbait fikziozko osagaiekin batera. Filmeak Sáo Pauloko Carandiru atxiloketa etxearen historia azaltzen digu, era izugarrian kontatuta. Egitura nahiko berezia du; izan ere, pelikulak 26 aktore nagusi, 120 sekundario eta 800 extra inguru ditu. Pentsatu dezakezuen moduan, istorio nagusiaren barnean beste zenbait erakusten dizkigu filme honek. Pelikula bi presoren arteko liskar batekin hasten da, gartzelara mediku berria heltzen den egunean. Lehen minutu hauetan gartzelaren aurkezpen bikaina ikus dezakegu: presoz zeharo beteta dauden ziegak, presoen arteko antolamendua eta nolabaiteko arauak, arazoei aurre egiteko era, eta presondegiko nolabaiteko hierarkia. Gainera, kontatzen diren istorio guztiak lotuko dituen pertsonaiaren agerpenarekin lasaitzen da egoera, mediku berriarekin. Istorio nagusia honakoa da: mediku batek lortzea ia ezinezkoa den lan bati ekingo dio: guztiz masifikatuta dagoen brasilgo espetxe batean IHESaren epidemiari eusten saiatuko da. Egoera latza da: 4000 presotako edukiera duen atxiloketa etxean 7000 presotik gora daude pilatuta; ez dago apenas inolako baldintza higienikorik; presoen arteko erlazio sexualak egunero ematen dira, ia beti inolako neurririk hartu gabe; droga kontsumoa sekulakoa da, erreta edo ziztatuta. Mediku honen lana, presoak kontzientziatu eta IHESa ez zabaltzeko neurriak bultzatzea izango da. Sáo Pauloko espetxe masifikatuan IHESaren aurka lan egin artean, erlazio berezia sortuko da medikuaren eta presoen artean. Hala, presoek euren istorioak kontatuko dizkiote medikuari, zalantzak galdetu, kezkak azaldu etab. Filmean flashback modukoak egingo dira presoen istorioak azaltzeko. Hala, pertsonaia berri ugari joango dira azaltzen. Istorio hauekin Brasilgo egoera soziala aurkeztuko zaigu, eta bertan bizitzearen errealitatea: pobrezia, indarkeria, azpiegitura falta, delinkuentzia... Istorioak fizkioa izan arren, Brasil barnetik ezagutzen laguntzen digu ikuslegoari. Pelikulak erritmo lasai xamarra du honen eraginez, ekintzak beharrean gertaera desberdinen deskribapenak ikusten baititugu. Hala ere, ez du desorganizazio edo koherentzia faltaren inpresiorik eragiten, oso ondo daude lotuta euren artean istorio desberdinek. Filmearen bukaerarako aldaketa bat gertatzen da kontakizunean. Kanpoko gertaeren kontakizunak amaitzen dira eta espetxe barneko ekintzak azaltzen zaizkigu. Nolabait errealitatera edo gaur egunera itzultzen gera. Hala, itxuraz garrantzia handirik ez duen gertaera bati heltzen dio narrazioak amaiera ikaragarri batera eramateko: 1992ko Urriaren 2ko Carandiruko masakrea. Egun honetan motin bat eman zen espetxe honetan, presoek baldintza hobeak eskatzen baitzituzten. Polizia militarra indarrean sartu zen espetxera, eta presoak tirokatzen hasi zen: ofizialki 111 hildako egon ziren. Beste iturri batzuek 600dik gora izan zirela diote, guztiak presoak. 68 polizia sartu ziren espetxera, bat bera ere ez zen zauritua izan. Hala, istorioak bilakaera bat edukitzeaz gain, fikziozko kontakizun batetik gertaera historiko batetara eramaten gaitu filmeak. Amaiera dokumental modukoa du gainera, bizirik irten diren presoak kamerari hizketan azaltzen baitira, ikusitakoa kontatzen. Teknikoki paregabea da Carandiru filmea: argi eta itzalen gaineko erabateko kontrola nabari da. Pertsonaien izaera bikoitza indartzen da horrela: alde batetik hiltzaileak, lapurrak eta gaizkileak dira; baina bestetik, beren gizatasuna dute, beren arazoak eta beren arrazoiak hala izateko. Horregatik etengabe ikusten ditugu pertsonaiak argi-itzaletan. Kolorea ere oso berezia da filme guztian. Argiztapen hori-berdexka bat du. Gartzelaren garbitasun falta, egoera desatsegina, itomena transmititzen du primeran. Amaiera-amaieran, benetako istorioa azaltzerakoan argia desberdina da, halere, urdin tonuak hartzen baititu. Honek errealitate ilusio bat sortzen du, albistegi bateko irudiak ikusten ariko bagina bezala. Enkoadreak ere oso zainduak daude, konposizio bikaina ikusten da pelikula guztian zehar. Lerro zuzenak ikusten dira etengabe, bertikal eta horizontalak. Etengabe barrote eta hesiak ikusten dira, edo hauek itzalak. Hesirik gabeko espazio bakarrak medikua dagoen eritegia eta espetxearen patioa dira. Presoak nolabait lasai edo itolarririk gabe sentitzen diren toki bakarrak. Erreferentzia eta sinbolo ugari ikusten dira etengabe gainera. Esan bezala, teknikoki paregabea da Carandiru filmea. Erraza da Ciudad de Dios pelikularekin alderatzea, Brasilgo errealitate gordina era ia atseginean kontatzen baitu honek ere. Tematika soziala duen zinema gustuko baduzue edota alde teknikoa baloratzen baduzuen, biziki gomendatzen dudan pelikula da Carandiru. 2008/02/01 - 13:24:24
Uda hasiera
Ufff...! Zenbat denbora hemen ezer idatzi gabe! Egia esan oso abandonatuta daukat bloga. Dakizuen moduan argazkilaritzarako afizio haundia hartu det, eta azken hilabeteotan kasu handia egin diot nere Flickr -ari, honako blog hau alde batera utzita. Baina zeozer idazteko garaia badela iruditu zait. Udan sartuta gaude dagoeneko! Nik behintzat sorbaldak erreta dauzkat jadanik (nahiz eta gurean degun klima berezi honek eguzkiari tarte haundirik eskaintzen ez dion)! Primeran hasi det gainera aurtengo uda. Ekainaren amaiera aldean udalekuetara joan nintzen, eta iragan den astean itzuli naiz. Arotz-enean eman ditut 10 egun, lehen txandako begirale moduan, Etxarri-Larraunen. Primerako egunak izan dira, egia esan. 8 eta 12 urte arteko haurrekin aritu gera bertan (guztira 84 haur!), jo ta fuego. 8 begirale izan gera (zehatzago esateko, 7 begirale eta koordinatzailea), primerako ekipoa. Orio aldetik Itziar, Tolosa aldetik Beñat eta Marta, Trintxerpe aldetik Etxauri, Rakel, Aiora eta Itsaso, eta azkenik Ñoñosti aldetik ni neu. Primeran pasatu degu elkar! Egia esan oso ondo konektatu degu hasieratik, eta guztiontzat oso dibertigarria izan da elkarrekin lan egitea. Gainera oso gustora aritu naiz, denak izan baitira langile finak, nahiz eta baten bat bilera ordutan lo geratu, ejem. Haurrekin ere oso ondo, egia esan. Despistatu-satelite moduko dezente tokatu zaizkigu, baina jakin degu hauekin ere aurrera ateratzen. 10 egunak girotzeko gai moduan Denboraren Makina hartu genuen. Hala, egun bakoitza historiako aro batean kokatu dugu: Historiaurrea, Far West-a, Erdi aroa, Aintzinako Egipto, Italiar Errenazimendua, Piraten garaia, Erromatarren aroa (nahiz eta bideratuagoa egon zen Asterix eta Obelixen komikietarantz) eta Aintzinako Grezia. Ekintza piloa egin ditugu, eta baita irteeratxo pare bat ere, Aldatz herrira, Lekunberrira eta han alboko baso batetara txabolak egiteko. Garitak, aerobika, Coyote Dax, pabelloia, igerileku ia ezinezkoa, Walkieak, "Quiero... velero...", haur yonkiak, Alazne guri pegatuta, Anttonen tokea (eta jangelako mahai depresiboa), bixki bereizi ezinak, "Galdera bat...", Basurto, gauetako irratsaioak, zorri inbasioa, haurren ile lehorketa saioak, Angel Garro (gogoan zaitugu!), Martaren gaueko sustoa, Etxauriren ohe ondoko koadroa, bere iratzargailu letala, haurren geletako kiratsa, negartien kontsolamendua, "Paula, eseri...", Alexis astronauta, Beñaten txiribuelta hezea, Itsasoren suizidioa pabelloian bertan, "Kriston fuertia da", Etxarriko Tronkia, haserre faltsua eta ondorengo pijama festa, Lekunberriko iturri "bixitatua", entsalada omnipresentea, Zaldi Daltonikoen txabola marabillosoa, Nocilloren "opariak", Iñigoren gaixotasun bitxia, Arotz-Eneako Perlak, gaubelako Bisbalito metrosexuala, mikrofonoa, antzerki super-kurratuak, txikitutako buztinazko figurak, ping-pong eta futbolin sesioak, begirale tranposoak, azkenari prenda, Rakelen oin sakratuak, haurren duelo amaiezinak, "Ñam-ñam on egin...", "Nik daukat tik-tik-tik", Aritzen kafe paregabea, "Juver, qué zumo!", Jolas Departamenduko Makarra Batzordea eta Disidente Ekintzaileak, "Fli... fli-flai...!", Eo-eo... oe!, Etxauriren mugimendu sentsualak eta beste hainbeste momentu... Gora Koma-andanteak!! 2008/01/10 - 15:01:13
Argazkizaletasuna
Badaramat denboralditxo bat argazkilaritzarekin afizionatuta. Oraindik ez naiz nere adiskide Ikerren obsesio mailara heldu, baino obturadoreari gustua hartuta nabil. Orain arte nere kamera digital konpaktuarekin aritu naiz (nahiz eta azken hilabete eta erdian ez dudan nere eskutan, konpontzera eraman behar izan bainuen), baino orain dela gutxi, argazkilaritza analogikora itzultzeko grina sortu zitzaidan. Honetarako egin nuen lehen gauza, nere familiaren argazkilaritza ekipo zaharrak errekisatzea izan zen. Oso produktiboa izan zen, nere osabek kriston ekipoak baitzituzten! Hasteko, bi Nikon kamera lortu nituen: Nikon FE bat eta Nikon F2 kamera mitikoa. Bigarren hau Japoniatik ekarritakoa da 78 edo 79 inguruan, Nikon fabrika berean erositakoa. Sistema guztiz mekanikoa du, pila soilik fotometroa elikatzeko erabiltzen du. Sekulako kamera parea. Gainera, bi reflex hauentzako objektibo bilduma polita ere lortu nuen: Nikkor 55mm F3.5 makro bat, Sigma 400mm F5.6 objektiboa, Nikkor 80-200mm F4.5 zoom bat, Nikkor 50mm F1.4 objektiboa, Nikkor 28mm F2 Gran angularra eta Makinon 2X duplikadore bat. Guzti honetaz gain, tripode bat, Nikon Speedlight SB-10 flahsa, Minolta EF14 flasha, WOC 250-X flasha, Starblitz 3300 flasha eta honentzako koloreetako filtroak, eta disparadore bat ere bildu nituen. Eta amaitzeko, kriston altxorra: 1950 inguruko Voigtländer Vitessa kamera alemaniar bat ere jarri zidan eskutan osaba batek. Kamera honek akordeoi erako objektiboa zuen, eta pelikula pasatzeko sistema mekanikoa zuen lehen kamera izan zen, palanka luze baten bidez eragiten zena. Hiru kamera hauek ondo garbitu eta oraindik primeran funtzionatzen dutela frogatu ostean, argazkiak egiten hasi naiz. Denboralditxo batean argazkilaritza analogikora pasako naizela iruditzen zait... www.flickr.com/photos/xapaburu 2008/01/10 - 15:01:13
Eskalada saioak
Azaroa aldean idatzi nuen hemen Aratz taldeko haurrekin eskalatzera joan nintzela rokodromora. Aurten kirol honetan zaletzen ari naizela ere komentatu nizuen, baina bere horretan geratu zen guztia. Gaurkoan, nere afizio berri xamar honi buruz idatziko dizuet, atzo rokodromora argazki kamerarekin joan nintzela aprobetxatuta. Altunak eta nik 3 urte generamatzan kirola egiten hasi behar genuela esan eta esan, eta urte hauetan zehar egin dugun gauza bakarra, karrerako klasekideekin futbol partidatxo batzuk jokatzea besterik ez da izan. Eta hari kirola deitzea ere ez zait oso egokia iruditzen... Ikusgarria bazen, hori bai; 10 bat kankailu Bilboko San Inazioko futbol zelaitxo batean, zementuzkoa, baloiaren atzetik korrika ito beharrean, eta epailerik ez zegoela aprobetxatuta, joko zikinaren apologia latza eginez. Gainera, gehienok kirola aspaldian utzia genuen, eta ordu erdian denak eztulka, ito beharrean eta gorri-gorri eginda izaten ginen. Primeran pasatzen genuen, hori bai. Beno, kontatzen ari nintzena. Aurten azkenean hasi gerala Altuna ta ni kirola era serioagoan egiten. Kurtso hasieran, klasera soilik astean behin joango ginela erabaki ondoren (hau beste momenturen batean kontatzeko erabakia da), denbora kirolean aritzeko aprobetxatzea erabaki genuen. Bera uda partean hasi zen noiz behinka rokodromora joaten, eta probatzeko esan zidan. Fletxazo hutsa, aizue! Oso polita eta dibertigarria iruditu zitzaidan eskalada, eta hasierako agujeta jasanezinak gorabehera, astean bitan joaten hasi ginen. Azterketa garaian egian esan abandonatu xamarra izan degu gaia, baino ondoren berriro hartu diogu martxa, eta gustora aritzen gera. Gainera, goizetan joateko ohitura degunez, ez da ia jenderik egoten polikiroldegian, eta lasai-lasai aritu gaitezke gure martxan. Ia beti bulderrean aritzen gera, baino noizbehinka arnesak eta sokak eskatu eta bide bertikaletan ere eskalatzen degu. Ez dizuet esango fenomeno batzuk geranik, ez baikara, baino gero eta hobeto gabiltza, aizue. Ea arrokara joaten hasten geran baita ere, ez soilik rokodromora. A, edonor animatuz gero, badakizue, esaidazue, eta joango gara probatzera! Gomendatzen dizuet, oso ederra da! 2008/01/10 - 15:01:12
Korrika Kulturala
Atzo arratsaldean, Aratz talde guztia (edo ahal genuen guztiak behintzat) Donostiako Boulevardean elkartu ginen Korrika Kulturalean parte hartzeko. Egitarauaren arabera, Zuloaga plazan joko eta tailerran antolatu behar genituen haur eta gazteentzat. Azken orduan, hala ere, AEK-ko kideek ea Boulevardean bertan antolatu genitzakeen esan ziguten, eta gure aldetik arazorik ez. Han jarri ginen kioskoaren ondoan, koloretako parakaidas haundi batekin jolasean! Izugarri deigarria zenez, segituan gerturatu zitzaizkigun haur, gazte eta heldu piloa, eta batzuk parte hartzera animatu ziren. Txikienentzako margoketa tailer bat ere antolatu genuen, Korrikarako kartelak marraztu eta margotu zitzaten. Han ibili ginen denok lurretik arrastaka eta jolasean Boulevard erdian! Primeran pasa genuen, eta ziur nago handik pasa zen jende askori sekulako inbidia eman geniola. Gainea, bukatzeko Konstituzio enparantzan antolatuta zegoen txokolatadara joan ginen. Kriston arratsalde polita pasa genuen, hortaz. Gero eta gehiago gustatzen zait haur eta gazteekin halakoak antolatu eta kale erdian pailazoarena egiten aritzea, benetan! Gehiagotan antolatu behar ditugu halakoak! 2008/01/10 - 15:01:12
Berriro bueltan
Bueeeeeno... amaitu ditugu azterketak. Azken aldian hau nahiko abandonatuta izan det, barkatuko didazue. Azterketa garaia, badakizue. Baino ea orain berriro martxa pittin bat ematen diodan honi. Aurreko ostegunean amaitu nituen azterketak (egia esan eternoa egin zait azterketa garaia, ez dakit lau urteren ondoren jada oso nekatuta nagoen o zer, baino ez zen amaitzen!), ta ospatzeko Julenekin batera kometak hartu eta Jaizkibelera joan nitzen. Han aire pixkat hartu genuen, behintzat. Asteburua azterketen amaiera ospatzeko aprobetxatu det, afariren bat edo beste eginez. Eta orain, mozorroa prestatzen hasi beharko degu, aste honetan aurtengo ihauteriak izango baitira! Neri behintzat pilo bat gustatzen zait mozorrotzea, eta urtero primeran pasatzen det ihauterietan. Hori bai, onartu beharra dago Tolosa bezelakorik ez dagoela. Ale ba, ondo pasa denok aste honetan, eta lasai, berriro hartuko diodala martxa blogari! 2007/02/12 - 15:13:12
Ttan Ttakun festa 2007
www.ttanttakun.com Norbaitek aurtengo festako argazkiak ikusi nahi baditu, sartu hemen . 2007/01/11 - 10:52:02
Kaputt gabonak
Uff...! Gabonetako oporren amaiera heldu zaigu aurten ere. Azken urteotan, gabonetako oporrak atseden hartzeko behintzat ez ditut erabili, eta aurten berdin. Alde batetik bestera ibili naiz, geratu gabe. Aurrena, Aratz taldearekin lau egunetako irteera euki det, Orendainera. Aurten ez gera Izurtzara joan, ia ohitura genuen moduan, baino primeran pasa degu Orendainen ere, pinguino artean. Bertako etxeak ez baitu berogailurik, eta abenduko tenperatura ez da oso goxoa, normalean behintzat. Estufa elektriko pare bat eraman ditugu, ta haiekin tira aurrera. Hala ere, primeran pasa degu, ez pentsa. Pena bakarra, nere adarreko ( azkarrak ) haurrik ez dela etorri aurtengoan, baino intendente moduan gustora aritu naiz. Erosketak egiten, jendearen bila Alegiako estaziora jaisten, janaria prestatzen... Alferkeria haundiena besteak baino lehenago jaiki beharrak eman dit, gosaria prestatzeko, baino ez da horren traumatikoa izan ezta ere. Ezin kexatu. Irteeratik itzuli, eta hurrengo egunean Berastegira, Urte Zahar gaua pasatzeko asmotan, azken urteotan bezela. Ez zait gehiegi gustatzen kotilloien asuntoa, ezta 31 gauean nahi ta nahiez atera beharrarena, eta azken urteotan inguruko beste batzuekin Berastegira joan naiz, rollo guzti horretaz paso egitera. Gero eta autistagoa nago, baino ez dit batere axola. Berastegin primeran pasatu det, sekulako ping-pong partidak jokatuaz, ta monopolyan orduak emanez. Berastegitik buelta, eta segituan Larraulera joan naiz 3 egunetarako, monitore ikastaroa ematera. Han ere primeran pasa det aurtengo kurtsillista taldearekin, monitore eskolako gainerakoekin eta eraman ditugun bi intendenteekin (kriston bazkari ta afariak prestatu dizkiguzue, bikote! Milesker!). Psikologia ebolutiboa, Adarrak eta Monitorearen Soslaia gaiak eman dizkiegu kurtsillistei, gaubela ederretan hartu degu parte, jokatzen aritu gera, gitarra jotzen, irin gerraren bat ere piztu da momenturen batean (ez pikatu, Esti, mendekua guztiz bidezkoa izan zen)... Alde batetik, azken urteotan nahiko antzerakoak izan ditut gabonak, gainetik begiratuta behintzat (Aratz - Berastegi - Monitore ikastaroa); baino bestalde, urtero desberdinak izaten dira, ta badu bere xarma. Orain bai, urteroko moduan, korrika ta presaka apunteak lortu eta ikasten hasi beharko det, azterketak gainean baititugu. Hau estresa!! 2007/01/08 - 02:29:01
Gabonak, gabonak, gabonak...
Berriro ere gainean ditugu gabonak, gero eta gutxiago gustatzen zaizkit. Bizi den eromen hori, mundu guztia erosketak egiten, mundu guztia jaten, mundu guztia edaten, argitxo eta apaingarri kutreak nonahi, festak, galak, kotiloiak... Ez dakit gero eta kaskarrabiasagoa naizen, baino ez det batere gustoko guzti hori. Iaz ere idatzi nizuen artikulotxo bat honi buruz, aurtengo gabonetarako ere baliagarri dena. Nahi badezue, berriro irakurri. 2007/01/02 - 13:43:01
Hormari eutsi, eta gora!
Azken aldian eskaladari gustua hartu diot. Kurtso hasieran lagun batekin rokodromora joaten hasi nintzen, kirol pittin bat egitea gaizki etorriko ez zitzaigulakoan, eta azkenean astean behin eta askotan bitan joaten gara eskalatzera. Oraindik ez nago munduko txapelketara aurkezteko moduan, baino ari naiz pixkanaka-pixkanaka hobetzen, ez pentsa! Iragan den astean, Aratz taldeko oinarinen monitoreen dei bat jaso nuen, haurrekin Pio Barojara eskalatzera joateko asmoa zutela larunbatean, eta ea beraiekin joango nintzen, arnes eta sokekin laguntzera. Nola ez ba! Gainera, kriston plan polita iruditu zitzaidan. Han azaldu nintzen beraz larunbat arratsaldean, oinarinekin eskalada saio polit bat egiteko asmotan. Polikiroldegian bertan utzi zizkieten arnesak, mosketoiak, katu-oinak eta beharreko guztia, eta azalpen labur batzuk eman ostean, han aritu ginen gora eta behera haurrekin. Monitoreok ere animatu ginen, eta egin genuen saioren bat, inbidiaz geratuko baikinen bestela! Oso arratsalde polita igaro genuen, eta haurrek poz-pozik amaitu zuten. Ziur nago gaurkoan oraindik agujetak jota daudela, baino tira. Erdaraz esaten den moduan, sarna con gusto... 2007/01/02 - 13:43:01