(titulua)
Playback
EntzunAnekdota ezagutuko duzu, entzule: Barack Obama presidente izendatzeko ekitaldian playbacka egin zuten Yo-Yo Ma biolontxelistak eta Itzhak Perlman biolinistak; ez ziren zuzenean jotzen ari, lehenagotik grabatutako pieza entzun zuten Washingtonen bildutako milaka herritarrek. Tenperatura baxuegia omen, ezin omen instrumentuak behar bezala afinatu, horregatik hartu omen zuten playbacka egiteko erabaki gogorra. Aitzakiak aitzaki, gauzak egiteko modu baten erakusgarri ezin hobea utzi digute musikariok. Horrela dago mundua entzule. Lanak egiteko bi modu daude: normal tradizional eta ohikoa, hau da, gauzak egitea, behar den bezala, hasi eta buka; eta playback modua: beste norbaiti lana enkargatzea, gero, momentua iristean, meritua, txaloak eta loreak zerorrek jasotzeko. Playbackera da, gauzak egin ordez, egiten dituzula esatea; kazetaria zarela esatea, albiste bakar bat idatzi izan gabe; blogaria zarela esatea, armiarmak zure blogean sare erraldoiak egiten ari diren bitartean; grafitigilea zarela esatea, nahiz eta egin zenuen azken pintadan âLAIA BAIâ jarri zenuen. Denok ezagutzen ditugu kasuak, ez da fenomeno berri berria ere. Playback kirola existitzen zen: Kournikova zure telebistara iritsi zen, tenislaria omen zelako. Eta, entzule, noiz ikusi zenuen azken aldiz kantxan? Playback musika ere, kilometroak egindakoa zen Obamaren ekitaldia baino lehen. Ezagutzen al duzu Pete Doherty? Eta haren kantaren bat? A, eta playback zutabegintza, noski. Ala zer uste zenuten, Gorka Bereziartuak denbora galtzen duela testu hauek idazten, han eta hemen antolatzen dituzten sarao guztiak eskura edukita?Dena dela, kezkagarriena, nire ustez, playback politika da. Gauzak aldatuko dituzula esatea, eta kieto geratzea zain, norbaitek play botoia sakatuko duen esperantzan. Eta kezkagarria diot, politikan, benetako politikan, aurretik egindako grabazioek ez dutelako aldaketarako biderik zabaltzen. Hurrengo hilabeteetan ikusiko dugu Obamarena benetako politika den ala playback hutsa. Nik ez daukat esperantza handirik. Izango da, zuzeneko musika gustatzen zaidalako; jazza bada, hobe. Washingtongo tipo hauei berriz, ez zaie inprobisazioa batere gustatzen. 2015/03/05 - 14:36:04
Ideologiak
EntzunEgun batean esnatzen zara, eta konturatzen zara ezkerrekoa zarela. Ideologiaz, esan nahi dut. Bigarren hezkuntzako ikaslea naiz, 15 urte, eta Manifestu komunista irakurri nuen atzo. Beraz, komunista izango naizela erabaki dut gaur goizean. Iraultzailea. Gorria. 16-rekin Sarrionandiaren poema batzuk irakurri ditut, eta komunista euskalduna izan behar dudala erabaki. 17-rekin irakurri dugu ikastolan Leturiaren egunkari ezkutua, 18-rekin, neure kasa, Sartreren Goragalea eta Izatea eta ezereza, eta jada jabetuta ez dela aski izatea ezkerrekoa, euskalduna, komunista, iraultzailea eta gorria bakarrik, existentzialista egin naiz. Gero, karrerako aurreneko mailan, Monzón, Azurmendi, Krutwig eta beste baten bat etorri ziren, eta egin nintzen abertzale. Kontuak ez galtzeko: ezkerrekoa, euskalduna, komunista, iraultzailea, gorria, existentzialista eta abertzalea.Baina berehala, bigarren mailan edo, badator Solzhenitsyn eta ideologia bezain garrantzitsua den kontzeptu batez jabetu naiz: ñabardura. Uste dut orain egin naizela estrukturalista, edo horrelako zerbait, eta hasi zait iruditzen âkomunistaâ hitza, bere horretan, nahiko hustua dagoela (ez du asko lagundu konturatzeak, 2004an-edo, Berlingo harresia erortzearen kontu hori pentsatzen nuena baino garrantzitsuagoa izan zela). Gainera Kunderaren Izatearen arintasun jasanezinaren ondoren, bolada batez, ideologiak baino gehiago interesatzen zaizkit neskak.20-21 urterekin Fredric Jameson irakurri eta nire ezkerraldeko kezkak klase-borrokatik posmodernismora igarotzen dira: eztabaida sakonak subjektu historikoaz, Lisabö eta Ama Say-ren soinu bandaz lagunduta. Adin berarekin, bidaia pare bat tarteko, abertzale izatearena kuestionatzen hasiko naiz, baina Unamunori kasu egin, eta bidaiatzeari utziko diot, nazioaren gaixotasun sinpatiko horrek abandona ez nazan.22rekin, Céline eta Houellebecq: grazia egiten didate, eta jada ez dakit ezkerrekoa naizen edo zer, ze bi frantses pikaro hauek fatxa batzuk iruditzen zaizkit, baina arrazoizko gauzaren bat edo beste esaten dute. Nola karrera bukatu dudan, eta lanean hasi naizen jende progrearekin, tsunami kontzeptual bat etortzen zait burura: anarko-ekologismoa, dekrezimendua, feminismoa eta bere aldaera porno-punkiak King Kong teorian, abertzaletasun historizista, nihilismoa...Eta horrela, ideia ideiaren gainetik, azkenerako nazkatu eta neure burua orekatzearekin nahiko lan izango dudala otu zait azkenean. Gainera, zer arraio, 24 urte baino ez ditut. Pentsatuko dut beranduago gauza serioetan. Baina 2008an gaude eta esaten didate krisi ekonomiko handi bat datorrela, beharbada kapitalismoa suntsituko duena behin betiko. Albisteak tortila bat prestatzen harrapatu nau, eta ez diot garrantzi handiegirik eman hasieran, baina telebistak ez duenez beste ezertaz hitz egiten, ba, azkenean, sinestu behar. Ikusi ditut gobernuak, bankuak salbatzen.Ikusi dut Bernard Madoff Historiako Lapurreta Handiena egiten.Ikusi ditut lagunak lana galtzen, eta kezkatu naiz, nirea galduko ote dudan.Eta esan dut: ondo ote doa hau guztia? Ez ote du norbaitek gauzak beste modu batera antolatzea proposatu inoiz? Egun batean esnatzen zara, eta buruari bueltak ematen hasi, eta erabakitzen duzu ezkerrekoa zarela. Eta beharbada merezi duela Manifestu komunistari bigarren irakurria ematea.---------PS: Norbaitek plagioa edo dena delakoa salatu baino lehen, Denys Arcand-en Les invasions barbares filmeko elkarrizketa batetik hartu dut burutazio honetarako ideia. Gero ez etorri esaten lapurretan nabilenik. 2015/03/05 - 14:36:04
Free Gaza
Problema handia izaten da gertakari historiko batean kazetaririk ez dagoenean, gero inork ez dakielako kontatzen denak zenbat duen egiatik, zenbat gezurretik.Erdipurdiko pelikula bat, duela urte batzuk: musulmanek Jerusalem berreskuratu zuten momentua kontatzen zuen, hala moduz. Kristauek galdu egiten dute, pelikularen bukaeran, Jerusalem; hori horrela gertatu zen, XII. mendean. Ez dakit, ordea, film bukaeran erakusten duten elkarrizketa benetakoa den.â Zenbat balio du Jerusalemek? âgaldetzen dio Ibelingo Balianek, hiria defenditu duen gerlariak, Saladin sultanari. â Ezer ez âerantzuten du sultanak, eta Baliani bizkarra emanda bere soldaduengana abiatzen da. Baina, gelditu, buelta eman, Baliani begiratu eta zera gehitzen duâ Guztia.Esan dut, ez dakit benetan horrelako elkarrizketarik izan zuten ala ez. Baina, fikzioa, beharrezkoa bihurtzen da horrelakoetan, ez dagoelako kazetaririk gertakaria kontatzeko. Balizko elkarrizketa horrek galdera zaila jartzen digu, bide batez: zenbat balio du, izan ere, Jerusalemek? Zenbat balio du Palestinako lurrak? Urtea bukatzeko erantzun antzeko bat eman nahi izan dute Ehud Olmertek, Tzipi Livnik, Ehud Barakek, Israelgo agintariek oro har, hirurehundik gora palestinar akabatuz. Eta kazetariak Gazan sartzea zail dagoenez, fikzionatu egin beharko dugu, berriro ere, gertatzen ari dena.âBarre karkailaka ari da soldadu israeldarra zigarroa ezpainean; barre karkailaka bere metraileta urduria ere, bonbak goitika egiten dituela, bere hegazkinak. Tomate zapalduak bezala haurrak, gizonak, emakumeak gorria soinu bigunez lurrera isurtzen. Hezur erreek ereiten dute lur gorpuz asea. Olibondo guztiak kiskali dira. Usoen eskeleto beltzei oraindik kea darie.â Zenbat balio du gure lurrak? âgaldetuko dio palestinar batek soldaduari.â Ezer ez âerantzungo du soldaduak. Gero, pentsatzen hasi, eta zera esanez borobilduko du esaldiaâ Zure bizia.â Alferrik da. Talentu handia behar da Israelen exekuzio makina gaur, bihar, etzi egiten ari dena kontatzeko, erdipurdiko pelikula baten tankera hartu gabe. Noski, ni neure zereginaz ari naiz: kazetaritzaz. Besterik da errealitatea kontatu ordez, kudeatu behar dutenen lana.Talentu gutxiagorekin, eta irmotasun gehiagorekin jardun behar zuten, ene ustez, Europar Batasuneko eta Nazio Batuen Erakundeko ordezkariek. Egiazkoak dira, baina pelikula txar batetik ateratakoak dirudite. Su-etena eskatzen ikusi ditugu, nola eskatzen dion umeak amari, ordaindu ezin duen opari bat Gabonetarako. Aspaldi behar zuen Israelek lurralde okupatuetatik kanpo, baina, historiak ondo jasotzen duenez, sionistak izaina bezala atxikitzen dira lapurtu dituzten lurraldeetara. Indarra erabiliz kanporatu beharreko zomorro beltzak dira: 1973an Egiptok tiroz eta bonbaz bota zituen Golango gainetatik; 2006an hezurretan astindu ederra hartuta erretiratu ziren Libanotik. Orain ere, Europar Batasunaren eta Nazio Batuen mehatxupean ez bada, ez dute atzera egingo. Problema handia da, ez baikaude XII. mendean: gertatzen ari denaren egia, edo zati bat bederen, ezagutzen dugu. Baina, erdipurdiko pelikula batean bezala, Jerusalemek zenbat balio duen galdetzen jarraitzen dugu.Bonbardaketei buruzko informazioa Wikipedian. [en]Freegaza.org gunean jarraipen zabala hainbat hizkuntzatan.Amets Arzallusek eta Txomin Txuekak Palestinan egindako bidaiaren egunerokoa, egindako elkarrizketen bideoak eta argazkiak (ARGIA). [eu]Norman Finkelstein (ARGIA, 2008-XI-9): "Gatazka konpontzeko moduaz adostasuna badago nazioartean. Israel eta AEBak mugiarazi behar ditugu adostasun hori behingoz onar dezaten". [eu] 2015/03/05 - 14:36:04
Mudantza
Etxez aldatzeko ordua iritsi zaio blog honi. Azken urteotan nahiko geldituta egon da (ez naiz iritsi hileko post bat idaztera ere), eta iruditzen zitzaidan behar zuela biziberritze bat. Azken finean, bai, zaharrak gara, baina oraindik gerra pixka bat eman dezakegu. Gerra ordea, beste lubaki batean egitea erabaki dut: argia.com-en webgunean. Han aurkituko duzue Boligrafo Gorria hemendik aurrera, tinta berriz, akats berberez.Nahi duzuenerako: www.argia.com/boligrafo-gorria 2009/05/12 - 11:12:04
Zirkua
EntzunBadatoz domatzaileak, lehoiak, trapezistak, fakirrak, pailazoak, elefanteak, bala gizona eta zirkuko beste zenbait espezie, aste pare batez herria alaitzera. Egingo dituzte jauzi ikusgarriak, botako dute ahotik sua, jarriko dute bizitza jokoan herriaren entretemimentuaren truke; esango dituzte sekula eztakoak, ikusiko dugu inoizko gauzarik sinesgaitzena, eta, zuk, señora, zu zarelako, sarrera doan izango duzu.Baina jarri dute karpa, entseatu dute numeroa ondo, findu dituze akatsak, ailegatu da momentua jendea sartzen hasteko, eta hara, ez da inor etorri.- Mesedez! Horrela ezin duzue segi -esan die handik pasa den gizon jakintsu bizardun batek- zuen espektakulua berritu behar duzue; nola nahi duzue jendea etortzea, ez duzue ikusi telebistak zer eskaintzen duen gaur egun? -eta, poltsikotik telebista txiki bat aterata, esan die- begira, begira.Trapezista, fakirra, pailazoa eta bala gizona harritu egin dira. Ibarretxe ikusi dute Strar Trek-eko mozorroa jantzita -boto frikia garrantzitsua da!-; ikusi dute Basagoiti futbolera jolasten -bizpahiru realtzale bilduko ditu artaldera-; ikusi dute Patxi Lopez Besaide mendian puzzle handi batekin jolasean -bekaina gora, bekaina behera-; ikusi dute Madrazo edozer gauza egiten -batzuek barruan daramate zirkua-. Ez dira falta istiluak, hori ere ikusi dute, droga sintetiko baten izena daukan alderdiari ez diotelako parte hartzen utzi. Eta horrela ordu erdi baino gehiago, informatibo ia osoa.- Hauekin gureak egin du! Doan egiten ditek numero guztia! -esan du bala gizonak, eta etsipenez kanoitik atera da. Pena berberarekin, trapezistak bere burua bota du sarera; fakirra hasi da pikolin koltxoian lo egiten; negar egin du pailazoak; domatzaileak burua atera du lehoiaren ahotik.Horrela daude, goibel, telebista erakutsi dien gizon jakintsu bizardunaz ahaztuta. Baina gizon jakintsu bizardunak ez ditu beraiek ahaztu. - Zer diozue? Orain da zuen aukera! Alderdi politiko bat antolatu behar duzue, numero demodé honekin ahaztuta. Ez al duzue Gladiator ikusi? Zirkoan errege dena izango da Erroman ere errege!Antolatu dute ba, partidua; aurkeztu dira, irabazi dute, gehiengo absolutua. Bala gizona da barne saileko buru berria (ezin bestela); pailazoari utzi diote kultura; eta lehendakaria da trapezista. Ematen du zerbait berria datorrela politikan, denak daude esperoan, gobernu berriak Euskal Herriko politikagintza entretenigarriago egingo duelakoan. Baina ez da ezer gertatzen. Eta pasa dira lau urte, etorri da kanpaina berriro, eta bala gizona hasi da esaten Ertzain gehiago behar direla tar, tar, tar; Pailazoak dio museo berriaren finantziazioa tar, tar, tar; eta trapezistak dio ez dela gauza bera beraiek gobernatzea, edo lehendakaritza lortzeko lehia bizian dabiltzan Cirque du Soleilekoek; haiek Euskadi gobernatu nahi dutelako Quebec-etik, tar, tar, tar.Gizon jakintsuak bere poltsikoko telebista amatatu du. Hara, uste baino okerrago bukatu da zirkukoen abentura politikoa. Zer egingo zaio. Don Simon trago bat hartu eta, alderi politikoen kartelak izara dituela, hartu du martxoko loak. 2009/02/24 - 00:06:05
Krisi hitza eufemismo bat da
Joan den asteko astelehean bidali nien Euskalerria Irratiko lagunei burutazio hau. Lanpetuta ibili naiz eta ezin izan dut orain arte igo. Testua ere, ez dakit non dagoen. Baina belarriak baldin badauzkazu, entzun ahalko duzu... 2008/12/05 - 18:42:07
Historiako gitarra solorik onena
EntzunRATMen kontzertutik bizirik atera ziren guztiei.Historiako gitarra solorik onena izaten ari da: Hendrix bezalakoa da, baina psikodelia gutxiagorekin; Claptonen garbitasuna du haren ñoñokeria eduki gabe; Tom Morelloren indarra, sofistikazio gehixeagorekin; Kirk Hammeten punteo baten antza duela esan du norbaitek, baina ez da hain metalikoa; Santanaren gitarratik badu, nahiz eta haren gozotasun latinoa alde batera utzi; BB Kingen bluesa da, Slashen gasolina eta ke usaina, Pete Townshenden eztanda elektrikoa, Brian Mayren glamourra. Norbaitek esan du John Fruscianteren arima duela, beste norbaitek ezetz, hura Angus Young gaztea zenean egiten zuenetik hurbilago dagoela; Keith Richards! Oihu egin du norbaitek eta euskaldunen bat ere falta ezin denez, Kaki Arkarazo edo Aitor Gorosabel, bietako bat, esan du. Noski, konparazioak egiten hasita Jimmy Page hobea zela aldarrikatu du beterano batek, nahiz eta ados, entzuten ari direna historiako gitarra solorik onena den. Soinu zorrotza da, distortsionatua baina garbia, malenkoniatsua eta koloretsua era berean; soinu beltza, soinu gorria, soinu zuria, berdea, urdina, morea; eskenatokitik begiratuta zerumugaraino iristen da entzule oldea. Denak daude geldi, Woodstock ezagutu zuen 65 urteko emakumearekin hasi eta Death Cab For Cutie-ren kamiseta daraman neraberaino. Heavyak daude, punkiak ere bai -nahiz eta soloak ez gustuko izan- pijoren bat edo beste, moja bat bularrak erakusten, guraso kontserbadore batzuk, koloretako kristalak dituzten betaurreko borobilak, Nick Hornby, noski, eta Euskalerria Irratiko kazetari bat mikroarekin bafleen ondoan, historiako gitarra solorik onena hasieratik bukaeraraino grabatzeko.Horrela daude gauzak eta derrepente, hara non azaltzen den ministerioko langile bat maletatxo eta korbataz, entxufea kendu eta dena popatik hartzera bidali du. Krisian gaudela eta argindarra aurreztu behar dela. Debekatua hemendik aurrera musika aparailuak entxufatzea, tori bandurria bat ea moldatzen zareten. Espartin espartanoen eta kandelen garaia dator. Iraungo ote du rock and rollak? Kronikagile honek ez du uste. Rock and rolla hil egingo da, ez klasikoak gainditzea ezinezkoa delako, entzun dugu, historiako gitarra solorik onena bukatzeke dago. Rock and rolla hil egingo da garestiegia delako. Ezingo dugulako ordaindu. Ongi etorri beraz, artobizarrak erretzen biziko dugun ziklo berri akustikora. Musika herriko plazara bueltatuko da, 50 entzule, feria egunetan sarrera doan. Gitarra joleok, hasi juglare ofizioa ikasten, etorkizuna hor dago eta. 2008/06/02 - 22:02:07
Midas edo urdaiazpiko bokadiloa jateko ezintasuna
EntzunMidas erregea urdaiazpiko bokadiloekin arazoak izaten ari zen Juantxorenean. Bat ahoratu nahi zuen bakoitzean urre bihurtzen zitzaionez hortzetan min hartzen zuen eta gosez geratzen zen. Jendea nahiko aspertua zegoen berarekin, batez ere noizbait bere lagun izandakoak. Gutxi geratzen zitzaizkion inguruan. Elkarte gastronomikoko adiskideen emazteek berriz, ez agurtzearren, kalea gurutzatzen zuten ikusten zuten bakoitzean. Izan ere, Midasen bostekoak urrezko estatua bihurtu zituen haietako askoren senarrak, eta ondoren hiriko plazak dekoratzeko erabili zituzten, erabileraren bat ematearren. Atentatuarena gauza jakina zen, gertatu beharrekoa. Bitxigileen gremioa arduratuta zebilen merkatuan hainbeste urre berri sartuta euren salgaiaren prezioa behera zihoalako; alkimistek iruzurgiletzat zuten, milaka urtetako teknikak baztertu ostean benetako urrea egiten hasi zelako, euren ofizioa prestigiogabetuz. Etsai gehiegi, eta indartsuegiak errege bakarrarentzat.Maialenek bakarrik ulertzen zuen Midas gizajoa, beharbada -eta beharbada bakarrik diot- eraikuntza enpresa batean lan egiten zuelako. Bazekien nola sentitzen zen erregea, bazekien eskasa den ondasun bat alfer-alferrik ugaritzeak jendartean sortzen zituen ezinikusiak. Bikote polita osatzen zuten, kanpotik begiratzen zuenarentzat ohiko harreman heterosexual estandarra, etxeko ateetatik barrura jarrera ez hain politikoki zuzenak ere bazituzten arren -asmatu duzue, bai, urre-zaparrada bikotearen oheko ohituren artean zegoen-. Gerora jakin da hori, erregearen biografia ez ofizialak argitaratu direnean. Dena bukatu zen goizean etxetik lasai irten zen Midas, eta bere BMW urre kolorea pizteko giltza sartu zuenean ez zuen asmatzerik izan keinu hori izango zela bere bizitzako azkena. Lehergailuak ke handia utzi zuen eta urrezko hodei handi bihurtu zen, errege puskak ukitu zituenean. Rostropovitxek jotako Bach-en minuet bat behar zuen eszenak dramaren epikotasun perfektua izateko: Maialen etxeko ataritik oihuka irteten (ez da bere ahotsa entzuten, txeloa bakarrik) Midasen gorpu zatikatu errea ikusten uzten ez duen urrezko hodeiak, kamera geldoan, inguruko zuhaitzen adarren gainetik hegan egiten duen bitartean.Nahiz eta ondorengo urteetan higiezinen negozioak hondoa jo zuelako Maialen Midas erregearekin izan zuen bizimodua telebistako programetan kontatzetik bizi izan den, bonba hark asko eragin ziola esan dezakegu. Maite ere maitatu zuela pentsatzeko arrazoiak daude, inoiz ukitu ez zuen arren. Ez da beste inoren eskutik helduta azaldu jende aurrera eta gaur, atentatuaren zortzigarren urteurrenean bere etxeko sofan pilula gaindosi batez aurpegi zurbila, ahozabalik, hilda aurkitu dutenean, askok oroitu dute nolako irribarrea izaten zuen alfonbra gorria bere senarraren alboan gurutzatzean. Maialenen bizitzari buruzko xehetasun gehiago eman ditu albistegiko aurkezleak, artxiboko irudi batzuekin batera. Gero Juantxok katez aldatu du, futbol partidua hastera doalako. Tabernan daudenek urdaiazpiko bokadiloei haginka egin diete. 2008/05/05 - 21:20:08
68ko maiatza, Internet eta bi Scorsese
Papera eta Internet uztartzeak eskaintzen dituen aukerak. 1968ko maiatzari buruzko erreportajea egin dut ARGIArako, baina pena nuen, egindako elkarrizketak eta bildutako materiala bospasei orrialdetan kontzentratzea nahiko zail ikusten nuelako. Paperekoarekin gustura geratu naiz, baina bideo kameratxo batekin grabatutako irudiekin Scorsese bik (Lander Arbelaitz & Belai Irazabal) lan distiratsuagoa egin dutela iruditu zait. Hona hemen: 2008/04/22 - 18:01:05
Sua
Pistola batean bukatzen zen beso beltzak atzo erabaki zuen hitzak soberan daudela. Txano zuriak esan du zeinek bizi behar duen, zeinek hil. Atzo autobideko peajeko langile baten bizitza kiskali zuten plazan, denen aurrean. Ustearen kontrara, sorgin ehizetan protagonista ez da heretikoa izaten, ezta plazan bere gorputzarekin txondorra egiten dutenean ere. Garrantzitsuena, noren azala ikatz bihurtuko den erabakitzea baino, sua piztuta mantentzea da. Inkisizioarentzat heretikoak suaren gasolina baino ez ziren. Errudunak, errugabeak ETAri ez zaio axola, garrantzitsuena sua gorri mantenduko duen erregaia eskura izatea da. Behin sua instituzio bihurtu denean, berak bakarrik agindu dezake. Egunero atera behar egur eta gorpu bila sua biziko bada. Instituzioak (barka "erakunde" esan nahi nuen) ez du beti heretikoen konfesiorik lortzen eta horregatik denak susmopean jartzera jotzen du, beldurra ogi bihurtzera. Gertatzen da, sutarako hautagaiak geroz eta gehiago diren neurrian, gutxiago direla haren inguruan dantzan ari direnak. Iritsiko da eguna, denok makila bati lotuta egongo garena. Eta hankapean beroa sumatzen hasten garenean, haragi errearen usaina hartzen, ez du asko inportako haga nork josi duen lurrera, nork lotu dizkigun eskuak, inkisizio euskaldunak, ala hegoaldetik etorritakoak. 2008/03/08 - 18:15:17