(titulua)
This domain is expired. If you're the owner, you can renew it. If you're not the owner, search for your next domain and then build your website for free on Dynadot.com! | Buy this domain |
Agur
Batzuek distiragatik egin dudala esango dute, beste batzuek banitateagatik egin dudala, baten batek famaren parnasora jauzi egiteko xedez nenbilela. Nahi dutena esango dute, baina nik amorruagatik idatzi dut. Geure herri honetan ez dago askatasunik. Eta zein tristea den askatasunik gabe bizitzea. Eta zein tristea den askatasunik ez dagoela ez jakitea. Eta zein tristea den besteei norbera askatasunez bizi dela sinestaraztea, hemen askatasuna inorentzako ez dagoenean (ezta zapaltzaileentzako ere!). Min ematen du mundu honetakoa izateak, gizarte honetakoa izateak, gizarte hitza ahoskatzearekin batera norbera ere gizarte dela baieztatzeak. Ez nuke gizarte izan nahi, ez nuke fartsa honen parte (eta erantzule) izan nai, baina banaiz. Horregatik idatzi dut, ez ospeagatik. Gizakiaren erronka kateak haustea izan da milaka urtetik hona, eta gizakiok gizakioi odolez eman dizkiogun askatasun eremu bakan eta txikiak, atzera galdu ditugu. Ez dira geureak. Lurra konspiratzaileen, bortxazaleen eta esplotatzaileen esku utzi dugu, eta lurraz geroztik, geure larrua ere galdu dugu: ez dakigu non bukatzen den oligarkia eta non hasten den demokrazia. Errepideak eta etxeorratzak eraikitzen ditugu, bonba atomikoak eta koheteak, Mp3ak eta Nintendo kontsolak, baina dislexiko hutsak gara. Ez dugu ezer ere ulertzen. Ni, une aproposago baten esperoan, banoa. Milesker errugabeei, ostruka irrigarri uzten duzue. Milesker maite nauzuenoi, milesker gorroto nauzuenoi ere. Eta, batez ere, milesker garroto nauzuen guztoi. 2007/10/19 - 03:56:07
katu txikiak
Katu eder hauek jaio dira Hendaian. Bat nahi baduzu, aski duzu eider@armiarma.com helbidera idaztearekin. 2007/10/17 - 03:54:16
lerdea botatzea zer den
Miguel Buen eragin handiko politikan sartu berria da, eta askok ez dute ezagutzen. Oreretarrok 15 urtez pairatu dugun politikari hau, izatez Leongoa, ixil-ixil hasi zen politikan. Aldeano itxuraz agertu zitzaigun, eta gauza gutxi esaten zuen. Kanpokoa zen, eta kanpokoaren neurria erakusten zuen. Ikusi, entzun, eta ahoa gutxi ireki. Urteekin, ordea, alderdi barruan pixua irabazi zuen (ez zentzu metaforikoan bakarrik), eta azkenean alkate izatea lortu zuen. Urteetan porlanarekiko jainkotasuna erakutsi du batik bat, eta gainerako alorretan gora beheratsua izan da. Orain euskarari dirutxo bat, orain dirutxo horiek kendu, orain ikastolari egoitza, orain festa bat egiteko debekua, orain bere lagunen ekimenak finantziatu (Rumanalde izeneko elkartea kasu), orain sagardo eguna egiteko oztopoak jarri, orain herriko dantza taldeari sos batzuk eman, orain Kultur Etxea bota merkataritza gunea egiteko, orain... Ahoberoa izatea zer den bere eskutik ikasi dugu Errenteriako Udaleko udalbatzarretan, eta aginte makila zurruntasunez eramatea zer den ere. Nazionalista epela dela esan dezakegu, Espainiaren ideiaren defendatzailea, baina ez, akaso, muturrekoa. Acebes eta beste batzuek gehiago dira. Espainiaren ideiean sinisten duen bezala esan dezakegu Euskal Herriaren aldeko ekimen oro 'nazionalista' iruditzen zaiola, Espainiaren aldekoa kosmopolita(goa) balitz bezala. Bere burua engainatzen du, zalantzarik gabe, gehienetan egiten duela konturatu gabe. Lan bila Euskal Herrira etorritako etorkinen bozkei esker izan da alkate, baina bertako jendearekiko maitasun gutxi erakustea deliberatu zuen, auskalo zergatik, auskalo zertarako, eta horrela, maitasun gutxiz, botere esparru zabaletara iritsi da. Eta iritsi denez, noski, boterea erakutsi behar. Orain arte lasai antzera ibili da, iritzia emateko beldurrik gabe, baina ez zaratatsuegi. Baina gaur bai, gaur hedabideetan agertu eta gaizkileen modura aritu da, hanpako nabajero handienak irrigarri utziz, tokiz kanpo eta neurri gabe, lotsa izatetik urrun, oso urrun. Bidetik irtenda, eta bidera itzultzeko ukerarik gabe apika. Pernando Barrena mahaikideaz aritu da, ez ikuspegi politikotik, ikuspegi pertsonaletik baino, eskolako lagunak balira bezala. Hemen gerra balego berak alde eginda behar lukeela esan du, eta Haiti aipatu du, berak ere Haiti non dagoen ez badaki ere. Gero zera gaineratu du, ihes eginda ez badago berak 'bere burua ederki zaindu duelako' dela, eta beste batzuen aldean 'oso ondo jakin duela babesean egoten'. Hauxe iradoki nahi zuen ganster izateko ikasle aurreratuak: Barrena 'besteak bezain delinkuentea' dela, baina, gainera, koldarragoa. Gipuzkoako Sozialisten Buruaren hausnarketa dela jakinda, ondo argi geratzen da zer den PSE gaur egun: matoi koadrila eskasa. Ez besterik. Baina, gainera, Barrena bera zer momentu pasatzen ariko den jakina horrelako ergelkeriak esatea iparra modu alarmantean galtzearen seinale da. Bueni kargua handi geratzen zaio, oso handi, eta hori, beti bezala, abertzaleontzako txarra da. Ez dago politikari txepel bat baino gauza arriskutsuagorik. Eta ez bagenekien, Buenek ahoa irekitzen duen bakoitzean ikusten dugu. 2007/10/09 - 03:46:26
22 zauri (baino gehiago)
Karlistadak, 36ko gerra, 40 urteko diktadura, trantsizioko saldukeria, 25 urteko demokrazia, 25.000 bahiketa, manifestazio debekatuak, bilera kriminalizatuak, apartheid politikoa, 500 urteko umiliazioa, bost mendeko kolonizazioa, eta orain, 22 zauri. 2007/10/06 - 03:42:21
garrotoa
Erramun Landak eta Koldo Izagirrek Salvador Puich Antichen inguruko erakusketa paratu dute Bartzelonako XM Espai izenko galerian. Grabatuen eta literaturaren bidez, anarkistaren heriotza (erailketa) eta horri lotutako zerak jorratu dituzte. Horra Izagirreren testuetako bat ('Gorrotoa'), gaurko Berria-n argitaratua: "Ez irten ilunik hirira gauaren uretan itoa beti dator argira ez irten ilunik hirira Inork ezin du bakarrik gutariko bakoitzean bisitaria dago garrotatua dago gugan ilunik irten ginenotan inork ezin du bakarrik uhin kolpez suntsitu digu bularra garrotatuaren bisita dugu denok Ez irten ilunik hirira gauaren uretan itoa beti dator argira ez irten ilunik hirira Inork ezin du bakarrik gutariko bakoitzean kondenatua dago gorrotatua dago gurekin ilunik irten ginenotan inork ezin du bakarrik hizkera berria dakar min ematen digu gorrotatuaren aterpea gara denok Ez irten ilunik hirira gauaren uretan itoa beti dator argira ez irten ilunik hirira" Hauxe Izagirreren testua. Etzaidazue esan literaturak ez duela ezertarako balio. 2007/10/04 - 03:40:16
gutxika
Arnaldo Otegi, Juan Mari Olano, eta, orain, Joseba Alvarez. Batasunaren hiru buruzagi atxilotu dituzte aste gutxitan. Hiruretan aitzaki juridiko ezberdinak erabili dituzte, duela gutxi Askatasunak esaten zuen bezala, pipadunen (polizien) "lan zikina garbira pasatu" dute epaileek. Zera juridiko, sasijuridiko eta hiperjuridikoak aparte, hiru buruzagi politiko sartu dituzte itzalpera. Euskaldun bezala, lotsa sentitzen da horrelakoak ikusita: Espainiarren nagusikeria, eta hemengo politikarien ikara eta konplexua, auto-estimu falta mingarri hori. Isilik gertazen badira ez pentsatu mutu geratu direnik: kaka eginda dabiltza. 2007/10/03 - 03:39:10
Nazionalistek nahi dutena ulertzen dute
Beste egunean Patxi Lopezek Adolfo Aristarain argentinarraren 'Un lugar en el mundo',filma aipatu zuen autodeterminazio eskud¡bdea auzitan jartzeko. Autodeterminazioa kontzeptu juridikoa da, herrien eskubideei lotutakoa. Baina Espainiako inperialistek (kasu honetan PSOEkoek) kontzeptu juridikoez haratago, argudio 'filosofikoak' erabiltzen dituzte autodeterminazioaren kontra. Beti (bestelako eztabaidetan) legea aipatzea pila bat gustatzen zaie. Eszitatu egiten dira, eta hitzak moteltzen dituzte, silaba bakoitza ozen eta garbi ahoskatuz. Autodeterminazioaz aritzerakoan, ordea, gaiaz aldatzen dute. Kasu honetan, esan bezala, Argentinako filma aipatu zuen, bere tesien defentsan. Nola egin zuen? Oso erraz. Filman 'aberria gezurra' dela esaten da une batez. Filmak nazionalismoari kolpe bat eman nahi dio, gizakien alde eginez. Aporatuen aurkako aldarria da, herritar soilen defentsa egiten duena. Ez inperiorik, ez dirurik, ez merkaturik: gizajendea. Hauxe da filmaren tesia. Eta filmetik ateratako esaldia erabili zuen Lopezek, 'aberria gezurra' dela esateko. Ez da lehen aldia ezkerretik ihes egindako politikariek ezkerrera begiratzen dutela herriaren aurka ekiteko. Beti egin izan dute (ezkerra utzi zutenetik, hain zuzen). Ezkerraren berezko posizioak erabiltzen dituzte, posizio horiei ezkutuan eraso egiteko. Izan ere, autodeterminazioa nazionalismoaren kontrakoa da. Ondo entzun duzue: kontrakoa. Autodeterminazioak herrien eskubideak hartzen ditu haintzat, beste botere handiagoen pean zapalduta dauden herriak, hain juxtu. Aristarainek 'aberria gezurra' dela esaten duenean, ez da herri zapalduaz ari, herria zapaltzen duen Estatu-aparatuaz baino. Aristaraini galdetuko bagenio, ez luke Euskal Herria gezurra denik esango, zera esango luke: Euskal Herria ukatzen duen burkokrazia espainiarra (PSOE, adibidez) da zinez gezurra dena, gezur handi baten gainean eraikita dagoena. Diskurtso horretan Lopezek kontrakotasun bat eszenifikatu zuen: Aberria/auzoa. Kontrakotasun hau, lehen aipatutako tesiaren jarraipena da. Difamazio batetik hasi, eta demagojiaruntz joaten da diskurtsoa lerratzen. Difamazioa da bere herria defenditzen duenari esatea herriak ez duela defenditzeko eskubiderik, baztertzailea dela defentsa hori. Eta, aldiz, demagojia da esatea aberria 'palazioko kezkak' direla, eta auzoa, berriz, 'politika errealaren' kezkak. Espainia da Europan dagoen Estaturik naziolistena, Frantziarekin batera. Ez da kasualitatea bi Estatu horiek izatea, hain juxtu, gatazka politikorik zaharrena herri txikiago batekin (gurekin). Beraien sakoneko nortasunaren ahuldadea ikusten dute gure aldarrikapen bakoiotzean, eta, horregatik, geure diskurtsoa, geure egia lapurtzen dute, bahitu egiten dute. Lopezen zinismoa zein argia den adierazteko, adibide txiki bat jarriko dut. Lopezen bizilagun batek semea preso du. Lopezek bere auzokideengatik kezkatzen dela aldarrikatu zuen, 'eta ez banderengatik'. Bada, Lopezen auzokidea preso dago, eta Lopez bera da bere sendiaren sufrimenduaren eragileetako bat. Lopezek gezurraren bidea aukeratuz, gatazka luzatzen du, eta badaki horrela dela. Auzokideari zer gertatu, noski, bost ajola zaio. Askoz ere gehiago kezkatzen da aulkitxoagatik, eta aulkitxoa, juxtu, aparatua, 'buro'-a... bandera defendituz lortzen du, baina ez Euskal Herrikoa, Espainiakoa baino. Espainiako bandera. Euskal Herriko nazionalista espainiarrek, akaso, Aristarainen beste filme bat ikusi dute. Berak aipatzen duena, ordea, 'Un lugar en el mundo', ez da Lopezen tesien aldekoa. Lopez bera, filmeko kazikea litzateke, langileen kontrako konspiratzailea eta zurrupatzailea, bere berborrea guztiarekin izan ere. 2007/10/01 - 03:37:04
naturan babesturik
Gaurko eguna beltza izan da txirrindularitza zaleontzako. Txirrindularitza bizitzaren beraren erakusgarri zehatza eta bortitza da: batzuen lepotik, asko bizi dira, eta lepo horiek, gainera, moztu egiten dituzte. Txirrindularien bakardadea ikaragarria da, eta areago izango da etorkizunean. Gizartearen zinismoaren erakusgarri, esan bezala. Pasa den astean irudi hauek atera nituen Pasaiako badian. Arrainak hazia botatzen ari ziren. Bizitzaren zikloa errepikatzen da, zorionez. Beheko argazkian, nahiko genukeenaren irudia: hegal egin, libre izan (anakronikoa naiz?). 2007/07/26 - 21:42:24
gotan project
Gotan Project-ek kontzertua eman zuen herenegun Zurriolako hondartzan. Tangoa eta musika elektronikoa uztartzen ditu Buenos Aireseko eta Pariseko kideez osatutako taldeak. Ordua eta erdiz musika ona entzuteko aukera izan genuen, dohan... nabaritzen da, bai, abuztuan australiarren xoxak uztera etortzen direla. Otsailean edo azaroan bertakoentzako horrelakoak egingo balira... 2007/07/26 - 21:42:24
Nazionalismotik zirkura (II)
Espainiako telebista esatarien pailazokeriaz aritu nintzen aurrekoan. Modu 'sotilean' esan nuen pentsatzen dudana. Uste dut horrela esan behar direla gauzak. Atzoko etapa eta gero, ordea, zalantza geratzen zait. Edonola ere, Tourrean iaz atetarako irudi hau aurkitu dut nire argazkien artean, eta hara, ikus dezazuen, Frantziako Tourra zirkua izan daitekelako... 2007/07/24 - 22:24:18