(titulua)
This domain is expired. If you're the owner, you can renew it. If you're not the owner, search for your next domain and then build your website for free on Dynadot.com! | Buy this domain |
Gure herrian
Handia delakoan txikia da gure herria. Notiziak arin zabaltzen dira. Azkarregi batzutan. Batez ere, gertatua isilean gorde gura duenarentzat. Denon belarrietara heldu da berria. Ez da atsegina. Neskok haserretu egin gara, amak arduratu, aitak amorratu eta mutilek ez dakite nola azaldu ez dela hori inor gizon egiten duena. Errua hiruk bakarrik dute, eta izorratu, batez ere pertsona baten bizitza izorratu dute. Edo inozentzia, edo alaitasuna, edo halakoetan izorratzen dena. Hamabi urte baino ez ditu. Emakume izateagatik ze arriskutan bizi garen injustuki, azkarregi, merezi gabe... ulertu behar izan du. Ulertu? Ez. Ez dago egin diotena ulertzerik. Hiru gizon zirela esan du poliziak, eta bera bakarra, eta hamabi urte baino ez ditu. Injustizia? Erokeria? Matxismoa? Patriarkatua? Tortura. Indarrez sufriaraztea tortura baita. Berdin du komisaldegian, kalean edo zezen plazan. Tortura. Orain amak beldur dira gure herrian. Ez dituzte euren alabak bakarrik utzi nahi, eta bada ama bat, bere txikiari zergaitik hori egin dioten galdetzen diona bere buruari. Eta bada ume bat bortxatu dutena. Ziurrenez ez du kendu diotena inoiz berreskuratuko, eta ez dakit halakoetan kentzen dena zer den: bihotza, umetasuna, poza, bizitza zati bat... eta pentsatzen dut badirela emakume asko haren lekuan egoteko inolako gogorik eta asmorik izan ez arren, ume bati hori gertatu baino beraiei pasatzea hobe litzatekeela pentsatu dutenak. Amorrua irentsi eta kalera harro joaten gara oraindik egunero gure herriko emakumeok. Baina beldur gara. Berdin dio poliziak errumaniarrak izan direla esateak. Bertan ere badira halakoak. Denok gaude arriskuan, eta inpotentzia handia sentitzen dugu kalerik kale bakarrik goazenean; hankatartean eskegita ezer ez izateak biktima potentzial bihurtzen gaituelako. Hamabi urteko neskatila batek ezer ulertu gabe jasan du guztia. Egindakoa eginda dago, eta inork ez daki benetan, ziur, umeari nola lagundu. Eta umea ez dago ondo. Nola bada, ondo egon? Hamabi urte baino ez ditu, eta eurek hiru ziren eta bera bat eta indartsuak ziren. Eta pentsatzen dut autodefentsa ikastaroak ere alperrik direla, autodefentsa mentala behar dugula. Alegia, gure klabe mentalak aldatzea... guztionak. Pertsona bati begietara begiratzen diogunean generoa ez ikustea. Pertsona ikustea bere horretan. Bestela, etorriko da beste norbait eta beste neska bati begiratuko dio begiak ez diren beste leku guztietara, eta bere desioak edo frustrazioak deskargatzeko zerbait ikusiko du harengan. Eta denok egongo gara arriskuan, eta izango gara ama, eta berriro ere beldur izango gara gure alabak kalean bakarrik dabiltzala jakiten dugunean. Eta ez da justua, joder! 2007/12/11 - 03:02:28
Bagoaz
Orain dela urte eta erdi hasi zen abentura gutxi gora behera. 2006ko apirilaren 8an jarri ginen jende aurrean lehenengoz. Bizkaiko bertsozale gazteen egunean, Larrabetzun. Aurretik froga bi eginak genituen; Aulestin eta Agurainen. Baina ez ziren ofizialak izan. Bildurra galtzeko baino ez ziren izan. Buruan geneukanak ze forma hartzen zuen ikusteko bidea izan zen Aulestikoa, eta hobetze aldera, beste saiakera bat egin genuen Agurainen. Baina Larrabetzuko saioaren atarian estu eta larri egon ginen hala ere. Ondo geratu zen. Bat baino gehiago gorritu zen, eta badira diruarekin ordaindu ezin diren gauzak... Harrezkero aukera asko etorri ziren: Bakio, Iurreta, ERromo, Durango, Gasteiz, Leudio, Leioa, Azkoiti, Donosti, Aulesti berriro, Santutxu, Azkaine, Gasteiz, GErnika, Garai, Arrasate, Oiartzun, Zamudio, Bilbo, Zarautz, Zornotza, Donostia, Astrabudua, Ondarroa, Bergara, Bilbo berriro Ahotsaken ekitaldian, Ordizia, Billabona, Getxo, Orio, Basauri, Urretxu, Lekeitio, Zestoa, Astigarraga, Hondarribi, Gasteiz berriro, TRapagaran, Donostia, Elgoibar, Balmaseda, Gallarta, Leioako Askartza ikastetxean, Santutxu berriro, Santurtzi, Igorre, Azkoiti berriro, Elorrio, Antzuola, Mendaro, Markina, Berritxu, Aramaio, Errezil, Txarama, Idiazabal, Tolosa, Ibarruri, Lekeitio, Iruñea, Gernikan berriro torturaren aurkako jaialdian, Barakaldo, Areatza, Elgeta eta Mañari. Gutxi gora behera ordenean... 68 guztira. Bihar egingo dugu hirurogeita bederatzigarrena, Gernikan. Ez da agur esateko zenbaki txarra, baina deskantsuaren atarian pena hartzen hasi naiz. Hainbeste jende ezagutu dugu eta hain gustura ibili gara... Baina hasten den guztia amaitzen da, eta Emetik Bertso Kabaretak heriotzerako data ipinita zeukan hasieratik. Bagenekien esateko geneukana esan eta gero, isiltzea izango genuela onena. Ez dugu planik aldatu. Esandakoak esanda daude, eta bagoaz. "Heldu gerritik heldu, ta goazen hegan". Hala dio Kabaretaren hasieran ipini ohi dugun kantuak, eta hasi bezala amaitu gura dugu elkarri helduta eta hegan; kontzientziaren bat astindu badugu ondo, eta bestela, gure barruak ondo hustuta goaz. Bihar, 19:00etan Gernikako Harizpen esango dugu agur, edo agian gero arte. Batek daki! Kabareterok haize boladekin funtzionatzen baitugu.. 2007/11/23 - 14:02:12
Izenik ez
Diario Vascon irakurri zuen lagun batek bidali zidan: La mayor parte de los festivales de bertsos que se organizan en Gipuzkoa son «entre amigos en torno a una mesa», a veces para comer, otras veces para cenar. En segunda posición están los de «plaza libre», generalmente al aire libre, con un par de bertsolaris sin una persona que proponga temas. También es elevado el número de los llamados «festivales especiales»; se trata de actuaciones con un formato peculiar, a veces con la ayuda de músicos. Ahí están el espectáculo Bertso kabareta, con varias mujeres bertsolaris; el llamado Bertsotrampak, fruto de la alianza de un hombre de teatro como Ander Lipus, con Andoni Egaña y los hermanos Paya. También hay un espectáculo de ber-tsos -Inaxito- diseñado especialmente para niños. Eta pentsetan geratu nintzen neskok ez ote daukagun izenik. Ez dut nire burua inondik payatarrekin edo Egañarekin alderatuko. Ez naiz horretaz ari. Uste dudana da, kazetariak ez lukeela inoiz idatziko "varios hombres bertsolaris". Susmo hori egia dela pentsatzeak erretzen nau. 2007/10/11 - 16:46:15
Hirurogeita hamar urte
1937ko apirilaren 26a sano urrun dago batzuontzat. Urrunegi. Baina historiarentzat 70 urte ez dira ezer. Gure bizitzan urtebete den adina edo gutxiago dira gizateariaren historian 70. Horregaitik, Gernika-Lumo eta inguruko herrietan 1980aren inguruan jaio garenok pentsatu ez arren, Gernika bonbardeatu zuten eguna berton dago. Atzera begiratzen badugu, Kondor legioa gure gainetik pasatzen errez ikusiko dugu. Gerra zer den ez dakit. Entzun eta irakurri egin dut. Gehienez, telebistan ikusi. Baina ez dut bertatik bertara bizi izan. Agian horregaitik irudituko zait urrun dagoela 1937ko apirilaren 26a. Baina egotez, hementxe dago. Oraindik bizi da sarraski hura ikusi zuenik. Asko hiltzen ari dira, eta eurekin, gure historiarik hurbilenaren lekukotasunak galtzen ari gara. Baina badago zer gogoratu, eta zertaz pentsatu. Gaurko Berrian, El Correo Españolen zein Igandeko El Paisen, lekukotzak irakurtzeko aukera izan dut. Ondoan bizi zaidan jendearen lekukotzak. Ez dago hain urrun 1937ko apirilaren 26a. Hurbil dago. Hurbilegi beharbada. Akaso horregatik ez du Espainiako Gobernuak oraindik ere onartu gura, nor dagoen erasoaren atzean. Ez dut barkamenik eskatzen. Onarpen ofiziala baino: "gu izan ginen". Baina orduan faxistak eta frankistak izan zirenak orain demokratak dira, eta beldur gara haien izena zikintzeko. Orduan karlistak eta txibatoak izan ziren bat baino gehiagok gure ondoko mahaian hartzen dute egunero kafea, eta lotsatu egingo ginateke hau edo hori aurpegiratzen. Hurbilegi daukagu iraganaren pisua, eta urrunegi minik gabeko etorkizuna. Zaila da zauriak ahaztu eta zerotik hastea. Baina egin daiteke. Gaur 70 urte edo gehiago dituzten askok saldu zituztenekin berba egiten dute. Gernika erre zutenen bandoan egon zirenak kalean lasai pasiatzen dute, eta inork ez die ezer aurpegiratzen. Barru, barru, barru, barruan mina egongo da; zelan ez! Baina kanpoan adiskidetuta daude. Etorkizun hobe baten izenean, seme-alaba eta ilobentzat gizarte on bat uztearren, kaleak adiskidetuta daude. Eta gu, ez gara kapaz edo ez dugu gura biktima guztiak batuko dituen ekitaldirik, adibidez. Bakoitzak bere minari erreparatzen diogu, bestearena ez dugu ikusten, eta iruditzen zaigu geu garela gehien sufritu dutenak. 2007/05/14 - 12:17:34
Dena ostu dizuegu
Kasualitatez ezagutu ditut. Baina izugarri gustura nengoen haiekin. Txiletarrak dira biak. 40 urte inguruko gizon bi. Batak urte batzuk daramatza Bruselan, Europako hiriburuan, eta bestea hiru hilabetetarako etorri da. Frantsesa ikastera. Dena ondo joan da. Bazkaltzen egon gara, eta elkarrizkta interesgarria izan dugu. Batek esan duen arte: "Nola liteke herrialde batzuentzat gauzak hain merkeak izatea, eta besteentzat hain garestiak? Nola liteke munduan halako desberdintasunak izatea?". Ezin izan diot eutsi eta erantzun egin diot, "zuei lapurtutakoarekin itzel bizi garelako. Hegoameriketan ostu genuen, Afrikan ostu dugu, Indian ere bai...". Isilik geratu gara. Pentsatzen. Beraiek badakite ez dela nire errua pertsonalki, eta nik ere ez diot neure buruari errurik botako. Baina mapan zentimetro bat gorago edo beherago jaiotzeak gauzak asko aldatzen ditu. Eta kasu honetan, jaio garen lekuan jaio izanaren pribilegioa izatez gain, errua ere badaukagu. Ez guk zuzenean, akaso, baina ez ditugu gehiegi aldatu gure jokabideak, bizimodua... 2007/05/14 - 12:17:34
Gose
Argazkiek hitz egin digute egunkarietatik. Berbarik ez zuten behar gaurko notiziek. Iñaki de Juanaren argazkia ikusi eta korapiloa egin zait barruan. Urdailean esango nuke, baina ez dakit ziur esaten non. Eta kalera irten eta erabakia bere kontura hartzea ondo dagoen edo ez eztabaidatzen ikusi ditut bi. El Paisen edo halakoren baten ere, argitaratu omen zuten ETA haserre ote zegoen de Juanak erabakia bere kabuz hartu zuelako. Ezin omen da horrelako erabakia guztien gainetik hartu, gero izango dituen ondorioak guztiok pairatu beharko ditugulako. Horra lagunaren diskurtsoa. Guztiok pairatu? Nor gara guztiok? Nor da guztiok? Azalpen horrek ez dit marapiloa askatu. Gogoratu naiz ze eztabaida sortu zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean Iñaki de Juanaren egoera salatzeko eraman genituen kamisetengatik. Gehiago estutu zait marapiloa. Ez dakit ziur non, urdailean, bihotzean, desilusioak sortzen diren lekuan... hor nonbait. Gure, bertsolarion, jaia omen zen. Enkartelada batean geundela omen zirudien. Batek kamiseta eroatea tira, baina guztiok. Gure arma berba ei da. Dioskue, nahikoa izango zela lehenengo agurrean edo aipatzea. Nahikoa. Zer da nahikoa? Zenbat da nahikoa? Noiz da nahikoa da? Entzun ditudan kritika guztiak batera errepasatzen ditut, baina ez zait marapiloa askatzen. Erlojua atzeraka doa. Bost, lau, hiru, bi, bat... Gizona gose da. Askatasun gose. Justizia gose. Izenez demokrata den estatu bateko legeek egunkarian gutun bi argitaratzeagaitik kondenatu duten terrorista ohera lotuta dago. Gose da. Justizia gose. Askatasun gose. Esan du, ez duela kondenaren beherapenik onartuko. Askatu arte borrokan jarraituko duela. Eta hain terrorista, hiltzaile, erabaki hartzaile... den gizon horri geratzen zaion arma bakarra gose greba egitea omen. Gose da. Eta guk inora eramango ez gaituzten eztabaidetan jarraitzen dugu. Ez dugu pentsatzen zer egin dezakegun guk Iñaki de Juana bere etxera onik hel dadin. Ez, guk eztabaidatzen dugu ea ondo hartu duen erabakia, ea kamisetak egokiak ziren, ea ondo egin dugun halako lekutan bere borroka aipatuta... gu guztiok nahikoa baikara inoiz egon ez garen egoera batean, eta zorionez egongo ez garenean, zer egingo genukeen kalkulatzeko eta besteek egiten dutena epaitzeko. Eta berak han jarraitzen du, ohera lotuta. Gose. Justizia gose. Askatasun gose. Baina guk egunero bazkaltzen dugu, eta ez dugu bere tokian benetan eta zintzoki jartzeko ariketarik egiteko gogorik. Badakigulako, gai garelako, ezagutzen dugulako zelan hartu behar diren erabakiak usaindu ere egiten ez dugun erakunde batean. Azken batean Iñaki de Juana gose da. Gutariko asko denbora galtzen ari gara eztabaida antzuetan eta nik pertsonalki, inori axola bazaio behintzat, sekulako korapiloa daukat nire barruan. 2007/05/14 - 12:17:33
Nire bost aitorpenak
Pipik bola pasau deusku eta orain hemen, pentsetan nago zeintzuk izan leikezan nire bost aitorpenak edo sekretuak edo dana dalakoak. Lotsatuta nago pantaila aurrean, eta uste dot neure burua zensurau egin beharko dodala, ze dana esatea be ez jat komeni... edozelan be, besteenak irakurri eta gero, proposamenari paso egitea ez da justoa. Bueno ba, bat, bi eta hiru: 1- Lehenengoz agertokira igokeran, mikrofono eta altabozen kableakaz estropozu egin eta jausi egin nintzen. Musturrez aurrera. Barriro zutundu, eta buruz ikasita neukazan koplak kantau egin nebazan. Gure ama izan zan debut horretan bertsolaria ikusi eban bakarra. Danek egin eben barre, Muxika osoak, baina gure amak esan eban egoera horretan altxau eta kantetako kapaz izan banaz, oraindino dana ez dagoela esanda. Bederatzi urte baino ez neukazan. 2- Bakarrik berba egiteko ohitura itzela daukat umetatik. Hiru urtegaz edo Laidako hondartzan konturatu ziran lehenengoz ama, izekoak, ahizpak eta lehengusinak bakarrik berbetan nagoala. Harrezkero ez dot ohitura hori gainiditzea lortu. Gure etxean ez dira harritzen, baina kalean zer esanik ez! Eta nik ezin dot ebitau... 3- Nire bizitzan gehien kostau jatan azterketa, eta akaso benetan estutu nauan bakarra, gidatzeko baimenerako azterketa praktikoa izan zan. Bostagerrenean aprobau neban, eta oso akordu txarra daukat. Orduan eta gerora egindako azterketa psikologikoetan esan deustenez fantasma zaharrak berpiztearen ondorioa izan zan. Badakizue, auto istripuek maite dogun jente mordoa eroaten dabe, eta ez dalakoan be, betirako gelditzen diren zauriak sortzen jakuz. 4- Bertsolaritza eta kazetaritzaz gain, nire pasinoa arte igarleak edo gazteleraz "artes adivinatorias" deitzen jakenak dira. Batez be tarota gustetan jat, baina astrologia eta halakoei buruz be hor ibilten naz irakurten eta jakin gurean. Kiromantzia ulertu guran be banabil. Gurako neuken baino askoz gitxiago dakit, baina astia daukadanero ekiten deutsat gaiari. Nire inguruekoek esaten dabe ikasketetan halako intentzinorik ez nebala egundo ipini. 5-Ariatzako auzo eskolan genbilzanean irakasleak galdetu euskun behin, ea Santitxuren zaldi zuriak ze kolore euki eban. Erantzunak erreza emoten dau, baina niri beste zalantza bat sortu jatan: nor izan ete zan Santitxu? eta nor zan jakin barik ezin zaldiaren kolorea asmatu... Eta guzti hau bizkaieraz idatzi dot, hain neure gauzak izanda errazaga egiten jatalako bizkaieraz kontetea. Orain lekukoa pasauko dot nik be, eta ez dau balio paso egiteak eeee!! Ia zer izango dan hau!! Ia Bizkaiko Bertsolari txapeldun barriak, Urko Aristik, Jon Martinek, Lander Garrok eta Mikel Lizarraldek zer esaten daben. Gero badakizue, zuek beste bost laguni galdera bera egin behar deutsazue, eta guk, nunzebarriok, irakurten jarraituko dogu. 2007/05/14 - 12:17:33
Poza, lasaitasuna, amorrua
Batez ere poza beragatik. Bizirik askoz ere ekarpen handiagoa egin diezaiokeelako herri honi. Poza, batez ere, erakutsi duelako norbere arrazoietan sinesten denean noraino heldu daitekeen. Poza, Iñaki de Juana Donostiako erietxe batean dagoelako. Lasaitasuna bizirik dagoelako. Amorrua, oraindik ere erruduna delako Espainiako (eta bertoko) komunikabide askoretzat. 25 gorpu. 25 hildako. Ez dakit zenbat mila aldiz entzun dudan kopuru hori telebistan, irratian... azken 24 orduetan. 24 ordutan 25 bider akaso (lo egin ditudan ordu gutxiak kenduta?). Berdin dio kondena beteta izateak, berdin dio artikulu bi izatea kartzelan egotearen arrazoiak. Berdin berdin. Hiltzailea da, eta askoretzat zoritxarrez, hilda behar luke. Baina bizirik dago eta ni asko pozten naiz. Nire barruan oso lasaitasun handia ematen dit bizirik jarraituko duela sinesteak. Azkeneraino jarraitu izan balu, Donostiara ekarri ez balute, Madrilen hil izan balitz neure burua ere errudun sentituko nuelako agian? Ez dakit ziur erantzuten, baina pozik nago, eta lasai. Amorratu egiten nau baina, oraindik ere guztiz libre ez dela pentsatzeak. Adierazpen Askatasuna ukatu egiten digute. Pentsatzen duena esatearren, hiru urteko kartzela zigorra ipini diote de Juanari. Polizien sindikatuak esan du: "gugatik izan balitz, ospitalean hilko zen!". Ez da ezer gertatzen. Eta nik halakorik esango banu de Juana ez den beste norbaiti buruz? 2007/05/14 - 12:17:33
Dena ostu dizuegu
Kasualitatez ezagutu ditut. Baina izugarri gustura nengoen haiekin. Txiletarrak dira biak. 40 urte inguruko gizon bi. Batak urte batzuk daramatza Bruselan, Europako hiriburuan, eta bestea hiru hilabetetarako etorri da. Frantsesa ikastera. Dena ondo joan da. Bazkaltzen egon gara, eta elkarrizkta interesgarria izan dugu. Batek esan duen arte: "Nola liteke herrialde batzuentzat gauzak hain merkeak izatea, eta besteentzat hain garestiak? Nola liteke munduan halako desberdintasunak izatea?". Ezin izan diot eutsi eta erantzun egin diot, "zuei lapurtutakoarekin itzel bizi garelako. Hegoameriketan ostu genuen, Afrikan ostu dugu, Indian ere bai...". Isilik geratu gara. Pentsatzen. Beraiek badakite ez dela nire errua pertsonalki, eta nik ere ez diot neure buruari errurik botako. Baina mapan zentimetro bat gorago edo beherago jaiotzeak gauzak asko aldatzen ditu. Eta kasu honetan, jaio garen lekuan jaio izanaren pribilegioa izatez gain, errua ere badaukagu. Ez guk zuzenean, akaso, baina ez ditugu gehiegi aldatu gure jokabideak, bizimodua... 2007/05/11 - 16:18:01
Hirurogeita hamar urte
1937ko apirilaren 26a sano urrun dago batzuontzat. Urrunegi. Baina historiarentzat 70 urte ez dira ezer. Gure bizitzan urtebete den adina edo gutxiago dira gizateariaren historian 70. Horregaitik, Gernika-Lumo eta inguruko herrietan 1980aren inguruan jaio garenok pentsatu ez arren, Gernika bonbardeatu zuten eguna berton dago. Atzera begiratzen badugu, Kondor legioa gure gainetik pasatzen errez ikusiko dugu. Gerra zer den ez dakit. Entzun eta irakurri egin dut. Gehienez, telebistan ikusi. Baina ez dut bertatik bertara bizi izan. Agian horregaitik irudituko zait urrun dagoela 1937ko apirilaren 26a. Baina egotez, hementxe dago. Oraindik bizi da sarraski hura ikusi zuenik. Asko hiltzen ari dira, eta eurekin, gure historiarik hurbilenaren lekukotasunak galtzen ari gara. Baina badago zer gogoratu, eta zertaz pentsatu. Gaurko Berrian, El Correo Españolen zein Igandeko El Paisen, lekukotzak irakurtzeko aukera izan dut. Ondoan bizi zaidan jendearen lekukotzak. Ez dago hain urrun 1937ko apirilaren 26a. Hurbil dago. Hurbilegi beharbada. Akaso horregatik ez du Espainiako Gobernuak oraindik ere onartu gura, nor dagoen erasoaren atzean. Ez dut barkamenik eskatzen. Onarpen ofiziala baino: "gu izan ginen". Baina orduan faxistak eta frankistak izan zirenak orain demokratak dira, eta beldur gara haien izena zikintzeko. Orduan karlistak eta txibatoak izan ziren bat baino gehiagok gure ondoko mahaian hartzen dute egunero kafea, eta lotsatu egingo ginateke hau edo hori aurpegiratzen. Hurbilegi daukagu iraganaren pisua, eta urrunegi minik gabeko etorkizuna. Zaila da zauriak ahaztu eta zerotik hastea. Baina egin daiteke. Gaur 70 urte edo gehiago dituzten askok saldu zituztenekin berba egiten dute. Gernika erre zutenen bandoan egon zirenak kalean lasai pasiatzen dute, eta inork ez die ezer aurpegiratzen. Barru, barru, barru, barruan mina egongo da; zelan ez! Baina kanpoan adiskidetuta daude. Etorkizun hobe baten izenean, seme-alaba eta ilobentzat gizarte on bat uztearren, kaleak adiskidetuta daude. Eta gu, ez gara kapaz edo ez dugu gura biktima guztiak batuko dituen ekitaldirik, adibidez. Bakoitzak bere minari erreparatzen diogu, bestearena ez dugu ikusten, eta iruditzen zaigu geu garela gehien sufritu dutenak. 2007/04/26 - 11:00:01