Hitz beste
Ekitaldi garrantzitsuak
Orain urte batzuk, festa sozio kulturalen zale ezagun batek nire isolamendua aurpegiratu zidan. Ez omen ninduen ekitaldi inportanteetan ikusten. Adeitsu ari zitzaidan, nire hobe beharrez seguru asko. Berak inportantetzat zeuzkan ekitaldiak inportantetzat joko zituen niretzat ere. Uste dut bakarti baten moduan ikusten ninduela, eta hori pentsatzen bazuen ez da txikia egiten ari zitzaidan mesedea. Baina askotan sozializatzeko zailtasunak dituenari deitzen baitiogu bakarti, beharbada nire solaskideak ez zekien bi kontuok desberdintzen. Nolanahi ere den, oso gogoan dut zer erantzun nion. Burura etorritako lehena izan zen, baina pentsatutako lehena ez da gehienetan zuhurrena izaten, sozializatzeko zailtasunak dituztenei sarritan gertatzen zaie. Zailtasunak zailtasun, burura etorri bezala irten zitzaidan ahotik: ez haut sekula liburu bat irakurtzeko ekitaldi garrantzitsu batean ikusi . 2010/03/15 - 11:37:06
Proiektua
Pompeu Fabra unibertsitateko ikertzaile talde batek orain arteko lanik sakon zabalena egin omen du Estatu espainiarreko giza taldeen arteko antza eta desberdintasunak aztertze aldera. Ikerketak dioenez, hegoaldeko euskaldunon ezaugarri genetikoak ez omen dira uste genuen bezain apartekoak, antza gehiago omen dugu adibidez andaluziarrekin iparraldeko euskaldunekin baino. Baina iparraldekoak zuri eta hegoaldekook beltz bagina ere: ez gara hasiko esplikatzen kultura komunak eta hizkuntzak zer garrantzi duten herrien garapenean; partaide izatearen sentimendua edo partaide izateko borondatea zer nolako bermeak diren herrien etorkizuna proiektatzerakoan. Hala dira kontuok. Kontuz, ordea: iparraldeko gorabeherei buruzko hegoaldeko gehienon axolagabetasunak edo ezjakintasun ia totalak zer dakigu, adibidez, bihar izango diren bozketez ez ditu oso toki onean jartzen gure sentimenduak eta borondatea. 2010/03/13 - 11:26:04
Konbertsioa
Argitaratu aurretik irakurtzeko ohorea egin zidan autoreak. Bi urte pasatu dira ordutik. Folio haietako Jesusen iruditik askoz ere gehiago dago nire buruan, liburua irakurri aurretik Jesusi buruz entzun eta irakurri nituen guztietatik baino. Hirurogei urtetan osatzen joandako Jesusen irudiari beste Jesus bat gainditu zitzaion: ordu arteko Jesus hieratiko estralurtarrari pertsonaia historikoaren alde gizatiarra, gose justiziazkoa, jardun bihozbera gainditu zaizkio nire irudimenean, eta bertan hartu dute ostatu. Biziki eskertzen duen mesedea da fenomeno erlijiosoari errespetua dion agnostiko honek. Atzoko hedabide gehienek Pagolak apaizen babes-gutuna eskertuz esandakoak zekartzaten: Elizak inoizko konbertsio handiena behar omen du. Auzia da eliza ofizialak iraganean ilustrazio aurreko garaietan, Vatikanok; frankismoan, eliza espainiarrak ikusten duela konbertsioa. Horregatik bahitu dute liburua. 2010/03/11 - 13:09:02
Noiz arte?
Senataria, estatubatuarra bera, total eginda irten zen klub gay batetik. Autoa hartu zuen eta han hurbil zebilen polizia batek isuna jarri zion. Honaino, normal samarra, hemen ere ezagutu ditugu isuna jarri dieten politikari hordituen kasuak (ez ditugu isunetik libratutakoenak ezagutzen, nahiz besteak baino ugariagoak izango diren). Baina gaira itzuliz: gayen klubetik irten zen senataria ere gaya da, eta hori ere normala litzateke baldin delako senatariak ordu arte jokatu ez balu gayen etsai amorratu, gayen su justiziazko baten gisa. Nire hautesleek nahi dutena bozkatzen nuen nik hitzekin zuritu nahi izan du senatariak bere jarrera. Hemengo politikariek alderdiaren zapatapean jartzen dute beren iritzia, kontu ezaguna da hau ere, baina beste koska bat da dakart gaur hona: polizia hark harrapatu ez balu, noiz arte segituko zuen senatariak bere kondizio propioaren kontrako gurutzadan? 2010/03/10 - 10:08:10
Lur etsaian
Ordu asko eta denbora gutxi dio Emakundek aurtengo Emakume Egunerako hautatutako esloganak. Neska bat ageri da iragarkian, ordulari handi bati eusten. Orratzek, hamarrak eta hamarrean baitaude, V bat irudikatzen dute: garaipenaren ikurra. Atzo, emakumearen egunez, eta hemengo ordu txikietan, emakume batek irabazi zuen, lehendabiziko aldiz historian, bai pelikula onenaren Oskar saria eta baita zuzendari onenarena ere, Lur etsaian filmarekin. Kathryn Bigelow-ek V keinua egin zuen bi hatzekin garaipena ospatzeko. Kritika onak zituen, ez du aurrekontu ona izan, ez zen zuzendari ezagunegia, eta ikusi dutenek diote filmak indar handiz jasotzen duela Irakeko gerra. Meritu handiak, guztiak ere. Baina Irakeko gerran kokaturiko istorioaz gainetik beste istorio baten morboa azpimarratzen ari dira hedabide guztiak: emazte ohiak saria kendu (!) dio Cameroni. Estereotipoen lur etsaian ibili beharrak bizi gaitu beti. OHARRAK (Post scriptum) Zutabeko gaiarekin zerikusi zuzenik ez badu ere (ala bai?): mekanografiako huts bati esker pelikularen izenburua idatzi nuenetako batean Lur etsian idatzi nuen, eta pentsatu nuen ez zela titulu txarra again ipuin batentzat edo nobela batentzat Atzo sujeritzen duela iruditzen zait. 2010/03/09 - 14:51:02
Hegiak eta egiak
Egun gutxi barru plazan izango da Imanol Murua Uriaren Loiolako hegiak liburua. Titulu esanguratsua du Loiolan izan ziren bilerei buruzko lanak: kazetaria ez datorkigu Loiolako egiak kontatzeko pretentsioarekin, gertakari garrantzitsu batek izan ohi dituen ertz ugariak agertzera eta argitzera baizik (hegia: ertza, bazterra), Martin Ugaldek ere gure kazetari maisuak esaten zuenaren bidetik: errealitatea kaxa baten modukoa da, ezin ditugu kaxaren alde guztiak batera ikusi. Etxean ikasitakoari egindako keinu bat ematen du liburuaren izenburuak, kazetariaren aitonak esaten zuen eta aitak askotan erabiltzen zuen esapide bat baitakar gogora: egia guztia txarrak dituk: luzeegia, motzegia; indartsuegia, ahulegia; zintzoegia, gaiztoegia Hegiak, edo inoiz osoro ikusten ez dugun egiara hurbiltzeko bidexkak, bada. Egia osatzen ahalegintzeko piezak. Kazetariaren aurreko lanak ezagututa, irrikaz gaude. 2010/03/07 - 10:47:05
Mila Ester
Zutaberako gai baten bila nenbilelarik, email-en argi gorritxoa piztu zait ordenagailuaren pantailan. Posta elektronikoan sartu naiz. Gutun labur adeitsu bat, herri-auzi bati buruzko atxikimendua eskatuz. Gutunaren bukaeran, bi hitz: Mila Ester. Zalantzak hartu nau: Mila Ester izeneko neska pinpirin bat gogoratu da nirekin edo Mila Ester dioen lekuan mila esker behar du eta hiztripu soil baten aurrean nago? Auzia argitzeko, bidaltzailearen helbidea begiratu dut. Neska baten izena ageri da bertan, baina ez du inolako antzik gutun bukaerako Ester horrekin. Bai, gero eta seguruago nago bidaltzailea nahastu egin dela azkeneko bi hitzak idazterakoan. Bale, ondo da, baina bigarren hitza Ester zergatik ageri da letra larriz? Ez naiz ba argitu ezin dudan misterio baten aurrean egongo? Galderak galdera, mila esker Mila Ester, zure misterioak zutabe hau idazteko eman didan egokiera paregabeagatik. 2010/03/06 - 11:39:02
Ordainetan
Txileko lurrikarak egunaren iraupena laburtu omen du. 1,26 mikrosegundo eguneko, hori da aipatzen duten galera. Ez dirudi asko, baina nork daki. Beharbada, uste dugun baino indartsuagoa izango du eragina. Tximeleta batek Tokyon egindako hegalditxoak lurrikara bat eragin baldin badezake Haitin edo Txilen, hemendik aurrera egunak izango omen duen hegalditxo laburragoak zergatik ez du baldintzatuko munduaren bizitza, gizakiona, gutariko bakoitzaren ametsena? Tragediekin ikasten ez dugunez, ea parabolek ilustratzen gaituzten: bizitzari hogeita bost orduko etekina atera nahi genion, baina Natura txit Zuzenak leziotxo bat eman nahi izan digu gure eguneroko bizitza 1,26 mikrosegundo gutxiagorekin zigortuz. Egunak hogeita lau ordu izaten segituko du, bai, baina 1,26 mikrosegundo gutxiago iraunez. Hala ere, eskarmentu apalegia begitantzen zait, Naturarekin zein baldar portatzen garen ikusita. 2010/03/04 - 09:32:08
Ogitartekoa
Esau gosez amorratzen itzuli zen lanetik ardiak zaintzetik uste dut eta Jakob anaia ikusi zuen dilista platerkada bero-bero bati ekiteko prest. Oso-oso zegoen gosetuta Esau, eta bere maiorazko eskubide guztiak saldu zizkion anaiari dilista-plateraren truke. Berlusconiren PDL alderdiko morroi batek ere, goseak baitzen, ez ditu Lazioko udal hauteskundeetan parte hartzeko paperak garaiz aurkeztu, ogitarteko bat jatera joateagatik. Bitarte horretan, aurkezpenerako epea itxi dute, eta Berlusconiren alderdia kanpoan gelditu da. Hala ere lortuko dutela hauteskundeetan egotea, italiar guztiek dakiten kontua da. Auzia beste bat da, ordea: jendea galdetzen hasi da nola litekeen Italia gidatzen duen alderdiak halako lardaskeria bat egitea, eta ikusteko dago Berlusconiren nazionalismo populistak zer nolako faktura ordainduko duen. Ogitarteko bategatik! Pizza bategatik izan balitz sikiera 2010/03/03 - 10:24:01
Terapia
Gure amonak zentimotan kontatzen zuen, eta errealetan ikasi behar izan zuen. Gure ama errealetan hasi zen, baina pezetetara pasatu. Guk pezetatan ekin genion bizitzari, eta durotan hasi ginenean, euroak jarri zizkiguten abian. Sistema berriak denbora dezente darama abian, baina ez dugu erreferentzia zaharra galdu, batez ere kostu handiko produktuetan: nola kalkulatu auto baten edo pisu baten prezioa, ez bada modu zaharrean? Eta hor ibiltzen gara buruari eragiten, laurehun mila euro zenbat pezeta ote diren asmatu ezinik. Paul Donovan ekonomilariak esan berri du euroak ez duela ekonomikoki funtzionatzen , eta, aldian behin, Europako ekonomia indartsuenek sistema zaharrera itzultzeko tentaldia izaten dutela. Adinean aurrera goazenok gogor borrokatu beharko genuke atzera bueltaren kontra: ez diezagutela, behintzat, euroari ikusten diogun abantaila ia bakarra Alzheimerraren kontrako terapia izorra. 2010/03/03 - 10:24:01
