(titulua)
Arrazista ni?
Denok pentsatu nahi izaten dugu ez garela arrazistak. Modernoak gara zentzu horretan, besteek ere guk ditugun eskubide eta askatasun berberak izatea nahi dugu. Marokotik, Ekuadorretik edo Errumaniatik datorren atzerritarrari lana, etxebizitza eta gure eskubide berdinak izan ditzan opa diogu. Edo opatu beharko genioke. Nahiko zaila izan behar du herrialde hauetatik atera behar izatea beste erremediorik ikusten ez duzulako. Zure familia atzean utzi, zure lurra, zure kultura... Esatea erraza da baina benetan zaila izan behar du horrek. Aspaldian jende dezente entzun dut kexatzen atzerritarrei ematen zaien tratu erosoegia dela eta. Egunero omen doaz udaletxera edozer motatako laguntzen bila. Etxe bat aurkitzeko herritarrek baino aukera gehiago omen dute. Lanik bilatu ezin dutenek diru-laguntza ederrak jasotzen omen dituzte. Farmazietan medikamentu asko debalde lortzen dituztela diote beste hainbatek. Ez dakit zuei, baina niri egia dela sinestea kostatu egiten zait. Lagun batek kontatu zidana azalduko dizuet orain. Berak esplikatu zidan prezio berean salduko dizuet informazioa. Furgoneta bat jarri zuen saltzen nire lagun honek. Telefonoz deitu zioten laster, ea furgoneta ikusi eta tratu batera iritsi zintezkeen galdezka. Baietz, nire lagunak. Konpromisorik gabe furgoneta ikus zezaketela. Gelditu dira behintzat. Irunetik zetozen bi marokoar ziren. Furgoneta ikusi eta berehala, prezioa jaitsi ahal zezakeen galdetu zioten nire lagunari. Nire lagunak sentitzen zuela baina ezetz, nahikoa merke zegoela bestela ere. Mehatxuka hasi ziren orduan bi marokoarrak, ahots tonua gehiegi igoz, orduan Irunetik etorri zirela eta, gutxienez, gasolina eta autopistan gastatutakoa emateko mehatxatuz. Urduri jartzen hasi da nire laguna, eta ez diela ezer ordainduko esan die, beraien gustuz etorri direla, ez dutela aurrez gasolina edo autopista ordaintzeko traturik egin. Ez duela zertan ordaindu. Marokoarrak gero eta ozenago hitz egiten. Ez badu ezer ordaintzen denuntzia bat jarriko dutela bere aurka. Eskuko telefonoa poltsikotik atera eta matrikulari argazkiak ateratzen hasi da beraietako bat. Kontuz ibiltzeko, matrikula zenbakiarekin non bizi den jakin dezaketela denbora gutxian. Azkenean, tentsio eta urduritasun une batzuen ostean bakoitza bere aldetik doa. Ez da ipuin bat. Duela gutxi gertatu da herrian bertan. Ez nion nire lagun honi aurretik arrazista kutsurik zuen komentariorik entzun. Baina hau gertatu ondoren, bere ikuspegia aldatu egin dela esango nuke. Ez zitzaizun zuri ere aldatuko? Hau egia izanda ere, ez ditzagun atzerritar denak zaku berean sartu. Akats handia egiten ariko ginela uste dut. Jende umil, atsegin eta langile asko dago, egunean hamabi ordu lanean sartu eta bere bizitza aurrera ateratzea beste ametsik ez duena. Ez gaitezen gure aiton-amonak zaintzen ari diren atzerritar guztiez ahaztu. Ez gaitezen ahaztu arrantza ontzietan sartu eta itsasora asteetan ateratzen diren atzerritarrez. Eta beste hainbat eta hainbatez. Ez sartu denak zaku berean. 2011/11/15 - 19:20:08
Azpeitia eraikitzen
Nola alda litekeen herri bat urte gutxiren buruan. Gezurra ematen du. Azken 15 edo 20 urteetan herriak bilakaera izugarria izan du. Orain dela 20 bat urteko Azpeitia datorkit gogora. Goizetan eskolara ateratzen nintzeneko irudiak ikusten ditut oraindik. Harzubian bizi nintzen ni orduan eta inguru hori oso desberdina zegoen. Nahiko gaztea izanik dagoeneko horrelako aldaketa ikusi badut pentsa zaharrago direnek zenbaterainoko eraldaketa ikusiko zuten. Nire etxetik irten eta zezen plazara iritsi baino lehen, bazen zezenei eta zezen zalei zuzendutako taberna bat. Bertara bidaltzen ninduten aita edo amak noizean behin, enkargu batekin. Tabernaren izena ez dut gogoan baina irudi batzuekin akordatzen naiz. Bazen autoen tailer mekaniko bat ere. Bertako gizona beti buzoarekin eta erdi zikinduta egoten zen, autoko motorraren artean aurpegia zikinduta. Baina oso jatorra zela gogoan dut. Mutiko bat baino gehiago gerturatzen zen bertara futbol edo saskibaloi pelota husten zitzaionean, mekaniko hark irribarre batekin puzten laguntzen baitzion. Orain etxe mordoa eraiki dute inguru guztian. Lehen baino ederrago eta txukunago dago guztia. Baina gustora ikusiko nuke berriro dena lehen zegoen bezala. Minutu batean bada ere. Nostalgiko samarra naizela uste dut. Loiola inguruan ere zenbat etxe egin dituzte azken hamarkadaren bueltan? Eta orain etxebeltz deituriko etxe hoiekin dena nola aldatuko den aipatu beharrik ez dago. Imanol Eliasek oso liburu interesgarria dauka gai hau aintzat hartuta. Gaztaroko kronikak deitzen da eta bere haurtzaroko bizipenak kontatzen ditu besteak beste. Umea zela egindako zenbait gaiztakeria eta lanean hasi zeneko lehen urteak. Orduko Azpeitia nolakoa zen ere deskribatzen du, 1950. urte inguruko Azpeitia hura. Plaza nagusia, errebala eta parte zaharrak osatzen zuten ia erabat orduko Azpeitia. Gustora egingo nuke bidaia labur bat iraganera, orduan gauzak nola zeuden ikusteko. Eta etorkizunean? Nola egongo dira gauzak etorkizunean herrian? Irudimena piztu beharra dago horretarako... 2011/10/08 - 05:27:03
564-755
2011/10/08 - 05:27:03
Sua
Gaur egun, bertsolaritza artea bilakatu dela ez dut uste inork zalantza egingo duenik. Beharbada beti izango zen artea, baina gaurko bertsolari berriek erabilten dituzten doinu, konparaketa eta metaforek oraindik haratago eraman dute bertsolaritza. Gauza gutxik emozionatuko zaituzte gehiago bertso eder batek baino. Eta bertso ederra soberan izan genuen BEC-en jokatutako final ederrean. Zortzi bertsolari on, generazio baten aldaketa, historiak eman duen bertsolari hoberenetako baten agurra, txapela jantzi duen lehen emakumea... hunkitzeko arrazoi nahiko eta soberan. Ez naiz bertsolari eta bertso guztiak aipatzen hasiko baina batzuen aipamena egin nahi nuke. Protagonista nagusienak, nolabait esatearren. Andoni Egaña: Bosgarren txapela jantziko zuen zalantza eginez inguratu ziren bertsozaleak BEC-era. Ez zegoen erraza antzematen. Denok genekien Andoniri irabazteko bertsotan ikaragarri egin behar dela baina, bestaldetik, bagenekien berari irabazteko moduko bertsolariak bazirela. Berak nahi bezala, oholtza gainean galdu du azkenik txapela. Izan behar duen bezala. Txapelak oholtza gainean irabazten dira, eta galdu ere, bertan galtzea onena. Erarik naturalena da. Andoniren 4 txapelen errekorra hor egongo da pixkatean, norbaitek hautsi nahi badu, saiatu dadila, denen laguntza beharko du eta. Amets Arzalluz: Iparraldearentzat urte ona izan da aurtengoa. Gonzalezek lau t'erdiko lehen txapela Azkainera eraman ondoren, hendaiarrak beste horrenbeste lortu nahi zuen bertsolaritzan. Lortu ez arren, zein gertu ibili den. Arratsaldeko kartzelako gaian une batez despistatu eta gelditu zenean, bihotza erdibitu zitzaion ia bat baino gehiagori. Berehala osatu eta hiru bertso gogoangarri bota zituen etorkin baten paperean sartuta. Apuntatzekoak benetan. Hogeita sei urte bakarrik ditu. Iritsiko da bere momentua ere. Maialen Lujanbio: Merezitako txapela azkenean. Oso gertu ibili zen 2001an, bigarren postua lortuz. Emakume bertsolari gazte guztiei bide berri bat ireki diela esan dezakegu. Dagoeneko atzetik datozen neska gazteek badakite posible dela. Bertso eder mordoa bota zuen beste behin igandeko saioan baina Amets Arzalluzen aurkako norgehiagokan suari buruz bota zuena gogoratu nahi izan dut ondoren. Sua bezalako elementu soil bat eduki eta bertso bakar batean zuku hori ateratzea ere... Sua Hura asmakizuna homo habilisena bi harrik elkar jota txispa bat aurrena asmakizun handiena mendetan barrena sua da problema zenbait basorena edo jaki dena berotzen duena eta bi begiradek sortzen dutena (Maialen Lujanbio) Finalera iritsi ez diren beste bertsolari batzuk aipatuko ditut azkar batean. Igor Elortzaren zuloa sumatu dugu. Bertsolari trebea. Bizkaiko txapelduna ez dakit zenbat aldiz. Ea hurrengoan berriro sartzen duen burua finalean. Baina ez da erraza izango. Uxue Alberdi aipatu nahi dut ondoren. Finaletik oso gertu gelditu da elgoibartarra. Bere ahots goxoak edonor erakartzen du. Bereziki agurretan erabiltzen dituen doinuak gustatzen zaizkit. Zerbait berezia dauka eta 2013ko finalean erakutsiko digu. Kontuz hemendik aurrera Miren Amuriza edo Ainhoa Agirreazaldegi edo Jone Uriarekin ere. Women power delakoa iritsi dela ematen du. Eta Azpeitira hurbilduta? Lortuko ote du Jokin Urangak 2013ko finalera iristea? Zaila dago baina... Baina Azpeitiarrez hitz egiten hasita nola ahaztu Maialeni txapela jarri zion Joxe Agirre. Denok bertso bat botako zuelakoan eta... lau bota lasai asko. Eta bai ederrak. Beste zazpi txapel falta izan zitzaizkion eskuetan denei txapela jazteko. Zorionak Maialeni amaitzeko. Unai Iturriagak agurreko bertsoan esan zizun bezala (eta zuk zeuk esango zenukeen bezala) eajaaa zea. Txapelduna. 2011/10/08 - 05:27:03
Benetako istorio bat
Paul Auster idazle amerikarrak ondorengo istorioa kontatzen du bere liburu batean. Benetako istorioa dela azpimarratzen du gainera. Yugoslavian gertatu zen, bigarren mundu gerrako azken egunetan. Serbatiev izeneko gaztea Serbiako partisano talde bateko kide zen. Nazien okupazioaren aurka borrokan ari zen Serbiako talde hau. Egun batean, goizean goiz, bera eta bere lagunak izkutatuta zeuden txabola inguratu zuten naziek. Baso baten erdian zegoen txabola eta, negua zenez, elurrak metro erdiko altuera zuen. Partisanoek ez zuten ihes egiteko modurik. Zer egin asmatu ezinda, azkenean zorteak erabaki behar zuela erabaki zuten: txabolatik banaka aterako zirela erabaki zuten, korrika eta presaka, elurrean barna desesperazioz nonbaitera aldegingo zuten itxaropenez beterik. Zozketa egin eta gero, Serbatiev izeneko gazteak hirugarren lekuan atera behar zuela erabaki zuten. Lehenengo gizona atera zen. Serbatiev leihotik begira zegoen, urduritasuna menderatu ezinda. Arbolen atzetik, metraileta hotsa entzun zen segituan. Gizona segituan erori zen. Ia tarterik gabe atera zen bigarren gizona ere eta emaitza berdin-berdina. Berehala erori zen metraileta balak eraginda. Serbatiev gaztearen txanda heldu zen. Ez dakigu zenbaterainoko zalantza egin zuen ateratzeko unean. Ezin jakin zer pentsakizun izango zituen buruan. Korrika atera zen, bere hankek eman zioten abiadura guztiaz. Segundu amaigabe batzuk joan ziren airean. Bat-batean ikaragarrizko mina sentitu zuen hanka batean. Gero, zentzua galdu zuen. Esnatu zenean, baserritar baten karroan zihoan, etzanda. Ez zekien zenbat denbora pasatu zen eta bitarte horretan gertatutakoaren berririk. Begiak ireki zituenean zaldi batek tiratzen zuen karroan zihoala egiaztatu zuen. Baserritar bat zihoan karroaren gidari eta Serbatiev baserritarraren buruari begira gelditu zen une batez. Zerbait esatera ausartu nahi zuen baina hitzak ahotik atera aurretik gertuko basotik zetozen eztanda eta tiro hotsak entzun zituen. Baserritarraren burua desagertu egin zen berehala. Serbatiev bururik gabeko gorputz zati hari begira gelditu zen. Zarata eta eztanda gehiago. Ezin dugu esan zaldiak karrotik tiraka jarraitu zuen baina bai segundu edo minutu gutxiren buruan tropa errusiar handi bat etorri zela bide hartan behera. Jeepak, tankeak eta soldadu pila bat. Agintean zegoen ofizialak Serbatiev gaztearen hanka ikusi zuenean, inguruan zegoen ospitale txiki batera eramatea erabaki zuen. Oso egoera kaskarrean zegoen ospital txiki hau eta ia ez zegoen batere medikamenturik. Ejerzitu errusiarreko medikuak hanka hura salbatzea ezinezkoa zela deliberatu zuen. Moztu beharra zegoen, eta lehenbailehen gainera. Serbatiev oihuka batean hasi zen. "Ez moztu hanka, arren. Mesedez, jainkoaren izenean, ez moztu hanka". Baina inork ez zion entzun. Enfermeroek operazio mahaian jarri eta korreekin lotu zuten. Medikuak zerra hartu zuen. Zerra azala mozten hasi zenean, beste leherketa bat entzun zen. Ospitale txiki hartako sabaia segituan erori zen eta nahasmena nagusitu zen bazter guztietan. Serbatiev gazteak zentzua galdu zuen berriro. Berriro esnatu zenean, ohe batean etzanda zegoen. Izarak garbiak ziren eta logelak usain ona zuen. Serbatiev partisanoaren hanka oraindik bertan zegoen gainera, gorputzari pegatuta. Neska gazte bat sartu zen ondoren plater batekin eta zopa eman zion jateko. Oso ederra zen neska eta irribarre egiten zion aldian behin. Serbatiev gazteak zalantza egin zuen: oraindik bizirik zegoen edo hil ondorengo paraisoan zegoen dagoeneko. Pare bat hilabete eman zituen etxe hartan eta neska gaztearekin maitemindu zen. Zoritxarrez, maitasun hark ez zuen etorkizunik izan. Baina Serbatiev gazteak aurrera egin zuen bizitzan eta hankarik moztu gabe. Gero, gerra amaitu ostean, Ameriketara emigratu zuen bizitza berri baten bila. 2011/10/08 - 05:27:03
Hiru bertsolari Ziripot elkartean
Erniarraitz bertsozale elkarteak 10. urteurrena bete duela eta, bertso-afaria antolatu zuten elkartekoek pasa den larunbat honetan. Afari giro ederra eta azken urteetan elkarrekin jardun gabeak ziren hiru bertsolari entzutetsu saioa borobiltzeko: Andoni Egaña, Xabier Euzkitze eta Jon Sarasua. Noiz edo noiz entzun izan dut bertsolari ona denak ez duela behar izaten gai jartzailerik bertsotan hasteko eta halaxe hasi ziren hiru hauek, bata besteari adarra jotzeko irrikaz beteta. Antzematen zitzaion Egañari ere aspalditxoan ez zuela bi hauei bertsotan adarra jotzeko aukerarik izan eta ez zegoen denbora galtzeko. Badakigu Euzkitze eta Sarasua bertso mundutik aparte samar ibili izan direla azken urte hauetan. Norbaitek oxidatuta egongo zirela ere uste izango zuen eta, egia esatera, neuk ere banituen zalantza batzuk. Azkar uxatu ziren zalantzak. Benetan ez nuke jakingo hiruretan hoberena nor izan zen erabakitzen. Barre nahikoa egiteko aukera izan zen baina baita pentsatzera bultzatzen zaituzten bertso horietakoak ere. Politikaz, krisi ekonomikoaz, sexuaz (metrosexualez, asexualez edo zentimetrosexualez) eta beraien bizi pertsonalen gorabeherez ere jardun zuten une batzuetan. Sarasuak duela urte mordoa txapelketa nagusian egindako 'tongoaz' ere galdetu zioten Euzkitzek eta Egañak Sarasuari. Hark tongotik ezer ez zuela erantzun zuen Jonek, bertsoak berak eta bertsolaritzaren etorkizunak beste bide batzuk ireki behar dituela defendatuz. Apal egiten du bertsotan Jonek, baina bere mezua erraz iristen da bertsozalearengana. Entzuleen artean ere baziren bertsolari ezagun askoak: Imanol Lazkano edo Joxe Agirre beste batzuren artean. Gustora irten zirela uste dut. Ez nuke amaitu nahi beste protagonista batzuk aipatu gabe. Gizarte honetan itzal handia duen jendea miresteko joera ikaragarria dugu. Baina baita itzalpean lan eskerga egiten duena ahazteko ere. Berdin da bertsolaritzan, futbolean edo dena delakoan. Egañak aipatu zuen txapelketa nagusiko finalean zenbat lagun zeuden lan egiten isilean, "eta asko bolondres gainera" bere hitzetan. Eta larunbateko afarian berdin. Bost edo sei lagun aritu ziren lanean ia etenik gabe, zentimorik ikusi gabe eta bertsolariek jasotzen dituzten txaloak entzun gabe. Hemendik txalo zaparrada bat beraientzat, isilpekoak badira ere. 2011/10/08 - 05:27:03
Horrelakoak gara
Gutxitan egin ohi izan du jendeak lanik bokadillo baten truke. Eta gero eta urriago aurkituko ditugu horrelako pertsonak. Kulturaren inguruan bueltaka ibiltzen dira oraindik bakan batzuk, galtzeko arriskuan dagoen espezie baten parte dira. Laster denboraren zurrunbiloan desagertuko zaizkigu, sekula existitu ez balira bezala, baina inor ez gara ohartuko. Juanito Bikendi izan da horietako bat. Pilar Aizpitarte bestea. Eta Iñaki Bergara Kaxkurrio . Idoia Uranga, Boni Alegria, Mailo Eizagirre, Jose Esnaola, Alaitz Olaizola... eta beste hainbat. Zaletasun batek erakarrita ibili dira lanean azken urteotan, isil-isilik, barru-barruan sentitzen duten afizio baten indarrak bultzatuta: antzerkia. Horrelako jendea gehiago estimatu beharko genuke. Antzerkiak maitasun berezi bat sortzen die, betetasun bat nabari dezakete euren barruan. Eta hori lortzeko sakrifizio handiak egiteko prest daude. Lanetik berandu atera eta, afaldu ondoren, bi edo hiru ordu entseguetan pasatzen dituzte. Nekeak eta beste betebehar batzuk ondoan utzita. Askotan, familiakoekin pasatu behar duten denbora bazterrean utzita. Nork egiten ditu horrelako sakrifizioak gaur egungo gizarte 'aberats' eta 'aurreratu' honetan? Antxieta taldeak lan ikusgarria egin zuen Azpeitian lehen urteetan antzerkia bultzatu eta herritarrei erakusteko. Lakrikun taldeak hartu du orain erreleboa. Antzerkian jardun dutenek beraiek zaila ikusten dute berpiztea, traba eta eragozpen gehiegi ikusten dute. Instituzioek ez dute behar hainbat laguntzen, antzerkiaren mundura gazteak erakartzea lan nekeza da eta ikusleak telebistaren tranpan erortzen gara gehienetan. Nahiago dugu etxeko sofa erosoan Brad Pitten pelikula bat ikusi Iñaki Bergarak gure etxeetatik pauso batzuetara hilabeteetan prestatu duen pertsonaia ezagutzera joan baino. Angelina Jolieren aurpegi ederrak gehiago erakartzen gaitu Pilar Aizpitarteren antzerki senak baino. Angelinak eta Bradek milioiak irabazten dituzte, Pilar eta Iñakiren helburuak beraien satisfazio pertsonala eta gure txalo zaparrada eta babesa dira. Gure beroa, gure maitasuna. Errazegi ahazten ditugu horrelako gauzak. Horrelakoak gara. Ez dakizkit Azpeitiaren historian antzerkiaren alde lan egin duzuen guztion izenak. Baina badakit asko zaretela. Antzerkiari zuen denbora, izerdi eta ilusioak eskaini dizkiezuen guztioi: eskerrak bene-benetan. 2011/10/08 - 05:27:03
Fedea
Fedeak indar handia izan dezake gure bizitzetan. Berebiziko garrantzia duen zerbait bilakatu daiteke. Ez naiz jainko bati buruzko fedean ari ordea. Edo ez fede horretan bakarrik. Baina zergatik da horren inportantea fedea? Bizi daiteke ezertan federik izan gabe? Zergatik bilatzen dugu une gaiztoetan ia beti? Bere portura iritsi ezinda dabilen barku zahar baten moduan sentitzen garenetan? Inguratzen gaituen ezerk sentidurik ez duela igartzen dugunean? Sartuta gauden borroka guztiek konpontzeko itxurarik ez dutela antzematean? Eta zertan dugu fedea? Jainko edo erlijio jakin batean? Nik ez dut jainkorik ez ikusi ez sentitu sekula. Eta munduaren historia pixka bat errepasatzea nahikoa da erlijioek akats izugarriak egin dituztela agerian uzteko. Baina erlijioek, edo erlijioari bere bizitza kontsagratu dioten pertsonek, pauso onak ere eman dituztela esango nuke. Zer gehiagotan eduki dezakegu fedea? Pertsonengan? Familia, bikotea edo lagunengan? Geure buruan? Maitasunean? Naturan? Hil ondoren paradisua zain dugula sinestean? Aitona edo amona egin baino lehenago krisi ekonomikoa bukatuko dela pentsatzean? Baina pasatzen ari garena krisi ekonomikoa bakarrik al da? Bere osotasun guztian ulertu ez arren, bizitza honek sentidu ezkuturen bat badauka? Ikusi ditudan gauzetan bakarrik sinesteko joera nuen lehen nik. Baina gero pentsatu nuen maitasuna ezin daitekeela ikusi baina bai sentitu. Maitasuna da beharbada bizitzen jarraitzera bultzatzen gaituen indar boteretsuena. Maitasuna eta ilusioa. Gauzak gaizki joan arren, zeure buruarekin fedea izatea. Ingurukoekin konfiantza eta komunikazioa lantzea, esatea hain erraza den eta lortzea horren zaila dena. Naturarekin gozatzea. Irribarre egin eta eginaraztea. Eta filosofo edo idazle ona izan banintz beste modu batean azalduko nituen zenbat eta zenbat gauza gehiago... 2011/10/08 - 05:27:03
Ruper eta Martin Larralde
Joan den urtarrilaren 8an 300 bat pribilegiatuk Ruper Ordorikaren kontzertua entzuteko plazerra izan genuen Sanagustinen. Giro atsegina eta intimoa bizi izan genuen bertara gerturatu ginenok, Ruperren abesti lasai eta ederrekin nahastuta. Ez naiz Ruperren jarraitzaile sutsu horietakoa izan, baina noizean behin bere abestiak entzuteak on egiten dit, sosegua eta bakea ematen didate. Kanta eder asko jo zituen eta horietako bati aipamen bat egin nahi nioke ondorengo lerroetan. Kontzertuan jo zuen lehen kanta izan zela uste dut, memoriak huts egiten ez badit. Martin Larralde abestiaz ari naiz. Gogoan dut behin etxean entzun nuelarik Martin Larralde hau nor zen jakiteko gogoa sartu zitzaidala. Laster bilatu nuen bere aipamena interneten. Martin Larralde Bordaxuri Hazparnen jaio zen 1782an, Plumaienea izeneko baserrian. Baserrian bertan lan egiten zuen eta bertsolari ere bihurtuko zen urteekin. Ama hil zenean, Martinek baserriaren zati bat eskatu zion bere aitari, eta liskar eta eztabaida batzuen ondoren bien arteko harremana asko gaiztotu zen. Handik denbora batera, aitak tiro bat jaso zuen larrean lanean zebilela. Jendarmeek Martin semea atxilotu eta Baionara eraman zuten. Aitaren hilketa eragotzita, Pauen auziperatu eta errudun zela erabaki zen. Rocheforteko kartzelan sartu ondoren, bertan hil zen sei urte geroago, 1821ean. Erruduna ala errugabea zen Martin Larralde? Ez dago oso argi. Bereziki kartzelan eman zituen sei urte horietan idatzi zituen bertsoak irakurtzen baditugu. Samina eta gorrotoa antzeman daitezke beraietan. Injustizia sufritu duen gizaseme baten oihua. Hemen ezagunenetako bat, Mila zortziehun hamaborzgarrena : Eta horrela iritsi da Martin Larralderen oihartzuna gaur eguneraino, hil zela ia 200 urte bete diren arren. Joseba Sarrionandia poeta bizkaitarrak idatzi zuen gaur Ruperrek kantatzen duen abesti ederra: " Martin Larralde honelako egun batez hil zen galeretan, begiak zabalik etzanda, agian zerua itsaso zikin bat dela esanez ". Eskerrak bide batez Ruperren kontzertu hau posible egin duten antolakuntzako denei. Eta musu eta keinu bat asko estimatzen dudan eta bertan zegoen bati. Berak ulertuko duelakoan. 2011/10/08 - 05:27:03
Joxe Aranzabal eta Samantha Kittle
2011/10/08 - 05:27:03