Ziliportak

Euskal Herriko patera

Hautuzko emigrazioaren ildoa hartuko du Frantziak Sarkozyren proposamenari jarraikiz. Bertso saio baterako gai sakon bezain irringarria litzateke, eguneroko gordintasunean frogatuko ez balitz Ipar Euskal Herria, Baxenabarre, Lapurdi eta Zuberoa biltzen dituen eremu mitiko hori, abertzaleen buruetan baizik ez dela existitzen. Ipar Euskal Herriak ez du eskumenik zehazteko nor den etorkin eta nor den bertako. Abertzaleek eta horiekin batera demokraziaren baloreak aldarrikatzen dituzten guztiek, balizko galdeketaren sujeta nor izan behar duen zehaztu beharko dute egunen baten. Anartean, Eztabaidaren mingotsa eta erabakitzeko ahala kenduko dizkie Frantziak. Alta, estatistika erakundeek eta administrazioek erran dutenez, ondoko 10-15 urteetan 30.000 pertsona jinen dira bizitzera Ipar Euskal Herria. Nor dira? Nondik datoz? Xehetasun tipi bat baino ez da, den mendrena Frantziako administrazioaren ikuspuntutik. Euskal Herritik so eginez, aldiz, suposatzen du biztanlegoa %10 emendatuko dela hamarkada batez. Liberte eta Egalite. Libertatea murriztu du Frantziak bere hautuzkoak hartuz eta gaineratekoak egotziz. Baina eskubide mailan Frantziak bere buruari aitortzen dion libertate hein bera ez ote dugu euskaldunok? Berdintasun irizpideak oinarritzat hartuz, Euskal Herriak ez duke frantziar jatorriko etokin kopurua mugatzeko eskubiderik? Pentsa! Kopurua mugatzeaz gain hautatzeko eskubidea ere eskatuko balu Euskal Herriak… Baina hirugarren munduko etorkinek ez bezala, Frantziar etorkinek erabakitzeko eskubidea dute Euskal Herrian. Une honetan herri galdeketaren aldarria darabil Baterak, bertzeak bertze euskal departamendua eskatuz. Nork bozkatuko luke erreferendum horretan? Hirugarren munduk etorkinek ez, horretan konfiantza egiten diot Sarkozyri. Bidasoaz haraindiko euskaldunek ere ez dute bozkatzeko eskubiderik ukanen, bistan dena. Ez Ipar Euskal Herrian bizi diren iheslari politikoek. Baina bai euskal gatazka zaintzeko ekarri dituzten jendarme eta poliziek. Emigrazioari buruzko eztabaida bi ikuspegi ezberdinetatik abiatu da beraz, Estatuarena lehen, bistan dena. Bigarrena euskal herritarrengandik abiatu da. Erabakitzeko ahalik ez duenak bertze balore batzuk behar ditu uholdean ez itotzeko. Aberastasuna partekatzea eta integrazioa bi balore ezberdin dira Parisetik ikusi edo Iparraldetik. Baina herri bat bagara, zergatik aipatu ipar eta hego? Konponketari so, gisa batera edo bertzera, herriari hitza eman behar zaiola diote alderdi gehienek. Baina nork erabakiko du? Nork ukanen du bozka eskubidea? Abertzaleen Euskal Herri mitiko horrek Europan edo munduan izarrik nahi badu galdera horiei erantzun beharko die goiz ala berant. Eta orduan etorkinei buruzko politika definitu beharko du. Agian berdintasun irizpidean oinarrituta, ez Sarkozyrenean.  2015/03/05 - 17:52:01

Etxegintza ortzantzaren begian

Ekainaren hamaika. Goizaldeko ordu txikitan bi eztanda hedatu dira Bidarraiko ibarrean (Nafarroa Beherea). Alain Ducasse Pariseko sukaldari ospetxuaren luxuzko hotelean aterbeturik ziren 47 turistak kanporatu behar izan dituzte gauaren beltzean. Lehertu ez den hirugarren lehergailu bat zegoen, enpresaren auto baten azpian. Ez da Ostape hotelak pairatzen duen lehen erasoa. 2003an eta 2004an, oraindik eraikitzen hasi berria zelarik, lehergailuak ezarri zituzten bertan. 2005eko otsailean poliziak bost gazte atxilotu zituen horren karietara baina berehala utzi zituzten libre eta kargurik gabe. Behin eta berriz errepikatzen dira atentatuak eta horrek, nahi ala ez, Lapurdi, Nafarroa Behereak eta Zuberoak pairatzen dituzten hainbat arazo ekartzen ditu gogora. etxebizitzen garestitzea, turismoaren eragin oro ahalduna, etxegintzak laborantza lurren gainean eragiten duen presioa. Funtsean, erabakitzeko gune eta erakunderik ez duen lurraldea irudikatzen da bertan. Alta, alderdi politiko gehienek argi gorriak piztu dituzte, etxegintzaren alorrean dagoen arazoa azpimarratuz. Izan dadila PSF, Batasuna, AB edo Berdeak, bakoitzak bere irakurketa egin du eta irakurketek bat egiten dute, alderdien siglen gainetik. Azkaine-Senpereko Batasunak bi hilabeteko kanpaina burutu zuen. Ekainaren 3an Senpereko etxegintza bulego baten aitzinean espekulazioa salatu zuten. Zur eta lur, bulegoko langileak Parisera deituko duela jakinarazi zien, arazorik balego, bildu, solastatu eta elkarrekin aterabide bat atzematen saiatzeko. Lurra kolektiboak hainbat protesta burutu ditu azken urteotan Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Salaketak berberak dira, gazteek etxea atzemateko dituzten zailtasunak eta laborantza lurrak aisialdi zein espekulaziorako erabiltzen direla salatzea. ABk eztabaida foroak antolatu ditu eta ororen buru sare bat antolatzeari ekin dio. Eragile guztien iritziak bildu ondoren, bere ahalak baliatu nahi ditu espekulazioa gelditu eta prezio apalagoak lortzeko, bakoitzaren heinean engaiatuz jendeak. Poliziak, anartean, ikerketak abiatu ditu. Ezker abertzaleko gazteak eta Iparretarrak mugimenduaren “nostalgikoak” ditu jomugan. Alta, nehork ez du beregain hartu Bidarraiko erasoa. Aitzinekoak ere ez. Etxegintza alorrean azken urteotan izan diren atentatuak ere ahal bezain apal salatu dituzte batzuek, gehienek bertze alde batera so egin duten bitartean. Isiltasuna nagusi, ez aipatzeak arazoa desagertaraziko balu bezala. Beti bezala, arazoa itolarria bilakatzen delarik mugitzen dira Botere Publikoak. Eta aldi oro izaera juridiko mugatua, ahal mugatuagoak eta Euskal Herriaren lurraldetasuna urratzen dituzten tresnak ezartzen dituzten plantan. Iaz Lurraren Erakunde Publikoa sortu zuten. Sortzea pozgarria da berez, baina horren eragina Lapurdira mugatu dute, Itsasutik Bidarraira edo Hazparnetik Garazira amildegi bat balitz bezala. Nafarroa Behereko eta Zuberoako auzapezek haserrea adierazi dute. Deus ez da mugitu. Kontseilu Nagusitik plantan ezarritako egiturak ekidin behar du Euskal Herriaren irudia ematea. Lapurdi hitza ere saihesten dute, kostaldea, erdiko gunea eta euskarara itzulgaitzak diren izenak sortuz. Ahalak ere urriak ditu erakunde horrek. Funtsean urruti dagoen norbaiten tresna delako, baina erabakitzeko ahalik gabe. Ez du Euskal Herriaren garapena kontuan hartuko eta artifizialki mugatutako eremu baten kundeantza eginen du, sakoneko arazoari so egin gabe. Kudeaketa horrek irizpide zorrotzak ditu, ordea. Gipuzkoatik Hendaira bizitzera datozen euskaldunak ‘espainiarrak’ dira erakunde horren ikuspegian, Parisetik jiten diren jendeak “bertakoak” direlarik. Irizpide hertsi horrek Euskal Herriko errealitatearekin talka egiten du, arteka etxegintzaren gainean ekaitzaren arriskua sortuz.  2015/03/05 - 17:52:01

Nabigatu euskaraz