Ibiltarixanak

Ibiltarixanak artikuluen jarioa

Anberesen urteurrenaren bezperan

Bruselako aireportutik trenez iritsi ginen atzo Anberesera eta geltokian Imanol gure lagunarekin elkartu ginen. Aurrez alokatua genuen apartamendura lagundu zigun eta, ondoren, Mathias, Jan, Kristel, Lander eta zazpiok afaldu genuen elkarrekin, ekitaldien xehetasun guztiak lotu nahian. Gaur goizean hirian ibili gara kaleetan zehar, bazter interesgarrien bila. Udan ikusi ez genituen txokoak ikusteko parada izan dugu. Hemen ere, Flandria osoan bezala, bizikleta da garraiatzeko ibilgailu nagusia eta gustura jardun dugu bizikleten atgazkiak ateratzen. Asteburuan urtea beteko da Hodei desagertu zela eta Anberesen gaude Pake eta biok zoritxarreko urtemugan parte hartzeko, arratsaldean etorri diren Hodeiren familiakoekin eta galdakoztarrekin batera. Guztira 60 lagun inguru elkartu gara. Arratsaldeko seietan, galdakoztarrak hotelera iritsi bezain pronto, kaleetan zehar banandu gara kartelak ipini eta informazio orriak banatzeko. Batzuk arriduraz hartu gaituzte, baina gehienak gurekin daudela adierazi digute. Dagoeneko gaua da eta kaleak lasai daude oraindik. Gezurra dirudi hiri lasai honetan, gaur urtebete, Hodeik erasoa izan zuela. Afaldu ondoren berriz ekin diogu kartelak jartzeari. Hiriaren itxura erabat aldatu da. Gazte asko dabiltza kaleetan eta gehienak portu inguruan egiten den makrojaialdira doaz. Hara joan dira gure taldeko gazteak ere informazioa banatzera. Besteok, berandu baino lehen, biharko egun luze eta gogorraren atarian, erretiratu egin gara.  2016/03/16 - 06:15:04

Brujas

Goizeko 10:15etan tren geltokian gaude baina, harrigarria bada ere, trena berandu iritsi da eta hamar minutuko atzerapenarekin atera gara. Belgikako trenak oso puntulak omen ziren garai batean baina egun Euskotrenekoak puntualagoak dira nonbait. Bi ordu pasako bidaia motza egin zaigu. Pakek eta biok aurreko egunetan bizitako pasarteak gogoratzen azkar iritsi gara Brujasko geltokira. Hemendik atera eta turismo bulegoarekin egin dugun topo. Planoa eta beste informazio ugari jaso ondoren, Hodeiren kartela jarri eta Koro bere amaren eskutitzak utzi ditugu jendeak har dezan. Poliki-poliki erdi aldera jo dugu kanalean zehar. Aspaldi izan ginen Brujasen baina ez naiz ia ezertaz gogoratzen. Plaza Nagusian, Burg plazan eta inguruan ibili gara hasieran, aspaldiko egonaldia gogoratu nahian. Garai honetan ere jendea dabil baina ez udaran bezala. Lasai-lasai ibili gara kaleetan zehar. Erdigunetik piskat aldenduz gero, ia bakarrik gabiltza. Mapa begiratuz gustatzen zait ibiltzea, baina gidak gomendatzen duen ibilbidea jarraitu gabe. Antzinako egurrezko etxe pare bat daude zutirik oraindik eta lehen bezala mantentzen dira. Gero, etxe artean dagoen lorategi eder bat aukitu dugu. Pribatua izango da baina ederki gaude bertan eguzkia hartzen. Bazkaltzeko ordua da eta, ia nahi gabe, jatetxe polit batekin egin dugu topo. Jan van Eyck jatetxea da. Itxura ona du eta ez da garestia. Plater bana, garagardo eder batekin eta ondoren, kafea eta tea. Dena oso ona eta goxua. Gainera atsedena oso ondo etorri zaigu. Flandria osoan bezala hemen ere bizikletak dira nagusi. Loradendak eta bizikleta dendak ikusgarriak dira eta sarritan gelditu gara hauek ikusten. Arratsaldean Beginajea ikustera joan gara. XVII. Mendean beginak bizi ziren auzo honetan eta orain ikus daiteke orduan nola bizi ziren. Arratsaldea aurrera doa eta ilundu baino lehen tren geltokira joan gara, trena hartu eta Anberesera itzultzeko.  2016/03/16 - 06:15:04

Anberesen Imanolen kontzertuan

 2016/03/16 - 06:15:04

Anberesko urteurren sentikorra

 2016/03/16 - 06:15:04

Ganten euripean

Gante ez da Brujas hainako ezaguna. Brujas turistikoagoa da baina Gante agian ederragoa. Guri behintzat gehiago gustatu zaigu, nahiz eta egun petrala izan. Euria izan dugu ia egun osoan eta atzoko argitasuna falta izan zaio gaurko egunari. Tren geltokitik irtetzean ikusi dugu bizikletak hemen duen garrantzia eta lekua. Aparkalekuan bizikleta askoz gehiago daude autoak baino. Baina nola aurkitu norbere bizikleta? Nolanahi ere, nahiz eta erdigunean obra dexente izan, gehiena ikusten saiatu gara. Udaran hemen izan ginen bizikletaz baina erdigunea ikusteko betarik ez genuen izan eta gaur patxadaz hartu dugu. Udako aterpetxetik gertu ibili arren, hemen ez gara izan baina beste aterpetxea ezagutzeko aukera izan dugu. Udakoa baino ederragoa da eta gomendagarriagoa ere bai. Eguraldiak ez digu asko lagundu baina ederki pasa dugu. Euria gogortzen zenean zerbait hartu edo bazkaltzeko aprobetxatu dugu eta konturatu gabe pasa zaigu eguna. Itzultzerakoan, trenak arazoren bat izan du eta ia ordu bete beranduago iritsi gara Anberesera. Esaten nuen atzokoan Belgikako tren sarea ez dabilela fin.  2016/03/16 - 06:15:04

Breendonk eta Lovaina

Gaur Imanol dugu gidari eta bidelagun. Berak gonbidatu gaitu gosaltzera Boom herriko ibai ondoko kafetegi eder batera. Gosaria baino bazkaria izan da. Ondoren Breendonk gotorlekua ikustera joan gara. Breendonk, hasera batean gotorleku militarra zena, gero nazien kontzentrazio-esparru bihurtu zen. Judutarrak eta preso politikoak pilatzen zituzten bertan Alemaniara eraman aurretik. Bost urte iraun zuen indarrean, 19940tik 1944ra bitartean, eta 3500 pertsona baino gehiago izan ziren atxilotuak eta horietatik 300 gutxienez, bertan hil ziren. Bisita zirraragarria izan da. Eraikinean oso ondo ikus daitezke nazien garaiko sinboloak, gelak, oheak, hil-kutxak, urkamendiak, etab. Gezurra dirudi nola eduki zituzten bizirik hainbeste pertsona halako leku ilun eta hezean. Ondoren Lovaina unibertsitarien hirira joan gara. Aspalditik izan da ezaguna guretzat Lovaina, bertan euskaldun asko ikasten egon zirelako gure garaian. Orain ere, ikasturtean zehar, ikasle asko bizi dira bertan. Lovainara iristean Eva daukagu zain plaza nagusi zoragarrian. Udaletxe gotikoa eta liburutegi nagusiaren egoitza dira plazako eraikin aipagarrienak. Hiria ikusi baino lehen, kafetegira sartu gara zerbait beroa hartzera. Atertu duenean kaleetan zehar ibili eta gero Lovainako beginajea ikustera joan gara. Hemen beginak bizi ziren garai batean, baina orain ikasleen eta irakasleen erresidentzia da. Jende gutxi dabil kalean eta gustura gabiltza bazterrak ikusten. Ezin dugu gehiago luzatu eguna Anberesera itzuli behar dugu eta. Berriz etorri beharko dugu hiria lasaiago ikusteko. Hurrengo batean bizikletaz etorri behar dugu, hemen ere ia denak bizikletaz dabiltza eta. Imanolen furgonetan itzuli gara. Eskerrak Imanol, egun ederra eta interesgarria izan da.  2016/03/16 - 06:15:04

Marokon Atlas mendikatean

Gure asmoa trekinga egitea da Atlas mendietan eta ahal bada, M`Goun mendia (4.068 m) igotzea. Lau lagun etorri gara: Fernando, Benja, Andoni eta ni. Marrakachen gaua egin ondoren, astearte goizean, goiz abiatu gara furgonetan Atlas mendikateko ipar-ekialdera, Tizin Oughbar herrira. Azilalen egin dugu geldialditxo bat tea hartzeko eta komunera joateko. Zazpi ordu iraun du bidaiak eta 14:00ak aldera iritsi gara Ouzud aterpetxera. Bidean euria eta elurra ere egin digu. Bide ertzean umeak daude zerbait eskatzen eta gidariak ur botila bat eman dio ume bati. Geroago neska bat hartu dugu eta herriraino eraman dugu. Umea darama bizkarrean eta aurpegia tapatu du autora sartzean. Asteazkenean, jeikitzerakoan, zerua garbi-garbi dago eta elurrak inguruko mendiak zurituta daude. Gosaldu ondoren 8:00etan irtetzeko prest gaude baina mandoak falta direnez, 9:00etan atera gara M`Goun mendira, mandozainek gosaldu eta gero. Hotz egiten du baina eguzkitan antzematen da epeltasuna. Lau ordu ibili ondoren, Tizi n Oumiskiq lepoan (2.870 m.) egin dugu eguneko bazkaria. Hemen hiru talde elkartu gara: frantsesak, marokoarrak eta gu. Denok batera ekin diogu Tarkedit leporako (3.450 m.) bideari. Elur geruza gero eta handiagoa da baina bagoaz goraka mandoak aurrean ditugula. Halako batean, 3.000 metrotik gora goazela, mandozainen eta gidarien artean eztabaida gogorra hasi da. Arazoa: mandoek ezin dute aurrera jarraitu izotzagatik eta planto egin dute. Gure artean ere zalantzak eta eztabaidak sortu dira. Aterperako bi ordu falta zaigu eta bihar egun osoa behar dugu (16 ordu) gailurra egin eta beheko aterpera itzultzeko. Mandoetako zama gure motxiletara pasa behar dugu eta ez daukagu gailurrera iritsi gaitezkeen ziurtasunik. Azkenean, penaz baina zuhurtziaz, mandoekin behera egitea erabaki dugu. Frantsesak, mandorik gabe doazenez, gorantza jarraitu dute. Jeitsiera azkar egin dugu baina nekatuta eta etsita gaude. Usteak ustel gertatu dira baina hoek ez du beste erremediorik eta hurrengo egunean pentsatu behar dugu. Ostegunean, egunero bezala, gosari ederra egin ostean, 9:00etan atera gara Arous herritik beherantz, Ait Bouguemaz ibarrean zehar. Gaurkoa egun lasai dela dirudi. Bi ordu egin ondoren tea hartzera gelditu gara. Gero gustora bazkaldu dugu erreka ondoan eta Tabant herria igaro ondoren Gite D' Ait Ayoud aterpean hartu dugu ostatu. Eguna motza da eta musean aritu gara, jo eta ke, garaipena lortu nahian eta eguna luzatzeko asmotan. Ostiralean egun eguzkitsuarekin esnatu gara. Herri zeharkatuz dinosaurioen hanka markak ikustera joan gara. Mendian gora lepora iristean artzaiarekin egon eta zerbait jaten gaudela, ohitu gabeko irudia ikusi dugu: gizon bat oinez eta mandoarekin eta alboan emaztea, mandoak hainako zama daramala bizkarrean. Gizona zamarik gabe, noski. Halako irudia oso normala dela hemen diosku Mohamed gidariak gure galdera maltzurrei erantzutean. Herrietatik pasatzean emakumeak erreka inguruetan biltzen dira arrikua egiteko, umeak jolasean dauden bitartean. Erropak bazter guztietan esegita, koloretako kate luzea egiten dute. Gaur goiz iritsi gara aterpetxera. Ez dago inor eta zaintzailearen bila joan dira inguruko mutiko batzuk atea zabal dezan. Etxea handia denez ez dago arazorik gelak banatzeko. Tea hartu eta musaldia afal ordura arte eta goiz ohera. Etxe barruan lumazko txamarrekin gaude bestela ez gara berotan sartzen eta. Hau da hemen daramagun bizimodu “neketsua”. Larunbatak egun ilun eta euritsuarekin esnatu gaitu. Gosaldu presarik gabe eta beheko herrirako bidea hartu dugu. Mandoak aurretik joan dira eta gure martxa azkarra den arren busti-busti eginda gaude berehala. Etxe bateko aterpean sartu gara baina geldian hotza zentitzen dugu eta aurrera goaz. Mohamedek autoz jeisteko aukera eskaini digunean ez dugu zalantzan jarri bere proposamena. Bitartean etxe batera erman gaitu eta tea, ogiopilak olioarekin atera dizkigu gizon gazteak. Aterpean ondo gaude baina teak ere ez gaitu berotan sartzen. Etxeak buztineakoak dira eta animaliak ere etxepean daude. Itxuraz etxe kaxkarrak dira baina barrutik ondo daude. Argi indarra badaukate eta egongelan telebista daukate. Lurrean alfonbra gainean jarrita edo etzanda egiten dute bizimodua. Ordu bete pasa ondoren iritsi da gure furgoneta, hurrengo herriko azokatik, eta han sartu gara animaliak eramateko tokian. Bideak erreka dirudi eta furgonetak, uretan doan itsasontzi zaharra. Elurra ari du eta bide bazterrak zuritzen hasi dira. Halako batean iritsi gara gaurko aterpetxera eta berotzeko berehala atera digute tea eta bazkaria: entsalada tortila marokoarra (pisto antzekoa) eta sagarrak (hemen asko dauzkate). Ondoren berriz tea mus partidari hasiera emateko. Bazkal aurretik poliziak deitu dio Mohamedi gure datuak eskatzen. Badirudi, eguraldi txarretan galtzelko arriskua dagoenez, trekinga egiten dauden kanpotarrak kontrolatzen dituztela. Gaurko afaria goiz da: Harira (sopa), espagetiak eta etxeko arrautzekin egindako tortila. Afal ondoren, egunero bezala, berbena belarrarekin egindako infusioa. Gauean txixa egitera jeikitzeko primerakoa. Igandean, jeiki orduko nabari dugu argitasuna. Zerua urdin eta lurra txuri dago. Elurretan errazago ikusten dira lurrezko hormak dituzten etxeak. Gosaldu ondoren, 9:30etan atera gara mendira. Lepora iristean ikuspegi polita dago gainetik begiratuta. Bestaldeko bailarara jeitsi eta, errekaz gora, herrixka batera iritsi gara. Umeak eta andrak elurra kentzen dihardute. Gizonak, egunero bezala, ikusmiran eta berriketan. Tea hartzera gonbidatu gaitu etxe bateko nagusiak eta guk ezetzik ez, bada ez bada. Terraza antzeko teilatuan hartu dugu tea. Ogia eta oliaoa ere ez dira falta. Gure atzean zintzilikatuta dauden arropa artean Ezpeleteko kamiseta dago. Ondoren 2.100 m.ko lepo batean, Mohamedek eta Alik beraien errezoak egin eta gero, gailurrera (2.300 m.) igo dugu. Gure atzean Azourki mendia ageri da. Erreka ondoan bazkaldu ondoren, gaztelu bat duen mendi tontorrera igo eta aterpetxera itzuli gara. Gaur, astelehena, Marrakechera goaz. Gure motxilak eta petateak prestatu ondoren furgonetan sartu eta bidaiari ekin diogu. Bide ertzetan elur piskat dago baina ez dago inongo arazorik. Azilal herrian bazkaldu eta gero, Ouzoudeko ur jauzia ikustera joan gara. Lekua ikusgarria da baina turistak erakartzeko aproposa. Marrakachera bidean jende asko dabil bide, ertzetan aurrera eta atzera, bizikletaz eta oinez. Ez da erraza ibilgailu hauentzat. Hemen ere kamioiek eta autoek egintzen dute. Bizikletaz ibiltzea arriskutsua da bide hauetan.  2016/03/16 - 06:15:04

Marcialonga 2015: Bigarren aldiz

 2016/03/16 - 06:15:04

Marcialonga 2015: entrenatzen

 2016/03/16 - 06:15:04

Marcialonga 2015: bezperako prestaketak

Gosaldu ondoren, gelan egoteko astirik gabe, Eliseo jeitsi da eski-gelara eskiak prestatzera. Gabrielek ere berehala hartu du bide bera. Gaur lasai ibili behar ginelakoan nengoen baina nire lagunak ez daude txantxetarako. Ni iritsi naizenean erabat konzentratuta daude biak eskiak prestatzen: parafinatzen, argizaria ematen, garbitzen, plantxatzen...eskiak tartean daudelako, bestela pentsatuko nuen hoteleko zerbitzariak direla. Finlandia zeharkatu nuenean ikusi nuen, estrainekoz, argizaria ematearen liturgia. Ez nuen uste nire burua aurkituko nuenik halako zereginetan. Gezurra badirudi ere oraingoan burubelarri sartuta gaude. Bueno, hobeto esanda, sartuta daudenak beste bi hauek dira. Ni ikusle, ikasle eta laguntzaile apala besterik ez naiz. Eskiak garbitzen bakarrik uzten didate, badaezpada. Horrela hasten da bat eta laster maleta batekin ikusiko nauzue, tramankulo hauek daramatzatela: laneko mahaia, eusgarriak, argizariak, parafina, disolbatzailea, zepiloak,...ez dut jarraituko inor ez azpertzeko baina zerrenda oso luzea da. Norvegiarrrak ere etorri zaizkigu gelara euren eskiei argizaria eman asmoz baina, gure txanda denez, alde egin behar izan dute, guk bukatu arte gure lana. Ordu batak aldera bukatu dugu eta ondoren eskiak eta botak irteera puntura eraman ditugu bertan dauden eta Martin eta Marisaren autokarabanara. Horrela bihar goizean esku hutsik joango gara autobusean Mazzin herriko irteerara. Hemen ere denak eskiak prestatzen daude, bakoitzak bere tramankuluak elur artean jarrita. Eskerrak eguzkitan daudela, bestela ez da giro hotz honekin. Ondoren, egunero bezala, eski-gelan egin dugu bazkaria. Afaria eta gosaria hotelean egiten ditugu baina bazkaria gure kontura da eta zerbait pikatuta konpontzen gara. Nolanahi ere, ardoa ez zaigu falta. Arratsaldean Cavalessera joan gara autoa bertara eramatera. Izan ere biharko helmuga Cavalessen dago eta bukaeran autoa gertu izan nahi dugu, lehenbailehen itzultzeko Moenako hotelera. Zorte handia izan dugu eta helmugatik ehun metrora utzi dugu autoa. Gero autobusez bueltatu gara Moenara. Kaleak musikaz eta argiz apainduta daude. Garagardo pare bat hartu eta berandu baino lehen, hotelera afaltzera, bihar goiz jeiki behar dugu eta.  2016/03/16 - 06:15:04

Nabigatu euskaraz