Ostertza
Irudimenak ez dauka mugarik
Printzesak esan zion igelari...
Bazen behin herri txiki batean printzesa bat, Ariane izenekoa. Gaztelu handi batean bizi zen. Handik ez oso urrutira igel bat bizi zen putzu txiki batean. Igelak printzesa maite zuen; nahikoa zuen egunero izaki maitagarri horren begi sakon baina ez arriskutsuetan islatzen zen ostertza ikustearekin. Printzesa ere ez zen beste guztiak bezalakoa, Arianek igela maite zuen eta horregatik egun batean barroteak apurtu, ateak ireki eta edertasuna ezagutu zuen, lehen bihotzean preso egondako edertasun hura bere begiekin ikusteko gaitasuna lortu zuen eta betiko zoriontsua izan zen. Orduan pentsatuko duzue: non ote dago igelak behin sentitu zuen tristetasun hura? munduak eragin zion tristetasun hura, bai, mundua oso injustua da eta. Itsasoaren disdira eta mendiaren gaueko berde kolore iluna gordetzen zuten begiak zeuzkan printzesak. Begi maitagarri horiek guztiz lirulatuta zeukaten animalia. Ederra eta perfektua zen Ariane, tira... ezinezkoa da ulertzea, bera utopia bat zen, igelarentzako lortu ezineko maitale, ukitu ezineko zeru, hegaz egin ezin duen gizaki, aurkitu ezineko horizonte amaiera. Eta igela, zelakoa zen animalia hura? nork uste du igel bat polita izan daitekeela? baina igel hau ezberdina zen. Guztiak bezala kanpotik zatarra baino zatarragoa zen, baina berezia zen hura, bai, hark edertasuna bihotzean gatibu zuen, baita tristetasuna ere. Bakarrik gogoratu ezazue printzesak igelari egun batean esan ziona: edertasuna bakarrik maite zaituzten pertsonen begietan dago, ez beste inorenetan. Eta igelak musu eman zion printzesari eta putzuak oroimenik ez daukanez, momentu hura errepikatu egiten da beti... 2008/09/23 - 20:33:06
Ni neu izan gura dot
Gu garen bezalakoak gara... Ez dot ez handiena, ez txikiena izan gura; ez dot ez txarrena, ez onena izan gura; ez dot ez esklabu, ez jabea izan gura; ez dot ez irabazle, ez galtzailea izan gura. Azken finean, ni neu izan gura dot. Eta zeuek? 2008/09/23 - 20:33:06
Besarkada beroa
Eta besarkada bakar batek zenbat adierazten dauan, beso horiek zeure gorputza inguratu eta laztanduz. Babestuta sentitzen zara orduan, bildurra sentitu barik, zeure maitasun ametsean murgildurik. Eta orain, euria da eta malkoek bere gorputzetik ihes egin nahian korrika doaz, zergaitik ete da? Nik edozer emongo neuke bere gorputza sentitzeagaitik, ezin uler daiket tanten jokaera... ulertezina da. Izan leiteke malkoek norbait dabela itxaroten eta, euriaren indarrak bortxatu egiten dituanez zure kontra jotzen, zuk banatu egiten dozuzala zeure gorputzetik, zeure bihotzetik... bai, hori izango da arrazoia... Bera da, ez beste inor, bera da, ezin deutsu minik emon. Eta horiek begiek ezin dabe maitasuna besterik adierazi, begi inuzente horiek ezin deutsue minik emon. Baina bildurra sentitzen dozu, bera ete da? neure ametsen jabe, neure askatasunaren giltzaren jabe, zoriontasunaren ispilu, baita tristetasunaren eragile askotan ere... bera ete da? Hori bakarrik berak daki. Erraza da ordea pertsona batek gura zaituan jakitea, begiradak dana dino eta. Begirada batek, askotan, sarritan, oso maiz, bi hitzek baino askoz gehiago balio dau. Nik ezin dot imaginatu zeure gorputza ez dan bat laztantzen, zeure begiak ez diran batzuei begira, zeure ahoa ez dan bati mosu emoten, zeure ezpainak ez diranak buztitzen, zeurea ez dan bihotz batean neure askatasunaren giltza gatibu egoten... ezin dot neure etorkizuna zu barik ikusi... ezinezkoa egiten jata. 2008/09/23 - 20:33:06
Zergaitik beti triste?
Orain, badakit nora joan ziren haizeak eroan ebazan ametsak; galduak zirala uste nebazan ametsak agertu dira ostera ere... Batzuk zoriontasun eta aldaketaren eraginez bueltatzea erabaki eben eta beste batzuk, ostera, galduak dira betiko. Kilometro franko egin ebezan ametsak, inoiz ezagutuko ez dodazen lekuetan egon ziranak, orain, benetako ametsak dira. Orain dana itxaropen bilakatu da. Hau gertatzen danean, beti gura izan dodan dana lortu dodala emoten dau: ilusioak, ametsak, pentsamenduak... eta gutxinaka-gutxinaka lehen izan nintzan pertsonan bilakatuko naz. Hau maitasuna ez badan... zeiñek azalduko deusta zer dan? Eta bihotz horren zatitxu txikitxuak, modu ulertezinean, bueltatu dira. Gutxinaka-gutxinaka zatiak alkartuz joan nintzan dana osatzen dauan kolagaz. Eta horrela, puzzlea konponduta, taupaden soinua entzuteko gai izan nitzan... pum pum, pum pum, pum pum... 2008/09/23 - 20:33:06
Maitasun istorioa
Zerua urdina dala pentsatzea gustatuko litzaidake, bizitza itxaropenaz betea dagoala eta beste guztia tontokeria dala... baina EZIN dot. Eta gehien maite dozun pertsona hori urrun dagoala sentitzen dozu eta horrek mina emoten deutsu. Baina ezin dozu zergatia azaldu... Eta ametsak ez al dira existitzen? Askotan, ostera, haizeak ametsak eramaten ditu mundu imaginarioak oztoporik jarri barik. Leitekeena da egunen batean bueltatzea... eta eurekaz barre egiteko gura, zoriontsu izatekoa... Eta geratzen dan azkena: maitasun istorio hau Romeo eta Julietarena bezala ez amaitzeko esperantza. 2008/09/23 - 20:33:06
Zertarako idatzi?
Nik, benetan, literatura bizitzeko modua dala uste dot, Sarrionandiak esaten eban legez. Literatura ikasi, bai, egiten dala, baina bizi ere egin behar da. Gustuko badozu bizitzeko modu bilakatzen da. Niri, behintzat, bizimodu bilakatu jata. Hasi irakurriz eta idatziz amaitu, hori izan da neure bizimodua. Onartu beharra dot irakurtzeko nahiko alperra izan nazela beti, baina idazteko, ez. Triste nagoanean, goibel sentitzen nazenean idatzi besterik ez daukat. Eta benetan gustuko ez dodana zer edo zer behartuta egitea da. Hori da irakurtzeko alperra izatearen arrazoi nagusia. Eskolan, institutuan... betidanik irakurtzera behartu gaituez eta zer lortzen dabe horregaz? guk irakurtzea? ez, guztiz kontrakoa. Nik ez dot behartuta inoiz ez irakurri, horretarako ez neban irakurri beharrekoa irakurtzen eta listo. Askotan ere amorrua emoten deusta irakasleek esaten dabenean: idazle famatu bat irakurri! onena da! nobel saria dauka! mundu guztian ezaguna da! Eta zer? Ez al dira ezagutu gabeko idazle on asko? Nik esango neuke bat baino gehiago dagozala. Horregaitik nik idaztera animatzen dot jendea, benetan literatur lan txar bat egitea oso gatza da eta. Sortutako horrek beti zentzua eukiko dau, izen leike bakarrik zeure pertsonarentzako zentzua eukitzea, baina esangura garrantzitsua izango da, horretaz ziur egon, norbaitek ulertuko dau zeure lana eta baloratu ere egingo dau. Arestian esandako guztiagaitik, ez ahaztu, idatzi! Norbaitek, mundu honetan -sarritan injustua dan arren-, baloratuko dau zeure lana. 2008/09/23 - 20:33:06
Urrunegi... hurbilegi...
Bildurra daukat eta istorio hau ezin liteke benetakoa izan. Etorkizuna gorroto dot. Baina, ez. Ez da gertatuko, orain ez, behintzat. Badakit erantzuna ezetz dala. Eta ez, ez, ez, ez dot hainbeste horretan... pentsatu gura. Zertan? Zer gertatuko dan ez jakiteak amorrua eragiten deusta! Etorkizuna gorroto dot... Urruntasuna gero eta hurbilago sentitzen dot, zugandik hain urrun, eta, aldi berean, hain hurbil... Begirada batek ez dau ezer esaten, eta, aldi berean, dana dino, euri tantak zeure aurpegian eta altxor baten mapak adierazten daben bezala... 2008/09/23 - 20:33:06
Erortzen...
Baina, trankil, erortzen zarenean beti dago igotzeko aukera... Gero eta urrunago, hainbat eta tristeago, gero eta hurbilago, hainbat eta zoriontsuago. Eta gaur ere hitzekin jolasean nabil: maite zaitudalako zaitudalako maite. Tulunbiotik behera, iluntasunera, egunetik gero eta urrunago, gauatik gero eta hurbilago lurretik gora, izarretara. Eta preso izan nahi dut, bai, horregatik behera noa, gero eta beherago... gero eta beherago sentitzen naiz eta banoa, bai... banoa, banoa, banoa... 2008/09/23 - 20:33:06
Oheko berotasun hotza
Hitzekin jolastu, letrekin zoratu, emozioa izkutatzen duzu ta azkenean askatzen duzu... gatibu zaude ametsetan, zoriontasuna mozorratu ta tristetasuna irensten duten ametsetan. Samurtasunak laztantzen ta nostalgiak urratzen dituzu ta pasioa edaten duzun bitartean desioen isaratan biltzen zara. Iluntasunean bilatzen duzu esperantza, berarekin oheratu ta zeure erotasunean maitasuna egiten diozu torturatzen ta, aldi berean, maitatzen zaituen bakardade zentzugabean. Gauero, zurekin ohera doan horrek iluntasunean laztantzen ta bakardade zentzugabean laguntzen zaitu. 2008/09/23 - 20:33:06
Gaur...
Edonork pentsatuko leuke gaur egun normala dala, besteen moduko eguna, ilargia izkutatu eta eguzkia urtetzen daneko egun horietako bat. Dana sinplea dala emoten dau, goizean itzartu eta: "ez! beste egun horietako bat!". Beti hurrengoaren zain gagoz, hurrengo egun perfektu horren zain itxaroten... baina, eta konturatzen garenean egun hori ez dala existitzen? Egunak joan eta etorri eta danak dira antzekoak, azken finean, bardinak, baina inoiz ez berberak. Horregaitik, ni momentua bizi behar dala pentsatzen daben pertsona horietako bat naz. Lehen esan bezala, egunak ez dira inoiz berberak izaten. Horretarako momentu distiratsuak gogoratu eta ilunak ahaztu beharko geunkez. Neure lagun batek esaten dauan legez: "egun guztiak dira desbardinak eta euren gauza onak daukiez". Horregaitik, pozik zagozanean, irribarrea zeure aurpegiaren jabe danean, barre egiteko gogorik baino ez daukazunean, zoriontsua zarelako, bizitzeko arrazoiren bat aurkitu dozulako, orduan, bai! gorde eizu hori momentua, ez eiozu ihes egiten itzi, horrek baino gehiago ez daualako ezerk balio. Gaur, egun normala da, bai, baina gauza barri bat ikasi dot: Carpe diem! 2008/09/23 - 20:33:06