Dantzan.com blog komunitatea

Dantzan.com

Aitor Asenjo txapeldun Zarautzen

Pasa den irailaren 1ean ospatu zen Zarautzen XXIV. Aurresku Txapelketa eta V. Soinu Zahar Txapelketa, eta lorpen aipagarriak lortu zituzten beste behin ere dantzari elgoibartarrek. Mutiletan Haritz euskal dantzari taldeko kide den Aitor Asenjok lortu zuen txapela, Lezoko Beñat Asensio eta Errenteriako Jon Iriberriren aurretik. Nesken Soinu Zaharren sailean ere goiko postuetan sailkatu ziren dantzari elgoibartarrak: Inazio Bereziartua musika eta dantza eskolako ikasle den Andrea Arregik laugarren amaitu zuen, Haritzeko Arantxa Ferreirok bosgarren eta zazpigarren berriz Miren Astigarraga Inazio Bereziartuako ikasleak. Beste behin ere dantza txapelketetan fin fin aritu dira, beraz, Haritz dantza taldeko kideak, eta baita gure harrobi diren Inazio Bereziartua musika eskolako ikasleak ere. Ezin ahaztu gazteokin lanean horrenbeste ordu sartzen dituen Jon Lizarralde irakaslearen lana ere. Zorionak eta eskerrikasko, eta jarraitu ezazuela gure taldearen izena modu horretan zabaltzen!  2012/09/25 - 08:02:22

Lasturtik Aiastiara

Bi baserri auzok zedarritzen dute irailero Haritz dantza taldearen lana: Lasturrek lehenengo eta Aiastiak gero. Elgoibarko auzoa bata, Debakoa bestea; San Nikolas zaindari honek, San Migel hark; erreka zulotik pasa eta Morkaikopera. Dudarik gabe ohitura bihurtu diren eta gustora osatzen ditugun emanaldiak biak ala biak. Pasa den irailaren 15ean, larunbata, ekin genion uda osteko lanari Lasturren, bertako San Nikolas jaien harira. Auzo dantzazale eta dantzaria inondik inora, horren erakusgarri iluntzeko erromerian jardun zuten dantzarien kopurua eta Domekan auzoko gazteek ateratako soka-dantza. Imuntzo eta Belokiren kantak azpimarratzen duen bezala, oraindik orain Sakabiren eta beste hainbaten bideari eusten diote lasturtarrek. Haritzeko kideok ere goxo hartu izan gaituzte beti, eta aurtengoa ez da salbuespena izan. Debako Gure Kai taldearekin batera osatu genuen Bizkaiko dantzez blaitutako jaialdia. Xemeingo ezpata-dantza, Gorulari, Banangoa, Binangoa, Ezpata joko nagusia, Makil jokoa, Txotxonglilloa, Lanestosako arku dantza, Durangaldeko erregelak eta Arratiako jota eta porrua izan ziren ikusgai, besteren artean. Amaiera berriz auzotarrak borobilera gonbidatu eta nahasian frontoi bete dantzarik eman genion, fandango, arinarin eta kalejirarekin. Hilaren 29an berriz, larunbatez, Elgoibarko Aiastia edo San Migel auzoan izango gara Haritzeko dantzariok, zaindariaren egunean hain zuzen. Ohiturazko plaza dugu hau ere, hainbat urtetan ondo zaindu gaituena, eta gure egutegian gorriz markatutako beste horietako bat. Lizarrako Larrain dantza eta Bizkaiko dantzak eskeiniko ditugu oraingo honetan, auzotarrek dantzatutako hasierako agurraren ostean. Zita jarria dago beraz, hilaren 29an, gaueko 22:30etan San Migelko Morkaikupe pilotalekuan.  2012/09/25 - 08:02:22

Bigarren ekimen kolektiboa: Commando Dantzan

Sinadura kanpainaren ondoren, dantzan.com-en aldeko bigarren ekimen kolektiboa aurkeztu genuen. Oraingoan, dantzariagoa: Euskal Herriko dantza taldeek, dantzariek, musikariek, zaleek... batera egiteko bideoa. Arrabots dantzarako musika taldeak landu zuen ekimena. Ideia Quebec-eko musikarien komunitateak egindako Commando TradMission izeneko bideoetatik hartuta dago. Hemen dituzue argibideak .  2012/09/24 - 12:16:06

Euskal dantza, Etxepare Institutua (2012)

Etxepare Institutuaren enkarguz Euskal dantza liburuska idazi dut eta egunotan aurkeztu da jendaurrean. Euskal kulturaren alorreko hamabi liburuz osatutako bilduma prestatu du Etxeparek eta horietako hamar aurkeztu dira Donostian, Etxepare Institutuaren egoitzan bertan. Hauek dira bilduma osatzen dutenak: 1 - Euskararen historia laburra (Ivan Igartua eta Xabier Zabaltza) 2 - XX. Mendeko euskal literatura (Estibalitz Ezkerra) 3 - Euskal Musika klasikoa (Karlos Sanchez Ekiza) 4 - Euskal kantagintza: pop, rock, folk (Jon Eskisabel) 5 - Estanpa bilduma (Ikusizko Arteak) (Miren Jaio) 6 - Euskal zinema (Joxean Fernandez) 7 - Arkitektura eta diseinua (Pello Agirre) 8 - Euskal dantza (Oier Araolaza) 9 - Bertsolaritza (Joxerra Garzia) 10 - Tradizioak (Joseba Zulaika) 11 - Euskal sukaldaritzaz (Hasier Etxeberria) 12 - Euskal antzerkia (Pedro Barea) Arkitekturari dagokiona eta euskal antzerkiari buruzkoa falta ziren aurkezpenean, baina horiek urte amaierarako espero dituzte. Atzerrira begira egindako lanak dira. Hau da, Etxepare Institutoak euskal kultura munduan barreiatzeko duen ahaleginean, lagungarri izango zituen euskarriak nahi zituen, eta helburu horrekin egin zigun enkargua. Liburuska laburrak dira, argazkiz ongi hornituak, diseinu zainduarekin, eta testua hiru hizkuntzatan daramatenak: Euskaraz, gazteleraz eta ingelesez. Zenbaitek faltan bota dugu frantsesez ere eman izana. Mamia eta lan-taldea Testu labur batean gauza asko sartu nahiak, dibulgazio, zorroztasuna eta erakargarritasuna uztartu nahiak,... burukomin batzuk eman dizkit testua ontzeak. Besteak beste euskal dantzaren historia zertzelada batzuk, folklore egutegiari begirada bat, dantza taldeen ibilbide eta egungo panoramaz lerro batzuk, dantza estilo eta joera desberdinen azalpen bat, talde eta norbanako esaguratsuen aipamenak, joera berriak, euskal dantzarien diaspora, eta beste hainbat kontu jorratu nahi izan ditut, baina denak labur azaldu eta txukun harilkatzen nahikoa lan izan dut. Hutsune batzuk antzeman ditut dagoeneko, eta nahiago dut berriz ez begiratzea hutsune gehiagorekin sufrimendua ez handitzeko. Eta hori eduki eta hizkuntz aldetik hainbat zuzenketa eta proposamen baliotsu egin dizkidatela Enrike Izagirrek, Ainhoa Larrañagak, Iñaki Arregik eta Lide Aranak. Mari Jose Olaziregik koordinatu du bilduma, eta haren esanetara eta guri laguntzen aritu den Mitxel Muruak egin du lan zikin handiena. Argazkiak zirela, itzulpenak eta bestelako komeriak zirela, mariatu dut apur bat Mitxel, baina eskarmentua, pazientzia eta goxotasuna ditu barra-barra, eta plazerra izan da haren laguntza izatea. Irudi aldetik garrantzia eman nahi zitzaion liburuari, eta beraz, saiatu gara argazki egoki eta ederrekin borobiltzen argitalpena. Dantzan.com -en dugun bilduma baliatu dugu horretara, eta taldeek, konpainiek eta dantzariek bidali izan dizkiguten argazkien artean bazegoen non hautatu. Bi dantza argazkilari nabarmendu nahiko nituzte. Batetik, Gorka Bravo , azken urteotan euskal dantza garaikidearen " argazkilari ofiziala " bihurtzen ari dena, lan ederrak bata bestearen atzetik pilatuz. Bestetik, Iñaki Zugasti, pazientziaz eta konstantziaz euskal dantzaren argazki fondo zabal, aberats eta librea osatzen ari dena. Paperezko liburuak ez omen dira dendetan erosterik izango. Etxepare Institutuak parte hartzen duen azoka eta ekitaldietan banatuko ditu. Pdf formatuko liburuak berriz edonoren esku daude dagoeneko Etxepare Instituaren webgunean. Hemen liburua pdf formatuan eskura: - Araolaza, Oier, Euskal Dantza / La danza vasca / Basque Dance , Donostia-San Sebastián: Etxepare Euskal Institutua, 2012.  2012/09/20 - 18:09:04

DANTZALDI IREKIAK

 2012/09/19 - 16:39:01

San Fermin Aldapakoaren dantzak 2012

Laugarren urtez karrikaratuko ditugu heldu den igandean, irailak 23 San Fermin aldapakoaren dantzak. Ohi bezala 11:30etan abiatuko gara Errotxapeako zubitik eta handik, Aldapako elizara abiatuko gara, prozesioa bitartean, San Ferminen irudia laguntzeko. 13:15ak aldera udal plazan eginen dugu ezpata-dantza, eta ondotik, Aldapako kaperan, soka-dantza. Protokoloa ohikoa izanen da, beraz: - 11:30 - Arrotxapeko zubian: Bandera arbola eta kortejoaren irteera - 12:15 - Aldapako San Ferminen elizatik: Aldapako San Ferminen prozesioa - 13:15 - Udal plazan: San Fermin aldapakoaren ezpata-dantza - 13:45 - Soka-dantza Aldapako San Ferminen elizan Izan ere, aurten bigarrengo aldiz eginen dugu soka-dantza edo irradaka, egun osoko jardunari amaiera eman aitzin. Bestetik, Alfonso Iturria tanborintero burlatar eta laguna helduko zaigu aurtengoan txistuarekin gure kriskitinak dantzan jartzera, taldeko gainontzeko txistulariekin batera. Hola, gure taldeko txistulari askoren maisu gisa emandako laguntza eskertu nahi diogu. 2012 honetan beraz, dantzari hauek hartuko dute parte gure dantzetan: - Buruzagia: Aritz Ibañez - Zerbitzaria: Nekane Martinez - Kapitainak: Amaia Irigoien, Mikel Tristan, Akier Perkaz, Julen Fagoaga - Ezpata-dantzariak: Mikel Irure, Marta Zugasti, Hasier Moreno, Gaizka Garde, Itsaso Martinez, Edurne Irigoien, Leire Leza, Xabier Garin, Itziar Perez, Rakel Gartzia, Aitor Arana, Martxelo Sotes, Edurne Arana, Ainara Ranera, Iñigo Gartzia, Joseba Lorenzo, Maitane Vicuña, Aitor Razkin, Luis Carretero, Izaskun Arriaran, Iñaki Iribertegi, Bea Martinez, Amaia Visus, Itziar Zaldua, Naiara Garzia, Javier Urtasun, Miguel Angel Goikoetxea, Kote Goñi. - Banderazaina: Angel Leza - Txistulariak: Alfonso Iturria, Ainara Ibañez, Eiande Aranburu, Enneko Gamboa, Iñaki Sagardoi, Veronica Ferreira, Beñat Lopez  2012/09/19 - 14:40:01

Uztailean Gartxot ekitaldian parte hartu genuen

Udabarri euskal dantzari taldeak Gartxoten ekitaldian parte hartu zuen. Ekitaldia Nafarroako landetan izan zen, Uztailaren 23an, gaueko 22.00tan, Zornotzako Karmen Jaietako egitarauaren barnean. Ekitaldia ederra izan zen. Istorio polita kontatzen zenez gero, dantza eta musika ez ziren falta izan. Bertan egon ginen, herriko musikariekin eta abesbatzekin batera. Hainbat talde kulturalek parte hartu zuten Gartxot ekitaldi erraldoiean. ARGIA Aldizkariko artikulua IKUS-ENTZUNEZKOA  2012/09/16 - 19:57:05

Zornotzako dantzariak gara

Zornotzako dantza taldea gara: Udabarri. 1966.urtean sortutako talde hau Zornotzan kokatuta dago. Euskal dantzak erakutsi eta dantzatu dira betidanik, Bizkaiko dantzetatik hasita, Iparraldeko dantzetara arte. NON GAUDE: Udabarri Euskal Dantzari Taldea Ixerbekoa z/g (Polikiroldegi azpian) 48340 Zornotza (Bizkaia)  2012/09/16 - 17:56:04

San Fermin Aldapakoaren dantzak 2011: kronika

Udazkenarekin bat helduko zaizkigu aurten ere San Fermin Aldapakoaren dantzak. Horretan pentsatzen ari ginelarik ohartu ginen iazkoaren kronika eta argazkiak zorretan genituela oraindik eta, hona zor hori kitatzeko saiakera, idazki honekin. Irailaren 25arekin (San Fermin aldapakoaren egunez, beraz) egokitu zitzaigun dantzak karrikaratzeko hirugarren aldia. Ohizko talde-argazkia egin ondotik, eguzkia lagun, Arga ibaiaren uren gainean dantzatu zuen Angel Lezak Iruñeko bandera. Arga ibaiaren uren indarra bildu eta dantzari guztiak babestu zituen banderaren azpiko korrikaldiak. Indar horrekin ekin genion eguneko gure jardunari. Alde zaharreruntzko bideari ekin eta Santo Domingo aldapan geldiunea egin genuen kapitainek haien belauntxingoa dantza ziezaioten San Fermini. Eder Gartziak, Julen Fagoagak, Amaia Irigoienek eta Iñigo Gartziak bete zuten lan hori . Handik San Fermin Aldapakoaren elizara igo ginen, prozesioa noiz hasiko zain. Piperropil eta moskatel dastaketarekin, pattarran gora xahututako indarrak bildu genituen berriz. Eguerdi aldean atera zuten San Fermin Aldapakoa bere kaperatik. Iñaki Tristan zerbitzariak piperropila eskaini zion eta ondotik, berriz ere kapitainek eta buruzagiak belauntxingoa dantzatu zuten irudiaren aitzinean. Prozesioa Nabarreriako karriketan barna lagundu eta udal plazan bertaratu ginen 13:00ak aldera. Han ezpatak gurutzatu, buruzagia goratu eta banderak bere baitan zuen uraren babesa zabaldu genuen herriko plazan, kapitainek bere azken belauntxingoa dantzatu aitzin. Udal plazatik, dantzarion egoitzarako buelta . Han Iñaki Tristan zerbitzariak eta Aritz Ibañez buruzagiak haien belauntxingoa dantzatu zuten. Orain artekoetan horrekin bukatzen ohi zen protokoloa, baina ezpata-dantzaren ostean, irradaka estreinatu genuen hirugarren karrikaratzearekin bat. Dantzari, txistulari eta plazer izan zuten lagunek eskutik hartuta dantzatu eta kantatu genuen San Fermin Aldapakoaren eliza aitzinean, Isabel Abarzuza, Irene Barca eta Jesus Trincado-ren sokako musika-tresnen doinupean. Irradakaren azken koplak dioen bezala, hurrengo urtean (egun gutxi barru) berriz!!! - 2011eko san Fermin Aldapakoeran dantzen argazki sorta osoa  2012/09/12 - 17:51:05

Asteburua folklore jaialdiaren bueltan

Ostiralean Elgoibarren eta larunbatean Portugaleten, Nazioarteko Folklore jaialdia izan da protagonista asteburu honetan Haritz dantza taldearen egutegian. Lehenengoan herritarren aurrean dantzatzea egokitu zitzaigun, Argentina eta Kurdistango talde banarekin oholtza berean; zapatuan Portugaleteko Nazioarteko Folklore jaialdiaren irekiera ekitaldian parte hartu genuen, Argia dantza taldearen Aunitz urtez ikuskizunaren baitan. Hemen, Iñaki San Martin eta Iñaki Zugastik egindako argazki sorta: - Elgoibarko Nazioarteko XXVI. Folklore Jaialdia Elgoibarko Nazioarteko XXVI. Folklore Jaialdia Urteroko zita handia izaten da Haritzeko kideontzat Nazioarteko Folklore Jaialdia, urte osoko lanak herriari erakusteko eta munduko folklorea Elgoibarrera hurbiltzeko aukera. Aurtengoan ere borobila irten zen, guztion esfortzuaren emaitza. Arratsaldean, ohiturari segiz, harrera egin zitzaien udaletxean Argentinako Gran Ballet Argentino eta Kurdistango Sulaimaniyah taldeei, eta zenbait oroigarri banatzeko ere baliatu genuen ekitaldia. 22:30etan ekin genion emanaldiari, ordurako Kiroldegia beteta, lehen zatian Lizarrako larrain dantza dantzatu genuelarik Haritzekook. Jarraian Kurdistan eta Argentinako taldeen txanda izan zen, eta esna behar ikusleek gogotik gozatu zutela, batipat Argentinako taldeak eskeinitako tango eta landa dantza ikusgarriekin. Azkenik, Bizkaiko dantzekin eman genion amaiera jaialdiari: Markinako Zerutxu dantza taldearen ekustik ikasi dugun Xemeingo ezpata-dantza, Lanestosako arkudantza, Durangaldeko erregelak, Ezpata joko nagusia, binangoa, makil jokoa eta txotxongilloa dantzatuz, eta bukaera Arratiako jota eta porruarekin emanaz. Beti bezala, aurten ere esker onezko oroigarri bat eman nahi izan genuen, urte luzetan bidelagun izan dugun Portugaleteko Elai Alai taldeari eskeinia. Aurten 50. urteurrena ospatzen dutela aprobetxatuz, Haritz euskal dantzari taldearekin izandako elkarlana eskertu nahi izan genuen horrela. Portugaleteko XXXVIII. Nazioarteko Folklore Jaialdia Hain zuzen ere urteurren horren harira izan ginen larunbatean Portugaleten, Nazioarteko Folklore Jaialdi ezagunaren irekiera ekitaldian dantza egiteko gonbidapena jaso baitzuen Juan Antonio Urbeltzek zuzentzen duen Argia taldeak. Argiarekin batera jardun genuen Haritzeko, Eibarko Kezka ko eta Iruñeako Duguna ko dantzariok. Portugaleteko San Roke plazak itxura bikaina ageri zuen, leporaino beteta, eta gogor txalotu zituzten gure ekinaldiak. Iruñeko Aldapako San Fermin eta Eibarko Arrateko ezpata-dantzak bat egiten dute Aunitz Urtez ikusgarrian. Irradaka, Durangaldeko erregelak, fandango eta arin-arina, kadrileak, mutil-dantzak, soka-dantza eta ingurutxoa, zazpi ahuntzen dantza, Erronkariko ttun-ttuna eta Jaurrietako emakumeen dantzak osatzen dute ikuskizuna. Elkarlan eta babesagatik mila esker eta urteurrenagatik zorionak beraz, Portugaleteko Elai Alaiko kideei! Hemen, Iñaki Zugastik egindako argazki sorta: - Aunitz Urtez. Portugalete.  2012/09/11 - 11:09:01

Nabigatu euskaraz