(titulua)
Bigarrenez
Benito izango da zu gogoratuko nauena. Zeuk aukeratu zenuelako. Urte bete pasa behar izan da berriz elkar topatzeko, baina ez zegoen asmorik hurrengorako beste hainbeste pasatzen uzteko. Zertan ari ginen konturatzeko denborarik gabe baina, azkar pasa dira ahaztuko ez diren bost egunak. Azkarregi; baliteke erritmo egokiena ez izatea. Edo nahiko izan dira, agian zuretzat, seigarrenak mereziko ez zuela ikusteko.Horretaz hain seguru ez zaudela sinetsi nahi dut... berriz topatzea orain behintzat kasualitatearen esku utzi beharrik ez dagoenean. 2008/08/18 - 11:26:05
Zubiaren beste aldera
Nerbioi zeharkatu eta zubiaren beste aldera noa bizitzera datorren kurtsoan. 28tik 28ra, baina kale batzuk iparralderago. Eskilarak ez dira gehiago bosgarreneraino iritsiko. Bi urte eman ditut aurrekoan eta hainbeste bizipen geratuko dira bertan... uf! Pisukide oraingoz ezezagunekin biziko naiz, baina izango dugu denbora elkar ezagutzen joateko. Urte berezia izango da, azkena agian Bilbon. Jende asko faltako zait eta geratzen direnekin azken urtea dela onartzea ez da erraza, ez! 2008/06/14 - 17:09:08
Txiki-txiki
Txiki-txiki......egingo nituzke ikasteko gelara goizeko zazpi eta erdietarako azaltzen direnak handik bost ordutara etorriko diren (edo ez) 15 lagunentzat tokia okupatzera. Zortzietarako joan eta ikasteko lekurik ez! Jendez beteta balego, bale, baina jaberik gabeko kuaderno eta fotokopiez estalita egoten dira mahaiak. Txiki-txiki......egingo nituzke, baita ere, erabilera libreko ordenagailuen gelan Counter Strike-eko txapelketak antolatu (erabilera librekoa izateak ez baitu esan nahi kasino bat denik) edo youtube-ko bideoak bolumena toperaino jarrita entzuten dituztenak. 2008/05/29 - 00:47:08
Maiatza hasten
Gustatzen zait, bat oporretara eta bestea gurasoenera joanda, pisukideek etxean bakarrik uzten nautenean. Ez naiz asteburua noiz helduko zain, desiatzen, egoten direnetakoa Bilbotik alde egiteko, eta gaur eta bihar jai izan arren, bihar arte bertan geratzea erabaki dut. Ez dezadan nire burua engainatu, norbaitek plan bikainen bat proposatu izan balit pikutara Bilbo, baina...Eguraldiak lagunduta, ez zen zaila egin edo ikusteko zerbait topatzea eta bestela ere banuen, lau pareten artean geratu behar izanda ere, aurreratu beharreko lanik. Nire kontura, bazkaltzeko inori itxaron edo itxaronarazi gabe, frigorifikoko sobrak jan behar badira ere. Musika jarrita ez zait axola arropak garbigailuan sartu edo bezperako plater, eltze eta tramankuluen arroz lehortua espartzuz igurtzi behar bada ere. Isiltasuna nahi badut, eta goiko bizilagunaren txakurrak hala nahi badu, isiltasuna izango dut.Goizean telefonoaren iratzargailuak jotzea ez da batere traumatikoa izan. Primerako eguzkia kortinen atzetik logela argitu nahian zebilen eta ohean denbora gehiagoz alferrik geratzeak ez zuen zentzurik. Bederatzietan etxetik irten eta metroak eraman nindezakeen (aditz hau asmatu egin dut?) lekurik urrunenera abiatu naiz, banuen aspalditik hara joateko gogoa eta. Edozein leku ikusteko ordurik onenetarikoak goizeko 10ak eta 12ak bitartekoak direla ohartu naiz: jende gutxiago ibiltzen da eta eguzkiaren argiak kolore politagoak pizten ditu. Haize fina zebilen arren, hondarretan etzanda irakurtzen aritu naiz pixkatean, ondoren oinez nire ibilbide zehatzik gabeko buelta horietako bat emateko.Zein gustora hartzen ditudan noizean behin horrelako egunak! 2008/05/01 - 17:50:07
CouchSurfing, sofan lo egitearen xarma
Jende berria ezagutu eta merke bidaiatuz esperientzia interesgarriak bizitzeko modu erakargarri bati buruz hitz egin didate orain dela gutxi: CouchSurfing deitzen diote. Mundu guztian zehar banatutako 38 mila hiri ezberdinetako 475 mila pertsona daude saltsan sartuta. Ideia borondatez bidaiari bati norbere egongelako sofan lo egiten uztea da, edo era berean, norabait bidaiatuz gero, berea uzteko prest dagoen norbaiten teilatupean gaua pasatzea. Web orrialdean izena eman behar da interesatuekin kontaktuan jartzeko. Norberak erabakitzen du zein punturaino inplikatu nahi duen bisitariarekin. Egongo da honi hiria eta inguruak erakusteko prest denik, bai atea lotarako bakarrik irekiko dionik ere, edo baita kafe bat hartzen egon ondoren ideiaz aldatu eta kale gorrian uztea nahiago izango duenik ere...Elkartruke kulturala bultzatzea arrazoitzat hartuz, norbaitek bidaitzeko modu hau probatzea erabakiz gero, konta dezala esperientzia! 2008/03/21 - 00:43:28
Zapatilak zintzilik
Xelebrea iruditu zitzaidan argindarraren kableetatik zintzilik zapatila pare bat aurkitzea eta horregatik atera nuen argazkia.Beranduago jakin dut kasualitatez bere esanahia duela... 2008/03/15 - 13:06:40
Aspaldiko partez
Hona azaldu gabeko egunen kontua galtzen hasita nintzen.Erritmoa berreskuratzen joateko ekarri dut argazki pare bat, udaberri giroko otsail honetako arratsalde batez Bilbori paxara polita eman nionekoak. 2008/02/26 - 21:54:10
Gauza hauek dira ikasi behar direnak
Bueltak eman ondoren, nire bizitzako bidaia politena izan zitekeenari ezetz esan nion. Jakin zazu zergatik... Eta orain damutzen ari naiz.Nork esan zuen erabakiak hartu aurretik bi aldiz pentsatu behar direla?Behin pentsatu eta BAIETZ erabaki nuen.Baina gero bigarren aldiz pentsatu nuen... tuntuna! 2008/01/12 - 21:09:14
Ezkutalekua
Ahizpak eta biok, sekretua ezagutu genuenetik (nire irudimena ziur dago urte batzuk lehenago, gau batean, josteko makina zaharraren ingurutik hiru gizonen ahotsak zetozela) urtero eguna hurbiltzen zihoala mihaketa sakona egiten genuen etxean. Ezin zuten oso urruti ibili. Azken egunerako uzten al zituzten? Mugimendu guztiak kontrolatzen genituen, begirik kendu gabe. Baina porrot beti.Egunen batean etxe baten jabe izaten banaiz, erakuts diezadatela, giltzak ematearekin batera, non dagoen helduek bakarrik ezagutu dezaketen ezkutaleku hori. 2008/01/06 - 17:44:26
Mendean hartu dut inprimagailua
Sinestezina! Orri bakarra alferrik galdu dut gaurkoan inprimagailuari jaten ematean. Hankasartze txiki bat izan da baina azkar ibili naiz Cancel botoia sakatzen.Unibertsitateko irakasgai askotan apunteak aurten interneten zintzilikatuta uzten dizkigute eta geuk moldatu behar izaten dugu paperera pasatzen. Eta gutxi izango dira ni bezain baldarrak dokumentuak inprimatzerako garaian. Orriak datozen bezala inprimatzeak ez du sekreturik izan inoiz niretzat (hain trakestzat ez nazazue hartu, faborez) baina orriak bi aldeetatik erabili nahi izatean hasi ziren nire arazoak. Orrialde kopurua bakoitia ala bikoitia izan ez baitzen berdina, inprimatzen atzetik edo aurretik hastea, buelta eman beharra, lehenengo bueltan inprimaturiko azken orria bigarren bueltarako kendu beharra... bazuen bere konplikazio puntua (inprimagailu berria ekartzean berriro ikasi behar zena). Baina horrekin nahikoa ez nuenez, alde bakoitzean bi PowerPoint diapositiba sartzen saiatzearekin honez gero auskalo nongo basoren bateko bizpahiru pinu aurretik eramanak nituzke aurrebista aukera topatu izan ez banu. Eskolako fotokopia eta argitalpen zerbitzuetara joatea beste aukera bat litzateke, baina ez dakizue nolako muturra jartzen didaten orri kopurua murriztu nahi izateagatik... Gaurkoa gogoan hartzeko eguna izan da. Dotore-dotore geratu zait totxoa. Apuntatzera noa nola egin dudan, hurregorako, ahaztu aurretik. 2007/12/02 - 22:42:09