(titulua)
This domain is expired. If you're the owner, you can renew it. If you're not the owner, search for your next domain and then build your website for free on Dynadot.com! | Buy this domain |
Atentatuak
Indian atentatua izan zen atzo. Hyderabaden bi lehergailuk egin zuten eztanda eta 44 hildako eragin zituzten. Lehen lehergailua laser-ikuskizun baten armailatan lehertarazi zuten eta jatetxe batean bigarrena. Zartatu gabeko beste zazpi lehergailu aurkitu zituen atzo poliziak. Ez dago argi nork burutu duen erasoa. Gobernuak Bangladesh edo Pakistaneko talde islamistei egotzi die ardura. Harkat-ul-Jehadi Islami (Huji) erakundea hartu dute ahotan askok. Maiatzean beste atentatu bat izan zen Hyderabaden eta eurei egotzi zieten erasoa. Bangaloretik kilometro gutxira dagp Hyderabad. Askok 'Cyberabad' deitzen diote, Bangalore bezala Informazioaren Teknologiatan espezializatuta dagoelako. Mehatxatuta daude bi hiri hauek zenbait sektore kanpoko enpresatan oinarritutako garapenaren aurka daudelako. Dena den, ez dago jakiterik nor izan den lehergailuak jarri dituena, izan ere, erasoa jende multzo hetereogeno batzuen aurka egin baita, ez gizatalde konkretu baten aurka. (Duela hilabete izan ginen Hyderabaden. Jainkoantzat sakrifizioak egiten ziharduten hinduistek) 2007/08/28 - 23:33:05
Objetibotasunaz II
Asko hitz egin da albistearen beraren objetibotasunaz, baina askotan albistearen parte garrantzitsu baten objetibotasuna ahazten zaigu: argazkiena. Adibide dibertigarri bat topatu dut. Argazki bat libertaddigitalekoa da eta bestea El Paísekoa. Bilatu zazpi diferentziak. 2007/08/28 - 23:33:04
Zuhaitzak
Indiak munduko errekorra hautsi nahi du: 24 ordutan 10.266.736 zuhaitz landatu nahi ditu Uttar Pradesheko estatuan. Azken ikerketek diote zuhaitzak landatzeak ez duela aldaketa klimatikoa geldituko. Kalte, behintzat, ez du egingo. 2007/08/07 - 22:06:22
Meditazioa
Lau egun pasa nituen duela bi aste meditazi zentro batean. Aurkituko nuenaren beldurrez joan nintzen bertara. OSHO izeneko guru baten meditazio zentroa zen. Zenbateraino zen sekta eta zenbateraino meditazio zentro, zalantzan iritsi nintzen bertara. Lehen inpresioa ez zen xamurra izan. Tunikaz jantzitako jendea, susmagarrikiro atsegina... Lehen meditazio saioan hasi nintzen lasaitzen. Meditazioa ez da, uste nuen bezala, eseri eta mugitu gabe zerbaiten zain egotea. Edo agian bai, baina zerbait hori bilatzeko gorputzak egoera berezi batean behar du egon, eta hori lortzeko bide asko daude. 70 indiar inguru eta 3 europear geunden zentro hartan.Goizeko 6:00tan egiten genuen lehen saioa, eta egunean zehar dozenaerditik gora meditazio ariketa egiten genituen, ordu t'erdi edo gehiagokoak. Onartu dezadan aspaldian ez dudala han hainbeste izerditu: dantzak, gorputza dardaran jartzea, saltoka ibiltzea, garraisi egitea... gelditu gabe eta ordulaurdenez. Horren osteko gorputzaldia interesatzen zitzaien antza monitoreei. Azken ariketa izan ohi da erlaxatu eta ezertan ez pentsatzen ahalegintzea. Hasieran ridukulu xamar sentitzen nintzen, baina zenbait saioren ostean denak bezain ero izatea lortu nuen: ordubetez barre egin behar dela? ba lehertu! ordubetez negar? ba hustu! Sekta bat den edo ez den ez zait oso argi geratu. Izan ere, sekta itxura hartzen nien elementuak presente daude ezagutzen ditudan beste erlijioetan ere. Kontua da meditazioarena mundu ikaragarri interesgarria iruditu zaidala. Bizitzan behin behintzat probatu beharreko zerbait. 2007/05/16 - 04:59:08
Ez den portuan
Mumbaiko kostan topatu nuen ontzi hau. Ez al da Euskal Herrira itzuliko! 2007/05/16 - 04:59:08
Meditazioari
Zenbait bertso jarri nituen ARGIArako duela aste batzuk. Hona hemen emaitza: Batetik bertsoak, idatziz; eta, bestetik, Eñaut Agirrek kantatutako bertsio musikatua (klikatu hemen entzuteko): Argiari Doinua: Norbait bilatzen duenak/ edonor aurki dezake (dezima) 1) Dena kaosa denean zu, mundua, mundua, zu tarte bat hartu ezazu eta lurraren gainean eseri atsedenean, zure gogoa itzali betazalekin estali begiak, sakon arnastu, mundurik badenik ahaztu eta begiak irauli. 2) Dimentsioak apurtu: espazio infinitu baten erdian sentitu, puntu txiki bat bihurtu; ta ordulari bat urtu kuartzozko hautsen peskizan. Ta landare baten gisan, --hustu zaitez pentsamenduz kontzientzia mantenduz-- soilik egon eta izan. 3) Mundua munduz beteta: mundu batean bi mundu; batak bestea urrun du. Ez begiratu tarteka begi batekin bat eta bestea bestearekin ---egunak arratsarekin ezkutaketan dihardu-- batek lo hartu behar du bestea esnatu dadin. 4) Hain dira irrazionalak mundu bateko ateak ta errealitateak hain dirudi erreala! Nola sinistu itzala dela mundu baten funtsa dena ilusio hutsa, --itzal txinatarren saio--; esentziaren garraio baino ez dela gorputza! 5) Pasa bazen iragana helduko bada geroa lumatu ezazu ego-a irits ezazu nirvana. Maldak pausua darama, hurbildu zaitez astiro... Ahal duzun goren igo saiatu Buda bat sortzen eta ez baduzu lortzen sortu mundura berriro. 6) Beste mundua estali itzuli puntak orratzei jarraitu zure lorratzei; berriz, begiak irauli eta mundura itzuli... Begi bat ireki ezazu zu, mundua, mundua, zu dena kaosa denean... orain zure barrenean beste mundu bat daukazu. 2007/05/16 - 04:59:08
Erleak
Non daude erleak? Galdezka dabil mundua. Aspaldian erlauntzetako biztanleriaren erdia baino gehiago desagertuta dago. Ni ere jakin minak ziztatu nau. Nire terrazatik ikusi dezaket erlauntza handi bat. Ez dakit erlerik falta denentz. Ez dirudi. Kanpoaldea behintzat erlez gainezka dago. Beroagatik izango da. Aspaldiko tenperaturarik altuenak bildu dituzte termometroek. Munduko klima aldatzen ari omen da... baina zer dakite erleek hortaz? Ezer gutxi. Haiek automatikoki jokatzen dute: erle bakoitza tenperatura ezberdinean hasten da beroaren narda sentitzen, eta gehiago ezin duenean kanpora irteten da; erlauntzean pausatu eta hegalei eragiten die. Hala mantentzen dute beti erlauntza tenperatura berean. Beharrezkoa da hori erregina eroso sentitu dadin eta larbak okerrik gabe garatu daitezen. Hogeita hamar eguneko bizitza bat besterentzat bizitzen, norberari bizitza eman zion sistema betikotzeko. Amaren etxea defendituko dut. Defenditu, bizitzarekin. Ziztada bakoitzaren prezioa bizitza da. Ugaltzeko gaitasunik ez duten emeek bakarrik ziztatu dezakete. Izan ere, beraien eztena arrautzak jartzeko tresna atrofiatu bat besterik ez da, defentsarako, pozoina ziztatzeko berrerabilia AEBko erleen gabeziaren albistea irakurri nuenean NASAren ekintza iruditu zitzaidan. Izan ere, azkarrak dira erleak: lorera ailegatutakoan, polena biltzerakoan, egindako bidea gogoratzen dute tarte horretan eraman dezaketena baino karga gehiago ez garraiatzeko. Komunikatzeko gaitasuna ere badute erleek. Erlauntzaren aurrean dantza egiten dute eta, airean marrazten duten koreografiaren arabera, gainontzeko erleek ulertzen dute zein lore motaz ari den erlea eta zein distantziatara dagoen.Gaitasun horiek direla-eta NASAk urteak daramatza erleekin lanean. Espioitzarako animalia perfektuak dira. Irrati antenatxoekin dabiltzan erleena ez da zientzia fikziozko kapitulua. Mundu hau bihurtzen ari den Anaia Handiaren parte bat gehiago besterik ez. Eztulak eten dit hausnarketa. Etxetik etxerako tartetik sigi-saga dator kea. Behar baino auto gehiago dabil airea kutsatzen. Hori gutxi balitz, Indiako gobernuak ez du zaborra tratatzeko behar haina diru eta horregatik zabor poltsak pilatzen direnean, erre egiten dituzte. Ke horma zeharkatzen saiatu den erleetako bat erori da nire alboan. Lurrean geratu da bizbizka. Batzuetan iruditzen zait animaliak hizketan ari zaizkigula, baina ez ditugu ulertzen. Uste dut arreta gehiago jarriko geniela ziztaka hasi izan balitzaizkigu. 2007/05/16 - 04:59:07
www.eginbehardugu.com
Ordaindu eta hortxe dago. Hedabideetan publizitateak bere lekua erosten, mugarritzen eta bereganatzen du. Ez die albisteei galdetzen ea txokoren bat egindo dionentz. Telebistan programei baino denbora gehiago eskaintzen zaie, prestaketan eta emisioan. Interneten leihoak agertzen zaizkigu, gure gustuei eta bilaketei beldurgarrikiro doitutakoak gainera. Portzierto, bizikleta bat dut salgai. Gutxi erabilia. 100 euro. 2007/02/21 - 10:48:01