(titulua)
Uhinen hizkuntza saioaren atsedena
Euskarari buruzko Ttan Ttakuneko irratsaioak atseden hartuko du boladatxo baterako. Bitartean, euskarari buruzko berriak zabaltzen jarraituko dugu tantaka www.blogari.net/uhinen blogean. 2008/04/09 - 06:09:04
Zein da zure elkartean euskararen egoera?
Galdera horrekin jarri dute abian norbanakoen konpromisoen inguruan urteko lehen kanpaina; norbanakoei zein herritar guztiei zuzenduriko desafioa, elkarteetan euskara sustatzea helburu duena. Hain zuzen ere, hori da kanpainaren estrategia: norbanakoen eskutik, elkarteetan eragitea. Oraingoan ere, norbanakoen eskutik elkarteetan eragitea da Kontseiluak hautatutako bidea. Izan ere, Euskal Herrian mota guztietako milaka elkarte dago, eta horietako askotan, euskararen egoera ez da batere ona. http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1200651627 2008/02/08 - 11:10:15
Ttan ttakun irratiko festako ARGAZKIAK
Larunbatean izan zen Ttan ttakun irratiko festa. Mukuru bete egon zen Gazteszena. Giro eta musika ona izan genuen. Horren lekuko dira argazkiak.Argazkiak ikusteko link honetan sartu:http://www.ttanttakun.com/index.php?option=com_rsgallery2 =64 =37 2008/01/16 - 10:56:17
Kontseilua: 10 urte euskararen normalizazioaren alde
Xabier Mendiguren, Kontseiluko idazkari nagusia Erakunde baten bizitzan, euskararen normalizazioa helburu duen erakunde baten bizitzan 10 urte ez dira gehiegi, ezta gutxiegi ere. Hamar urtean gauza asko gertatzen da eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluan joandako hamar urteotako lorpen nagusiak zenbatzeko bi eskuetako atzamar guztiak behar ditugu: Bat. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluan bildu dugu euskalgintzaren zati esanguratsua (46 eragile) euskararen normalizazioan aurrera egiteko helburu konpartitu eta bakarrarekin. Euskararen unibertsoan lanerako planeta kokatu genuen. Kontseilua osatzen duten bazkide bakoitza norbere zereginarekin zein guztiak elkarlanean Kontseiluaren aterkipean lan eskerga egin da. Besteak beste euskalgintzako elkarteen arteko ezagutza eta lotura areagotuz, eta euskarak dituen beharretaz guztion artean gogoeta eginez. Bi. Euskal Herriko bost kirol estadiotan herritarren ahotsa entzunarazi genuen, 120.000 lagunen Bai euskarari bateratu eta indartsuarekin. Hiru. Gizarte-eragileen babesa bilatu dugu. Gure jarduna elkarlanean oinarritu dugu. Hori dela eta, hainbat herritako administraziorekin, erakunderekin, sindikaturekin, eragile-politikorekin eta enpresarialekin lanean dihardugu. Lau. Euskal Herriko lurralde guztietako 121 herritara hedatu dugu euskararen aldeko mezua "Bai Euskarari Akordioa Herrietan" proiektuaren bidez. Horri esker, Tafallan, Amurrio, Uztaritze, Basauri eta Donostian lan egiten dugu, besteak beste. Bost. Lan-mundua euskalduntzen laguntzeko tresna asmatu dugu: Bai Euskarari Ziurtagiria. Enpresa eta bestelako entitateek euskararen alde hartzen dituzten neurriak kreditatzeko sistema eta tresna sortu dugu. Proiektu berritzaile honek jada Euskal Herri osoko 1.500 entitatetan eragitea lortu du. Sei. Hizkuntza-eskubideak babesteko tresna abian jarri dugu: Hizkuntza-Eskubideen Behatokia. Herritarren kexa eta zorionekin lan egiten du zuzenean, abian jarritako 'Euskararen telefonoa'ren bidez. Zazpi. Gizartearengandik etengabeko laguntza jaso dugu. Are gehiago, norbanakoek euskararen aldeko konpromiso zehatzak hartu dituzte. Zortzi. Nazioarteko hainbat instituzio eta erakunderekin harremanetan gaude, eta hizkuntza gutxituei buruzko foroetan izan gara. Bederatzi. Hizkuntza-politika eraginkorrak lortzeko eragite-lana burutu dugu EAEn, Nafarroan eta Iparraldean. Halaber, Euskal Herriko 66 udalerriren hizkuntza-politika neurtu dugu normalizazioan aurrera egiteko abiapuntua definituz, eta ildo beretik jarraituko dugu. Hamar. Eskarmentu hau guztia metatuta hamaika gehiago ditugu egiteko. Eta gogotsu ekingo diogu euskararen normalizazioaren bideari. Horretarako, bidelagunak behar ditugu, "Euskaraz bai" ozen esateko zure ahotsa behar dugu. Bidegune honetatik eskerrak eman nahi dizkiegu bidaide eta laguntzaile izan ditugun guztiei; zuri ere bai, noski; orain arte egin duzunarengatik eta etorkizunean egingo duzunarengatik. Era berean, euskararen alde gaudenon indarrak bildu nahi ditugu. Kontseilua osatzen dugun erakundeok, 'Euskaraz bai' adierazpena prestatzen ari gara, euskararen egoera azaldu eta etorkizunerako erronkak azalduko dituena. Adierazpen honen bidez Euskal Herri osoko eragileen atxikimendua biltzea dugu helburu. Denon ahotsa behar dugu, "Euskaraz bai" argi eta garbi entzun dadin. 2007/12/12 - 03:18:29
Durangoko azoka prest
Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren 42. edizioa da aurtengoa. Abenduaren 5etik 9ra bitartean egingo da, 10:30etik 20:00etara bitartean.Gai nagusia Umorea izango da. Umoreari lotuta egitarauan hainbat ekitaldi antolatu dira. Stand-ak 317 izango dira eta nobedadeak 554: Liburuak: 395 Diskoak: 74 Aldizkariak: 18 Bideo-DVD: 23 Argitalpen elektronikoak: 9 Bestelakoak: 35 Azokari buruzko informazioaz gain, edizio honetako liburu eta disko berrien zerrenda, Azokako webgunean kontsultatu daiteke. 2007/12/05 - 23:56:35
Bizkaian, hamarretik sei euskaldun ez dira euskaraz mintzo kalean
Kalean euskararen erabilera gora doa, Euskal Herri osoko datuak kontuan izanda. Baina motel ari da igotzen erabilera; 17 urtetan %3,4 baino ez da handitu euskararen presentzia kaleetan --duela sei urtetik hona, %0,7 besterik ez--. Kalean entzuten ditugun ehun elkarrizketatik, euskaraz 14 besterik ez dira egun. Herrialdeen artean alde handiak daude, halaber. Gipuzkoa da euskara gehien erabiltzen den eta erabileran gorakada handiena izan duen herrialdea. Araban, Bizkaian eta Nafarroan igoera trabatuago dago. Eta, urteotako joerari jarraiki, Ipar Euskal Herriak eman du berriz ere daturik kezkagarriena: euskararen erabilera behera doa, etenik gabe. Oro har, euskararen ezagutza eta erabilera ez dira maila berean igotzen ari, nabarmen. Bizkaian, esaterako, hamar euskaldunetik seik kalean ez dute euskara erabiltzen. Euskararen Erabileraren V. Kale Neurketak utzitako datuak eta ondorioak aurkeztu zituen Soziolinguistika Klusterrak, Donostian. 2006an, milaka elkarrizketa eta 185.000 hiztun inguru behatuta egin dute ikerketa. 2007/12/03 - 01:46:21
Oñederra eta Torrealdai, euskaltzain oso
Bi euskaltzain oso berri izango ditu euskararen akademiak, Joan Mari Torrealdai eta Lourdes Oñederra. Literaturak elkartzen ditu euskaltzain oso berriak, baina akademian izango duten egitekoa oso desberdina izango da. Soziolinguistikaren eta komunikazioaren alorretik egingo du ekarpena Torrealdaik, nagusiki, eta filologiaren eta linguistikaren alorrean, batez ere, Oñederrak. 2007/12/02 - 11:44:24
Euskararen legeak 25 urte. Alderdien balorazioa
EAEko euskararen legeak 25 urte bete ditu. Horren harira, Berriak alderdi politikoen balorazioak jaso ditu. Gehienek legearen sorreraren garrantzia azpimarratu dute. Era berean, gaur egungo egoerara egokitzeko beharra ere adierazi dute. Berrian argitaratua: http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=harian =2007-11-25 =008 =007Bestetik, Berriak ere euskalgintzako eragileen balorazioak jaso ditu:http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=euskalherria =2007-11-24 =014 =444 2007/11/25 - 11:19:06
Gorenaren epaia Nafarroako administrazioari: Euskara aintzat hartzea ez da baztertzailea"
Berria.info-tik hartutako informazioa:Espainiako auzitegiak baliogabe utzi du Nafarroako Gobernuak 2000an eremu euskaldunerako onartu zuen hizkuntza plana, eta euskararen erabilera bermatzea erakunde publikoei dagokiela dio. Euskara Kultur Elkargoak jarri zuen helegitea, eta epaia behin betikoa da. Espainiako Auzitegi Gorenak gaur jakinarazi duen epaiaren arabera, Nafarroako erakunde publikoetan euskara eskatzea edo hori jakitea meritu bezala hartzea ez da euskara ez dakitenekiko baztertzailea. Epaiak dioenez, Nafarroan administrazioari dagokio erakunde publikoetan euskararen erabilera bermatzea. Epaia irmoa da, behin betikoa, eta baliogabe utzi du Nafarroako Gobernuak 2000. urtean herrialdeko eremu euskaldunerako onartu zuen hizkuntza plana. Hura zela-eta, Euskara Kultur Elkargoak helegitea jarri zuen, eta Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio. "Euskara baloratzea ez da gaztelania hiztunekiko diskriminazioa", esan du gaur Euskadi Irratian Julen Urbiola Euskara Kultur Elkargoaren abokatuak. "Euskarazko zerbitzua bermatzeko egin behar den ezinbesteko pausoa da euskara baloratzea". Elkargoak berak Nafarroako Gobernuak 2003an onartutako beste plan bati buruz ere helegitea sartu du. 2007/11/21 - 23:07:06
Euskararen legea,25 urte ondoren egokia?
Asteburuan Euskararen Legearen 25. urteurrena izango da. Bada garaia legearen eraginkortasunari buruz hitz egiteko. Egokia al da legea gaur egun?Bidali zure erantzuna 2007/11/21 - 02:04:05