(titulua)

Eposta

Blog honen inguruko gorabeheraren bat dela medio, egileari zuzenean idatzi nahi badiozu: idatzilasai@hotmail.com  2009/09/14 - 13:20:02

ORAIN EZ NAGO HEMEN

Kaixo, irakurle: Dagoeneko bost urte baino gehiago ditu blog honek. Bost urte! 2004ko ekainaren 19an sortu nuen hau. Zaharkitua geratu da, diseinuaren eta funtzionaltasunaren aldetik. Eta nik ere ez diot gehiegi jaten eman azken hilabete edo urtetan... Tentazioa izan dut bloga hemen, horrelaxe, hiltzen uzteko. "Artikulu" batzuk ekarpenen bat egiten dutelakoan, -eta egoak bultzatuta-, guztiak blog berri batera eraman eta berriz hastea erabaki dut, ordea, azkenean. Hemen izango nauzu aurrerantzean: http://euskaraetapublizitateabloga.wordpress.com/ Eta hemen duzu blog berrira harpidetzeko rss iturria: http://euskaraetapublizitateabloga.wordpress.com/feed/ Barkatu eragozpenak. Eta mila esker hor egoteagatik. (Egonean ez ezik, e(ra)ginean ere nahi zintuzkedan arren ;-) Ondo izan.  2009/07/15 - 14:06:03

Manifesto publicitario da língua

Publizitatearen kontrakoa omen den manifestu honek galizieraren aldeko diskurtsoa egiten du publizitatearen eremuan marka ospetsu askok erabili izan dituzten slogan ezagunak baliatuta. Ariketa sortzailea iruditu zait zinez manifestua , irakurtzeko atsegina oso, eta guztiz gomendagarria. Horregatik hauspotu nahi dut hemen. Kontraesan bat sumatu uste dut, ordea, haren edukian: " manifesto publicitario da língua " du izenburua, baina gero testuan adierazten denez, publizitatearen kontrakoa omen da manifestua (" Este é um Manifesto da Língua contra a Publicidade e a Propaganda! )". Zer da idatzia, orduan, hizkuntzaren aldeko "publizitate-manifestua" ala publizitatearen kontrako "hizkuntz-manifestua"? Bost axola dio horrek, jakina. Ez dezala inork pentsa manifestuaren ahulguneak bilatzen ari naizenik edo hura kritikatu nahian nabilenik, publizitatea defenditzeko asmoz edo auskalo zergatik. Ezta hurrik eman ere. Hausnarketa interesgarriak eragin dizkit manifestuak, eta horregatik gomendatu nahi dut hemen haren irakurketa. Hori bai, manifestua "publizitatearen kontrakoa omen" dela idatzi dut hasieran, publizitatearen kontrakoa dirudien arren, irakurleari oso bestelako ondorioak iradoki ahal dizkiolako, nire iritziz: .- Publizitateak, hitz soilez, mezu indartsuak zabaltzeko ahalmena duela. .- Publizitateak hizkuntza baten sustapenaren alde eraginkortasunen bat izan dezakeela. Garaigoikoa blogean topatu dut bai manifestua bai haren sortzailea edo behintzat zabaltzaileetako bat den autorearen berri: Séchu Sende . Hariari tiraka, ikusi dut Séchu Sendek oso ondo dakiela publizitateak kapitalismoari arnas berria emateko eta helburu komertzialak lortzeko baino askoz gehiagorako balio dezakeela. (Ikusi besterik ez dago zernola erabiltzen duen berak han eta hemen ). Nabarmena da, gainera, aipatu idazle edo ekintzaileak badakiela sormena erabiltzen, erakargarri izanda eraginkor suertatzeko : idatzi atsegin bezain sakon honetan (hemen artikulu bera euskaraz ) edo beste artikulu ironiko honetan eta hartan ikus daitekeenez. Sormena, ironia, inteligentzia, umorea, sinpatia. Horiek inportatuko nituzke Galiziatik (edo behintzat aipatu idazlearen lanetik). Ez dira osagai gatzgabeak hizkuntzaren alde egiteko. Dela manifestu bat edo artikulu bat idazteko, dela publizitate kanpaina bat egiteko, dela komunikazio jardun bat gidatzeko, dela euskararen inguruko edo euskarazko edozein ekimen, produktu edo dena delako sustatzeko. Sormena.  2007/10/03 - 01:13:08

Publizitatea 2.0

Web 2.0 kontzeptua dela eta, konfiantza handiak hasi dira jartzen batzuk berriz sarean. Gero eta hurbilago omen dago sarearen indarberritzea edo haren eskutik biziko dugun iraultza. Honezkero gizartearen gehiengo zabala dabil interneten, gehiago edo gutxiago, eta geure bizitzetara aldaketa gero eta handiagoak ari da ekartzen sarea. Komunikatzeko modu berriak ari dira sortzen, eta testuinguru horretan, batzuk dagoeneko hasiak dira marketing 2.0 edo publizitatea 2.0 ikuspegia lantzen eta aplikatzen. Web 2.0 ikuspegiaren aldekoek nabarmentzen dutenez, interneten edozein izan daiteke informazio sortzaile eta igorle, jendea elkarlotzen du sareak, eta aurrerantzean, edozein marka edo produkturen inguruko informazio ugari partekatuko dugunez, publizitateak zintzoagoa, egiazkoagoa, izan beharko du. Sareari esker, informazio asko izan dezakegu minutu bakarrean, eta berehala ezeztatu edo jar dezakegu zalantzan iragarkiren batean entzundakoa. Iragarleek ezingo dituzte, hortaz, beren produktuen ahulguneak hain erraz ezkutatu. Informazioaren jarioa ez da goitik beherakoa izango soilik, behetik gorako komunikazioa indartzen hasia baita sareak eskaintzen dituen aukerei esker. Alde horretatik elkarrizketak izango dira merkatuak aurrerantzean, The Clue Train Manifesto ezagunak dioen bezala. Talde demografiko zabal eta inpertsonalei mezuak igorri beharrean, benetako gizakiez osatutako talde mugatuagoekin elkarrizketan bizitzen asmatu beharko dute markek. Hurbilagoak eta gardenagoak izan beharko dute, beraz, jendeari benetako "informazioa" eta arreta eskainiz. Hitz batean esateko, markek oso kontuan izan behar dute sarea eta hark eskaintzen dituen aukera guztiak, bai aukera horiek beren alde erabiltzeko eta bai jendeak beren aurka erabil ez ditzan. Horrek ez du esan nahi, ordea, sarearen erabilpen on bat egiten asmatu behar dutenik soilik. Jendearen eta marken arteko komunikatzeko modua goitik behera hasi da baldintzatzen sarea. Eta pixkanaka bada ere, hasia da publizitatea egoera berrira moldatzen. Donuts Light -ekin gertatu dena, esaterako, adibide polita da zentzu horretan. Beren produktu ezagun eta borobilenaren light bertsioa atera zuten Panrico enpresakoek, Donuts originala bezain ona zela esan zuten kanpaina potolo batean (horretarako, publizitate "tipikoa" eginez, modelo batekin eta abar), baina berehala jabetu ginen Donuts zaleak txarra zela produktu hura. Sarean, foroetan, blogetan, askok kritikatu zuten produktua. Eta orain gutxi komunikazio estrategia aldetik deigarria den iragarki batekin atera dira Donutsekoak, esanez historian zehar gauza on asko eta asko izan direla aurrenekoan gaizki egin direnak, baina oraingoan baietz, bigarrengoan, asmatu dutela. Hau da, zintzotasunez atera dira bigarrengoan, aurreko hankasartzea onartuz, eta jendea produktu berria probatzera gonbidatuz. (Nahiz eta baten baten ustez, oraindik ere ez duten zuzenegi jokatu). Publizitatea 2.0-rako zubian, Aquarius ari da suertatzen adibide eredugarriena seguru asko. (MTVren " Amo a Laura " sonatuaren adibide berezia aparte utzita). Aquariusekoek marketinaren garaia amaitu dela sinestarazi nahi izan ziguten aurrena, batere publizitarioa ez zirudien tonu hurbil eta atseginean. Bere kabuz katedral bat sortzen ari omen den gizon xume baten istorioarekin lotu zuten gero beren produktua. Eta orain, berriz, kanpaina benetan erakargarri eta interesgarria egin dute Aquarius produktuaren "Versión 3" delakoa aurkezteko. Publizitate ibilbide benetan arrakastatsua ari dira egiten Aquariusekin: protagonismoa jendearengan jarriz, zintzotasuna agertuz, jendearekin konplizitatea bilatuz, hurbiltasuna erakutsiz... Eta telebista eta sarea modu berritzailean lotuz. Garai berriak datoz, bai. Komunikazioaren eta marketinaren esparruan, oro har, eta publizitatearenean ere bai zehatzago. .- Publizitatea 2.0-ri buruzko apunte batzuk . .- Publizitatea 2.0-k ahoz ahoko komunikazioa du oinarrian. .- Marketing 2.0-ri buruzko sarrera bat . .- Marketing 2.0-ren " zazpi arau nagusiak ". .- Marketing 2.0-ri buruzko blog interesgarri bat . .- Marketing 2.0-ri buruz gehiago .  2007/08/27 - 10:36:04

Nabigatu euskaraz