Mundekar Baten Bitakora 2.0

Euskara hutsean idatzitako bloga.

Erdu sorora!

 2012/04/27 - 10:51:12

Bermeoko Abesbatza - Bohemian Rhapsody

Beitu zer ikusi eta grabau nauen atzo etb 1-en... Ze ondo ibili ziren bermeotarrak, ezta?  2009/04/20 - 22:18:04

La Corrica

I. Karriketan korrika, korrika karriketan doa Euskara... Umeak aspaldi hasiko ziran aurtengo kantea ikasten. Bestela Pirritx eta Porrotxena, pozkorragoa, hareek gurago. Egun batzuk falta direnean, hasikera eta amaitukera puntuak ebazten ibilten dira gazteak: «Buah tio, yo de Gernika a Bermeo, de tranquis». Erdal inguru batean, derrepente biztuten da euskerearen aldeko martxa baten parte hartzeko gogoa. Jentea Gasteizera joateko prest agertu da. Autobusak antolau dira bertara hurreratuteko, antza. Ikastolen aldeko jaien antzekoa izango ei da, goizean korrian egin, gero lantzarrean etzun, jan, eran eta arratsaldez kontzertua. Plan bikaina, ezta? Umeek ondo gogotsu ekitze hartukerea prestatzeari. Daburduko kanta ezagunenak memoriaz dakiez. II. Heldu da eguna, gitxi falta da korrika ailegatzeko. Danok gagoz esperoan, nerbioso. Umeak behar bada, aspertuta, noiz etorriko zain. Gurasoak euren artean berbetan: «¡Qué pereza esto de correr ahora!». Gitxi batzuk ibiliko dira umetxuai euskeraz egiteko eskatzen, honeek kasurik be ez. Egia esan, arrazoi osoz. Zergaitik esana egin, eureneko nagusiek euskera eguneroko berba lez erabilten ez badabe? Badator asagotik tipi-tapa. Zaratak, itzelezko aldarriak entzuten dira urrunean. Azken beroketak martxa ailegau aurretik. Kirolariak zuhur dagoz arineketan egiteko. Hasi da euskal maratoia: «Hemen ere euskararen alde!», «ika ika ika, hemen dator korrika» etabar luze bat. Minutu batzutan halantxe, euskal giroan gabilz herria gurutzau arte. Gero batzuk lotu egingo dira. Indartsuenak, baina, aurrera egingo dabe, ahal dan moduan kilometroak eginaz. III. Umeak herrian lotu behar dabe. Ostera be eskolara, korrika eguna ospatutera, baina. «¡Qué!, ¿tomamos un cafecito en el puerto?», kafea hartzea ondo deritxe gurasoai, kantsauta dagoz, egun gogorra izan da. Ez dakit nik, kilometro erdi korridutearen esfortzuak ala euskereak berak itxi dabezan jota. Orokorrean jenteak ondo pasau dabela emoten dau. Dana dala, gelditu barik, aurrerantza doa korrika, bihar Gasteizera heldu arte. Urtetxu bi itxaron beharko doguz hurrengoa ikusteko. Zorionez, gure hizkuntzea beste ekitaldi batzuetan entzuteko aukerea izango dogu behintzat. Eskola egunean, euskal jaietan... nork daki? 2009-04-04 Busturialdeko Hitza  2009/04/10 - 21:06:04

Terra Marique Potens - Kapazerria

 2009/02/19 - 05:52:03

Urte barri on!

Urtero lez... Urte barri-barri, txarri-belarri dakonak estakonari: intsortsu bi, hiru kastaña, Marimontaña, nik estakot eta niri. Urte sarra dxuan da, barria etorri, ni enue hametik eser hartun barik. Señorita una, señorita dos, denme un aguinaldo ¡por amor de dios! URTE BARRI ON DANORI!  2009/01/01 - 17:02:02

Europar zinearen hasikerea eta eboluzinoa

1895ko abenduaren 28an, inuxente eguna balitz-edo, Auguste eta Louis Lumière-k 46 segunduko iduriakaz emon eutsien hasikerea zineari. Izan dan aldakuntzea Ander Insausti, Maria Amunarriz, Igone Arreitunandia eta Aitor Gametxok erakutsi deuskue. Benetan bideo polita...  2008/12/29 - 04:49:01

2.0 Hezkuntzea

Eskolarako egindako bideobehar bat dozue hau. Aurreko batean 2.0 euskereaz egin nauen berba, eta honakoan 2.0 hezkuntzea da gai nagusi.  2008/12/16 - 22:04:03

2.0 Euskerea

Laster, abenduaren 3an hain zuzen be, euskerearen nazinoarteko eguna dala-eta, geure hizkuntzearen inguruan idaztea pentsau dot. Euskereak gitxi gorabehera 800.000 berbadun aktibo daukaz. Lagun horreen gehiengoa Eusko Herrian izan arren, zati txiki bat munduan jabilku. Interneten 2. generazinoa erabiliz, interaktuazinoa, dinamismoa buztartuten dauana, euskal komunidade osoa konektauta egotea da 2.0 euskerearen beharretako bat. Euskereari bada, herriotatik urten, siliziozko burdi-bideetatik pasau, autopista sare birtual baten sartun eta mundura zabaltzeko sasoia heldu jako. Daborduko, ziberespazioa deitzen jakon mundu honetan, geure berbakuntzeari be lekutxua egin deutsagu, baita interneten dagoan hizkuntza-txapelketa horren parte izaten lagundu be. Halanda be, zabalkuntza handi hau ez da segiduan lortuko dan gauza bat, gitxika-gitxika danon artean eraikiko doguna baino. 2.0 zenbakiagaz adierazoten dan web moltsoko aplikazinorik esanguratsuenetarikoa, indar handiagaz sartun dana bai behintzat, bloga da. Blogak liburuak dira: testuz, iduriz, bideoz edo dana dalakoz osoturiko koaderno birtualak. Munduan gitxi gorabehera halako 113 milioi dagoz. Horreetatik, gehienak ingelesez; 7500 inguru euskeraz. Zenbakia txikia izan arren ezin dogu ingelesak daukozan berbadun kantidadeagaz konparau. Aparte, gizarte sareek be gero eta indar handiagoa daukie gazteon artean, oraindino euskeraz facebook sare handi eta ospetsuenetarikoa baino egon ez arren. Gizarte sareak lagun arteko komunidade bat sortzeko dira eta honek aukera emoten dau munduan dagoan edonogaz kontaktuan egoteko. Ez da email ziztrin bat, ezta zuzeneko txat bat bez. Gizarte sareak urrunago doaz. 2.0 webak dira, zuk zeuk sortu, eraiki eta aldatzeko aukerea eskeintzen dabe. Adibide moduan aitaturiko tresna honeek eta beste askok gaur egungo gizartean garrantzia handia daukie: Obamari AEBetako presidentzia lortzen lagundu deutsie, EAko politiko ek be euren pentsakerea zabaltzeko erabilten dabez, Markos Zapiain ek bere istorioak argitaratuten dauz halakoetan, Alaine Agirre bermeotarrak kontakizunak, ipuinak, beste batzuk euren musika, argazkiak, bideoak, artea, ligetako be balio dau... Euskerearentzat zelan ez da bada lekurik egongo 2.0 mundu hain zabalean? Danon laguntzinoagaz Eusko Herria itxi eta Euskal Uria osotuteko hasikera on bat izan leiteke hau: 2.0 Euskerea. 2008-11-29 Busturialdeko Hitza  2008/11/30 - 20:04:06

Hondakinak

Urteotan, hainbatetan entzun izan dogu poluzinoaren inguruko gura lain barri: gehiegi kontaminetan dogula, hondakin larregi botaten doguzala. Honeri kontra egiteko, sastar horreek guztiak gitxiagotuteko, barriro be erabilteko eta errezikletako eskatu jaku. Aitatu dodan ordena hori jarraitutea ei da aproposena. Gure lurretan errezikletan ondo erakutsi jaku, paperak axulera, beira edo kristala berdera eta plastikoak edo metalezko ontziak horira. Publizidade kanpaina ia gehienak horren gainekoak izan dira beti be, garbi txakurtxoa dala, ingurumena.net dala... Hondakinak urrituten, ostera, ez doskue erakutsi, are gitxiago horreek barriro be zelan erabili leikezan. Aurtongo udan Berlinera joateko aukerea izan dot, baita honen gorabehera asko ikasteko subertea izan be. Han benetan desbardina da sastar-botatze honen gainean daukien pentsakerea. Zarama guztia bereizten dabe errezikletako, gitxi gorabehera hemen lez. Egon badagoz diferentzia batzuk. Esaterako, han, beira hiru koloretan banatzen dabe: berde, marroi eta zuritan (bakotxak bere kontenedorea dauko). Erreziklau aurretik, baina, ostera be erabili ahal dana aprobetxau egiten dabe. Zelan? Errez. Antxina, orain gitxitan lez, azokara boltsa, otzara edo dana dalako bategaz joaten zan erosketetan baserritarra. Orain herritarrak boltsak hartzen doguz erostera goazen bakotxean. Hori ez da ba Berlinen gertetan, norberak daroalako bere telazko zorroa. Gainera, berton be kajatan erosten ziran esne botilak, garagardauak etab. dendara bueltetako ohiturea egoan, holan hurrengoak erostean deskontua eukiteko edo bestela, besterik gura ezean, botila huts horrengaitik pagauriko prezioa atzera jasoteko. Hau da ba, adibidez, Alemanian erabilten daben moduetariko bat, Pfand (gordailua, depósito espainolez) deitzen deutsie honi, eta plastikozko edo kristalezko edari ontzi guztiek daukie. Supermerkaduetan botilak diru bihurtuteko makinak daukiez. Imajinatu zure eroslekuaren inguruan pare bat botila topatu dozuzala, horren subertea izan dozu, ogia erosteko lain dozu eta. Herriko jai batzutako txosnetan berrerabilteko basoak ikusi dodazenean benetan poztu naz, emoten dau-eta aurrera pauso bat egin, eta hainbeste kontaminetan daben betiko plastikozko basoak atzean itxi doguzala. Lastimea da herri edo jai guztietan ikusi ahal ez izatea. Azkenekoa Gernikako urriko azken astelehenean izan zan, eradontziak behearen gainean botata, nork batuko itxaroten. Ia hurrengoek alegrantziaren bat dakarkuen behintzat. 2008-11-01 Busturialdeko Hitza  2008/11/03 - 15:22:04

Ezpata

Udaguena badator, honek udeari agur esan behar jakola adierazo gura dau. Hamaika aldakuntza egun batetik bestera, batez be naturan. Benetan uste dot urteko sasoirik ederrena hauxe dala. Zugatxak zimeldu, kolorez aldau eta orriak galduz doaz, gitxika-gitxika inguruotako mendiak orbelez beteta itxiz. Aparteko ibilaldiak egiteko aukerea izaten da hasikeran, karakolak harrapetako oso aproposak izaten diranak. Hurrak batzeko aroa be etorten da, eta beranduago, gaztainak jasotzekoa. Penea da behar honeetarako, ziriak egiteko erabilten dogun ezpata-bedarra (Carex pendula) daburduko lorak galduta egotea. Mendi-basoetan ezpata-lore (Gladiolus) gitxi ikustea be, lastimea da. Animalien artean be, katamixarrak arbolaz arbola sarriago ikusiko doguz, baita ogigaztai edo satanderak be. Lehenengoei aro honetako frutak batzea gustetan jakie. Besteek ostera, orain alde guztietan dabilzen sagutxuak eta sugandilak harrapau eta gustura jaten dabez. Zer esanik ez uda amaierako ezpatak (Tabanidæ familiakoak) ze pozik diharduten euren eztena gure azalean sartu eta odola hurrupetan. Konturatuten garenerako gorputz osoa tatuaje natural eta originalez beteta dogu. Inguruan izaten doguzan aldaketak ez dira naturan bakarrik pasetan, baina. Sasoi honetan amaitzen jaku udako oporraldia askori eta barriro be eskolara hasi beharra izaten dogu. Ez da bape erreza izaten, ezta bakazinoak amaitu eta beharrean hasi dan jentearentzat bez. Gatxen, baina, lehengo bider eskolara sartzen diran umeen gurasoek dabe. Hareek izaten dira negarrak hareek!, ezpatak bata-besteaz igurztean eginiko soinu zorrotz eta gogaikarriaren antzekoa. Eskerrak aldi hau arintzeko Gernikako Elai-Alai dantza taldekoak behintzat Kolonbiara joakuzan, euren ezpata, arku eta tresna guztiak hartu eta bertoko kultura han zabaltzeko asmoz. Neure aldetik, zer jatortan ikusi ezin dodalarik eta haren ikaraz, azken egun honeek topera aprobetxetan saiatu naz, akula bidegarda edo ezpata-arraina (Xiphias gladius) deitzen dana ikusteko aukerea be izan dodala esatea besterik ez daukot, horren adibide moduan. Idatzi dodanagaz bat eginik, eta asko pentsatu barik, dagonil (abuztua) amaiera eta irailaren hasierak sortzen daben tarteari izena emotekotan, argi daukot ezpata-sasoia edo halakoxe zeozer izango litzatekeela, berba hori da-eta neure inguruan eta ameseta askotan agertu jatana. Animaliak, zaratak edo tresnak dirala, ezpatak sarri ezpata. 2008-09-20 Busturialdeko Hitza  2008/09/21 - 18:27:05

Nabigatu euskaraz