Johanesena
Zumaiako Bertso Eskolaren webgunea
GR-16 bidearen abiapuntua: Talaia jatetxetik Oñatira
Iaz Zarauzko finaleraino iristea lortu eta gero, aurten ere zumaiarrak prest gara saio txukun batzuk egin eta herriko bertsozaleen egarria asetzeko. Aurtengoan 16 talde bildu dira GR ekimenean, eta 4 multzotan banatu dira; bakoitzetik talde bakarrak egingo du aurrera, eta Zumaiaren multzoan beste 3 talde hauek haude: Oñati, Mallabia eta Gasteiz. Lehenbiziko saioa datorren astean izango da zumaiarrentzat, Talaia jatetxean, oñatiarrekin batera. Zumaiaren izenen Unai Gijarro , Josu Manzisidor eta Markel Peñalba arituko dira, eta Oñatiren aldetik, Gorka Larrea " Txapel " , Joseba Igartua " Urze " eta Egoitz Aizpuru . Entzuleek erabakiko dute, boto bidez, zein izan den garailea. Afaria antolatu du Zumaiako Bertso Eskolak saioaren aurretik (entsalada mistoa eta oilaskoa, txotx egiteko aukerarekin) eta txartelak salgai daude dagoeneko, 15 -an, Metro tabernan, Turismo bulegoan eta Talaian bertan. Ostegunetik aurrera jatetxean bakarrik egongo dira txartelak, eta lehenbailehen erostea komeni da. Hurrengo saioak ere afalondoko giroan antolatu nahi dira, eta horregatik, elkarte gastronomikoak hautatu dira saioak egiteko: ekainaren 20an Narrondokoan jokatuko da Mallabiaren aurkako kanporaketa, eta uztailaren 18an Txepetxa elkartean izango da Gasteizkoekin egin beharrekoa. Kanpoan jokatu beharreko saioetarako ere egunak jarrita daude: ekainaren 1ean Oñatin izango da, 6an Mallabian eta uztailaren 4an Gasteizen. 2008/05/16 - 19:05:07
Maialenek bigarren txapela
Maialen Velardek irabazi zuen joan den ostiralean Algorri jatetxean jokatutako txapelketa. Bigarren geratu zen iazko txapelduna, Unai Gijarro. Entzuleen saria, berriz, Markel Peñalbak lortu zuen. Saioaren aurreko afarira 120 lagun bildu ginen, eta giro ederra sortu zen Algorri jatetxean. Santelmoen inguruko gaiak izan ziren aurten ere, bikotea artekoak asko, baina Jon maiaren aginduetara gai serioez ere aritu behar izan zuten, aurreko astean hildako neska katalanaz, esaterako. 8 bertsolari aritu ziren lehenbiziko fasean, eta buruz buruko saiora igarotzea lortu zutenak Maialen eta Unai izan ziren. Gainerako seien artean bat hautatu behar izan zuten entzuleek, eta Markel Peñalba k lortu zuen sari hori, ordainetan afaria izango du Marina Berrin 2 lagunentzat. Maialen Velarde k irabazi zuen azkenean atzoko txapelketa (txapela, 300 euro eta oroigarria); Joanito Dorronsorok jarri zion txapela, duela bi urte bezalaxe. Hitzari abesterakoan eta kartzelan bakarka hasterako denbora dezente egin zuen arren, ohiko kantaera ederra eta hitz-joko dotoreak erakutsi zituen. Unai Gijarro izan zen bigarren (200 euro eta oroigarria), eta Manu Garatek eman zion saria. Epaimahaian ari zirenak: Josu Garate, Nahikari Gabilondo eta Jexus Baxakarte, eta idazkari Ibon Aizpurua. 2008/04/06 - 18:06:07
TXAPELKETA OSTIRALEAN, SARRERAK SALGAI
Ostiralean Zumaiako X. Bertsolari txapelketan parte hartuko duten bertsolariak hauek dira: Unai eta Jokin Gijarro, Josu Manzisidor, Maialen Velarde, Maddi Gallastegi, Joxe Joakin Aizpurua, Manex Elola eta Markel Peñalba. Aurkezle lanetan Jon Maia arituko da. Algorri jatetxean aurrez egingo den afarirako sarrerak geratzen dira oraindik, 25 euroan, Trapaia tabernan eta Turismo bulegoan. Sarrera horiek ostegunean kenduko dira, eta geratzen diren txartelak ALGORRI JATETXEAN BAKARRIK egongo dira salgai ostiralean, bukatu arte. Iaz jendea menuarekin oso gustora geratu zenez, antzekoa izango da aurten ere: perretxiko eta ganben kaneloia, langostinoak, bakailaoa, karrillera, milorri-tarta eta kafea. Mugitu!! 2008/04/03 - 18:02:11
Santelmoetan saio ugari
Bertsozaleak ez dira haserre izango aurtengo eskaintzarekin! Lehenbiziko ostiralean urteroko saioa Aita Marin, biharamunean (hilaren 29an) bazkalondoan Jokin Uranga eta Xabier Silveira arituko dira, eta repetizioetako ostiralean Zumaiako X. bertsolari txapelketa jokatuko da Algorri sagardotegian. Hasteko, u rtero bezala, santelmoak bertso-saio batekin hasiko dira Zumaian. Jon Maia gai-jartzaile eta aurkezle dutela, seikote dotorea arituko da Aita Mari zineman, hilaren 28an, gaueko 10:30ean: Andoni Egaña, Aitor Mendiluze, Sebastian Lizaso, Aitor Sarriegi, Iker Zubeldia eta Sustrai Colina. S arrerak 8 balio du eta aurrez erosteko aukera dago, Turismo bulegoan edo Inpernupe tabernan. Bigarren ostiralerako txartelak ere dagoeneko salgai daude, 25 euroan, Trapaia tabernan eta Turismo bulegoan. Azken urteotako partaide berberak izango dira: Unai eta Jokin Gijarro anaiak, Josu Manzisidor, Maialen Velarde, Maddi Gallastegi, Joxe Joakin Aizpurua, Manex Elola eta Markel Peñalba. Aurkezle lanetan Jon Maia arituko da. Iaz jendea menuarekin oso gustora geratu zenez, antzekoa prestatu dute aurten ere: perretxiko eta ganben kaneloia, langostinoak, bakailaoa, karrillera, milorri-tarta eta kafea. 2008/03/22 - 17:45:09
Joanito Dorronsoro Bertsopaper lehiaketa
Dagoeneko banatu ditugu 2007ko bertso lehiaketaren oinarriak. Aurtengo gaia berezi samarra da: Olagarroaren erroak Zumaian. Abenduaren 27a bitartean aurkez daitezke lanak, Foronda kultur etxean edota johanes@euskalerria.org helbidera bidalita. Udalaren babesarekin, Zumaiako Bertso Eskolak Joanito Dorronsoro bertsopaper lehiaketa antolatu du. Sariak pixka bat handitu egin ditugu diruz, eta posta elektronikoz bidaltzeko aukera ere eskaintzen dugu aurten. Oinarriak osorik jaitsi nahi badituzu egin klik hemen . 2007/12/05 - 21:39:25
Finalerako sarrerak salgai turismo bulegoan
Txapelketa handietan egin ohi duen bezala, Zumaiako Bertso eskolak Gipuzkoako txapelketako finalerako txartel batzuk ekarri ditu, bertsozale zumaiarrei kontuak pixka bat errazteko. Abenduaren 16an Donostiako Illunbe zezen-plazan jokatuko da finala, eta sarrerak dagoeneko salgai daude Turismo Bulegoan. Sarrera arruntak 18 euro balio du eta 16 urtez azpikoenak 8 euro . Bertsozale Elkarteko bazkideek ere prezio berezia dute (12 ), baina sarrerak eskuratzeko 943670575 telefonoan edota www.gpuntua.com gunean eskatu beharko dute (etxera bidaltzen dituzte). Finalaurreko saioen atarietan ere egongo da finalerako txartelak eskuratzeko aukera (bazkideenak barne). Gogoratu saioak non eta noiz diren: 17an Eskoriatzan , 24an Oiartzunen (Jon Maiak han abestuko du) eta abenduaren 1ean Ordizian . Saio guztiak arratsaldeko 6etan hasiko dira. Bertso Eskola saiatuko da, duela 4 urte bezala, abenduaren 16an bazkari bat eta Donostiarako autobusa antolatzen. 2007/11/16 - 02:17:21
Jon bigarren Tolosan
Jendetza inguratu zen atzo Tolosako Usabal kiroldegira. Kanpoan giro hotza, eta barruan ere nahiko epela, areto handi hartan ez zelako antzoki batzuetako berotasunik lortu. Mendiluze oso sendo eta bizkor ikusi genuen, zortziko txikian eta puntuari erantzuten batez ere. Jon Maia nahiko erregular aritu zen, eta arazorik gabe eskuratu zuen Jonek hurrengo faserako txartela. Ez da erraza izaten lehenbiziko saioan bete-betean asmatzea, baina atzoko saioan Jonek detaile polit batzuk erakutsi zizkigun. Zortziko handian heriotza kontuan hartzeko arrazoi politak bota zituen. Zortziko txikian parranderoa hartu nahi ez zuen txoferraren paperean kontrolpean izan zuen laguna eta bukaeran errematea eman zion: " 17 euro da. konbersazioa " . Tolosako babarrunari buruzko puntuei erantzun behar izan zien, eta bigarrenean justu antzean ibili zen. " Mozorroa " hitzari abestu behar izan zion hurrengo ariketan, eta bukaera indartsua bota zuen arren ( " kendu dezagun mozorroa ta aurpegia eman dezagun " ), bertsoa ez zuen erabat borobildu. Hamarreko txikian txukun aritu zen presoa bisitatzera zihoan senidearen ofizioan. Kartzelako gaia izan zen azkena, honela zioena: " Dagoeneko ez dakizu zer egin bera gustura egon dadin " . Lasai aritu zen, habaneraren neurriko doinua hartuta (Xabier Silveirak Beberen abesti batetik moldatutakoa); Down sindromea duen alabari abestu zizkion 3 bertsoak hunkigarriak izan ziren, eta pare bat irristadatxok ( pakea esan nahi zuenean parkea esateak eta alaba -ala bukaeradun errimarekin erabiltzeak) galarazi zioten saio puntuatuena izatea. Ariketa bakoitzeko puntuazioak ikusteko egin klik hemen . Laburbilduz, Jonek ondo hasi du txapelketa, itxura ona emanda eta hobetzeko marjina baduela erakutsita. Finalaurreko fasean faborito izatearen ardurarik eta presiorik ez du izango, gainera, Mendiluze baitago orain denen ahotan. MAIAk Oiartzunen abestuko du, azaroaren 24an, Elorsoro Kiroldegian, 18.00etan, honako bertsolagunekin: AMAIA AGIRRE, MANTXI, IKER ZUBELDIA, XABIER SUKIA eta ARKAITZ OIARTZABAL . Argazkiak, bertso hautatuak, foroak eta beste hainbat gauza daude txapelketako web gunean: www.gpuntua.com 2007/11/05 - 16:06:27
Sarriegi nagusi Zumaian
Bertsolariak aritu ziren gogotik G puntuaren bila, baina esan genezake atzo Zumaian entzuleak orgasmora iristetik urruti samar geratu zirela. Saio epela gertatu zen, eta tristea ere izan zen Jokin Uranga eta Ekaitz Goikoetxea hain urduri eta ezinean ikustea. Sarriegi ibili den sendoen, eta ordainetan zuzeneko txartela eskuratu zuen. Mantxi zarauztarra ere fuerte ibili zen atzo. Saioa berandu hasi zen, kanpoan jende asko geratu zelako sarrerarik gabe. Antolatzaileek banku batzuk eta beste zenbait eserleku jarri zituzten eta beste 100 bat lagun sartu ziren Maria eta Joseko aretora, guztira 800 inguru. Giroa beroa ziurtatu zegoen, baina bertsolariek ez zuten asmatu saioa erabat " lehertzen " . Lehenbiziko ariketetan Sarriegi eta Mantxi nabarmendu ziren, eta ikusi ahal izan genuen Uranga eta Goikoetxea ez zebiltzala batere fin; Jokin bertsoak borobildu ezin da eta oso urduri; Ekaitzek poto egin zuen puntuari erantzuterakoan eta hitzari abestutako bertsoan ere nahi eta ezinean aritu zen. Kartzelako ariketan, bakarka, Sarriegik egin zuen lanik onena eta bera izan zen atzo puntu gehien lortu zituena ere. Sarriegiren atzetik Mantxi sailkatu zen bigarren, puntuazio onarekin, eta hurrengo faserako sailkatuta dago dagoeneko. Jokin Urangak, eta Ekaitz Goikoetxeak ez dute aurrera egiterik lortu, eta ezingo dute 2009ko Txapelketa Nagusian parte hartu, gainera. Argibide gehiago txapelketako web gunean. Puntuazioen taula hemen klik eginda . Azken kanporaketa Tolosan jokatuko da, datorren igandean, eta hantxe abestuko du Jon Maiak. 2007/10/29 - 13:57:27
G puntua Zumaiara iritsi da
Datorren igandean, hilak 28, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren faseko laugarren saioa jokatuko da Maria eta Jose ikastetxean. Lau sarrera ditugu zuetako bi laguni emateko. Martxan da txapelketako final-laurdenen fasea eta horietako bat Zumaian jokatu da, igandean hain zuzen. Zumaian abestuko duten bertsolariak hauek dira: Ekaitz Goikoetxea, Bixente Gorostidi, Mantxi, Aitor Sarriegi, Jokin Uranga eta Joxe Luis Urdangarin . Sarrerak egunean bertan bakarrik erosi ahal izango dira eta arratsaldeko 3etatik aurrera jarriko dira salgai, ikastetxean bertan . Sarrera arruntak 8 euro balio du, bazkideenak 5 euro (bazkide egiteko aukera han bertan) eta 16 urtetik beherakoenak 3 euro besterik ez. Zumaiako saiorako 4 sarrera ditugu Zumaiako bertsozaleen artean banatzeko. Kontaiguzu orain artean txapelketa nola ikusi duzun, mezu bat idatzita johanes@euskalerria.org helbidera eta bi sarrera irabazteko aukera izango duzu. Bi lagunentzat bina zotz egingo ditugu, ostiral goizean . Zorte on!! 2007/10/23 - 13:49:10
MAIALEN HIRUGARREN ETA JOXE JOAKIN BOSGARREN
Gure eskolako bertsolariek ezin izan dute aurrera egin eta Gipuzkoako Bertsolari Txapelketatik kanpo geratu dira. Hirurek ere, ordea, maila txukuna erakutsi dute eta puntuetan ez dira sailkatzetik hain urruti ibili. Bertsolagun gogorrak eta zailduak zituen Maialen Ataunen, Jokin Uranga eta Mantxi , baina haien atzetik hirugarren sailkatzea lortu zuen, saio polita egin eta bakarka lan oso ona egin eta gero. Joxe Joakin ere oso ondo aritu zen Getarian, ofizioka eta batez ere neurri txikian ateraldi eta arrazoi dotoreak agertu zituen. Hala ere, kartzelako lanetan behera egin zuen eta aurreko postuetatik urruti geratu zen, puntuetan lehenbizikoarekiko tarte txikia eduki arren. Oro har, Unai, Maialen eta Joxe Joakin ondo aritu dira, eta ez dira sailkatzetik hain aparte geratu. Aurrera egiteko langa 260 puntu inguruan ibili da, baina Getariako saioko irabazleak, Bixente Gorostidik, 253,5 punturekin egin du aurrera, Maialenek baina puntu erdi gehiagorekin. Ez dira oso urruti ibili Unai (250) eta Joxe Joakin ere (243,5). Lehen fasean aritu diren 72 bertsolarietatik asko dira hortik beherako puntuazioa lortu dutenak. Urriaren 20an hasiko da bigarren fasea, Azkoitian, eta saio horietako bat Zumaian jokatuko da, urriaren 28an, Maria eta Jose ikastetxean, honako bertsolariekin: Ekaitz Goikoetxea, Aitor Sarriegi, Jokin Uranga, Bixente Gorostidi, Joxe Luis Urdangarin eta Mantxi . Jon Maiak astebete geroago abestuko du, azaroaren 4an, Tolosan. Argibide gehiago txapelketako web gunean. 2007/10/09 - 13:29:29